"Mugimendu alternatiboek aterabide praktikoak ematen dituzte, erradikaltasuna eta pragmatismoa artikulatuz"

  • Urruña, 1992. Soziologia, geografia eta kultur animazio arloko ikasketak egina da.  Ipar Euskal Herriko praktika alternatiboen militantziari buruzko doktorego-tesia egiten ari da Paueko Unibertsitatean:  “Lurralde honetan landu diren gizarte praktiken bidez, XXI. mendean eraldaketa soziala gauzatzeko modua aztertzen ari naiz. Planteamendu nahiko orokorra eta aldi berean koherentea egin nahi dut, xumea egin ere ”.

"Errezeta magikorik ez dago. Irabazteko molde bakarra, aritzeko molde anitz daudela ulertzea eta onartzea da". Argazkia: Dani Blanco.

“Paradigma politiko berri baten aurrean gaude”, diozu zure tesian. Non zehazki?  

Paradigma politikoaren aldaketa gertatzen ari da mundu osoan, eta bereziki ipar-mendebaldeko herrialde garatuetan. Orain gutxi arte, eraldaketa sozialerako erabiltzen ziren kanal edo eredu historikoak agortzen joan dira, eredu sozial horiek ezkerrekoak nahiz eskuinekoak izanik ere.

Zein da eraldaketarako bidea, egun?   

Ez dago bide argirik. Garai batean bazegoen, eredu apurtzailea. Ardatz antikolonialista, ezkerreko edo abertzalearen jokamoldea aldaketarako ekimena hauslea zen, bat-batekoa. Baina, iraultzaren irudimena agortu da arrazoi ezberdinengatik. Hemen, adibidez, ETAren ondoko garaia bizi dugu.  

Impasse garaian gaude.

Bai. Eta ekiteko eredu berria ez da bat-batean emango, kolpez, pixkanaka etorri da. Lehen aipatu eredua [ezkerrekoa] agortu da, eta bestea [eskuinekoa], erreformista, parlamentarioa, instituzionala, sozial-demokrata deitzen duguna, hori ere blokeatuta dago. Besteak beste, eraldaketa instituzionalak blokeatuta daude alderdien joko politikoengatik, horren adibidea dugu Katalunian gertatua. Ez da aski instituzioetan irabazle izatea zure borroka aitzina eraman ahal izateko. Hego Euskal Herrian ere, ezker abertzaleak sekulako emaitza elektoralak izan zituen [Gipuzkoan, EH Bildu], baina nola eragin zuen eraldaketak gauzatzeko orduan? Eraldaketa sakonak lortzeko ez da nahikoa instituzioetako “boterea” hartzea. Hor badago zer gogoetatu.   

“Ekintza kolektibo konkretuak ari dira xerkatzen aldarrikapenei aterabide zehatzak emateko. Xumeak baina errealak dira, eta sekulako arrakasta lortzen ari dira”

Ilusio galduen garaia bizi dugu. Nola urratu bide berriak?

Bada, bide eta ekintza askotatik abiatuta. Historiaren bukaera aspaldi aipatu zen, orain jendeak ilusioa galdua ote duen diote beste batzuek. Ideologiaren bukaeran gaudela sinetsarazi nahi digute. Margaret Thatcherrek “The news nom alternatives / Gure ereduaren alternatibarik ez dago”, erran zuen. Nire tesiaren izenburuaren hasierak “The news alternatives” dio. Ikusten baitut, azken hamar urteetan aukera berriak garatzen ari direla munduan zehar. Ekintza kolektibo konkretuak ari dira xerkatzen aldarrikapenei aterabide zehatzak emateko. Xumeak baina errealak dira, eta sekulako arrakasta lortzen ari dira. Villes en transition sarea eta mugimendua horren lekukoa. Euskal Herrian eta bereziki Iparraldean dagoen kontzentrazioa deigarria da: Seaska, Euskal Irratiak, Euskal Herriko Laborantza Ganbara, Eusko moneta eta abar.

Zer erakusten dute berauek?

