Noam Chomsky: Brasilgo kolpe ezti batek uhinak zabalduko ditu munduan

  • Igandean, 28, lehiatu dira Brasilgo nagusi izan nahian. Jair Bolsonaro, “Brasil eta Jainkoa ororen gainetik”, versus Fernando Haddad, “Herria zoriontsu berriro”. Bolsonarok armadako jeneral bat zeraman bigarren, Haddadek preso dagoen eta preso hil litekeen Lula da Silva mitikoaren itzala. 2007ko krisitzarrak ez dizkie oraindik azaldu ondorio guztiak mundu osotik Brasilera harrituta begira dauden adituei. Noam Chomskyren analisi zuhurra laburbilduko dugu hemen.

“Todo Noticias” argentinarraren webgunetik hartutako argazkian, Jair Bolsonaro Lula presidente ohia preso irudikatzen duen panpinarekin jolasean bere jarraitzaileen aitzinean Brasilian hauteskunde kanpainako mitinean, Latino Amerikako gobernu aurrerakoien
“Todo Noticias” argentinarraren webgunetik hartutako argazkian, Jair Bolsonaro Lula presidente ohia preso irudikatzen duen panpinarekin jolasean bere jarraitzaileen aitzinean Brasilian hauteskunde kanpainako mitinean, Latino Amerikako gobernu aurrerakoien heriotza irudikatzen. Bere burua “establishment”-aren etsaitzat erakusten duen Bolsonaro militar ohia 1991tik dago Brasilgo parlamentuan.

Honela mintzatu zitzaien Jair Bolsonaro urriaren 21ean bere alde bildutako milaka herritarrei: “Gu gara benetako  Brasil. Haiek galdu egin zuten atzo, galdu egin zuten 2015ean eta berriro galduko dute. Baina datorren garbiketa askoz  sakonagoa izanen da. Zabor gorri horiek kanporatuko ditugu gure aberritik. Brasil ez da gehiago izango ikurrin gorria eta burmuin doktrinatua daramaten banda horrena. Lula da Silva, espero baldin baduzu Haddad lehendakari bihurtu eta zu indultatzea, hau esango dizut: espetxean ustelduko zara. Uste al duzue dena bukatu dela? Brasilek bere historian ikusi ez bezalako garbiketa izanen da. Polizia zibil eta militarra ikusiko duzue eta [gorriei] bizkarra hausteko armategi jurikoa. MST Lurrik Gabekoen Mugimenduko gaizkileak, MTST Etxerik Gabeko Langileen Mugimenduko alprojak: zuen ekintzak terrorismotzat joko ditugu. Ez duzue gehiago beldurrik sartuko ez baserrietan eta ez hirietan”. 7 minutuko hitzalditik hautatutako esaldiak dira.

Lula lepatu osteko Brasilen urteotako bilakaera ulertu-azaldu nahian plazaratutako zientoka analisien artetik bat hautatu behar eta, baliogabetzen ez den txanponetik jo dugu: Noam Chomsky (AEBak, 1928).

Euskarazko Wikipediak “hizkuntzalaria, filosofoa, zientzialari kognitiboa eta aktibista“ laburbiltzen duen Chomsky erraldoiak eta bere emazte Valeriak bisitatu berri dute Lula Curitibako espetxean, ondoren argitaratzeko: “Munduko preso politiko famatuena bisitatu dut, Lula. Brasilgo estatu kolpe ‘ezti’ batek mundu osoan eraginen du”. Hemendik aurrerakoa, Chomskyren The Intercept-eko artikuluaren paragrafo hautatuak, hitzez hitz batzuk, laburtuak besteak.

Luiz Inácio Lula da Silva hil arterainokoa gerta dakiokeen kartzelaldian dago, isolatua, prentsa eskuratzeko eskubiderik gabe, asteroko bisita bakar batekin. Antzera bizirautera kondenatu zuen Mussolinik Antonio Gramsci 1926an, fiskalaren hitzok bitarteko: “Bere burmuinari lan egitea eragotzi behar diogu datozen 20 urteetan”.

Lula izango zen egunotan ere hautagirik popularrena, hauteskunde justu zuzen batzuetan erraz irabaziko zuen, baina ez da plutokraziak hautatu duena.  Agindu zuenean bere politikak Brasilgo eta nazioarteko finantzen nahietara egokitu zituen arren, eliteek mespretxatzen dute, hein batean bere politikengatik eta txiroentzako laguntzengatik, baina baita klase gorroto hutsagatik ere:   nola utziko diogu gure herrialdearen buru izaten langile pobre bati, goi mailako ikasketarik ez eta portugesa txukun hitz egitera iristen ez den bati?

Bolsonaro, aldiz, argi eta garbi azaltzen da diktadura militarraren miresle, ordena berriro ezartzeko prest. Agertzen da establishment usteldua –hainbeste brasildarrek gorrotatzen dutena– eraitsiko duen gizon berria bailitzan. Aurreko belaunaldien eraso neoliberalen kontrako erreakzioa da, munduko beste leku askotan bezala. Eta zer egingo du agintea eskuratutakoan?

Bolsonaroren buru ekonomikoa den  Paolo Guedesek disimulurik gabe iragarri du: soluzioa “dena pribatizatzea” da, Brasilgo azpiegiturak oro, zor publikoa ordaintzeko. Den-dena, herrialdea bankuen eta aberatsen jostailu izateraino. Guedesek badaki zertaz ari den, Pinocheten garaiko Txilen lanean aritua da urte batzuetan, Chicagoko eskola neoliberalaren ikasle –Chicago boy– bizkorra izaki.

