Emakumeak borrokan
Idoia Karrera eta Nerea Gomez, hezitzaileak

"Haurreskolak ezin du izan kontziliaziorako soluzio hutsa"

  • Irungo Iraun haurreskola publikoak hamargarren urteurrena ospatu du aurten eta urteotan bertatik pasa diren 200 familiatik gora, 700 bat lagun, hurbildu dira festara. Etapa berezia da 0-3 urte bitartekoa eta hezitzaileen eta familien artean sortzen den harremana ere ez da edonolakoa. Eguneroko jardunera itzuli direnean gerturatu gara gu, eta zaintzaz, ziklo honen oinarriez, umeak estimulatzeaz, haurreskolako lanari ematen zaion balioaz… hitz egin dugu Idoia Karrera Etxebeste eta Nerea Gomez Pombar hezitzaileekin.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi
2018ko urriaren 21a
Nerea Gomez Pombar (ezkerrean) eta Idoia Karrera Etxebeste. EAEn 0-3 zikloa hautsi eta 0-2 bihurtu dutela kritikatu dute.
Nerea Gomez Pombar (ezkerrean) eta Idoia Karrera Etxebeste. EAEn 0-3 zikloa hautsi eta 0-2 bihurtu dutela kritikatu dute.

Lantalde finkoa duzue, abantaila da hori.
Nerea Gomez: Egonkortasuna ematen digu, taldean funtzionatu ahal izateko, ez goaz nor bere kontura. Uneotan bederatzi hezitzaile finko eta hiru ordezko gaude.
Idoia Karrera: Elkarrekin birpentsatzen ditugu egiteko moduak eta zergatiak, eta urtero dugun 100 orduko formakuntza ere horretarako baliatzen dugu. Bi urtez aritu ginen familiekiko harremana eta konfiantza lantzen, espazioaren garrantzia ere jorratu dugu, erabiltzen dugun materiala, zaintzaren esparru ezberdinak…
    Hezitzaileez gain, lantaldea jangelako laguntzaile batek eta bi garbitzailek ere osatzen dugu. Saiatzen gara lan hori ikusarazten, familiei adierazten, askotan lan ezkutua delako, gu iristen garenerako dena garbi baitago, baina hori hala izan dadin, guk eraikina utzi dugunean beste batzuk sartu dira lanera.

Haurreskola publikoa zarete. Guztien publifikazioa eta doakotasuna sindikatuen aspaldiko aldarrikapena da, haurra matrikulatzeko aukera denen eskura izan dadin.
Karrera: 18.000 eurotik beherako errenta duten etxeetan haurreskola doakoa izatea planteatu zuen Jaurlaritzak, baina airean dago hori. Batetik, errealitatea da familia batzuek ezin dutela zerbitzu hau ordaindu, eta bestetik, publifikazioa izango litzateke ziklo honen aitortza.
Gomez: Izan ere, 6 urtera arte ez da derrigorrezkoa haurra eskolaratzea, baina 3-6 adinak eskolatzea bermatua duen bitartean, 0-3ren errealitatea beste bat da eta garestiak dira matrikulak.

“Familia bakoitzak du bere motxila, bakoitzaren errealitaea oso ezberdina da eta aintzat hartu behar dugu”

Kontrara, hain juxtu baliabideak dituenak batzuetan aukeratzen du umea adin tarte horretan etxean heztea. Zaintzaren paradigma horretan, nola ulertzen duzue haurreskolaren funtzioa?
Karrera: Haurreskolak ezin du izan kontziliaziorako soluzio hutsa, soluzioak integralagoa behar du, aldaketak gizarte mailan eman behar dira, lan mundutik hasita, bakoitzak aukera izan dezan erabakitzeko nola nahi duen umea hezi hasierako urte horietan. Gainera, haurrak adibidez gaixotu egiten dira, eta familiak haurreskolatik harago “B plana” behar izaten du beti. Badira familiak umeak hona ekartzen dituztenak lanean ari direlako, baina baita ere haurrak etxean heztea erabaki dutenak eta ordu batzuez haurreskolan utzi nahi dituztenak. Haurreskolen funtzioa ez delako asistentziala, hezitzailea baizik, eta familia askok horretan sinesten dute.
Gomez: Umeak adin batetik aurrera beharra du beste ume batzuekin egoteko, eta behar hori asetzeko modu bat izan daiteke haurreskola. Familia batzuek babesa ere aurkitzen dute gugan, komunitate bat, beharbada agobiatuta daudelako… Aldi berean, horrek ez du esan nahi etxean hezteko aukera zilegi ez denik.
Karrera: Abiapuntua da familia bakoitzak bere haurrarentzat onena nahi duela. Eta familia batek pentsatzen badu etxean heztea dela bere umearentzat onena, aurrera. Eta beste familia batek bestelako gogoeta bat egin duelako, edo beste errealitate bat bizi duelako, haurreskolaren hautua egin badu, horretarako aukera izan dezala.