Gauza asko. Hasteko, militantismoa ez dela hilda. Oso inportantea da hori. Jendeak engaiatzeko prest segitzen du, xumeki, baina eraldaketa soziala beste bide batez egin daitekeela sinesten du.  

Baina hori, agian, burbuila batean bizi den jende baten inpresioa da. Gehiengoa eredu kapitalista eta kontsumistaren arabera bizi da. Hemen gehiengoak eskuin bozkatzen du. Paradigmaren barruan, paradoxak daude. 

Ados. Diagnosi argi batek “jende gehiena eroso bizi da edota baldintza oso txarretan lan egin arren, merkataritza saltoki nagusietan kontsumitzen du”. Alabaina, Nola egiten duzu egoera hori eraldatzeko? Erantzunak edo moldeak ez dira hamaika. Edo segitzen dugu “gau handiaren ametsa” lantzen, edo itxaron dugu bat-bateko desblokeo bat, baita hauteskundeetan irabazteko hau hori eta hura ere egiten segitzen dugu, zer irabazteko ez dakigula.

Hego Euskal Herrian udal hauteskundeak izanen dira laster.

Bada, hauteskunde gau horretan galtzen baduzu, ez duzu galtzen gau horretan soilik, galtzen duzu bi hauteskundeen arteko egun guztietan. Merkataritza-gune erraldoiak eraikitzen segituko dute, eta abar. Aldiz, bi hauteskundeen artean praktika konkretuak sortzen badituzu, non jendea ez den behartua saltoki handietara joaten, hala nola, beste moneta bat erabiliz [Eusko], non beste elikagaiak kontsumitzen diren (Idoki)... Ez dituzu hauteskundeak irabazi, baina egunero zure alternatibak lantzen ari zara. Iparraldean horretan ari gara, Euskal Herria osoari begira ari gara, alternatiba konkretuak eraikiz. Gainera, dinamika horrek gure aukera politikoen boz emaitzak handitzen laguntzen du. Izan ere, zertarako balio dute herriko bozen emaitzek, ez baduzu elkarte kulturalik, ez baduzu ikastolarik, gizarte sarerik ez baduzu eraikitzen?

Euskal Elkargoa sortu da. Nola uztartu praktika horiek eta instituzio berriaren lana?  

Herri mugimenduen eta instituzioen arteko harremana ongi ulertu behar da. Nahi baduzu borroka bat irabazi, bide  eta molde ezberdinak landu eta uztartu behar dira. Akatsa litzateke pentsatzea kanal edo modu bakar bat erabili behar dela. Ezin dugu arrautza guztiak saski berean jarri, saskia erortzen bada, denak galtzen baitituzu. Iparraldeko instituzioa [Euskal Elkargoa] izanen da herri mugimenduen eta instituzioen arteko harremanen bitartez eraikitzen bada. Bere indarra hori da. Instituziogintza prozesu batean sartu gara, instituzio horren mugak izugarriak dira, eskuduntza oso gutxi dauka, zinez, baina hori guztietan izaten da. Estatuek berek hori erabaki zuten aspaldi: aldagai ekonomikoa dela eta, instituzio guztiak mugatuta daude. Eskuduntzak eremu edo konpainia pribatuen esku utzi dituzte estatuek. Nork kudeatzen du ekonomia? Nork antolatzen ditu munduko gerlak?

Beraz?  

Alegia, Euskal Elkargoa edo Euskal Herrian dauden tokiko beste instituzioek, ezin dute IKEA muntatzea galarazi. Edo tokiko egurra baliatuz eta landuz, hemen saltokia muntatzen lagundu. Ezein instituziok ezin du hori egin, ezta instituzioa gobernatzen ari den aukera politikoa zurea bada ere. Nork egin dezake? Bada, gaur gaurkoz, mugimendu alternatiboen praktikek baino ezin dute egin. Egungo kultura politikoaren eraginez barneratu dugun ideia okerra hau da: eraldaketa soziala bideratzeko, botere publikoetatik pasa dugu, bai ala bai! Eredu politiko hauslearen bitartez edo eredu erreformista sozialdemokrataren bitartez. Baina eredu alternatiboen laguntzaz botere hartu ondoren sistema eraldatuko dugun ustea badugu, oker gaude. Aldiz, botere gunetik pasa gabe, uhin alternatibo militanteek sistema eralda dezaketela erakutsi behar dugu. Eta erakusten ari gara jada. Eusko moneta har dezakegu adibidetzat. Nork du monetaren konpetentzia? Estatuek berek ez dute ere. Europar Batasuneko banku zentralak dauka. Bada, hemen herritar talde batek hartu du bere gain moneta herriko baten erabilera. Egin eta kito.  

