Urtebete geroago dena zabalik

  • Urtebete joan da Txarangok “ho tindrem tot i es parlarà de vida” [dena izango dugu eta bizitzaz hitz egingo da] leloarekin erreferendum-kanpaina alaitu zuenetik. Une gogoangarri asko baina aurrerabide gutxi ikusi ditugu joan den 365 egunean: ANC eta Òmnium-eko presidenteen espetxeratzea, erreferenduma, poliziaren bortizkeria, baiezkoaren garaipen borobila, gerra zibilaz geroztiko grebarik handiena, independentzia-aldarrikapen zapuztua, “dena prest zeukaten” agintarien ihesaldia, gobernu erdiaren kartzelaratzea, 155. artikuluaren ezarpena, abenduaren 21eko hauteskundeak, 155. artikulua bertan behera uztea, presidente-gaien dantza amaiezina, parlamentua osatu ezina, begizta horien inguruko guda, milatik gora auzipetu eta ehunka eraso faxista.

Argazkia: Javi Julio
Argazkia: Javi Julio

Urtero bezala aurten ere Diada izan berri dugu eta azken hamar urtean bezala egundoko jendetza, milioi bat lagun, elkartu da Bartzelonako Diagonalean, “Egin dezagun Kataluniako errepublika” leloarekin oraingo honetan. Aspertzeko eta patxadan egoteko astirik ez da izan, ez, azken hamabi hilabetean, baina gertakarien zurrunbilo honetaz galdetuta, noraeza eta estrategia garbirik eza da jende gehienak nabarmentzen duena. Iritzi horretakoa da Maika Pintó, Bartzelonako Raval auzoko 50 urteko etxekoandrea. Betidanik PSCren boto-emailea izandako emakume hau ERCrengana gerturatzen joan zen prozesuak aurrera egin ahala. Erreferendumaren egunean boto-ontziak jasotzeko isilpeko ardura egokitu zitzaion, eta CDRek, hautes-lekuak bermatzeko, eskolak okupatzeko egindako deialdiari jarraiki, Ravaleko Collaso i Gil eskolaren okupazioan parte hartu zuen.

Erreferenduma pasata, berehala ikusi zuen “gobernuko kideak hitz asko baina ekintza gutxi egiten ari zirela, eta beren burua salbatu besterik ez zutela bilatzen”. Egoera horren aurrean, bere auzoko CDRaren asanbladetara joaten hasi zen. Bakar batera ere ez du huts egin, nahiz eta, azken hilabeteetako norabide argirik ezaren ondorioz parte-hartzea murriztuz joan den etengabe. Urriaren 1ean eskolak berriz okupatzeko deia egin dute zenbait eragilek, joan den urtekoa ospatzeko, baina Pintók irmo dioenez “eskolak okupatu genituen eta erreferenduma egin eta irabazi genuen. Eskolak beharrean agian Generalitatea okupatu beharko genuke, Errepublika behingoz gauzatuarazteko”. Salatu duenez, halaber, “ANC eta Òmnium ekimen ausart guztiak zapuzten ari dira, ez baitute mugimenduaren gaineko nagusitasuna galdu nahi, eta manifestazio erraldoiak deitzera mugatzen dira”. Estrategia horren aurrean zera galdetu du: “Esango didazu zertarako balio duen milioi bat lagun mobilizatzeko gai izateak, Diagonalean olatu bat egitera mugatzen bazara”. Agintariengan konfiantza guztia galduta, herriak agintzen duela eta gobernuak herriari men egin behar diola azpimarratu du.

Iñaki García euskaldun aspaldi bartzelonaratuak ere horixe bera uste du. Bartzelonako El lokal izeneko topagune libertario historikoko arduraduna da García eta urriaren 1ean zuri bozkatu zuen. Egun haietako irakaspenez galdetuta, ondorio nagusi hauek nabarmendu ditu: ez dagoela klase politikoan sinesterik eta jende “errespetagarria” beti saiatuko dela prozesua bide “onetik” zuzentzen, baina urriaren 1ean eta 3an jendeak ikasi zuela erabakimena izanez gero posible zela estatuari aurre egitea eta herriaren borondatea gauzatzea. Eta antzeko beste abagune bat izango dugula. Noiz? Preso politikoen zigorrak iristen direnean herria berriro ere altxako delakoan dago García. Etsimen handia sumatzen du jendearengan eta kontraesanak gainditzen ibili behar etengabe bat, baina dena zabalik dagoela iruditzen zaio eta berriro ere gerta daitekeela urrikoa bezalako gainezkatze bat. Eta horretarako greba orokorra funtsezko tresna izango da.

Maika Pintó:
“Eskolak okupatu eta erreferenduma irabazi genuen. Agian Generalitatea okupatu beharko genuke, Errepublika behingoz gauzatuarazteko”

Langileen tresna horri buruz galdetu diogu Ermengol Gassiot CGT sindikatuko idazkari nagusiari. CGT izan zen urriaren 3ko greba orokor erraldoira deitu zuten sindikatu borrokalarietako bat (IAC, I-CSC, COS eta CNTrekin batera). “Erakunde prozesistek, CCOOk, UGTk, Generalitateak eta patronalaren erakunde batzuek herri-geldialdi izaera eman nahi izan bazioten ere, grebak arrakasta ikaragarria izan zuen: soldatapekoen %85ak egin zuten greba INEren arabera, hau da, 1,2 milioi langile, CEOEren zenbakietan”. Aspaldi honetan beste greba orokor baten beharraz mintzo dira asko. Horren inguruan Gassiotek dio egia dela beste herri-geldialdi bat egiteko asmoa aipatu duela ANCk berriki, baina “egunero esplotatzen gaituen patronalaren eta sindikatuen arteko ekintza bateratu gisa aurkezten dutela”. Gauzak horrela, oso zail ikusten du halako greba batekin bat egitea. Gainera, “grebak ez dira fetitxe bat, zerbait lortzeko bitartekoa baizik, eta kasu honetan ez dago argi helburua zein den”. Eta orain zer? Iazko udazkenean estatuari gain hartzeko aukera egon zela dio, baina herriaren gaineko kontrola galtzen ari zirela ikusita, Generalitateak esku-frenoa jartzea erabaki zuela. Bestalde, “itxura guztien arabera, indar prozesistak eta indar unionistak egoera birbideratzeko modua negoziatzen ari dira eta alegiazko errepublika eraikitzeko aitzakiarekin urriaren 3an pitzatuta gelditu zen interklasismoa berreraikitzen ari dira”. Estatuari eta botere ekonomikoei gaina hartzeko aukera oraingoz galdu samar ikusten du Gassiotek.

Javed Ilyas Qureshi pakistandar-katalana Santa Coloma de Gramenet-en bizi da duela 25 urte eta Kataluniako Pakistandar Langileen Elkarteko presidentea da. “Katalunian katalanez mintzo gara eta ez dago ilegala den gizakirik” irakur daiteke elkarteko hormetan. Qureshik salatzen duenez “pakistandarrek eta gainerako etorkinek bazterketa jasaten dute arlo guztietan: hezkuntzan, lanean, osasunean eta hedabideetan, eta horrek aldendu egiten ditu bertako politikatik”. Urriaren 1ean ezkontza baterako bezala jantzita joan zen bozkatzera, emaztearekin eta seme-alabekin, baina independentziaren alde dagoen pakistandar gutxi-gutxietakoa da bera, %90 inguru aurka baitago. Salatu du askotan hizkuntza-kontuetan jartzen dela fokua eta etorkinei arrotz samar gertatzen zaizkiela halakoak eta, beraz, parte-hartze marjinala izaten ari direla prozesuan. Prozesua haiei ere badoakiela sentiarazteko modua bilatu beharra dagoela azpimarratu du, baina identitate-kontuetatik bereizita.

Argazkia: Javi Julio

Gauza bera dio Llum izeneko beste auzotar batek. Pintók bezala PSCren ingurutik independentziarako jauzia egin du bere burua “munduko hiritartzat” daukan emakume erretiratu honek. Indarkeria zuzenean bizitu zuen urriaren 1ean bozkatzera joan zen eskolan. Eta “Puigdemont eta eskuineko jende hori batere maite ez ditudan arren”, Estatuaren jokamoldearen ondorioz “orain dela gutxira arte independentziaren alde ez zegoen jende asko independentista bihurtu da”. Onartezina da jendea espetxean eta erbestean egotea eskubide politikoak gauzatzeagatik.

