Glifosato herbizida erabiltzeko baimena beste hamar urterentzat luzatu zuen azaroaren 16an Europako Batzordeak. Erabaki inkoherentea, ikusirik produktuaren toxikotasuna frogatzen duten ehunka ikerketa zientifiko daudela publikaturik. Inkoherentea ere, jakinik AEBetako 113.000 herritar indemnizatu dituela glifosatoaren ekoizle Bayer enpresak eta beste 47.000 auzi dituela oraindik esperoan –hain zuzen, herbizida erabili ondoren minbizia garatu izanagatik–. Baina, dirudienez, horrek guztiak ez du nahikoa pisu agroindustriako lobbyen parean.
Arrisku heina ikusirik, glifosatoa debekatzeko beharrik ez dagoela ondorioztatu berri du Elikagaien Segurtasuneko Europako Agintaritzak. Animalien, gizakion eta ingurumenaren gaineko ondorioak azterturik, herbizida erabiltzen segitu daiteke. Bide beretik doa Produktu Kimikoen Europako Agentzia: glifosatoa ez da kantzerigenoa eta ez dago arriskurik erabilpenean. Horiek horrela, erabileraren baimena hamar urtez luzatzearen alde agertu da Europako Batzordea azaroaren 16an.
Estatu kideen postura argirik ez denez agertu, erabilerarekin segitzearen alde egin du Bruselak, estatu bakoitzari utziz erabilpenerako baldintzak finkatzeko erabakia. Hain zuzen, Europar Batasuneko biztanleriaren %65 ordezkatuz, 15 estatuk egin behar lukete alde edo kontra, baina bi baldintza horiek ez dira bete: hamazazpik alde bozkatu dute, hiruk aurka (Luxenburgo, Kroazia eta Austria) eta zazpi abstenitu dira (Frantzia, Alemania, Italia, Herbehereak, Bulgaria, Belgika, Malta). “Beste behin, Europako Batzordeak nahiago du agrokimikaren sektoreko lobbyen aldean kokatu; abisu zientifikoak segitu, zuhurtasun printzipioa kontuan hartu eta pestizidaren debekua bere gain hartu beharrean”. Horra Greenpeacen erreakzioa.
Ozeanoaren beste aldetik etorritako abisua balitza bezala, biharamunean, azaroaren 17an, AEBetako Missouri estatuko auzitegi batek 1.500 milioi dolarreko kalte-ordaina pagatzera behartu zuen Bayer enpresa, hain zuzen, glifosatoz osaturiko Roundup produktua erabiltzen arituriko hiru herritarrek minbizia garaturik. Herbizidaren eta minbiziaren arteko lotura frogatua delako zientifikoki: 2019ko Exposure to glyphosate-based herbicides and risk for non-Hodgkin lymphoma: A meta-analysis and supporting evidence (“Glifosatoan oinarritutako herbizidekiko esposizioa eta Hodgkin ez den linfoma izateko arriskua: meta-analisia eta frogak”) ikerketak argira ekarri zuen glifosatoarekin kontaktuan dabiltzanek gisa horretako minbizia garatzeko %41 aukera gehiago dutela. Funtsean, 2015az geroztik “kantzerigeno probable” gisa sailkaturik du Minbiziari buruzko Nazioarteko Ikerketa Zentroak. Mila ikerketa “independenteren gainean” oinarritu da Munduko Osasun Erakundearen parte den egitura ondorio hori ateratzeko.
Horregatik, Europako Batzordearen erabakiaren aurka egin dute Europako bost elkartek, eta prozedurari segi, bi hilabete dituzte erabakiaren berrikuspena galdatzeko.
