Gasteizen gasa erauzteko baimena eman du Espainiako Gobernuak

  • Espainiako Biodibertsitaterako eta Ingurumen Kalitaterako Zuzendaritza Nagusiak egindako ingurumen-inpaktuaren azterlana aldekoa izan da Armentia-2 putzuan gasa erauzteko, txostenaren arabera zundak ingurunean ez baitu ondorio kaltegarririk eragingo. Horrenbestez, Espainiako Barne Ministerioak argi berdea eman dio Gasteizko putzuetan gasa ateratzeari.

Artikulu hau CC BY-SA 4.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2019ko azaroaren 27an - 12:14

2018rako Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuak zituzten ingurumen-inpaktuaren azterlanaren iragarkia eta "Armentia-2 zundaketa"-ren ezarpen-txostena, Sociedad de Hidrocarburos de Euskadi SA (Shesa) izeneko enpresak aldez aurretik eskatuta. Horren aurretik, Berriztuk eta Fracking Ez Arabak helegitea aurkeztu zuten instantzia judizialetan.

Armentia-2ko proiektuari aurka egiteko mugimenduak ere herri alegazio bat aurkeztu du proiektuaren aurka, eta 2.000 sinadura baino gehiago lortu zituen bi aste pasatxoan.

Armentia-2ko gas-erauzketaren aurrean, eragozpen ugari nabarmendu zituzten Berriztuz-ek eta Fracking Ez Arabak:

- Produktu kimikoak: haustura hidraulikorako ez lirateke erabiliko, baina zulatzeko lohietan erabiliko lirateke. 4 milioi litro baino gehiago erabiliko lirateke, besteak beste gatzak, barita, polimeroak, kolmatatzaileak, detergenteak eta biozidak, lurraren azpian amaituko luketenak, akuiferoetara iristeko arrisku larriarekin.

- Erregai fosiletan inbertitzea: bi taldeek defendatu dutenez, "klima aldaketaren eta baliabide fosilen agortzearen egungo testuinguruan, gobernuen inbertsioak energia berriztagarrietan oinarritutako benetako trantsizio energetikoa ahalbidetzera zuzendu behar dira".

- Metano-ihesak: argitaratutako ikerketa guztien arabera, "gasa ateratzean metano-ihesak eragiten dira", eta horrek klima-aldaketan eragina du, "CO2ak baino 25 aldiz handiagoa", bi taldeon arabera.

- Ingurunea babestea: Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren arabera, Armentia-2 putzua zulatu nahi den lursaila "baso-balioko lurzoru urbanizaezin" gisa kalifikatuta dago, eta berariaz debekatuta dago erauzketa-jarduerei lotutako ustiapena. Gainera, partzela Gasteizko Mendietako

Parke Naturalaren proiektuaren eremuan ere badago. Udalean oposizioko talde guztiak proiektu honen aurka azaldu dira.

- Diru xahutze ekonomikoa: gogora ekarri dutenez, "frackingaren urrezko garaian Espainiako Estatuan eskatu ziren baimenen zati handi bat gainbehera etorri dira edo enpresa sustatzaileek atzera egin dute". Arrazoia: "Fracking-a ez da errentagarria ingurumena babesteko gutxieneko baldintza batzuk betetzen badira". Erauzketa konbentzionala alternatiba da? "Ekoizpen txikiagoa du, eta gure dirua jokatzen eta galtzen jarraitzen dute". Horregatik, "Shesa desagertzea eta benetako trantsizio energetiko batean diru guztia inbertitzea" exijitu dute.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Frackingaren arriskua
Gas naturalaren dilema Herbehereetan: prest gaude Groningen hobia ixteko?

Energia krisiarekin Herbehereetan bidegurutze bat sortu zaie: munduko gas natural hobi handienetako bat itxi, aurreikusita zegoen bezala, edo irekita mantendu Europaren presioei men eginez? Eskueran ditugun energia iturri oparoak aprobetxatzeak nolabaiteko kalteak onartzea... [+]


2021-08-27 | Arabako Alea
Gasteizen gasa esploratzeko helegiteari eutsi dio Eusko Jaurlaritzak

Armentia-2 putzuan gasa esploratzeari uko egingo ziola ofizialki iragarri eta bost hilabetera, Eusko Jaurlaritzak ez du atzera bota Gasteizko Udalaren erabakiaren aurkako helegitea. EH Bilduk eta Eguzkik bertan behera uzteko eskatu diote.


2020-12-23 | Z. Oleaga
Armentia-2 putzuan gasa dagoen ikertzeko baimena ukatu du Gasteizko Udalak

Udal teknikariek ebatzi dute Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak (HAPO) ez duela baimentzen gasa dagoen ikertzeko zundaketarik egitea. EAEko Ekonomiaren Garapeneko, Jasangarritasuneko eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak zabalik utzi du helegitea aurkezteko aukera.


2020ko uda hartan COVID-19a zabaldu zen, klima zoratu... eta fracking-ak porrot egin zuen

COVID-19ak eragindako anabasaren zalapartak eta klimaren aldaketak hedabideetan uzten dituen irudi beldurgarri bezain espektakularrek estalita, gutxi hitz egiten da petrolioaren krisiaz, tartean fracking-aren gainbeheraz. Bestela esanda, herritarrak ari daitezkeela eztabaidan... [+]


Eguneraketa berriak daude