Horratx prozesuaren fase honetako beste ardatz guztiz garrantzitsu bat: errepresioa eta talde biolentoen bortizkeria, jendea beldurrarazteko, herriaren borondatea zapuzteko eta xantaia politikoa egiteko tresna gisa. Gobernu erdia espetxean eta beste erdia Europan sakabanatuta dagoela salatzeko Kataluniako papar eta hormak begizta horiz betetzen joan dira azken hilabeteotan eta, egora hori konpondu beharrean ezkutatu nahi duten alderdiek akuilatuta, Lurraldearen Babes Taldeak (LBT) izeneko komando biolentoak sortu dira, kaleen “neutraltasuna” bermatu eta adierazpen-askatasunaz garbitzeko. Bai talde horiek bai aldiro-aldiro Bartzelonako kaleetan manifestazioan ateratzen diren talde ultraeskuindar eta neofaxistek ehunka eraso eragin dituzte, inpunitate erabatekoaz babestuta. Epaiketak iristen direnerako giroa berotu nahian dabiltza batere oinarririk ez daukaten matxinada-salaketak justifikatzeko. Eta horri eman beharreko erantzunean ez datoz bat eragile guztiak. Irailaren 16an katalanaren aurkako manifestazio bat antolatu zuten talde espainolista horiek. Batzuek bizkarra ematea proposatu zuten, baina independentziaren gauzapena eskatzeko Plaça Sant Jaume-n kanpaldia antolatu dutenek eta CDRek kontzentrazioa deitu zuten plazara sartzen ez uzteko, baita lortu ere.

Laia Altarriba Jornada egunkari sortu berriko zuzendariak hemendik aurrerakoak honela deskribatu ditu azken egunotako zutabe batean: “Denon artean autodeterminazio-eskubidea berriro ere gauzatzeko indarra eta unea bilatzea da gakoa, eta oraingo honetan atzera ez egitea. Udazkena funtsezkoa izango da”. Ikusiko dugu, beraz, udazkenak zer dakarkigun. Zer egingo du Parlamentuak Llarena epaileak kargu gabetutako diputatuekin, tartean Puigdemont presidentearekin? Amore eman ala planto egin? Nondik nora joango da preso politikoen aurkako epaiketa? Defentsa politikoa egingo dute ala juridikoa? Zer bide hartuko dute gobernuko alderdiek? Itun fiskalarena eta erreferendum adostuarena? Zer estrategia marraztuko dute ANCk eta Òmniumek? PDeCAT eta ERCri lotuta jarraituko al dute? Zer egingo dute CDRek eta sindikatuek? Bai batzuk bai besteak gai izango ote dira prozesua errepresioaren aurkako matazatik bereizi eta eskubide politikoen alorrera eramateko? Eta, galderarik garrantzitsuena: zer egingo du herriak, hau da, orain dela urtebete autodeterminazio-eskubidearen gauzapena bere gorputzarekin defendatu eta bermatu zuen kaleko jendeak?

Vincent Andrés Estellés valentziar poetaren “Egunen batean ezingo dugu gehiago eta orduan dena ahal izango dugu” hura berriro etorriko dela nabarmendu dute elkarrizketatu guztiek eta oraingo honetan ezin izango dela herriaren borondatea bahitu eta zapuztu zuten agintari politikoen esku utzi. Iazko gertakizunetan jendeak lehenbizikoz bizitu zuen gai zela, ahalmena zeukala, estatu-aparatu eta elite politiko-ekonomikoei aurre eginez, legalitatearen aurretik zilegitasuna jartzeko. Eta bizipen hori ez da berehalakoan ahazten.


ASTEKARIA
2018ko irailaren 30a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kataluniako erreferenduma
Ponsati ez da agertu Auzitegi Gorenean zeukan hitzordura

Proces auziarekin lotutako Kataluniako kontseilari ohiari desobedientzia delituagatik auzipetzeko erabakia jakinarazi behar zion epaileak. Ponsatik argudiatu du astelehenean ezin izan dela agertu, Europako Parlamentuan lana daukalako.


2022-09-14 | ARGIA
Espainiako Defentsa Ministerioa harrapatu dute Kataluniako erreferendumaren Wikipediako erreferentzia bat moldatzen

Carla Simóm zuzendariaren Alcarràs filma arrakasta izaten ari da, eta asteartean jakinarazi zen Oscar sarietarako hautagaia dela. Berria ezagutu eta gutxira, filmari izena ematen dion Kataluniako herriari buruzko Wikipedia orrian Urriaren 1ari buruzko... [+]


2022-08-31 | ARGIA
Kataluniako buruzagi independentisten eskubideak urratu zituen Espainiako Estatuak, NBEren arabera

Oriol Junqueras, Raül Romeva, Josep Rull eta Jordi Turull politikarien kargugabetzeak Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna urratu zuela ondorioztatu du NBEk.


2022-05-25 | ARGIA
Kataluniako presoen indultuak berrikusiko ditu Espainiako Epaitegi Gorenak

Gorenaren hirugarren aretoak iritzia aldatu du eta indultuari jarritako helegiteak aztertzea erabaki du orain. PSCk “espero du” indultatuak espetxera ez bueltatzea, eta Carme Forcadellek adierazi du “edozer gauza” espero duela Gorenetik.


Eguneraketa berriak daude