Glifosatoaren arriskua baieztatzen duten ikerketa zientifikoen kopurua eta Europar Batasunak ingurumenari eta elikadurari begira harturiko helburu berdeak –Farm to fork edo “etxaldetik sardexkara” programaren baitan, pestiziden erabilpena erdira jaistea 2030erako eta laborantza lurren %25 ekoizpen ekologikora bideratzea– kontuan harturik, ulergaitza da Europar Batzordearen erabakia. Soilik agroindustriako lobbyei begiratuz gero konprenitu dezakegu. “Elikagaien Segurtasuneko Europako Agintaritzak ikerketa zientifiko anitz baztertzen ditu –%90 inguru–, industrialek buruturikoak lehenetsiz”, Laurence Huc ikerlariaren arabera. Froga gisa pestiziden arloan dabilen Chuck Benbrook ekonomialari amerikarraren datua plazaratzen du: interes aurkakotasunik gabeko egileen ikerketen %75ak frogatzen du glifosatoaren toxikotasuna.
Un lobby bruyant pour un printemps silencieux. Les tactiques de lobbying toxiques de l’industrie des pesticides contre Farm to Fork (“Udaberri isil batentzako lobby zaratatsua. Farm to Fork-aren aurka pestiziden industriak eraman lobby toxikoa) txostenean argiki agertzen da zer nolako estrategia eraginkorra duen agroindustriak montaturik. Lobbygintzak leku handia hartzen du sektoreko multinazionalen lan eta aurrekontuan. Bayer enpresak, demagun, 7.000.000 euro baliatu zituen 2021ean Europar Batasunaren baitan eragiteko. Oro har, lan ardatz ezberdinak dituzte: kontra-ikerketak glifosatoaren aldeko ondorioak zabaltzeko eta toxikotasunaz duda zabaltzeko; farm to fork-aren zikintzeko komunikazioa; AEBen gisara, aliatu dituzten beste estatuen presioa; eta beste.
Gosetearen mamuaren argudioa dute seguruenik landuenetarikoa: populazioa asebetetzeko behar den elikagai kantitatea ezin daiteke produzitu ekoizpen ekologikoan eta herbizida eta pestizidarik gabe. Ukrainako gerrak merkatuan duen inpaktua ere ederki baliatu dute argudio horri inportantzia gehiago emateko. Alta, Bioaniztasunaren Munduko Kontseiluko kopresidente Josef Settelek argi du: “Green Deal-aren iraunkortasun-helburuak deuseztatzeko saiakera politikoek ez gaituzte elikadura-krisiaz babesten, alderantziz, krisiaren areagotzea eta betikotzea dakarte”.
Hori horrela, haserre eta inpotentzia gorputzarekin begiratzen dio dagoenari Huc ikerlariak: “Substantzien segurtasuna ziurtatzean datza nire lana. Bost urte nabilela pestiziden arloan, eta hogei urte hidrokarburo eta dioxinarenean. Sutan jartzen nau ikusteak jakintza zientifikoak dauzkagula [glifosatoaren toxikotasuna frogatzeko] baina ez dutela arautegirako eta erabaki politikoetarako ezertarako balio”.
Jakinik AEBetan milaka salaketa direla glifosatoaren ekoizle Bayer-en aurka, indemnizazioak ordaintzeko prestutasuna adierazi zuen enpresak 2020an: roundup produktua erabiltzeagatik minbizia pairaturiko 113.000 herritarrei 16.000 milioi dolar banatzea. Beste 47.000 auzi ditu, ordea, bere esperoan. 113.000 zenbaki potoloa da... baina seguruenik ez da nahikoa lobbyen presioaren aitzinean burua zut gelditzeko.
Glifosatoa debekatzeko nahia deitoratzeko orduan, lobby lan horretan ezaguna dugun FNSEA sindikatuko presidenteak dio ingurumena ezin dela “laborantzatik bereizirik kudeatu”. Baina hain justu, horrek gintuen gaur egungo krisi ekologikora eraman: laborantza ingurumenetik bereizi eta produktibismoari bakarrik begira jarri ziren. Ingurumena xehatuz. Ingurumena eta milaka laborariren osasuna xehatuz.
Herbizida kutsagarria debekatzeko adostasunik ez dute lortu Europako Batzordeko 27 herrialdeek eta ondorioz abenduaren 15ean iraungitzen zen erabileraren baimena luzatu dute, hainbat murrizketekin. Nekazaritzan oso erabili izan den Bayer multinazionalaren produktuak minbizia... [+]
Glifosatoa baliatzeko hamar urteko luzapena babestu du Europako Batzordeak. Herbizida gisa munduan gehien erabiltzen den produktu kimikoa da, eta potentzialki minbizi sortzaile izateagatik ezaguna da.
