"Gertatzen denak hitz egin behar du, eta ez lengoaiak"

  • Parajeotan Bartlebyrik izatekotan, Iñaki Irazu da hori. Beti letra artean, baina beti itzaletik. Zer edo zer atera izan du literatur aldizkarietan, bereak dira Jabier Muguruzaren kanta askoren hitzak, baina aurten, 64 urterekin, argitaratu du estreinako poema liburua: Errukiaren saria (Erein). Horren aitzakian hizketan hasita, hizkuntz erregistroei buruzko aferetaraino eraman gaitu solasak, eta ez diogu guk frenurik jarri.

Iñaki Irazuk Erein argitaletxearekin argitaratu du lehen liburua (argazkia: Dani Blanco).
Iñaki Irazuk Erein argitaletxearekin argitaratu du lehen liburua (argazkia: Dani Blanco).

Liburuaz hasi aurretik, zutaz galdetu behar dizut. Plazara ateratzeko presarik ez, baina behin aterata, betetasun sentsazio batekin gelditu omen zara.

Hala da. Nire kasuan hau izan da momentua. Lanetik erretiratzean sentitu nuen paperak ordenatzeko beharra, gainetik kendu nahi nituen asko, eta sailkatzen hasi nintzen. Cioranek zioen artistak zerbait egitean beti duela segurtasun falta bat, lausengu behar bat, besteen iritziari begira jartzen duena. Nire izaeragatik –neurotiko samarra izan– poemak errepasatzen nituen etengabe: idazten duzu bat, uzten duzu beratzen, handik pixka batera irakurri eta aplikatzen diozu adimena, arrazoia. Aldatzen hasten zara. Azkenean, konturatzen zara ondo zegoela hasieratik... Horrela ibili naiz. Gainera, sortze prozesua beti bake batetik dator. Eta hori da denbora librea izatea, osasuna –bai psikologikoa bai fisikoa–, aldartea... Adinak ematen duen zentzuarekin eta lengoaiaren jabetzarekin eginak daude poemok.

Minetik ezin al da sortu?

Ez ditut mina eta bakea kontrajarrita ikusten. Hitza beti zauri batetik ateratzen da. Grazia egoera batean banago, beharbada trikitixa entzungo dut, dantza egin eta sagardoa edan. Osasunetik eta betetasunetik ez da deus sortzen. Begira kanta tradizionalak: Pello Joxepe, Maitia non zira, Brodatzen ari nintzen... hitz horiek denak zauritik jaiotzen dira. Bakeak ez du esan nahi norberak bere zauriak ez dituenik. Baina zauriak jaten banau, ezin badiot aurre egin, ezingo naiz adierazi. Zauriak mendean hartzen duenak ez du ezer sortzen. Nire anaiari –Joseba Irazuz ari da, alegia, Bernardo Atxagaz– gertatu izan zaio: liburu bat idazten ari zela, familian arazo bat suertatu, eta ia astebetez zurian gelditu. Zerbait adierazi nahi baduzu, munduak bakean utzi behar zaitu.

Anaia aipatu duzu. Hura oso gaztetatik ibili da literatur munduan, Garziarena, Zurgai, Erlea... Non zinen zu bitartean?

Hor egon naiz... Gertatzen da nire lanak, betebeharrak eta martxa nituela. Neure burua justifikatzeko edo, beti esaten dut poesia ez dela nobela bat edo saiakera bat bezalakoa. Mendira joan eta egarri garelarik, aurkitzen dugu ezusteko iturri bat, ur xirripa bat. Xirripa horretan asetzen gara, plazer izugarria eragiten digu, eta horri esker segitzen dugu bidean. Bi elementu ditu xirripak, gainera: ura bera –asetzea–, eta hotsa. Irudi horrekin azaldu izan dut neure burua. Dena dela, badira 25 bat urte Jabier Muguruzarekin kolaboratzen ari naizela, eta atera izan ditut poema batzuk hainbat aldizkaritan ere –Garziarena, Zurgai, Erlea–, askotan anaiaren paseari erantzunez. Eman dit kantxa pixka bat.

“Sortze prozesua beti bake batetik dator. Eta hori da denbora librea izatea, osasuna –bai psikologikoa bai fisikoa–, aldartea...”

Hiru atal ditu Errukiaren saria-k. Arreta deitu dit, batez ere aurreneko atalean, nola sarri urrundu duzun fokua Ni-tik –poesian hain ohiko ahotsa dena– hirugarren pertsona batera. Ahots askok hitz egiten dute.