Haurreskolak, beraz, ez dira ulertu behar kontziliatzeko soluzio huts gisa, baina nola bizi du jendeak? Zuek 7:30etik 17:00etara duzue zabalik haurreskola.
Karrera: Zentroaren ordutegia hori da, baina haurra gehienez zortzi orduz egon daiteke bertan, hala dio legeak. Zortzi ordu asko diren? Lehengora noa: epaitu beharrean, pentsatu behar dugu familia guztiek egiten dutela euren haurrentzat onena dela uste dutena, eta zuretzat onena izan daiteke etxean haurrari ezer falta ez dakion zuk lan egitea eta umea haurreskolan uztea, zure lanpostuak ez dizulako kontziliaziorako inongo aukerarik ematen, edo ez duzulako zaintza sarerik inguruan…
Gomez: Edo nahiz eta enplegurik ez izan agian behar duzu ordu batzuez umea haurreskolan utzi eta denbora hartu, ideiak egituratu, gero umea berriz hartzen duzunean kalitatezko denbora eskaintzeko. Familia bakoitzak du bere motxila, bakoitzaren errealitatea oso ezberdina da eta aintzat hartu behar dugu, “hori bai alferra” kritikatzen hasi aurretik. Gurasotasuna ez da kontu samurra.

Zein lehentasun dituzue haurreskolan?
Karrera: Haurrak berezko gaitasuna du gauzak ikasteko, eta gaitasun hori ahalbidetzeko hiru arlotan jartzen dugu indarra: segurtasun afektiboa (seguru sentitu dadila haurra, gurekiko atxikimendua izan dezala…), espazioa (garbia, segurua, goxoa, atsegina, argi naturalarekin, kanpoko espazioarekin harremanean…), eta materiala (haurraren une bakoitzarentzat aproposa, garai batekoa baino soilagoa eta naturalagoa…)
Gomez: Urte askoan joera izan da umeari guztian laguntzea (“ibiltzen hasteko adina du jada, bada hartu eta ibiltzen jarriko dut”), baina egiten uztea da gure oinarria, umea ez bideratzea, beragan sinesten dugulako eta bere erritmoak errespetatzen ditugulako. Gustura eta seguru sentitzen bada, egingo du aurrera. Gure lana da ondoan egotea, eta behaketaren bidez testuingurua egokitzen joatea (material batek ez diola ongi egiten ikusten badugu, beste bat jarriko diogu eskura). Sarri hizkuntza oraindik ez dute garatua eta gertatzen zaienari, sentimenduei, emozioei hitzak jartzen ere laguntzen diegu.

“Garai batean bazirudien umeari estimulu pila bat eman ezean ez zuela lortuko bere garapen optimoa, baina gutxinaka haurraren ongizatea jarri da zentroan”

Egiten uzten diezue. Zenbait haurreskolatan aldiz, estimulazio goiztiarra dago modan.
Karrera: Guk argi dugu aurreratzeagatik edo lehenago egiteagatik haurrak ez duela garapen oparoagoa izango. Testuinguru egokian, prest dagoenean etapa bakoitza gainditzen joango da haurra eta autoestimua ere berak bere kabuz lortuko du, saiakera-akatsa prozesuaren bidez.