Austria glifosatoa debekatu duen Europar Batasuneko lehen herrialdea da. Alderdi sozialdemokrataren iniziatibaz onartu da neurria, eta FPÖ alderdi ultraeskuindarraren, liberalen eta Jetz alderdi progresistaren aldeko bozek lagundu dute onartua izateko.
San Franziskoko (Kalifornia, AEB) epaitegi batek ebatzi du Monsanto –gaur Bayer multinazionalak erosia– dela Edwin Hardeman 70 urteko nekazariak nozitzen duen minbiziaren errua, bere linfoma Roundup (glifosatoa) erabiltzeak eragina.
AEBetako Texaseko Unibertsitatean egindako ikerketa baten emaitzek erakutsi dute, glifosatoak murriztu egiten dituela erleen hesteetako bakteria osasuntsuak.
Monsantok 289 milioi dolar ordaindu beharko dizkio San Frantziskoko udal langile bati Roundup herbizidak eragin duelako gizona hil-hurren daukan minbizia. Hala ebatzi du abuztuaren 11n Kaliforniako epaitegi batek. Epai historikoak berriro atera du eztabaida publikora munduan... [+]
Glifosato arrastoak aurkitu ditu hainbat zerealetan ingurugiroaren gaineko ikerketa eta aktibismo talde batek, AEBetan egindako azterketa batean.
Estatu batuetan izan den auzi erabakia, azkarra da. Kaliforniako justiziak, 289 milioi dolarreko isuna pagatzea kondenatu du Monsanto, gaur egun Bayerren esku dena. Roundup produktuaren lanjerra onartu du auzitegiak, baratzezain honi. 1984 urtetik susmoak badira, glifosatak... [+]
Negozioaren nekazaritzak irabazi du. Salerosketaren uzta gailendu da Europan, eta etekinari, soilik etekinari begira lanean ari direnek ziria sartu digute. Beste bost urtean glifosato hiltzailea jan beharko dugu. Glifosatoa hiltzailea da, bai; izan ere, belarrak hiltzeko... [+]
Europako Batzordeak 2022. urtearen amaierara arte eta baldintzarik gabe luzatuko du glifosatoaren baimena, EBko Landare, Animalia, Elikagai eta Pentsuen Batzordean (SCoPAFF) estatu kideek horren alde bozkatu eta gero. Eurolegebiltzarrak eskatua zuen bost urte barrurako erabat... [+]
2016ko hasieratik bosgarren aldiz, Europako Batzordeak ez du lortu EBko estatu kideen gehiengoa glifosato herbizidari baimena luzatzearen alde agertzea. Indarrean dagoen baimena aurtengo abenduaren 31n iraungiko da, eta beste hamar urterako berritu nahi du Batzordeak,... [+]
Urriaren 25ean glifosato herbizidaren merkaturatze-baimena luzatu edo eteteaz bozkatuko dute Europar Batasuneko estatu kideek. Aurtengo abenduaren 31n iraungiko da gaur egun indarrean dagoen baimena, eta Europako Batzordeak beste hamar urterako berritzea proposatu du, 2015ean... [+]
Urriaren 25ean glifosato herbizidaren merkaturatze-baimena luzatu edo eteteaz bozkatuko dute Europar Batasuneko estatu kideek. Aurtengo abenduaren 31n iraungiko da gaur egun indarrean dagoen baimena, eta Europako Batzordeak beste hamar urterako berritzea proposatu du, 2015ean... [+]
Europar Batasunak urtea amaitu baino lehen erabaki behar du glifosatoa –munduan gehien saltzen den herbizida– erabiltzeko baimena luzatuko duen ala ez. Monsantok 70eko hamarkadan merkaturatutako substantzia 40 enpresak baino gehiagok saltzen dute gaur egun;... [+]