Pelikula batzuk hobeak dira jende gehiagorekin ikusiz gero. Horri festa giroa gehituz gero, are esperientzia gozagarriagoa. Hala pentsatzen dute Irungo Bizinema Bang Bang ekimenaren bultzatzaileek. Zinema telebistan kontsumitzeko ohitura zabaldua dagoen garaiotan, 1980-90eko hamarkadetako film ikonikoak pantaila handian eta jatorrizko bertsioan ikusteko aukera eskaintzen dute.
“Pelikula ikustetik harago, pelikula bizi egiten dugu emanaldi hauetan; espiritu ludikoa berreskuratu nahi dugu, filma taldean gozatu. Publikoak filma ikusi bitartean parte hartzen du, adibidez eszena gogoangarrietan txalo eginez. Hori ez duzu areto komertzialean egiten eta halako esperientzia dibertigarria partekatzeak konplizitate handia sortzen du ikusleon artean. Ondo pasatzea da helburua”, diote egitasmoaren atzean daudenek. Horretarako, arratsalde-pasak antolatzen dituzte: bi pelikula ikusten dituzte, aurkezle eta aktore banak dinamizatuta, eta film horiei loturiko atrezzo, irudi, fotogramek… janzten dute antzokia bera.
Irun erdialdeko zinema-aretoak itxi zituztenean, eta Donostiako Bang Bang egitasmoa eredu hartuta (bost urte ditu Donostiakoak), 2017ko abenduan abiatu zen proiektua, Udalarekin batera elkarlanean. Bi saio egin dituzte ordutik: lehenengorako Gremlins eta Jurassic Park hautatu zituzten, bigarrenerako Die Hard eta Aliens, eta datorren azaroaren 3rako prest dute emanaldi bikoitza: Indiana Jones: Riders of the Lost Ark eta The Big Lewobski. Borrokarik handiena irudi eskubideak lortzea izan ohi da, aitortu dute, zenbait kasutan nahiko etsigarri bihurtzeraino.
Zenbatek ikusi du Indiana Jones zuzenean telebistan?, galdetu digute. Askok ez dituzte pelikula hauek zinema-aretoan ikusi, eta estreinatu zirenean aukera izan zuenak errepikatzeko abagunea du orain. Zinema pantaila handian ikusteko pentsatuta dagoela aldarrikatzen dute, batez ere garai hartakoa. Oroitzapen ona eta arrastoa utzi duten filmak hautatzen dituzte, jendeak eskatzen dituenak (zer ikusi nahiko luketen galdetzen diete ikus-entzuleei, saio amaieran banatutako orrietan). Ezezagunagoak diren lanak ere tartekatzen dituzte: “The Big Lewobski kultuzko filma da, jende ugarik ez du inoiz ikusi, eta halako pelikulak ezagutzeko aukera ere eman nahi diegu; oreka bilatzen dugu”. Emozionatzea eta barruan zerbait mugitzea, hunkitu zaituelako, barrea eragin dizulako… Hori da pelikula bati eskatzen diotena: “Harrapa zaitzala eta aretotik atera ondoren ere buruan bueltaka izatea”. Drama generoa omen da oraingoz kanpoan uzten duten bakarra, emanaldietan sortzen den festa giroarekin ez datorrelako bat.
Komertziala, txarraren sinonimo?
