Arriagatik hasi zen manifestazioak Getxo eta Portugalete elkartu asmo dituen ibai azpiko tunela gelditzeko eskatu zuen larunbatean. Subflubila Ez plataformaren hitzetan, proiektua “antisoziala eta ekozida” da.
Ehunka pertsona bildu ziren larunbatean Bilboko kaleetan Subflubialaren aurkako manifestazioan. Ibai azpiko tunelaren aurkako Subflubiala Ez plataformak aldarrikatu zuen hau dela unea borrokan jarraitzeko, "proiektu suntsitzaile hau gelditzeko”. Bizkaiko Foru Aldundiarena eraikinaren azpian amaitu zen manifestazioa; ostegun arratsean kide bat kateatu zen protesta gisa.
Alderdi politiko gehienek babestu dituzte protestak, hala nola, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PP alderdi politikoek, era berean, LAB sindikatua eta JSE-EGAZ Alderdi Sozialistako gaztediak ere bertan egon zirela zabaldu zuen sare sozialetan.
Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak “estrategikoa, asmo handikoa eta erabat beharrezko" definitu izan du. Aitzitik, Subflubiala Ez herri plataformak adierazi izan du sustatzen duen garraio ereduagatik kaltegarria izango dela. ARGIAk argitaratu moduan, diputazioak eginiko ingurumen inpaktu txosten batek dio, autoen aldeko dei efektua egingo lukela eta horrek inguruenean ondorio kaltegarriak eragingo lituzkela. Hala ere, oraindik proiektua gelditzeko garaiz dela adierazi du plataformak, adjudikazio fasean baitdago 543,7 milioi eurotan aurreikusten den plana.
Herritar plataformak salatu zuen proiektuak "interes enpresarialei" erantzuten diela: “Bilbo Handiaren plangintza elite ekonomikoen interesen arabera egiten ari da. Ibai azpikoa adibide garbia da: Carlos Alzagak esan zuen bezala, ‘aurreikusitako lanek enpresa askori ematen diete jaten’, tartean Sener eta IDOM-i”.