"Betiko dendak galtzen direnean hasten gara nortasuna galtzen"

  • “Nabarralde fundazioak eta Iturralde elkarteak antolatutako Alde zaharren birsorkuntza jardunaldietan parte hartu berri du Aitziber Imizkozek (Iruñea, 1983). Iruñeko Udal plazako turismo bulegoko arduraduna da, eta ongi ezagutu du Nafarroako hiriburuko Alde Zaharraren eraldaketa. Azkenean, bere kale eta txokoak ditu lantoki, eta bisitariei horiek erakusten jarduten du”.


2018ko urriaren 28an

Zertan ari dira aldatzen gure alde zaharrak?
Transformazioa merkataritza ereduan ematen da batez ere. Merkaderes kalean [Iruñean] bada Burger King bat. Starbucks bat datorrenean akabo. Betiko dendak galtzen direnean, betiko tabernak, betiko kontsumoa galdu eta enpresa handiak datozenean hasten gara nortasuna galtzen. McDonalds batean egon zaitezke Iruñean, Donostian edo Tokion. Hori da globalizazioa. Identitatea kontsumitzeko eratan ari da galtzen, ez monumentuetan, ez kaleetan.

Jardunaldietan, gudu zelai gisara aurkeztu dira alde zaharrak. Bertan batzen dira historia eta identitatea, baina baita turismoaren presioa eta hirigintza proiektuak ere.
Uste dut Iruñera, momentuz, ez dela gudu zalai hori iritsi. Hemen ez da Donostiakoa gertatzen: han pisu turistikoekin gerran daude, eta bertakoak Alde Zaharretik kanporatzen ari dira. Donostiako Alde Zaharrak Eurodisney ematen du, dena turistez beteta, eta bere kutsua galduz doa. Uste dut Iruñean oraindik ez dela hori gertatzen, udalean ari direlako aurreratzen, hori saihestu nahian. Ez gara puntu horretara iritsi. Helduko garen ala ez? Nork daki.

Eta ordurako beranduegi bada?
Bai, hori da kontua, oreka bilatzea. Alde batetik, jendea hirira etortzea ona da, ekonomia eta kontsumoa mugitzen duelako, eta lanpostuak sortu. Baina non hasten da galtzen gure nortasuna? Non dago puntu hori?

Posible al da oreka?
Utopiko samarra da hori: behin negozioa ikusita, handira jokatzen hasten dira interesdunak, eta azkenean, iristen da puntu bat non atzera begiratu eta diozun: “Eskuetatik joan zait”. Zaila da  oreka puntu hori bilatzea.

Iruñeko Alde Zaharreko bizilagunak hasi dira protestan, pisu turistikoak gora doazelako. Unzu-ko hostel handiaren proiektua ere hor dago.
Egia da puntu beroak daudela, Estafeta kalea adibidez, eta azken urteetan igo direla pisu turistikoak: kriston boom-a egon da, baina oraindik ez da iritsi bizilagunak kanporatzera, Madrilen bezala: agentzia bat etorri, eraikin osoa erosi eta bizilagunak kanporatu.

Baina alokairuen prezioak gora doaz.
Bai, baina ez dakit pisu turistikoen eragina den, edo berriro goazela burbuila batera. Egia da pisu turistiko asko jarri dituztela, eta hotelak, baina uste dut aurreratu garela, etor daitekeena aurreikusi dugula. Baina egia da bizilagunak kexaka ari direla.  

Ba al dago bertakoen bizitzarengan eraginik ez duen turismorik?  
Saiatu behar gara garen bezala saltzen guru burua. Bada slow tourism  mugimendu bat, tokiko bizimodua balioan jartzen duena: hiriak eta herri txikiak era lasaian ezagutzea, jendearekin nahastea, bertakoen ohiturak eta hizkuntza ezagutzea... Italian sortu zen, turismoaren paradigman, kontrako mugimendu gisa. Hori bada abiapuntu bat, eta Nafarroan badugu horretarako aukera, landetxeekin, herri txikiekin, euskara eta gure kulturarekin. Hori litzateke eredua. Kontrakoa: sanferminak.

Zergatik?
Eskuetatik joan zaigu. Agian orain hasi gara ikuspuntua aldatzen, baina esango nuke azken hamar urteetan eskuetatik joan zaigula. Turismo bulegoan ikusi dugu zer negozio dagoen eraikia sanferminetan, batez ere kanpoko agentzien bitatez. Uste dut galdu dutela bere betiko esentzia.

Baten batek esango du turismo lasairik ere ez, ez dela turistarik etortzea sustatu behar, ez eredu batean, ez bestean.

