Lur komunaletatik pribatuetara

Baserriaren sorrera ere, kapitalismoaren oinarri

  • Herri-lurren gainbehera, baserri “modernoaren” hedapenarekin batera eman zen, Aro Modernoan zehar. Mendiak etxez eta zereal-sailez bete ziren neurri berean galdu ziren jabetza kolektiboa, komunitateen erabakimena eta, neurri batean, baita ingurumenaren ustiapen jasangarriago bat ere. Jabetza-egitura gero eta polarizatuago bat agertzen joan zen, XIX. menderako Euskal Herri atlantikoan nagusi ziren desberdintasun sozial handien iturburu.

Josu Narbarte Hernandez
2018ko ekainaren 10a
Amasaingo Saroia izeneko baserria (Irun), Xoldo menditik ikusia (Biriatu). Ongi nabarmentzen da jatorrizko sarobearen itxura zirkularra.

Azken bi mendeetan, baserri isolatu eta autarkikoaren ideia funtsezko topiko literarioa izan da Euskal Herriaren zati bat definitzeko. Iruditegi kolektiboaren arabera, hitzak berak adierazten du lurralde honetako landa-paisaiaren izaera: baso-herria, basoetan sakabanatutako herria alegia. Garoa edo Peru Abarka bezalako eleberrietan, hala, baserria errealitate autarkiko eta isolatu gisa aurkezten da. Etxeak bere baitan dauzka etxekoak mantentzeko baliabide guztiak, eta ez du harremanik behar kanpoko munduarekin. Argigarria da, zentzu honetan, Oiartzunen jasotako kondaira bat: horren arabera, Garbuno zen bailarako baserririk zaharrena, eta Pagoaga bigarrena. Bien artean hainbat kilometroko tartea dagoen arren, Pagoaga eraikitzen hasi zirenean, Garbunoko nagusiak honakoa esan omen zuen: “Aldexko, aldexko, auzoak ongi izateko”.

Euskal Herriko historia soziala eta ekonomikoa ezin uler daitezke herri-lurren kontzeptuak eta landa-baliabide jakin batzuen kudeaketa kolektiboak izan duten garrantzia kontuan
hartu gabe

Historiaren azterketak, ordea, errealitate konplexuago bat erakusten du. Euskal Herriko historia soziala eta ekonomikoa ezin uler daitezke herri-lurren kontzeptuak eta landa-baliabide jakin batzuen kudeaketa kolektiboak izan duten garrantzia kontuan hartu gabe. Egun, praktika horien memoria –“auzolana” bezalako kontzeptuen iraupen folklorikoa salbu– ia desagertuta dago, baina mende luzez oinarrizko elementua izan ziren tokian tokiko harreman-sareak, eta landa-paisaiaren ezaugarriak kodifikatzeko orduan. Herri-lurren gainbehera, hain zuzen ere, baserri “modernoaren” hedapenarekin batera eman zen, Aro Modernoan zehar; mendiak etxez eta zereal-sailez bete ziren neurri berean galdu ziren jabetza kolektiboa, komunitateen erabakimena eta, neurri batean, baita ingurumenaren ustiapen jasangarriago bat ere.

Landa-ekonomiaren izaera kolektiboa
Erdi Aroaren amaieran, Euskal Herriko landa-komunitate gehienak hiru erakunde nagusiren inguruan zeuden egituratuta: Etxea, jurisdikzioa eta herri-lurrak

Erdi Aroaren amaieran, Euskal Herriko landa-komunitate gehienak hiru erakunde nagusiren inguruan zeuden egituratuta. Lehena etxea zen, oinarrizko subjektu politiko gisa ulertuta; auzotasuna etxeari zegokion, eta haren bidez txertatzen ziren norbanakoak komunitateko harreman-sareetan. Etxe hauek sakabanatuta ala multzoka egon zitezkeen; oro har, laborantzarako lur egokienetan kokatuta egoten ziren, higaduratik babestutako ibarretan edo topografia leuneko inguruetan. Etxe bakoitzak bere baliabideak zituen –lurrak, abereak edota bestelako ondasunak–, eta era autonomoan ustiatzen zituen. Bigarren erakundea jurisdikzioa zen, muga zehatzez definitutako lurralde batean bizi ziren pertsonen bizi-moldea arautzeko komunitateak zeukan eskumena alegia. Hirugarren erakundea, berriz, herri-lurrak ziren; lurralde jakin baten baitan, jabetza pribaturik ez zuten lurrak ziren hauek, oro har baso eta mendialdeetan kokatuak, eta horrenbestez haien kudeaketa eta aprobetxamendua auzotasun-eskubidea zuten bizilagun guztiei zegokien.

