"Mitxoletak nahi ditugu", pestizida guztiak orain debekatzeko aldarria

  • Urriaren 5ean milaka pertsona bildu dira Frantziako Estatuko hirurehun hiri eta herri baino gehiagotako udaletxeen aurrean, "Nous voulons des coquelicots" (Mitxoletak nahi ditugu) deialdiarekin bat egiteko. Bi urte iraungo duen kanpainaren antolatzaileek ez dute huskeria eskatzen: pestizida kimiko guztiak debekatzea eta oraintxe bertan. Bioaniztasunaren hondamendiari eta gizakien pozoiketari behingoz erremedioa jartzea aldarrikatuko dute hileroko lehen ostiraletan.

‘La Voix du Nord’ egunkariari hartutako argazkian, zenbait herritar bilduta Angulemako udaletxearen aurrean urriaren 5ean, hileko lehen ostirala, ‘Mitxoletak nahi ditugu’ mugimenduaren deialdiari erantzunez. 
Pestiziden eta bestelako kutsadura kimikoen e
‘La Voix du Nord’ egunkariari hartutako argazkian, zenbait herritar bilduta Angulemako udaletxearen aurrean urriaren 5ean, hileko lehen ostirala, ‘Mitxoletak nahi ditugu’ mugimenduaren deialdiari erantzunez. Pestiziden eta bestelako kutsadura kimikoen eraginez suntsitzen ari diren naturaren eta herritarrengan zabaltzen ari diren eritasunen ikur izan nahi du soro bazterretako mitxoletak.

ARGIAren internetez bidezko irakurleak “Mitxoletak nahi ditugu” lehenbizikoz Martta Irigoien amikuztarrari esker irakurriko zuen, Nicolas Hulot ministro ekologistak Frantziako Gobernutik ihes egin zuela eta irailaren 26an plazaratu zuen kronikaren izenburuan.

Irigoienek aurkeztu zuen Frantzia bi urtez inarrosi nahiko lukeen kanpaina berria, nagusiki Fabrice Nicolino Charlie Hebdo astekariko langile eta ingurumen gaietan idazle ezagunak sustatua: “Hilabetean behin, bakoitza bere eskualdean, pestiziden gaien inguruan ekintza batzuk egin nahi dituzte, jendea biltzeko eta sentsibilizatzeko“. Urriko lehen ostiralean, 5ean, milaka herritar bildu ziren 300dik gora herriko etxeren atarietan eta hamar egun geroago 300.000 sinadura eskuratuak zituzten.

Ondo ikasi “Nous voulons des coquelicots”, ez baita oharkabean pasatuko. Hasteko, pestizida guztiak berehala debekatzea eskatzen duen manifestu laburrak merezi du osorik euskaratzea. “Pestizidak dira bizirik den oro suntsitzen duten pozoiak. Euri tantatan daude, goizeko ihintzetan, loreen nektarrean eta erleen hesteetan, haur jaio berrien zilbor-hesteetan, txorien habietan, ama guztien esnetan, sagarretan eta gerezietan.

Pestizidak tragedia bat dira osasunarentzat. Minbiziak eragiten dituzte, Parkinsonak, haurrengan buruko eta mugikortasunari lotutako gaixotasunak,  antzutasuna, jaiotzatiko malformazioak. Pestiziden eraginak gutxietsi egiten ditu erotuta dagoen sistema honek, aurrera ihes egitea nahiago baitu. Pestizida bat debekatzen denerako, beste hamarrek hartzen dute haren lekua. Eta milaka daude.

Dagoenekoz ezin dugu gure herrialdea ezagutu. Natura itxuragabetuta daukagu. Txorien herena desagertu da hamabost urtetan, tximeleten erdia hogeitan, erleak eta beste polinizatzaileak milaka hiltzen dira, igelak eta matxinsaltoak suntsitu egin direla dirudi, basa loreak bitxikeria bilakatu dira. Bueltatu guri geure mitxoleta eta nabar-loreak! Itzuli guri munduaren edertasuna!

Ez, ez dugu horrela jarraitu nahi. Ezta ezeren truke ere. Babesa exijitzen dugu. Gure agintariei exijitzen diegu Frantzian pestizida guztiak debekatzea. Ez bihar. Orain. Aski dugu hitzez: ekintzak nahi ditugu”.

Kutsadura kimikoaren presentzia itogarria da, sarri ikusezina izan arren. Charlie Hebdo astekari frantsesaren –tartean dago Fabrice Nicolino manifestuaren sustatzaile nagusia, aldizkariak jasandako atentatu basatian zauritua bera ere– 15 lankideren ileak ikertuta, denetara 140 pestizidaren arrastoak aurkitu zizkieten, pertsona bakoitzari 34 eta 50 artean, nekazaritzan erabilitako botikez gain etxeetan usatzen diren produktuen arrastoak.

Alarma bazter guztietaraino zabalduta dago. Kioskoetan aspaldiko aldizkari salduenetakoa den Marie Claire-en antzeko azterketa bat enkargatu zuten berrikitan, erredakzioko kideen haurretatik seiri egiteko. “Neurtu nahi izan dugu zein eragin duen gure umeengan egunero jasaten duten bainu kimikoak. Eta ondorioek ez dute zalantzarik uzten: haur guztiak daude kutsatuta, sarri oso kezkagarriak diren mailataraino”.

Marie Claire-eko enplegatuen haurretako bakoitzak 30etik 62ra molekula kimiko ezberdin zeraman soinean: pestizidak, kontserbatzaileak, kutsagarri plastikoak, parabenak, botikak... Tartean, legez debekatutakoak ere bai. Ez gara ari toxikotasun akutuaz, kronikoaz baizik. Horrelakoetan pozoian kaltegarria ez dela dosia, toxikoaren eraginaren maiztasuna baizik.

Pozoi bat ez, pozoien industria gelditu

Frantziak pestiziden erabileran Europako txapeldunorde fama dauka, aurretik soilik irabazten diola Espainiak. Hexagonoan kutsagai kimikoen eztabaidak badu indarra, baina emaitza zehatzik ikusi barik. Gobernuak 2008an Ecophyto plana jarri zuen abian 2018rako pestizidak %50 murrizteko asmoz eta lortu duena da... %12  ugaritzea!

“Txunditzekoa da –dio Fabrice Nicolinok– biziaren desagertzearen abiadura izugarria. CNRS [Espainiako CSICen parekoa] eta Historia Naturalaren Museo nazionalaren artean egindako ikerketa batek erakutsi du 15 urtean desagertu dela Frantziako hiru txoritik bat. Frantziarako ere balio duen ikerketa aleman batek erakutsi du xomorro hegalarien %80 desagertu dela dagoenekoz. (...) Mundu guztiak daki eta aldi berean inork ez du ezer egiten. Ikusle bezala gaude begira espezie bizi asko eta gizakion osasuna bera mehatxatzen duen katastrofeari. Ez naiz ari bakarrik Birmaniako oihanez edo Galapago uharteetako itsasoaz, Frantzia bera aldatu da 50 urteotan. Erreparatu besterik ez dago tximeletei: gaur oso bakan ikusten diren tximeletok bazter denetan ikusten ziren gazte nintzenean, zelai guztietan”.

Berrikitan Frantziak debekatu ditu neonikotinoideak, erleen desagertzearen erantzule nagusietakoak. Baina horrek ez ditu kontsolatzen “Nous voulons des coquelicots” manifestuaren bultzatzaileak: urte mordoa pasatu da debekua bitartean, ezkerreko bezala eskuineko gobernuek Bayer multinazionalari baimendu diote denbora irabaztea bere inbertsioei errentagarritasuna atera arte eta azkenean debekatu dutenean... multinazionalek dozenaka molekula berri dauzkate galaraziaren lekua betetzen.