Hainbat etxetan ordea, badago nahi bat txiki-txikitatik has dadin haurra edukiak barneratzen eta ikasten.
Karrera: Guk familiei esaten diegu guk zergatik eta nola egiten ditugun gauzak, profesional moduan zein den gure iritzia eta jarduna. Batzuek gure funtzionamenduarekin bat egiten dute eta beste batzuek bestela jokatzen dute, eta guztiekin elkar ulertzen eta moldatzen saiatzen gara, haserretzearekin ez baitugu ezer lortuko. Dena den, esango nuke gainestimulaziorako joerak behera egin duela. Garai batean bazirudien umeari estimulu pila bat eman ezean ez zuela lortuko bere garapen optimoa, eta gutxinaka baretzen ari da pentsamolde hori, haurraren ongizatea jarri da zentroan.

Familia ereduak aldatu dira urteotan?
Gomez: Gurasoek gero eta informazio gehiago dutela ikusten dut nik. Batzuk kasik adituak dira eta gure erabakiak hobeto ulertzen dituzte, edo zalantzan jartzen dituzte erabaki horiek…
Karrera: Guraso bakarrak, banandutakoak, jatorri atzerritarrekoak, sexu berekoak, gurasoez gaindiko egiturak… Aniztasun hori ere nabariagoa da. “Guraso” hitza adibidez desagertu egin da gure oharretatik, “familia” erabiltzen dugu orain, eredu anitzagoak hartzen dituelako bere baitan.

Adin honetan umeek dena xurgatzen dutela esan ohi da, munduaren ikusmoldea ere hasten dira osatzen, eta zuek erreferente inportantea zarete bide horretan.
Gomez: Ikastaroek asko lagundu digute gure jardunaren kontzientzia hartzen.
Karrera: Gure keinu bakoitza pentsatuta dago. Arrazoi batengatik hitz eta jokatzen dugu modu jakin batean. Lehen familia bileretan esaten genuen: “5 neska eta 7 mutil ditugu”. Jada ez dugu halakorik egiten, generoa aipatzea hutsala iruditzen zaigu, eta umeekin ere saiatzen gara genero bereizketarik ez egiten.

Berrikuntzarako eta esperimentatzeko aukera ematen duen etapa da zuena.
Gomez: Etengabe egiten dugu: gure jarduna berrikusten eta birplanteatzen dugu, formakuntzari esker eta lantalde gisa.
Karrera: Haurrak oso irekita daude gauza berrietara eta egia da ikuspegi hezitzailetik adin hauei hobeto nola erantzun jorratzen duten lan gero eta gehiago daudela. Orain arte, izan ere, eta gizakiaren garapenean oso etapa inportantea dela aitortzen den arren, ikerketa gutxi egon da 0-3ari buruz.

“Ez gaude doktrina baten menpe. Teorietatik ongi datorkiguna hartzen dugu, aurten funtzionatu didanak hurrengo haur taldearekin agian ez baitit balioko”

Formakuntzako teoria ala ikasgelako praktika, zer gailentzen da egunerokoan?
Karrera: Formakuntzak balio digu adituek zer dioten entzuteko eta gero guk erabakitzeko horretatik zer egiten dugun gure, teoria batzuek balioko digutelako eta beste batzuek ez. Guk aldarrikatzen dugu teoriak bat egin behar duela gurekin, sinetsi egin behar dugula egiten dugun horretan. Egiten duguna egiten dugu horretan sinesten dugulako, ez teoria batek dioelako. Eta denaren oinarrian, jakina, sen ona.
Gomez: Aldarrikatzen dugu ez gaudela doktrina baten menpe. Ez gara Pikler eskola, ez Montessori eskola… baina teoria horietatik ongi datorkiguna hartzen dugu. Haur talde bakoitza oso ezberdina da eta horrek ere eragiten du, aurten talde honekin funtzionatu didanak agian ez baitit balioko datorren ikasturteko taldearekin.