Liburuari identitatea emateko, izenburu hau jarri diot: Errukiaren saria eta beste kronika batzuk. Kronika hitzak balio du lehen atalerako batez ere, baina zeharkatzen du liburu osoa. Kronikak istorioak dira, baina denek dute presentzia bat: kronika egileak bertan egon behar du. Batzuetan Ni-a izan daiteke hirugarren pertsona, eta besteetan hirugarren pertsona izan daiteke urruntzeko behar bat, kontatzen dena oso gogorra delako. Poesia ulertzeko modu honetan garrantzitsua zer den? Xehetasuna. Kronista sena duena xehetasunaren bila doa eta, gainera, xehetasunak eduki behar du esanahi bat. Kronika batek behar du haragi bat, bere burua ordaindu behar du, erran bakoitzak behar du mamia. Bide horretan, poema gehienetan agertzen da boz bat. Hitzak jaiotzen dira buruan, bihotzean edo sabelean. Hor agertzen diren bozak –poema jaioarazten duten haziak– erraietan jaiotzen dira. Gero gehitzen zaie beste guztia: ingurua, istorioa, lekua... Landare bat mendu dadin lurra, ura eta argia behar diren bezala. 

Kronikak toki eta une jakin batean gertatua biltzen du, ordea. Testuinguruaren ezagutza eskatzen du. Ez al duzu arriskurik sentitu txokokerian erortzeko, zerbait ez-unibertsala egiteko?

“Kronikalariaren baldintza da bertan egotea, baina ez oso barruan. Oso barruan bazaude, ez zara kronikalaria, beste zerbait baizik. Aldiz, kanpoan baldin bazaude, ez duzu bizi izaten eta ezin duzu kontatu”

Bururatzen zait beharbada literaturan (eta artean) gaiak ez direla hainbeste. Bakardadea, heriotza, maitasuna... Ataka batean, pertsonaiak nola erantzuten dion beldurrari, nola bizi duen amodioa edo desamodioa... Egia da, kronika izan ala ez izan, arrisku hori beti dago, baina hori liburuaren problema litzateke. Bestalde, badira hitz batzuk kultura unibertsalean indar berezia dutenak. Adibidez, poema batean ageri da maleta. Grezian maletari metafora esaten diote. Oihartzun handiko hitza da, adierazten du bidaiak ze garrantzia duen pertsonaren bizitzan. Beste poema batean ageri da pertsona bat gosez, eta barruan dauka Zizare Handia... azkenean goseak hiltzen da. Guztiak ere, edonon topatzeko moduko egoerak. Edo agertzen da tortura, munduko edozein poliziaren eskuliburuan ageri den zerbait. Galdera polita da, halere: ea badagoen nire poesian unibertsaltasun horri heltzen dion sinbologia bat. Nik uste dut baietz. Zenbat sinbolo ditugu pertsonok geure burua ikusteko, ulertzeko? Irakurria dut nonbait ez direla hainbeste: bidea, arbola, zerua, hodeiak, iturria... bisualki harrapatzen ditugun lehen irudiak.

Poemetako irudi asko, zuzenean ez bada zeharka, Euskal Gauzarekin lotuta daude: kartzela, erakundea, salataria, edota, nabarmenago, Yoyesen hilketaren eguna.

Bai. Hiru geografia emozional biltzen dira liburuan, hiru sukalde diferente, bakoitza atal batean. Gatazkaren inguruko giro soziopolitiko hori lehenengoan dago batez ere. Ez dut esaten ni bigarren edo hirugarren geografian negoenean giro politikoa bestelakoa zenik, soilik ni beste geografia batean nengoela. Zergatik giro hori? Ba hori bizi izan nuenez, hori gogoratzen dudalako. Kronikalariaren baldintza da bertan egotea, baina ez oso barruan. Oso barruan bazaude, ez zara kronikalaria, beste zerbait baizik. Aldiz, kanpoan baldin bazaude, ez duzu bizi izaten eta ezin duzu kontatu. Horiez hitz egiten dut, bizi izan ditudalako, niretzat presentzia bat izan direlako. Presentzia oso sakonak? Ez, baina tira, adibidez nik Yoyes ezagutu nuen, bere lagunen laguna nintzen, noiz edo noiz agurtuko nuen alde zaharrean...

Argazkia: Dani Blanco.

Amaiera aldera nabarmenago ageri da Ni-a. Eta sarri da Ni bat edertasunaren bila dabilena, edo are, edertasunak ustekabean harrapaturik, hura kontenplatzen duena. Zubiondoko Gaztainatze-n edo Espaloian nindoalarik-en, kasurako.

Kantetako poemak dira azken atalekoak, editoreak eskaturik sartuak. Asko maite ditut, beste kolore bat dute. Nahi nuke hurrengo batean geografia horretako gehiago sartzea. Gehitzen diote liburuari kaos elementu bat, eta gustatzen zait hori, liburuari definizio batean ezin heldu izatea. Kaosarekin lotuta daude poesia irakurtzeko bi elementu garrantzitsu: momentua eta modua. Poesiaren momentua eta bere modua ez da nobela batena, edo saiakera batena. Poema liburu bat ez da hasi eta buka irakurtzeko. Aldiko poema bat edo bi irakurtzea aski da, momentu horren itzala –baldin badu– jasotzeko, eta norbere buruarekin lotzeko. 

Oro har, estilo lau samarrean idatzitako poemak dira, tonu narratibokoak. Irakurri dizut ez zaizula distira interesatzen. Zergatik?

“Nire ahalegina gauzak kontatzea da. Horretarako hiru baldintza behar dira: kontatzeko zerbait izatea, kontatzen jakitea, eta kontatzeko gogoa izatea”

Nire ahalegina gauzak kontatzea da. Horretarako hiru baldintza behar dira: kontatzeko zerbait izatea, kontatzen jakitea, eta kontatzeko gogoa izatea. Kontaera bera da garrantzitsua, esaten dena. Gertatzen denak hitz egin behar du, eta ez lengoaiak. Lengoaiak ez du protagonismorik behar, kontakizunaren otsein izan behar du, mugatu behar du gertatzen dena esatera. Metaforak eta bestelakoak erabiltzea? Tira, batzuetan bai. Kontakizunari batasun bat emateko, istorioak lapsus bat duenean eta zerbait ezin denean bestela esan.

Irakurle modura, sarri aurkitzen al duzu poesian baloratzen duzun hori?

Esango nuke baietz. Adibidez, orain irakurtzen ari naiz Jane Kenyon, eta tradizio horretan badago soiltasuna, apaltasuna, narrazioa. Gauzak kontatzen dituzte, alegia. Euskal literaturarekin, berriz, karramarroaren bidaia egiten ari naiz, atzerantz. Irakurri dut Xabier Lete, adibidez, eta tira, ez du oso tonu narratiboa, baina ez da abstraktua bere sentimenduez ari denean. Edo irakurri dut Pedro Mari Otaño bertsolaria. Edo Uztapideren liburuko bertso horiek, zaharrei buruzkoak, apalak dira, baina era berean indartsu kontatzen ditu gauzak. Orain, berriz, Gabriel Arestirekin nabil, baina hark Harri eta Herri-n tonu indartsu hori erabiltzen du...

Sinestea kostatzen zaizu.

Kontua da horretan gelditzen dela: tonifikantea da. Bere momentua betetzen du. Une batez, ezkor banago, animatu nahi badut, irakurtzen dut bere poema bat –Ni hilen naiz (...) / baina nire aitaren etxeak / iraunen du / zutik, eta abar– eta txute bat bezalakoa da. Liburu bakoitzak du bere momentua, zuk aukeratzen duzu noiz irakurri eta noiz ez. Nirean ez dago metaforarik, subjuntiborik –egin dezagun, joan daitezen, bihur dadin–. Hori beste momentu bat da. Otoitzarena.

Eta momentu hori, otoitzarena, interesatu zaizu inoiz?

“Behar dugu hizkuntza ekonomiko bat, kolpe silabikoak, indarrak eta keinuak bat egingo dutena”

Bai, nik ere egin izan dut. Otoitza saihestezina da, eta bizigarria. Denoi jaiotzen zaigu une batean edo bestean. Norbere burua adoretzeko balio du. Kontua da zaila dela, ze ateratzen zait “Jauna” edo “zu” bat. Ni ez naiz sinestuna, ordea, eta berehala zalantza: norekin ari naiz? Idazle argentinar batek zioen otoitzak idazteko ez dela zertan sinestuna izan. Berak behar zuela dialogo hori. Besterik da horrek, sinesmenaren arabera, sor dakigukeen txundimena. Adibidez, orain ari naiz irakurtzen poeta hilberri bat, Patxi Ezkiagaren Jaunarekin supazterrean: Gandiaga oroituz. Otoitzak dira. Gandiaga ageri zelako erosi nuen. Eta bai, pilotan bezala, Gandiagaren hitz-buruek jartzen diote sakarria, baina gero Jaunarekin –maiuskulaz– interlokutatzen du. Tarteka heltzen zait, bidazti hitza erabiltzen duenean, esaterako. Gertatzen da fedeak ez duela lehortzen hitza, ez duela ateratzen poesian hitzek barrura heltzeko behar duten ikara arina, itzala, dar-dar hori. Nolanahi ere, irakurtzen ditut pare bat, pilula hartu, eta ezin hobeto lokartzen naiz.