Badut etxean hala pentsatzen duenik [barrez]. Baina gu ere turistak gara, eta beste nonbaitera goazenean gustatzen zaigu gustora egotea, gaizki ikusiak ez izatea. Gure etxera datozenak ere hala sentiarazi beharko genituzke, enpatiaz.

Nola kontatzen da hiri bat?  
Sinetsi behar duzu zure historian, zureganatu, azken batean, zu zara zure hiriaren apostulu. Ez baduzu ezagutzen, ez baduzu bizitzen eta sentitzen, nahiko zaila da kontatzea. Niri ez zaizkit turistakeria tipikoak gustatzen, eta sanferminetako kontuak ez ditut inoiz kontatzen, nahiago izaten dut hiriko historia kontatu. Sarri bisitariek esaten dute: “Ez nekien Iruñeak 2.000 urte zituenik”. Oso ezezaguna dira gure historia eta gure ondarea, eta hori ere bada esanguratsua.

Nafarroan, zer kontatzen den, politikoki ere badu bere eragina.
Bai, hemen, adibidez, konkista edo anexioa erabili, hori izaten da gudu zelaia. Nik beti konkista diot, hala izan zelako: saiatu behar zara neutrala izaten, baina egia esaten. Hiria kontatzeko modu asko daude, eta norberak badu bere ikuspegia, oso malgua da historia. Eta denetarik dago gure artean.

Zertan aldatu da turismoa?
Globalizazioak eragina du, nortasuna galtzen delako. Bestetik, internet:  edonora joan aurretik, sartzen gara webguneetan eta dena ikusten dugu. Izebak zera dio: “Zertarako bidaiatu, Callejeros viajeros  ikusi badut?” Sorpresarako aukera galdu dugu.

Turismoa, komunikaziorako bide

“Humanitateak ikasi nituen Nafarroako Unibertsitatean, eta kultur kudeaketarekin lotutako master bat Bartzelonan. Istripuz iritsi nintzen turismora. Nik kazetaria izan nahi nuen, eta turismo bulego batean bukatu dut. Beka bat atera zitzaidan Nafarroako Gobernuan, turismo bulegoan, eta nola hizkuntzak gustatzen zitzaizkidan, aurrera egin nuen. Ikusi nuen komunikaziorako era bat ere bazela, nire hiriko historia gustatzen zaidalako. Horrela aurkitu nuen nire komunikazio bidea: historia, artea eta komunikazioa, dena bat eginda. Beka bukatuta, nire enpresa jarri nuen, 25 urterekin, eta han nago ordutik. Iruñeko turismo bulegoko arduraduna naiz”.


ASTEKARIA
2018ko urriaren 28a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#3
AEK koordinakundea
#4
Ruben Sánchez Bakaikoa
#5
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Turismoa
Lau donostiarretatik hiruk uste dute turismoak kalte “handia” egiten diela

Turismoari buruzko pertzepzioaz galdetu die EHUk donostiarrei, eta ondorioztatu du herritarren erdiak baino gehiagok “frustrazioa” sentitzen duela. Donostiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak finantzatu dute ikerketa.


2024-03-01 | Uriola.eus
Hotel bihurtuko da Bilboko Olabarri Jauregia

Bericato enpresak erosi du duela 70 urte baino gehiagoz Bilboko Portuko Agintaritzaren egoitza izan den eraikina.


Alde Zahar auzo ekimena
"Iruñeko apartamentu turistikoen erdia Alde Zaharrean daude"

Iruñeko Alde Zaharreko Alde Zahar ekimenak turismo masiboaren aurkako eta auzoaren defentsarako kanpaina abiatu du ostegun honetan.


Bizilagunek etxebizitza turistikoak debekatzea baimendu du gorenak, berriz ere

Bizilagunek legez kanpo utzi dute Donostiako Zubieta kaleko etxebizitza turistiko bat, euren estatutuetan erabilera hori debekatuta zegoelako aurretik.


2024-02-05 | Leire Artola Arin
Donostiako bi etxebizitza turistikotan sartu dira Sortuko kideak, “etxebizitza larrialdia” salatzeko

Azora funts putrearena da bata, eta luxuzko etxebizitza turistikoa bestea; asteburuko erreserba amaitu eta bertan geratu dira, instituzioei eskatzeko etxebizitza eskubidea bermatzea. Exijitu diete, besteak beste, alokairuaren prezioa eta etxebizitza turistikoak mugatzeko, eta... [+]


Eguneraketa berriak daude