Ratioek ere eragingo dute, alegia hezitzaile bakoitzeko zenbat haur dauden.
Gomez: Haurreskolak Partzuergoak finkatua du hezitzaile bat eta erdi behar direla zortzi umerentzat 0-1 etapan, eta hezitzaile bat eta erdi hamahiru umerentzat 1-2 etapan. Normalean bat eta erdi beharrean, ratioa izan ohi da bi hezitzaile; guk hala dugu eta binaka egiten dugu lan. Umeak oso txikiak dira eta arreta pertsonalizatua behar dute; badago zer hobetu ratioetan.

0-3 etapaz ari gara, baina egiatan 0-2 hartzen du haurreskolak.
Karrera: EAE da Espainiako Estatuan 0-3 zikloa hautsi duen erkidego bakarretakoa. Duela bizpahiru urte kendu ziguten 2-3 urteko gela (hala sentitzen dugu, kendu egin zigutela) eta ikastetxeek hartu zuten euren gain adin hori. Zentzu pedagogikorik ez daukan erabaki politikoa izan da, ziurrenik ikastetxe pribatuak hasi zirelako 2-3 urteko gelak berenganatzen eta joera horri erantzuteko, baina ez da aintzat hartu 0-3 zikloa bere osotasunean.
Gomez: Ikastetxerako saltoa bortitza egiten zaie ume eta familia askori, horrela adierazten digute urtero. Eskola eta patio handi batera egiten dute jauzi, irakasle bakarrarekin, familiek ere ez dituzte ateak hemen bezain irekiak…
Karrera: 0-3 oso etapa espezifikoa da, beste modu batera egiten dugu lan, eta horren isla da irakaskuntzan ez dutela 2 urteko gela nahi izaten, 3 urteko gelan egiten dutena egin nahi dutelako 2 urteko gelan, eta hori ezin da. Guri berriz, zikloa borobiltzeko aukera moztu digute. Inor ez dago erabakiarekin gustura eta iaz familiek sinadurak bildu zituzten, 2 urteko gelak haurreskolan mantentzeko.

“Etapa honen prestigio faltak badu zerikusia zaintzari ematen zaion balioarekin. Guretzat aldiz, zaintza oso kontzeptu polita da. Ba al dago zaintza baino gauza inportanteagorik, norbere buruarena eta elkarren artekoa?”

0-3 adinaren garrantzia aitortua dago. Aitortza bera du zuen lanak?
Gomez: Nik oraindik entzun behar izaten dut, batzuetan: “Zer moduz gaur lanean, zer egin duzu, txalo-txalo eta fardelak aldatu?”. Baina gero eta kontzientzia handiagoa duen jendea ere badago. Guk sinesten dugu 0-3 adina funtsezkoa dela eta hor finkatzen diren oinarriek bizitza guztirako eragiten dutela. Eta ondorioz, gure lana inportantea dela.
Karrera: Langile bezala, mobilizatzen garen ziklo bat gara, ziurrenik txiki-txiki sentiarazten gaituztelako eta guk sinesten dugulako beste zerbait merezi dugula. Joan den ikasturteko negoziaketen ondorioz lortu zen, besteak beste, ordezkapenak areagotzea, koordinaziorako ordu gehiago, eta 0-2 adinekoekin lan egiten dugunok ere Hezkuntzako zerrendetan puntuatzea: aitortzaren bidean aurrerapauso handia da hori, orain arte kontuan ere ez baikintuzten hartzen Hezkuntza zerrendetan!

Zuen lantaldean emakumeak zarete denak. Sektore feminizatua izateak zerikusia izan dezake etapa honen prestigio faltarekin?
Karrera: Izan daiteke, eta esango nuke zerikusia duela baita ere zaintzarekin eta zaintzari ematen zaion balioarekin. Guretzat aldiz, zaintza oso kontzeptu polita da, eta garai batean gure buruari “haurtzaindegi” deitzeak konplexua sortzen bazigun ere, orain iruditzen zaigu hitz ederra dela. Guk haurra bere osotasunean zaintzen dugu, dituen behar guztiak aintzat hartuz: oinarrizkoak, afektiboak, garapen arlokoak… Ba al dago zaintza baino gauza inportanteagorik, norbere buruarengandik hasi eta elkarren arteko zaintzaraino?

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Hezkuntza  |  Haurren haziera

Hezkuntza kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude