Datorren asteko COP30 klimaren goi bileraren atarian, Lularen gobernuak Amazonas ibai-ahotik gertu petrolioa ustiatzeko baimena eman dio Petrobasi. Horrek, klimaren aldeko diskurtsoarekin talka egin eta gizarte zibilaren haserrea piztu du.
Datorren astelehenean hasiko da klimaren COP30 goi bilera, Brasilgo Belém hirian, baina etsipena dario. Hasi aurretik dagoeneko hautsak harrotuta daude. Izan ere, Lularen gobernuak kudeatzen duen Ingurumen Institutuak (IBAMA) Amazonas ibai-ahotik gertu petrolio putzu bat zulatzeko baimena eman dio Petrobras enpresari. Lula, klimaren aldaketaren aurkako borrokaren aurpegietako bat da eskualdean zein maila globalean, baina neurri berriarekin zilegitasuna ezbaian jarri du agintariak.
Bileraren atarian, Lulak hainbat mandatari bildu ditu eta adierazi die “kontraesanak gorabehera, planifikatutako bide bat” behar dutela, “deforestazioa lehengoratzeko eta erregai fosilekiko mendekotasuna gainditzeko”. Hala ere, Amazonas inguruan petrolioa ustiatzeko erabakiak goi bileran hartu daitezkeen erabakiak galgarazi ditzakeela uste du Suely Araújo Klimaren Behatokiko Politika Publikoen koordinatzaile eta IBAMAko presidentea ohiak, elDiario-ri emandako elkarrizketan: "Petrolioari buruzko eztabaiden sabotaje moduko bat da. Egun batzuk itxaron zitezkeen konferentzian eraginik izan ez zezan". Araújok gaineratu du Brasilek ez duela “petrolio gehiago ustiatu behar. Ekoizpenaren erdiarekin, barne-kontsumoa hornituko luke. Esportatzeari utzi beharko lioke”.
Horrez gain, gobernu barruan ere iritzi kontrajarriak ditu Lulak. Marina Silva eta Sônia Guajajaraz –Herri Indigenen ministroa– gain, Guilherme Boulos Presidentetzako Idazkaritza Nagusiko ministroaren alderdiak, PSOLk, lege-proiektu bat aurkeztu du Kongresuan, Ekuatore ertzean petrolioa ustiatzea debekatzeko.
Gizarte zibilaren kondena
Gizarte zibilak modu zabalean kondenatu du Lularen gobernuaren "hipokrisia". Salaketa kolektiboa aurkeztu dute auzitegietan IBAMAren kontra eta arrisku ekologikoa seinalatu. Harritzekoa bada ere, ingurumen institutu bereko 29 teknikarik txostena egin zuten, planta berriak ekarriko dituen ingurumen oinazeak aipatuta.
Luena Karipuna, Oiapoque eskualdeko buruzagi indigenak ere erabakia gaitzetsi du. Kalteak jasango dituen inguruneko buruzagietako bat da eta salatu du inork ez diela abisurik eman, herri indigenekiko utzikeria bistaratuz