Publiko zabalak gustuko duena, alegia komertziala dena, ez da beti film txarraren sinonimo: “Publikoak atsegin duena baina atzean lana duena, kalitatea duena, aukeratzen dugu, eta Indiana Jonesena horren adibide da”. Lehen gainera blockbuster-etan mimo gehiago jartzen zela diote, baina orain industriaren presiopean superprodukzioak bata bestearen atzetik egin behar dituztenez, sarri denbora gutxiago eskaintzen zaiela. Baietz, fast food eredutik baduela zinema komertzialak, batzuetan oso film errepikakorrak direla behin funtzionatu duen hori etengabe esplotatzen dutelako, istorioak hutsalagoak direla, halere obra onak aurki daitezkeela… Zinemaz eztabaidatzen hasi dira gure solaskideak, ezin dute saihestu, elkarrizketan zehar pelikulen, zuzendarien eta aktoreen inguruko erreferentziak, iritziak eta kritikak behin eta berriz tartekatu dituzte Jon Paul Arroyo, Adur Amilibia, Iñigo Martinez, Josu Benito eta Iñaki Goikoetxeak (azken hau, Udaleko Kultura sailaren ordezkaria). Bizinema Bang Bang emanaldietan, ordea, ez dago debaterik, zineklubetan egin ohi den moduan. “Halako debateek nolabaiteko solemnitatea eskatzen dute. Guk eztabaidak aretotik kanpo egiten ditugu, saiotik atera eta ondoko tabernan edo nahi den lekuan pelikulez hitz egiten jarraitzen dugu”.
Jatorrizko bertsioan hobeto
Zenbatek ikusi du Indiana Jones pantaila handian galderari beste bat gehitu diezaiokegu: zenbatek ikusi du jatorrizko bertsioan? Bizinema Bang Bangeko emanaldi guztiak jatorrizko bertsioan dira, gaztelaniazko azpitituluekin. “Bi elementuk osatzen dute aktorearen lana, irudia eta ahotsa, eta biak funtsezkoak dira interpretazioan. Ahotsa kentzen badiozu, bere lana kamusten ari zara, eta gainera aktore batzuek garrantzia berezia ematen diote hitz egiteko eta adierazteko moduari, interpretazioaren parte den heinean”. Europako zinema-areto gehienetan jatorrizko bertsioa nagusi dela gogoratu dute, eta sarri bikoiztua hobesteko joera ezezagutza eta ohitura falta baino ez dela, gertatu izan zaielako jendeak pelikula hasieran esatea ez dakiela pelikularen ñabardura guztiak ongi harrapatuko ote dituen, azpitituluak irakurtzen aritu beharko duelako, eta bukaeran onartzea alderantzizkoa, pelikulari ñabardura gehiago atzeman dizkiola jatorrizko bertsioari esker.
Netflix gisako plataformen eragina medio, batzuetan kosta egiten zaigu pelikulak ikusteko etxetik ateratzea, eta horregatik pozik baloratzen dute ekimena pixkanaka hartzen ari den oihartzuna. Lehenengo saiora 300 lagun hurbildu ziren, bigarrenera 200dik gora (maiatzaren 1eko zubiarekin, gizonezkoen futbol derbiarekin eta Sagardo Egunarekin lehian), eta hirugarren honetarako ikusmina nabaria dela azpimarratu digute, galdezka daukatela jendea. Ezezagunak ere gerturatu zaizkio Adur Amilibiari, “The Goonies proiektatu behar duzue!” eskatuz. Herri eta hirietan horrelako ekimenak zabaltzea ona dela uste dute, eskaintza areagotzeko, eta hiriburuetan ez kontzentratzeko. “Lehenengoan Donostiara joan nintzen, hemen ez dagoelako hango zine eskaintza, eta areto erdia eskualdeko jendea ginen”, kontatu du Iñigo Martinezek. Azken finean, zineklub eta zineforumak ere ez dira garai batean bezain oparoak “eta jende gutxiago erakartzen dute, baina pelikula arriskatuak ikusteko aukera ematen dute, eta hori bera ez da funtzio makala”.
Aurreiritzirik gabe eta aldarte onean gerturatzeko eskatzen diote herritarrari, ziur dira entretenitzeko gogoz datorrenak primeran pasako duela. Hortik aurrerako helburua, proiektua egonkortzen jarraitzea, jendeak agendan idatziko duen plana izan dadin Bizinema Bang Bangen zine saioa.
Zinema eta arte eszenikoen LGTBIQ+ jaialdia Bilbon ospatuko dute ekainaren 23tik 30era,50 jarduera baino gehiagorekin.
