Auzitegi Gorenak 27 urte eta hiru hilabeteko kartzela-zigorra ezarri dio Jair Bolsonarori, Latinoamerikako ultraeskuindarren erreferenteari, Lularen aurka hauteskundeak galdu ostean, 2022an estatu-kolpe saiakera baten buru izateagatik.
Brasilek mugarri historikoa bizi du: lehen aldiz, presidente ohi bat zigortu dute demokraziaren aurkako krimenengatik. Aldeko lau botorekin eta bat kontra, Epaitegi Gorenak Bolsonaro erruduntzat jo du "2022ko hauteskundeetan herritarren borondatearen emaitza bete ez zedin egituratutako erakunde kriminal baten buru izateagatik, boterean jarraitzea helburu, sufragio unibertsalaren abalik gabe".
Horretarako, Bolsonarori eta haren zazpi ministro ohiri bost delitu egotzi dizkiete: estatu demokratikoaren abolizio bortitza, estatu-kolpe saiakera, erakunde kriminal armatua, ondare publikoari egindako kalte kalifikatua eta ondare babestuaren narriadura.
Cármen Lucia eta azken botoa
Epaia berretsi zuen botoa Cármen Luciarena izan zen. Sareetan oso ospatua izan da, matxismo esplizitu batez babestutako pertsonaia bati azken kolpea eman zion emakumezko epaile bakarra izateagatik. "Modu argian frogatu da Bolsonaro buru zuen taldeak, bere gobernuko funtsezko pertsonez, Indar Armatuez eta inteligentzia-organismoez osatua, erakunde demokratikoei eraso egiteko plan progresibo eta sistematikoa garatu eta ezarri zuela, boterearen legezko txandakatzeari kalte egiteko eta botere konstituzionalen erabilera askea ahultzeko", adierazi zuen Luciak.
"Mendeko epaiketa" deiturikoak konspirazioaren "Funtsezko Nukleoko" beste zazpi kideak ere kondenatu zituen, besteak beste, Walter Braga Netto jenerala, Defentsa ministro ohia eta 2022an Bolsonaroren zerrendako kidea; Augusto Heleno, Segurtasun ministro ohia; eta Paulo Nogueira, Armadako buruzagi ohia.
El Salto-rekin hitz egin du Brasil de Fato-ko kazetari Rodrigo Chagasek: "Kondena hau gertaera historikoa da. Demokraziaren aurkako erasoen aurrean hamarkada askotako zigorgabetasuna apurtzeaz gain, Brasilen inoiz ikusi gabeko elementu bat gehitu du: saiakera kolpista batean inplikatutako militarrak zigortzea. Argentinak ez bezala, Brasilek ez zituen inoiz zigortu diktaduraren arduradunak, eta zor horrek irekita jarraitzen du ".
Ebazteke dago 70 urteko agintari eta militar erretiratu ohiak zigorra non beteko duen. Haren defentsak etxeko espetxealdian jarraitzea bilatuko du, eta, horretarako, osasun-arazoak argudiatuko ditu; hala ere, badirudi Brasilgo Papudako Espetxe Gunean sartu beharko duela.
Trama kolpista
Bi urte baino gehiagoz, Brasilgo Justiziak milaka froga bildu ditu erakusten dutenak, 2023ko urtarrilaren 8an, Lulak presidente kargua hartu eta astebetera, Bolsonaroren milaka jarraitzailek hiru botereen egoitzetan egindako erasoa, bulego eta kuarteletan ondutako konspirazio luze baten azken kapitulua izan zena.
Ikerketa judizialak 800 orrialde baino gehiago ditu, bilera, mezu, dokumentu, telefono-entzuketa, eta lekukotzez osatutakoa. Fiskaltzaren arabera, kolpisten planak "boterean betikotzeko eta diktadura instalatzeko" asmoa zuen, eta Bolsonaro zen horren artikulatzaile nagusia. Dekretuaren zirriborro bat ere aurkitu zuten haustura demokratikoari ustezko itxura legala emateko. Pieza garrantzitsu bat Mauro Cid teniente koronelaren aitorpena izan zen, Bolsonaroren idazkari pertsonala, zeinak erruduntasun-akordio bat sinatu zuen eta zigor txikiago baten truke kolaboratzea onartu zuen.
Konplotaren atalik txundigarriena, "Puñal berde eta horia" zeritzona, Lula pozoitzea zen. Geraldo Alckmin orduko presidenteorde hautatua eta Alexandre de Moraes Gorteko titularra hiltzea ere aurreikusten zuen. Magnizidio-planen dokumentua Lehendakaritzaren bulego batean inprimatu zen.