Euskararen ofizialtasuna aldarrikatzen dugu, baina Euskal Elkargoko presidente Jean-René Etchegarayk ez dauka euskara ikasi beharrik.

Neri berdin zait Etchegarayk euskara ez ikastea, aldiz, axola zait biztanleriak ikastea eta erabiltzea, biak ez dira berdin. Baditugu fijazio anitz. Ofizialtasuna, horietako bat da, obsesio bat. Ofizialtasunak zer ekarriko du? Ofizialtasuna eta euskararen egiazko praktikaren artean hautatu behar badut, ofiziala izan gabe, praktikaren aldeko ekintzak bultzatuko ditut. Demagun, ofizialtasuna aitortzen diotela euskarari, baina egiazko hizkuntza politika garatzeko zero euro dagoela. Ofizialtasuna lortu dugu, eta edukirik, praxirik eta hiztunik gabe bizi gara.

ETAren ondoko garaian gaude. Idealizazioen eta ilusio zapuztuen ondorenean. Iparraldekoa eta Hegoaldeko parametroak ere ez dira berak.

Egoera ezberdinak dira, argi eta garbi. Iparraldean beti izan dugu eztabaida hori: ea estrategiak eraman behar ditugun hemen egokituta edo Euskal Herri osorako? Testuinguru ezberdinak dira biak, baina Hegoaldean ere hala daude. Olite [Erriberri] eta Mutrikun estrategia berdina eraman ahal duzu? Praktiken aukerak ongi ulertu behar dira lurraldearen kontestuaren eta momentuaren arabera. Duela 40 urteko praktikak eta testuinguruak ez dira gaurkoak, egokitu behar dira ahalik eta hobekien.

Eta horrek ez du kentzen lurralde osoan ekintza bateratuak garatzea. Udalbiltza hor dago: instituzio hori sekulako aukera da, egungo alternatibetako bat da. Udalbiltza sortu zen garaian, kokapena eta funtzioak izan zituen, eta gaur egun, sekulako tokia hartu lezake estrategia konfederala aitzina eramateko. Alternatiben Herriaren lema hauxe da: “Ematen ez badigute, guk sortzen dugu”. Horra hor herriak sortua den instituzio bat, tresna bat da eta baliatu behar dugu.

“Udalbiltza herriak sortua da, tresna bat da eta baliatu behar dugu”

Iraganeko hainbat jarduerak beren zama utzi du. Presoen gaia hor dago. Ezker abertzalea garai berri batera egokitzen ari da. Nola lagundu dezakete mugimendu alternatiboek? Autokritika garaia ere bada.

Presoen gaia zaila da. Parisek eta Madrilek baitute hori konpontzeko giltza. Horren inguruan ezin duzu alternatiba bat eraiki. Kritikak badaude, alta, ez dira mugimendu alternatiboari zuzenduak, izatekotan izan dira ezker abertzaleari eginak. Zentzu horretan, mugimendu alternatiboak aterabide praktikoak ematen ditu, erradikaltasuna eta pragmatismoa artikulatuz. Dialektika horretan lortzen badugu bi polo horiek ez ikusten dikotomia bezala –edo erradikaltasun osoa edo pragmatismo osoa–, bien arteko oreka bat atzematen badugu, aurrera egiteko bidea aurkituko dugu.  

Nola ikusten duzu alderdi politiken jarduera Hegoaldean nahiz Iparraldean?