'Ehun metro', Zergatik panpox', 'Hamaseigarrenean aidanez' eta 'Oraingoz izen gabe' dira zaharberritzen ari diren lanak. Zinemaldiko Klasikoak sailean ikusi ahalko dira.
Iratxe Sorzabalek sufritutako torturen gaineko testigantzak jasotzen ditu dokumentalak. Maiatzaren 20an emango dute dokumentala, 23:40an. Iaztik dago Primeran plataforman ikusgai, baina lehen aldiz emango dute telebistan.
2024ko urtarrilaren eta uztailaren artean Gazan filmaturiko 22 film laburrez osatua da From Ground Zero filma. Rashid Masharawi palestinar zinegilea dugu egitasmoaren oinarrian, eta 2023ko urriaren 7az geroztik Gazari buruz entzuten diren zenbakiei aurpegiak jartzeko asmoz lotu... [+]
Asteazkenetik aitzina Ipar Euskal Herrian, eta ostiraletik Hego Euskal Herrian; film oso gutxi estreinatzen dira horrela zinema aretoetan. Halaxe egingo du asteon Faisaien Irla-k. Fikzioa baitira mugak, horrela dio Asier Urbieta (Errenteria, 1979) zuzendariak: ez dira... [+]
Helena Taberna zinegileak jasoko du aurten Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren Saria. Sariaren entrega ostiralean, apirilak 11, 20:00etan Viktoria Eugenia Antzokian ospatuko den bukaera emanaldian izango da.
Ezagutzen duzue Kneecap filma? Oscar sarietarako hautatu zuten. Belfasteko hirukote baten istorioa da. Kneecap Hip Hop talde ezaguna da gaur egun, eta hizkuntzaren aldeko jarrera (gaelikoa) argia dute, IRAren osteko belaunaldiaren gorabeherak kontatzen ditu filmak; drogak eta... [+]
No other land dokumentalaren zuzendari Hamdan Ballal kolono sionistek jipoitu zuten astelehenean bere herrian, beste hainbat palestinarrekin batera, eta Israelgo militarrek eraman zuten atxilo ondoren. Astarte goizean askatu dute.
Donostiako Tabakaleran, beste urte batez, hitza eta irudia elkar nahasi eta lotu dituzte Zinea eta literatura jardunaldietan. Aurten, Chantal Akerman zinegile belgikarraren obra izan dute aztergai; haren film bana hautatu eta aztertu dute Itxaro Bordak, Karmele Jaiok eta Danele... [+]
35 film aurkeztu dira lehiaketara eta zortzi aukeratu dituzte ikusgai egoteko Euskal Herriko 51 udalerritan. Euskarazko lanak egiten dituzten sortzaileak eta haiek ekoitzitako film laburrak ezagutaraztea da helburua. Taupa mugimenduak antolatzen du ekimena.
Pantailak Euskarazek eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak aurkeztu dituzte datu "kezkagarriak". Euskaraz eskaini diren estreinaldi kopurua ez dela %1,6ra iritsi ondorioztatu dute. Erakunde publikoei eskatu diete "herritar guztien hizkuntza eskubideak" zinemetan ere... [+]
Geroz eta ekoizpen gehiagok baliatzen dituzte teknologia berriak, izan plano orokor eta jendetsuak figurante bidez egitea aurrezteko, izan efektu bereziak are azkarrago egiteko. Azken urtean, dena den, Euskal Herriko zine-aretoak gehien bete dituztenetako bi pelikulek adimen... [+]
Otsailaren 24tik eta martxoaren 1era bitartean, astebetez 60 lan proiektatuko dituzte Punto de Vista zinema dokumentalaren jaialdian. Hamar film luze eta zazpi labur lehiatuko dira Sail Ofizialean; tartean mundu mailako lau estreinaldi eta Maddi Barber eta Marina Lameiro... [+]