ARGIA.eus

2020ko abuztuaren 10a

Uztaren hizkuntza

Jakoba Errekondo @bizibaratzea
2018ko irailaren 09a
Hizkuntza berezia du pandanus koxkorraren bilketak. Hango tribuek uste dute bilketa espedizioetan hizkuntza arrunteko hitzak erabiliz gero, uzta alferrik galduko dela.

Papua Ginea Berria ekialdetik mendebaldera mendilerro garai batek zeharkatzen du. Bere bi aieketan mendixkak eta bailara itxiak daude, eta han, milaka urtean bakarturik bizi izan diren tribuek kultura eta hizkuntza aniztasunaren sona ematen diote lurralde hari. Mendilerro horretan, Pandanus generoko palmondo bat bizi da: 30 metro inguru harrapa ditzake, eta anana tankerako fruitu koxkor sorta ugari ematen du. Koxkor hori gordinik bezala egosita jaten dute, eta Ipar Ameriketako pekan intxaurraren antzeko dasta duela diote. Fruitu koipetsua da, eta goseteetarako eta ospakizunetarako jasotzen dute, eta antzinako erritu zaharrekin lotzen da. Agi danean, azken Izotz Aroan dagoeneko igotzen ziren itsasaldetik mendietara fruitu hori jasotzera. Espedizioak erritu izaerako ekintzak bihurtu ziren, eta horrek ezkutuko hizkuntzak piztu.

Hizkuntza berezia du pandanus koxkorraren bilketak. Hango tribuek mendira sartzen direnean, hizkera arrunta alde batera uzten dute. Bilketa espedizioetan hizkuntza arrunteko hitzak erabiliz gero uzta alferrik galduko dela uste dute. Aldiz “pandanus” erregistroa edo maila erabiliz, espiritu txarrak eta etsaiak uxatuko dituzte, baita uztak izan ditzakeen kalteak ekidin ere. Papua Ginea Berria osoan, klanen eta tribuen hizkuntzak aldatu eta “pandanus” hizkuntza desberdinak bihurtzen dira, uztaren onerako.

Karl J. Franklin hizkuntzalari estatubatuar erretiratua hara iritsi zen 1958an, eta kewa hizkuntzaren “pandanus” erregistro horren berri eman zuen 1972ko artikulu honetan: “A ritual pandanus language of New Guinea”. Berak zioen bertakoen ustez inguru guztia zakur basatiz josita zegoela eta haien zaindari nagusia Kita-Meda espiritua zela. Hark ezagutzen ez zuen hizkera bat eginez, bakean utziko zituen Giluwe mendira pandanus fruituetara egiten zituzten asteetako espedizioetan. Mendian bizirik irauteko hizkuntza funtzional bat dela dio Franklinek.

Andrew Pawley hizkuntzalari australiarrak kalam klanaren “pandanus” erregistroa azaldu zuen: ez da espirituaren beldur sortua, baizik eta biltzen zen uztaren kalitatea bermatzeko. Uztaren bilketan hezetasunarekin lotura duten edo mikatza, gazia, hutsa eta egunerokotasuneko hitzak tabu dira.

Magia, artea... Denetik esan izan da erregistro horiek zehazteko. Lurraldea mugatzeko era ere bada, izan ere erregistroa menperatzen ez duenak ezingo ditu-eta mendia eta haren fruituak bereganatu.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Baso jangarriak  |  Papua Ginea Berria

Baso jangarriak kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2018ko irailaren 09a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude