291 diputatuk bozkatu dute lege-proiektuaren alde, 148k kontra, eta bakarra abstenitu da. Bigarren bozketa Senatuan izanen dute eta alde eginez gero, zigorra 27 urtetik bi urtera murriztuta izanen luke eskuin-muturreko presidente ohi Jair Bolsonarok.
Gailendu da Brasilgo presidente ohi Jair Bolsonaroren kartzela zigorra ttipitzeko lege-proiektuaren aldeko botoa. Brasilgo Diputatuen Ganberan 291 diputatuk bozkatu dute neurriaren alde, 148k aurka, eta bakarra abstenitu da. Giro zalapartatsuan iragan da bozketa, eta zuzeneko telebista emanaldia eteteaz gain, kazetariak aterarazi dituzte Diputatuen Ganberatik.
Eskuin muturreko presidente ohiari 27 urte eta hiru hilabeteko presondegiratzea ezarri zioten irailean, estatu kolpe saiakeragatik. 2023ko urtarrilaren 8an, hauteskundeak galdu zituela, "modu autoritarioan" boterea atxiki nahiagatik zigortu zuten, lau kargu egotzita: estatu kolpea, zuzenbide estatua desegiteko saiakera, erakunde kriminal armatua eratzea eta jabetza publikoari eta ondare historikoari kalte egitea. Azken bi delituengatik hamabi eta zortzi urteko zigorrak aurreikusten ziren; baina lege-proiektu berriak dio ezin direla bi delitu horiek pilatu, "antzeko delituak" direlakoan. Gainera, zigorraren bi heren murriztea dakar testuak, kolpisten kopurua "jende multzo handi bat" izan zelakoan. Azkenik, indarkeriarik egon ezean, zigorraren seirena beteta, erregimen itxian egotetik erregimen erdi-irekira pasatzeko aukera ere dakar lege-proiektuak.
Bigarren urratsa Senatuan iraganen da eta senatariek ere alde eginez gero, azkarki jaitsiko litzaioke zigorra: "Bolsonarori zigorra 27 urte eta 3 hilabetetik 2 urte eta 4 hilabete ingurura murriztuko zaio", argudiatu du legearen txostengile Paulinho da Força diputatuak. Hala eta guztiz ere, presidente ohiaren kontrako zigorrari buruzko azken erabakia Auzitegi Gorenak izanen luke.
"Onartezintzat" jo du ezkerrak neurria, eta Bolsonaroren hurbilekoek, haatik, "berriz adiskidetzeko neurritzat" daukate zigorraren apaltzeko prozesua.
Bolsonarok hurbil dituen eskuin-muturreko ehun bat aktibistari ere baldintzapeko askatasuna bideratzeko aukera dakar testuak. Azken horiek Kongresuaren, Auzitegi Gorenaren eta Presidentearen Jauregiaren aurkako erasoengatik zigortu zituzten 2023ko urtarrilaren 8an, Luiz Inacio da Silva Lula egungo presidente ezkertiarra inbestitu eta egun gutira.
70 urte ditu Bolsonarok, eta azaroaren bukaeratik dago preso Brasilgo Polizia Federalaren egoitzan. Beste presoekin alderatuta, baldintza txukunetan daukate: minibar edo edaritegi pertsonal bat, aire girotua eta telebista dauzka, besteak beste. Asteartean, haren abokatuek larrialdiko ospitaleratzea eskatu zuten, "haren osasun egoerak nabarmen okerrera" egin zuelakoan. Haien hitzetan, ebakuntza kirurgiko bikoitza egin behar zioten.