“Gerra hasi aurretik galduta daukagu baldin eta ez badugu auzitan jartzen sistema bere osotasunean. Edo atakatzen dugu pestiziden sistema edo kondenatzen ditugu gure buruak etengabeko kanpainetara, behin eta berriro galduko ditugunak. Menderatu ezineko sistema  da, Estatuaren aparatuan sustraituta dagoena, Nekazaritza Ministerioak eta INRA ikerketa erakundearen zati batek sustatzen duena, nekazarien FNSEA sindikatu nagusiak...”

Sinadura bilketatik harago, coquelicotek bi urtetan bost milioi herritar mobilizatu nahi dituzte, ekintza nagusitzat hartuta hileroko lehen ostiralean herriz herri egingo diren elkarretaratzeak, horien inguruan asmatzen joango diren mobilizazioekin. Eta helburu garbi bat: gobernuak debeka ditzala pestizida kimiko guztiak. Lortuko duten? Kale eginez gero, sustatzaileei geratuko zaie zalaparta galanta antolatu izanaren kontsolamendua. Balekoa suertatuko balitz, izugarria izan liteke jarduera kimiko oso bat legez kanpo uztea Europaren bihotzean ... eta agian Eusko Legebiltzarrean ere aipatuko lukete.

“Gizarteak ez badu bere burua defendatzen erraietaraino sartzen dizkioten pozoien kontra, nekez defendatuko da klimaren zoratzearen edo bio-aniztasunaren desagertzearen kontra. Eta onartu egingo ditu krisi ekologikoaren ondorio guztiak. Horregatik aldarrikatzen dugu jauzi historiko baten beharra”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kutsadura kimikoa
Lobbygintza toxiko bat dago glifosatoa baimentzeko Europaren erabakiaren gibelean

Glifosato herbizida erabiltzeko baimena beste hamar urterentzat luzatu zuen azaroaren 16an Europako Batzordeak. Erabaki inkoherentea, ikusirik produktuaren toxikotasuna frogatzen duten ehunka ikerketa zientifiko daudela publikaturik. Inkoherentea ere, jakinik AEBetako 113.000... [+]


Intsektiziden eraginpean dauden gizonek espermatozoide gutxiago dituzte

Zenbat eta gehiago egon intsektiziden eraginpean, orduan eta txikiagoa da espermatozoideen kontzentrazioa. Ondorio hori atera dute azken 50 urteetan mundu osoan egindako 25 ikerketa berrikusita. Environmental Health Perspectives aldizkarian argitaratu dute azterketa.


Glifosatoa beste hamar urtetarako baimendu dute: "Osasun publikoa eta biodibertsitatea arrisku handian daude"

Herbizida kutsagarria debekatzeko adostasunik ez dute lortu Europako Batzordeko 27 herrialdeek eta ondorioz abenduaren 15ean iraungitzen zen erabileraren baimena luzatu dute, hainbat murrizketekin. Nekazaritzan oso erabili izan den Bayer multinazionalaren produktuak minbizia... [+]


2023-10-04 | Euskal Irratiak
Glifosatoaren baimentzea
"Laborariengan minbizi gehiago atzematen ohi dira, produktu kimikoen erabileraren ondorioz"

Glifosatoa baliatzeko hamar urteko luzapena babestu du Europako Batzordeak. Herbizida gisa munduan gehien erabiltzen den produktu kimikoa da, eta potentzialki minbizi sortzaile izateagatik ezaguna da.


Kutsatzaile eternoen tranpa: lehen zena miragarri, orain da hilgarri

Eternoak deitzen diete, betierekoak. Ez dute su hartzen, ez dira hausten eta betirako irauten dute. PFAS izeneko konposatuak duela ia mende bat sintetizatzen hasi zirenetik, gauza askotarako erabili izan dira, berdin zartaginean arrautza ez itsasteko nola mendiko txamarraren... [+]


Eguneraketa berriak daude