Pinochet ez dabil urruti

Gogoratu behar da –beti Chomsky da mintzo– Chicagoko neoliberalismoak Txilen eragindakoa. 1973ko kolpe militarrak ireki zion bidea oposizioko kideei tortura eta izua ezarriz. Chicagoko ekonomialari izarrek gainbegiratu zuten esperimentua, AEBen laguntzarekin eta nazioarteko negozio eta finantza-erakundeenarekin. Esperientzia asko txalotu zuten hasieran; gero isiltasuna.

1982rako Chicago boy-ek Txileko ekonomia errekara eramana zuten eta Estatuak hartu behar izan zuen bere gain ekonomiaren zati handi bat, Allenderen garaietan baino handiagoa. Ekonomiak burua jaso duenean ere, nabarmen nozitzen ditu hondamendiaren ondorioak, osasungintza, hezkuntza eta abarretan.

Brasilera itzulita, oso kontutan hartu behar da finantzen sektoreak ekonomian daukan nagusitasuna. Ladislau Dowor ekonomialariaren arabera (A era do capital improdutivo), Brasil 2014an atzeraldian sartu zenetik banku handiek irabazkiak %25-%30 handitu dituzte: zenbat eta bankuen etekin handiagoak, orduan eta ekonomia makalago, “finantza-bitartekariek ez dute produkzioa elikatzen, zigortu baizik”. Horrek ito arazten du Brasilgo ekonomia atzeraldian, ez gastu sozialen handiak edo ustelkeriak.

Joseph Stiglitzek dio fenomenoa mundu osokoa dela, bankuek lehen dirua txertatzen zieten enpresei, gaur kendu baizik ez diete egiten. Horra neoliberalen urteotako erasoak politika sozio-ekonomikoa nola eraldatu duen: aberastasuna izugarri kontzentratzen da gutxi batzuen eskuetan eta, aldiz, gehiengoa blokeatuta dago, prestazio sozialak murrizten dira eta demokraziaren funtzionamendua ahultzen, botere ekonomikoa gero eta kontzentratua dagoela, finantza-erakunde predatzaileen atzaparretan.

Horrek elikatzen ditu munduaren zati handi bateko gobernuekiko jendeak daukan erresumina, haserrea eta mesprezua, sarritan –”oker”, azpimarratzen du Chomskyk– populismoa deitua.

Atzeraldi ekonomikoetan, lehenago ere Brasilen estatu kolpeak ekarri izan dituzte –AEBen esku hartzeekin– instituzioen auzitan jartze atzerakoiek eta 2013tik han bizi dena estatu kolpe eztia deitzeko arrazoirik ez da falta. Finantzen alorrean zentratutako elite zaharrek hedabideen kontzentrazio handiaren laguntzarekin kanpainari ekin zioten Rousseff saiatu zenean interes tasa izugarri altuak maila apalagoetara mugatzen, gauza arriskutsua finantzen merkatuetan jokatzen zuten gutxientzako.

2018ko kanpainan etengabe aipatu da ustelkeria, PT Langileen Alderdi Lularenak ere hartu baitu parte horretan. Benetan gertatu da ustelkeria, baina PT infernuko demoniotzat erabiltze hori instrumentalizazio hutsa da. Agertu den ustelkeria ez da icebergaren pikoa baizik, ustelkeria gehiena legezkoa delako, eta handiena multinazionalek herrialde garatuetatik egiten dutena.

Curitiban daukate isolaturik munduko preso politiko famatuena estatu kolpe eztia burutu ahal izateko eta honek ondorio larriak ekarriko dizkio bai Brasilgo gizarteari eta bai munduko beste toki askotakoei. Uhin beltzari hesia jartzeko indarrik inork bildu ote duen, dagoenekoz irakurleak jakingo du.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eskuin muturra
Migratzaileei sarrera gogortzeko ituna onartu du Europako Parlamentuak

Europar Batasunean migrazio politika gogorragoa ezartzeko ituna onartu du euroganberak, zortzi urtetako negoziazioen ondoren. Hala, eskuin-muturraren ideiei men egin eta arau baztertzaileak erabili ahal izango dituzte hemendik aurrera herrialdeek, kontrola areagotzeko eta... [+]


2024-03-31 | David Bou
‘La xarxa ultra’

ARGIArekin azken kolaborazioa egin nuenetik lau hilabete igaro direnean, testu honen bidez nire iritzi-artikuluei berriro heldu diet, baina azalduko dizuet zergatik alde egin dudan denboraldi honetan aldizkari maitagarri honen orrialdeetatik.

Otsailaren 20an La xarxa ultra... [+]


Erorikoen monumentua eraistea eskatu dute Iruñean

Memoria historikoaren aldeko hemeretzi eragilek bat egin dute, Askatasunaren Plazako eraikina eraisteko eskatzeko. “Ezinezkoa da frankismoaren monumentu honi nortasun berri bat ematea”, azaldu dute.


2024-02-09 | Gedar
Isuna jarri diote Barakaldoko lagun bati, faxista bati aurre egitea egotzita

Iazko uztailean eraso zion faxista talde batek, labanaz. Orain, erasotua izan zen pertsona horri jarri diote 600 euroko isuna, faxistetako bati aurre egitea leporatuta.


Eguneraketa berriak daude