"Kolpea ez zen gauzatu Armadako eta Aire Armadako buruzagien artean atxikimendurik izan ez zuelako", adierazi zuen Paulo Gonet fiskal nagusiak. Bolsonarori leporatu zion hauteskundeen osteko protesta bortitzen eta Lularen inbestidura eragozteko esku-hartze militarra eskatzen zuten kuartelen aurrean kanpamenduak jartzearen erantzukizuna. Goneten arabera, eskalada horrek 2023ko urtarrilaren 8ko gertakariak eragin zituen. Egun horietan, Bolsonarok uko egin zion bere porrota onartzeari, eta Amerikako Estatu Batuetara joan zen presidentearen banda Lulari ematea saihesteko. Hiru botereguneen aurkako erasoagatik 683 pertsona kondenatu zituzten.
Prozesu judizialeko protagonista nagusia De Moraes epailea da, izan ere, "Salbuespen egoera eta benetako diktadura ezartzeko, errepublikaren historian erakundeen eta demokraziaren aurkako beste kolpe saiakera bat egon izana deitoratzea baino ez da geratzen".
Bolsonaroren etorkizuna eta bolsonarismoa
Buruzagi ultraeskuindarrari zigor handia ezarri badiote ere, bere esparru politikoa Justizia saihesteko bidea ari da bilatzen. Legegile bolsonarozaleek amnistia legea bultzatu izan dute, presidente ohiari eta U-8ko matxinadagatik zigortutakoei mesede egiteko.
Baina legegintza amarru horrek aurrera egin arren, Justiziarekin botereen arteko talka ekarriko lukeena, Bolsonaro kargu publikoak betetzeko aukerarik gabe egongo da 2030era arte, Brasilgo hauteskunde-sistemaren segurtasunari buruzko informazio faltsua zabaltzeagatik.
Mahukapean duten beste karta bat da balizko indultu bat. Brasilek presidentetzarako hauteskundeak izango ditu 2026ko urrian, eta, nahiz eta haien liderra zoritxarrean izan, bolsonarismoak oposizioko indar nagusia izaten jarraitzen du. Hautagai gisa punta-puntan dabilena San Pauloko gobernadore Tarcisio de Freitas da, zeinak aurreratu zuen bere lehen neurria Bolsonaro indultatzea izango zela. Beste aukera batzuk dira Michelle emaztea edo haren seme-alabetakoren bat.
"Bolsonarismoa ez du zigorrak desagerraraziko”, azaldu du Chagasek. Kaleetan eta sareetan mobilizatzeko gaitasuna duen indar politikoa izaten jarraitzen du, orain figura berrien inguruan egituratuta dagoena. Eskuin muturra finkatuta dago, eta 2026rako proiekta daiteke. Eta bere figura zentrala kaltetuta badago ere, preso dagoen Bolsonaroren biktimizazio-narratibak espazioaren kohesioa indartu ere egin dezake".
Trump faktorea
AEBetako presidenteak gogor egin zuen Bolsonaroren alde. Prozesua "jazarpen politikotzat" jo zuen eta, errepresalia gisa, %50eko muga-zerga ezarri zien Brasilgo produktuei eta Gorteko epaileak zigortu zituen. Azken egunotan haratago joan da. Bolsonaroren balizko zigorrari buruz galdetu diotenean, Karoline Leavitt Etxe Zuriko bozeramaileak adierazi du, Trumpek ez duela “beldurrik adierazpen askatasuna babesteko munduan zehar baliabide ekonomikoak edo militarrak erabiltzeko”.
Brasilgo kantzilerrak mehatxua arbuiatu du: "Adierazpen askatasuna babesteko lehen urratsa demokrazia defendatzea eta hautestontzietan adierazitako herriaren borondatea errespetatzea da. Hori da estatuko hiru botereen betebeharra, eta ez dira kikilduko gure subiranotasunaren aurkako erasoen aurrean”. Bestalde, Gleisi Hoffman Presidentetzako Harreman Instituzionaletarako ministroak ohartarazi zuenez, "orain Bolsonaro kartzelatik askatzeko Brasil inbaditzearekin mehatxatzen ari dira. Erabat onartezina da".
Bolsonarismoaren eta trumpismoaren arteko sinbiosia joan den igandeko protestetan berretsi zen, manifestariek AEBetako bandera erraldoi bat eraman zutenean. Mobilizazioez The New York Times egunkariak egin zuen artikuluari "Brasilgo eskuinaren sinbolo berria" jarri zion izenburua.
Zigorra berretsi ostean, Trumpek esan du "harrigarria" dela "horrelako zerbait gertatzea, nirekin egiten saiatu zirenaren antzekoa". Paralelismoa interesgarria da: amaiera judicial ezberdinak izan badituzte ere, bolsonarismoaren kolpe bortitza Kapitolioaren aurkako erasoaren ispilu izan zen 2021ean.
