EAEn 'fracking'-a abiarazteko urrats berriak egin ditu Jaurlaritzak: zundaketak baimendu Bizkaia eta Gipuzkoan

  • Eusko Jaurlaritzak baimena eman du Bizkaia eta Gipuzkoako 1.300 kilometro koadrotan zehar lurpean egon daitezkeen erregaien bilaketan ikerlan eta zundaketak egiteko. Zundaketa lanetan "fracking" teknika erabiliko ez dela aipatu den arren, zundaketa berriok dira urrats garrantzitsu bat Ibarretxeren garaietatik teknika horrekin hidrokarburoak ustiatzeko Jaurlaritzak egindako apustua aurrera eramateko.


2018ko urriaren 17an - 10:45
Wikipediatik hartutako irudian, 'fracking' ustiaketa proiektuak Euskal Herrian, tartean Eusko Jaurlaritzak baimendutako Lorea, Sustraia eta Landarre eremuak.

Urriaren 9an onartu du 142/2018 dekretua Eusko Jaurlaritzak, justu Nazio Batuen Erakundearen aditu taldeak klima aldaketari erremedioa jartzeko epea agortzen ari dela ohartarazi zuen egunetan. Erregai fosilen ustiatze eta kontsumoa murriztu beharra datza hondamendia saihesteko derrigorrrezko neurrien muinean. Aldiz, Euskal Autonomia Erkidegoko agintariek hiru eremu berritan hidrokarburoak bilatzeko baimena eman diete 2011n hori eskatu zuten konpainiei, asteartean –urriak 16– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak plazaratu zuenez Iñigo Urkullu lehendakariaren eta Arantxa Tapiaren sinadurekin.

EAEko SHESA Sociedad de Hidrocarburos de Euskadi SA konpainia publikoa eta Petrichor Euskadi Coöperatief –Petrichor Energy iparramerikarraren adarra– dira zundaketak Bizkaia eta Gipuzkoako –eta Arabako eremu txiki bateko– 1.300 kilometro koadrotan burutu ahal izango dituztenak, dekretuan irakur daitekeenez, eta Heyco Energy konpainia estatubatuarraren ardurapean arituko dira, Berria egunkariaren arabera.

Konpainiok 2011n lau eremutan eskua sartzeko baimena eskatu bazuten, dekretuan horietatik hiru hartu dizkie ontzat: Bizkaia erdian dagoen Lore, Gipuzkoaren bihotzean dagoen Landarre eta bi lurraldeetan zabaltzen den Sustraia. Eremu berriokin osatzen du erregaien industriak EAEko maia. Ez da, beraz, zundaketok baimendu diren lehen aldia baina berezia da zabaltzeko hautatutako unea.

2017ko ekainean onartu zuen Eusko Legebiltzarrak lurpetik erregaiak haustura hidraulikoaren bidez ateratzea galerazten zuen legea. Aurretik, 100.000 lagunek sinatuta iritsi zen herri-ekimen legegilea EAEko parlamentura. 2018ko urtarrilean, ordea, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak legearen zatiak baliogabetu zituen. Hilabete beranduago, Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundearen eta SHESAko buruak Arabako Armentia 2 eremuan zundaketak egiteko asmoa azaldu zuen, eta hala egin ere udara bitartean.

Urriaren 9an Jaurlaritzak onartu eta asteartean ezagututako dekretua itu garrantzitsutzat bilduko du fracking gasaren Euskal Herriko historiak.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Frackingaren arriskua
Gas naturalaren dilema Herbehereetan: prest gaude Groningen hobia ixteko?

Energia krisiarekin Herbehereetan bidegurutze bat sortu zaie: munduko gas natural hobi handienetako bat itxi, aurreikusita zegoen bezala, edo irekita mantendu Europaren presioei men eginez? Eskueran ditugun energia iturri oparoak aprobetxatzeak nolabaiteko kalteak onartzea... [+]


2021-08-27 | Arabako Alea
Gasteizen gasa esploratzeko helegiteari eutsi dio Eusko Jaurlaritzak

Armentia-2 putzuan gasa esploratzeari uko egingo ziola ofizialki iragarri eta bost hilabetera, Eusko Jaurlaritzak ez du atzera bota Gasteizko Udalaren erabakiaren aurkako helegitea. EH Bilduk eta Eguzkik bertan behera uzteko eskatu diote.


2020-12-23 | Z. Oleaga
Armentia-2 putzuan gasa dagoen ikertzeko baimena ukatu du Gasteizko Udalak

Udal teknikariek ebatzi dute Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak (HAPO) ez duela baimentzen gasa dagoen ikertzeko zundaketarik egitea. EAEko Ekonomiaren Garapeneko, Jasangarritasuneko eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak zabalik utzi du helegitea aurkezteko aukera.


2020ko uda hartan COVID-19a zabaldu zen, klima zoratu... eta fracking-ak porrot egin zuen

COVID-19ak eragindako anabasaren zalapartak eta klimaren aldaketak hedabideetan uzten dituen irudi beldurgarri bezain espektakularrek estalita, gutxi hitz egiten da petrolioaren krisiaz, tartean fracking-aren gainbeheraz. Bestela esanda, herritarrak ari daitezkeela eztabaidan... [+]


Eguneraketa berriak daude