EAJ da egun Marxekiko fidelena

EAJko EBBko Andoni Ortuzar presidentea 2018ko Alderdi Egunean.

Mundua krisian dago. Ipar mendebaldeko herrialde garatuetako munduaz ari naiz. Gaur egun baina, gure munduak mundu osoa hartzen du bere mendean. Ni jaio nintzenean, gure mundua ere krisian zegoen. Bi mundu nagusi ziren: komunista eta kapitalista. Beranduago beste bi mundu ere bazirela ikasi genuen: iparralde aberatsa eta hegoalde pobrea.  

Hain juxtu ere, ni jaio nintzenean ere krisian ginen, pobreak omen ginen, hala ere, eskolan, pezeta bat eskatzen ziguten txinatarrentzat. Itsulapikoak halaxe zioen: Una peseta para los chinitos.  

Egun, funtsean, mundu bakarra dago, mundu globalizatuan bizi baikara. Eta jaio nintzenean bezala, gaur ere mundu osoa krisian omen dago.

Orain arte idatzitakoari txinatar ipuin-en tankera hartu diot: cuento chino.

Edonola den ere, munduak krisian segitzen du. Ezkerreko eredua, antikolonialista eta iraultzailea agortu da. Eskuinekoa, berriz, sozial-demokrata eta erreformista, blokeatuta dago. Horrek politikan jarduteko molde berriei leku eman digu herritarroi. Adituen erranetan, paradigma politiko berri baten garaian gaude. Mugimendu alternatiboak dira gizartean eragiteko eredu berriak.

Mundua handia da, beraz, gatozen Euskal Herrira. Mugimendu alternatiboko militante eta pentsalari Txomin Povedaren erranetan “ez da aski instituzioetan irabazle izatea zure borroka aitzina eraman ahal izateko”. Ados. Paradigma politiko berrien garai honetan, ordea, badago paradoxikoak egiten zaizkidan adierazle bi:

– Ni jaio nintzenean, Karl Marx zen mundu kapitalista zapaltzailearen aurka borrokatzen zuten alderdietako pentsamenduaren ideologoa. Egun, berriz, kapitalismo neoliberalaren aurka borrokatzen dugu. Orduko sistema eta egungoa antzekoak dira, diferentzia batez: guk  geuk esplotatzen dugu geure burua.      

– Euskal Herrian, EAJ gailentzen da instituzioetan aldez edo moldez. EAEn ezbairik gabe. Nafarroan ez, baina funtsean, abertzaleen artean gutxiengoa izanik ere, bera da Nafarroako instituzio nagusiko politikari, zuzen edo zeharka, etekin gehien ateratzen diona. Ipar Euskal Herrian, abertzaletasunean EAJ gutxiengoa da. Euskal Elkargoa sortu berri da, eta bera begitantzen zait etorkizunean botere-gune horretatik atarramendu handiena aterako duena. EAJ da egun Marxen jarraitzaile fidelena. Ez naiz Karli buruz ari, bistan da, Grouchoz baizik. Honela zioen Marxek: “Hauek dira nire printzipioak. Ez bazaizkizu gustatzen, beste batzuk ditut”. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal Autonomia Erkidegoko politika
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


Eguneraketa berriak daude