Egia esan, Trumpen esku-hartzeak boomerang efektua izan zuen, eta Lularen ospea berrosatu besterik ez zuen egin, Brasilgo subiranotasunaren aldeko sektore zabalak bateratzea lortu baitzuen. Trumpen jokaldia "xantaia onartezina" dela esan du agintariak. Eta joko-eremua markatu zion: "Ez da gringo bat izango Brasili aginduak emango dizkiona. AEBetako presidente hautatu zuten, ez munduko enperadore ".
Erreparazio historikoa
Bolsonaroren irudiak, burdin hesien atzean, arlo juridikotik haratago doan pisua izango du. Mugarri historiko eta sinboliko nabarmena izango da irekitako zauriz jositako demokraziarentzat, 1979ko Amnistia Legeak diktaduraren errepresiogileak epaitzea eragotzi zuenaren modukoa.
Lehen aldiz ordaindu dute ordena demokratikoaren aurka egin dutenek. Eta 1964tik 1985era gobernatu zuten militarrak zigorgabetasunez babestuta geratu ziren arren, Bolsonaro kondenatzeak, armadako kapitain ohia eta diktaduraren tiraniaren miresle aitortua dena, ateak ireki ditu, behingoz, Brasilek bere "inoiz ez berriro" esan dezan.
Brasilgo Auzitegi Gorenak eman du sententziaren berri, Bolsonaro oraindik Luiz Inazio da Silva Lula Brasilgo egungo presidentea pozoitu eta Alexandre de Moraes epailea hil nahi izateagatik epaitzen ari diren bitartean. Sare sozialik erabili ezin zuenean,... [+]
Apirilaren 17an, Brasilgo Eldorado do Carajás-en egin zuten lurrik gabeko 21 langileen sarraskiaren 29. urteurrena izan da. Ordutik, La Vía Campesinak data oroitzen du Nekazarien Borrokaren Nazioarteko Egun gisa, lurrerako eskubidea defendatzeagatik koldarkeriaz erail... [+]
Gure bizitzetan pantailen inbasioa azkartu da azken urteotan. Euskal Herrian, alde batetik, “pantailak euskaraz” nahi ditugula diogu ikus-entzunezkoen eskaintza handitzeko, eta bestetik, antolatzen gara eskoletan askotariko pantailek irabazi dituzten eremuak... [+]
Brasilen suteek 30,86 milioi hektarea baso eta eremu natural suntsitu zituzten iaz, Italia osoaren azalera baino gehiago. Suteek %79ko igoera izan zuten 2023arekin alderatuta, Fire Monitorren ikerketa batek agerian utzi duenez.
Brasilgo presidentea "egonkor" dagoela esan du gobernuak. Erorikoa izan zuen etxean, eta hemorragia izan garunean.
Argazkia bai, ala argazkia ez? Oraintxe bertan, ez dago argi Rio de Janeiron hasi berri-berria den G20aren goi bileran argazkia izango ote dugun ala ez. Bertaratu diren agintari gorenen “familia-argazkia”, alegia. Horrelakoetan arauzkoa bihurtu dena: turista... [+]
Badira zenbait pertsona aztertzekoak direnak, euren artean Elon Musk. Duten askatasunaren ideiak dena kontrolatzeko beharretik datorrela dirudi, botere guztia izatetik, botere guztia izanda negozioak sortzea errazagoa delako, eztabaidarik ez baitago; eredu hegemonikoak indartsu... [+]
Ehunka emakume irten dira manifestatzera ostegunean, Brasilgo Sao Paulo eta Rio de Janeiroko kaleetara. Partidu Liberalak legea proposatu du, abortua 22. astetik aurrera homizidio arrunta bezala epaitua izateko. Lege horren arabera bortxatua izan den emakume batek, denbora epe... [+]
Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrikak osatutako aliantzak Johannesburgon egin duten azken goi-bilerako eztabaidagai nagusia izan da partaide gehiago onartzea. Saudi Arabia, Arabiar Emirerri Batuak, Iran, Egipto, Argentina eta Etiopia gonbidatu dituzte.
Amazoniako lurrak demarkatu eta indigenenak direla aitortzeko muga gehiago jarriko dituen legea onartu du Brasilgo Kongresuak. Luiz Inácio Lula da Silvaren gobernuak legea kritikatu du eta "araututako genozidio" bat dela esan du. Indigenek hainbat egun daramate... [+]
Amazonia, 1928. Ford automobil konpainiak Fordlandia izeneko herria eraiki zuen oihanean, Amazonasen ibaiadar Tapajosen ertzean.
Reporter Brasil eta Lighthouse Reports eragileek egindako ikerketak eman du eskandaluaren berri. Pestizida horien eraginez hainbat eritasun, intoxikazio eta min pairatzen dituzte Sao Pauloko herritarrek.