Hegoaldean indar politikoen arteko harremanik ia ez dago. Iparraldean aldiz, elkar entzuten dute. Hemen espektro politiko osoaren arteko akordio batzuk daude, Fronte Nazionala (FN) eta Alderdi  Komunista (PSF) kenduta. Akordioak daude euskara, euskal gatazka eta instituziogintzaren inguruan. Hegoaldean asko aipatzen da Gramsci pentsalaria, baita ezker abertzaleak hegemonia politiko lortzearen beharra aipatu ere. Galdera da: hegemonia hori lortuta ere, nola gauzatu aipatu puntu horien inguruko akordioak?

Zer iradoki dizu Kataluniako procés delakoak?

Katalunian gertatua oso adierazgarria da: burujabetzaren aldeko katalanek Espainiako zelaian eta haren arauen arabera jokatu dute, eta une batez, jokoa puntu bateraino iritsi denean, Espainiaren oztopo izugarria aurkitu dute. Espainiako zilegitasun demokratiko eza agerrarazi dute, prozesu demokratikoa eta indarkeriarik gabekoa eramanda ere. Ekintza masiboak eta baketsuak izan dira. Europan ez da egundo halako mobilizaziorik ikusi –lurraldearen tamainaren araberakoak, alegia–. Alta, bortxaz geldiarazi dituzte. Euskal herritarrok irakaspen zehatzak hartu behar ditugu prozesu horretatik.

Hala nola…

EAJ eta EH Bilduk hango politikariek hartu duten bidea barneratu eta baloratu behar dute. Prest al dira haiek joan diren punturaino joateko? Halaber, prozesu katalanak pentsarazi behar digu, zer bide landu behar dugun, horrelako egoera batera iristen bagara.

Hasteko, nola iritsi Katalunian eman den antzeko egoera batera? Gauzatu daiteke euskal prozesu burujabea?

Hori da galdera. Nola iritsi? Eta iritsi ondoren, nola ekin? Nire ustez, gauzatu daiteke. Baina horretarako garrantzitsua da gure kultura militantea aldatzea. Zergatik? Garaiak aldatu direlako, potentzialitateak eta hauek lantzeko moduak ere aldatu direlako. Kultura politikoan aldaketa eman behar da indar progresista guztietan. Lehenik ongi aztertu behar dugu lurralde eta kontestu bakoitza, horietako bakoitzak duen potentzialtasuna ekinbide askotarikoen  araberako osagarritasuna lortzeko. Hori da molde bakarra. Errezeta magikorik ez dago. Irabazteko molde bakarra, aritzeko molde anitz daudela ulertzea eta onartzea da.


ASTEKARIA
2018ko urriaren 28a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Herri mugimenduak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


"Gazteok zutik eta mugimenduan gaude, errealitate gordin baten aurrean"

Askotariko erresistentziak gorpuzten eta aldarrikatzen ditu Aiert Alberdi kantautore oñatiarrak oholtzan zein egunerokoan: gaztea, genero disidentea, euskalduna, langile klasekoa eta herri txikikoa… Musika eta feminismoa ditu indarkeria patriarkalari aurre egiteko... [+]


2024-04-25 | Estitxu Eizagirre
"Lurra taupaka" festara deitu du Amillubi proiektuak, maiatzaren 11n

Laborantza lur emankorrak ondasun kolektibo bilakatu nahi ditu Amillubi proiektuak. Horretarako herritarren eta hainbat kolektibo eta erakunderen ekarpenak biltzen ari da eta maiatzaren 11rako egun osoko festa antolatu du Amillubin bertan, egitasmoari bultzada emateko.


2024-04-24 | Estitxu Eizagirre
'Zenbat lo' liburua aurkeztu dute Asteasun
Kartzelako hormak zeharkatzen dituen ama-alaben arteko harremana hitz eta iruditara eramana

Nekane Txapartegi Suitzako kartzela barrutik eta alaba kanpotik, elkarri hamaika modutara maitasun mezuak helarazten. Horra Txalaparta argitaletxeko Zenbat lo liburuak jaso duen historia, Iraitz Lizarragaren hitzetan eta Izaro Lizarragaren ilustrazioetan. Iragan hurbileko... [+]


Eguneraketa berriak daude