Idazterakoan sarri erabili dituzu estandarretik kanpoko formulak: Nik´e, Ne´ laguna, Bat´e, T´hala... zer bilatu duzu horrekin?

Ezin izan diot eutsi –barrez–. Ez da nahikeria hutsa, halere. Esan dut, bozak erraietan jaiotzen dira, eta erraietatik datorrenari ez diote balio akademiako arauek. Ahots hori kolpeka ateratzen da, elementu silabiko minimoarekin. Ezin dut keinu azkar bat sei silabatan adierazi. Silaba erdiak sobera gelditzen dira. Dramatikan, keinuak eta kolpe silabikoak bat etorri behar dute. Erregistro akademikoa ondo dago, filosofiako tesi batean hasi behar dut ezen-ak eta elementu erretorikoak erabiliz, denbora eman dezan diodana ulertzeko. Baina dramatikan behar dut abiada handiko zerbait, ateratzen dena borborka, kolpeka. Askotan, erregistro neutro horrek zapuztu egiten du dramatika. Gauza bera esateko silaba asko behar baditut, keinutik erauzi egiten dut. Esaten badut “ezin zuen gehio” esan ordez “ezin zuen gehiago”, zerbaitegatik da. Gaztelaniaz esaten dugu “más”. Kolpe bakarra. Euskaraz silaba inflazio bat ikusten dut. Adierazkortasunaren aurka doan esaldiaren luzapen bat.

Horri soluzio bat topatu nahian silabak mozten dituzu, eta, era berean, euskalkia agertzen da, ezinbestean. “Gehio” ez dute esango Ibarrangelun.

Bai, hori hala da. Han nola esaten duten ez dakit, baina ziur ez dituztela hiru silaba erabiliko, esango dute “gehidxau” edo halako zerbait. Poema batean erritmoak agintzen du, hitza erritmoaren menpe dago –are, ez dago ezta egilearen menpe ere, musika batek eramaten du–. Behar dugu hizkuntza ekonomiko bat, kolpe silabikoak, indarrak eta keinuak bat egingo dutena. Eta hain da ebidentea egun hor desajuste bat dagoela... Ikusten dut dramatika falta bat pelikuletan, teatroetan... zirkulazio sozialean narrazio dramatizatua ez dago islatua. Non entzuten dugu izorrai? Dena dela, gaiak ez nau berotzen. Editoreak “ne”ren ordez “nire” jartzeko esaten badit, ez naiz gerra ematen hasiko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal literatura
Otsoa dator!

Gizakiak istorio kontatzaileak gara, hainbeste, ezen esan ere egin daitekeen narrazio gaitasuna dela gizaki egiten gaituen ezaugarrietako bat. Kontakizunak behar beharrezkoak zaizkigu geure burua eta errealitatea eraikitzeko, eta bereziki aipatzekoa da ipuin klasikoek horretan... [+]


Uxue Alberdi. Hamarkada bi idazten (I)
Aulkitik aulkira, euli-giro eta Jenisjoplin, kontrako eztarritik dendaostera

Uxue Alberdiren lanari begira jarriko gara oraingoan. Lehenengo artikulu honetan helduentzako idatzi dituen ipuinak, eleberriak, saiakera eta kronika hartuko ditugu kontuan. Bigarren artikulu batean ilustratutako anekdotez, istorioez, filosofia liburuez eta idatzizko bertsoez... [+]


2024-02-12 | Jakoba Errekondo
Indi gaztainondoaren gerrateak

Zuloan sartuta egotea ez duk txarrena –esan zion Manuk–, txarrena duk ez jakitea noiz aterako haizen, edo inoiz aterako haizen ere. Lander Garroren Gerra Txikia nobelan, non gerra bateko iheslarien gorabeherak azaltzen dituen, pertsonaien artean, Anna Frank dakarte... [+]


2024-02-06 | Estitxu Eizagirre
Gorka Setien idazlea hil da

Gorka Setien Berakoetxea poemagile hernaniarra hil da otsailaren 4tik 5erako gauean. Bost liburu idatzi zituen, irrati libreetako ahotsa izan zen eta gozo entzuten eta zaintzen zekien. 2019an autoedizioan argitaratu zuen bere poema liburu berriena, Naufragoen altzoa.


Eguneraketa berriak daude