Tokiko komunitateek, hortaz, garrantzia handia ematen zioten beren jurisdikzio eta herri-lurrak mugatu eta defendatzeari. Horrela, Erdi Aroaz geroztik dokumentu ugari sortu ziren udal barrutiak zehaztasun handiz deskribatuz; ezarritako mugarriak erregularki ikuskatzen ziren, eta urraketa oro gatazka bortitzen iturri izan zitekeen. Zumaia eta Deba arteko mugei buruzko istiluak, adibidez, 1390ean hasi eta hainbat mendez luzatu ziren. Antzeko tirabirak topa daitezke beste hainbat kasutan ere: Arrasate eta Leintz harana, Plentzia eta Urduliz, Oiartzun eta Errenteria, Baigorri eta Erroibar…

Herri-lurrez hitz egitean, egungo ikuspuntutik zaila da irudikatzea garaiko landa-ekonomian zeukaten garrantzia. Alde batetik, bizilagun gehienen oinarri ekonomikoa osatzen zuen nekazaritzarako baliabide osagarriak eskaintzen zituzten: abereentzako bazkalekuak, egurra, iratzea eta otea bezalako azpigarriak, gaztaina eta antzeko fruituak. Beste aldetik, haien ustiapena erabilera berezietarako errentan eman zitekeen –abeltzaintza espezializaturako, ikazkintzarako edota zurgintzarako–, kontzejuarentzako diru-iturri zuzena osatuz. Era honetan, herri-lur hauetan jarduera eta ustiapen-eredu espezifikoetarako erreserbatutako espazioak azaltzen joan ziren, araudi gero eta zehatzagoekin.

Kudeaketa-eredu berezi bat: sarobeak

Horrela sortutako esparruen artean, oso kasu interesgarria osatzen dute sarobe edo korta direlakoek. Elementu hauen inguruan asko ikertu da azken urteetan eta, oraindik galdera asko erantzun gabe dauden arren, esan daiteke herri-lurren baitan indibidualizatutako sailak zirela, zirkulu edo lauki itxurakoak eta mugarriz inguratuak. Jabetza herriarena nahiz partikularrena izan zitekeen; baina, kasu guztietan, ustiapena pribatua zen, zuzenean edota errenta bidez.

Ezkerretik eskuinera, hainbat plano:
Akillotegi, Sukurruskue eta beste mendi batzuk, Bermeoko hiribilduaren eta Mundakako, Sukarrietako, Axpeko eta Muruetako elizateen artean, 1749.
Ziortzako korta eta herri-lurrak, 1788.
Ikaranbarria sarobe eta etxea, Berriatua, 1623.
Gizaburuagako elizatearen herri-lur eta sarobeak, 1767.
Iturria: Valladolideko Erret Txantzileriako Agiritegia.

Hasiera batean abeltzaintzarako espazioak zirela dirudi, bordaz eta abereak gordetzeko barrutiz hornituak; baina, berandu gabe, zurgintzarako eta ikazkintzarako ere erabiltzen hasi ziren. Teorian, aprobetxamendu pribatuko sailak izateak ez zuen esan nahi bertan edozein jarduera burutu zitekeenik; ugariak dira, Berant Erdi Aroko ordenantza-arauetan, sarobeetan eta oro har herri-lurretan etxebizitza egonkorrak eraikitzeko eta lurrak lantzeko debekuak: Deban (1394), Zestoan (1483), Oiartzunen (1501)… Baina, XVI. mendetik aurrera, herri lurrak –eta, bereziki, sarobeak– labore-lur bilakatu eta ustiapen pribatuaren esku uzteko presioa handitu egin zela dirudi, hainbat faktorek eraginda: hazkunde komertzialak, presio demografikoak eta aldaketa sozio-ekonomikoek, besteak beste. Prozesu horretan, sarobeetako bordak etxebizitza egonkor bilakatzen joan ziren, lurrak labakitu eta maizter bati errentan utziaz.

Sarobe edo kortak, herri-lurren baitan indibidualizatutako sailak ziren, zirkulu edo lauki itxurakoak eta mugarriz inguratuak. (...) Sarobeak herri-lurren pribatizaziorako abangoardia gisa uler daitezke

Gauzak horrela, sarobeak herri-lurren pribatizaziorako abangoardia gisa uler daitezke, eta haien inguruko gorabeherek gako baliotsuak eskaintzen dituzte prozesua ulertzeko. Adibideak ugariak dira: kasu batzuetan, baserri berrien izenek ematen digute jatorrizko funtzioaren pista –saroi/sarobe forma daukaten baserri-izenak Gipuzkoan; borda forma dutenak Nafarroan eta Lapurdin; korta forma dutenak Bizkaian–; beste batzuetan beren kokapenak, herriguneetatik aparte eta inguruko baserrietatik isolatuta egoten baitira. Azkenik, zenbait kasutan sarobetik baserrirako bilakaera berreraiki daiteke, irizpide hauek eta artxiboetako dokumentazioa erabiliz.

Esaterako, 1533. urtean auzia izan zen Zizurkilgo kontzejuaren eta Martin Ruiz San Millango ahaide nagusiaren artean, Andatza mendiko lurren ustiapenaren harira. Garaiko agirietan irakur daitekeenez, Zizurkilgo herri-lurren baitan, batak zein besteak hainbat sarobe zituzten jabetzan, eta hauetan baserriak eraiki izana leporatzen zioten elkarri. Ordukoan, San Millangoa baserri berri bat eraikitzen ari zen Eskeltzuko sarobean, eta herria kontra azaldu zen. Prozesuan parte hartu zuten lekukoen arabera, lur haiek ezaugarri txarrak zeuzkaten laborantzarako, altitude eta topografia desegokietan kokaturik zeudelako; beraz, San Millango jaunak baserriak eraiki eta errentan emanez gero etekin ekonomiko bat aterako zuela onartzen zuten arren, herriak jasoko zuen kaltea handiagoa izango zela salatu zuten, bazka-lurrak gutxitzen zizkielako. Kasu honetan, epaia herriaren aldekoa izan zen, sarobea berez abereak gordetzeko esparru bat zela onartu baitzuen, Eskeltzun baserririk eraikitzea debekatuz.

Joera orokorra kontrakoa izan zen, hala ere. Hernio inguruan, kasu, Zestoako eta Errezilgo kontzejuek hamabi sarobe zeuzkaten erdibanako jabetzan. Aipamen zaharrena 1452ko agiri bat da; hiru mendez, bi herrietako ordezkariek behin eta berriro ikuskatu zituztenez, sarobe hauen bilakaera xehetasun handiz berreraiki dezakegu. Haietako bi (Artaunsoro eta Barrensoro) oso goiz desagertu ziren; 1503. urtean, Joan Perez Idiakaitzek erosi zituen, eta 1562rako Zarauzko ahaide nagusien menpeko baserriak ziren. Hirugarren sarobe bat, Ezkurroa, 1636an bilakatu zen baserri, Zestoako kontzejuaren ekimenez; dirudienez, presio demografikoak eraginda hartu zuten erabakia, errenta baten truke lurrak lantzeko baimena onartuz. Errezilgo kontzejuak erabakia salatu zuen, ordea, bere auzoentzako kaltegarria zela argudiatuta; baina, hark ere Etumetako sarobean baserria eraiki zuen, eta Gipuzkoako korrejidoreak Zestoari eman zion arrazoia. Aurrekaria aprobetxatuta, honek baserri berri bat eraiki zuen Ariztaingo sarobean ere, kasu honetan 1736. urtean. Egun, jatorrizko hamabi sarobe haietatik zazpi baserriak dira.

Muturreko adibide bat Aldudek eskaintzen du. Ingurune hau Baigorriko eta Erroibarko auzoek osatutako mankomunitate batek ustiatzen zuen, gutxienez Erdi Aroaz geroztik, borda eta saroietan oinarritutako abeltzaintza-sistema baten arabera. Hemen ere, herri-lurren apropiazioak XV. mendean hasi zirela dirudi, bi bailaren artean liskarrak eraginez; gainera, 1512. urtean Gaztelak Nafarroa konkistatu ondoren, eskualdean muga berri bat ezarri zen, egoera korapilatuz. Testuinguru honetan, Espainiako eta Frantziako erresumek Errege-kapitulazio batzuk sinatu zituzten 1614. urtean, eta horietan ezartzen zen baigorriarrek “ordura arte landutako lur oro lantzeko eta ereiteko” eskubidea zutela, baina lur berririk ez irekitzeko baldintzarekin, “bazka-guneak babesteko”. Lan hauetarako bordak egiteko baimena zeukaten, baina betiere egurrezkoak izatekotan, eta etxebizitza iraunkorrik altxa gabe. Ez dirudi arau hauek arrakasta handirik izan zutenik, 1773rako Alduden herri berri bat osatuta baitzegoen, bere parrokia eta guzti.  

Baserri “tradizionalaren” sorrera

Arestian deskribatutako prozesuak landa-paisaiaren eraldaketa sakon bat islatzen du. Tradizionalki, XVII. eta XVIII. mendeetako bilakaera demografikoa “artoaren iraultza” delako teoriaren bidez azaldu izan da. Horren arabera, Ameriketatik ekarritako labore berriek, eta bereziki artoak (Zea mays), iraultza eragingo zuketen Euskal Herriaren isurialde atlantikoaren egitura sozio-ekonomikoan, ordura arte landu gabeko lurrak kolonizatzeko eta uztak izugarri handitzeko aukera emanez. Hala ere, arto-laboreen lehen aipamenak XVI. mendekoak dira Euskal Herrian, baina ez dirudi XVII. mendea baino lehen orokortu zenik. Pentsa daiteke, beraz, espezie berri honen sarrera ez zela, berariaz, faktore eraldatzaile bat izan, lehenagotik zetorren dinamika batean sakontzeko baliabide ezin hobe bat baizik.

Azpeitia, 2017. Zenbait tokitan artoa eta babarruna elkarrekin lantzen dira oraindik. Konbinazio hau oso ohikoa zen Aro Modernoko baserrietako labore-errotazio sistemetan.

Izatez, herri-lurrak Erdi Aroaren amaieratik desegituratzen hasiak zirela ikusi dugu; seguru aski, mende horietan eman zen garapen urbano eta komertzialaren testuinguruan, kapital-metaketa gero eta handiagoek eragindako presioaren ondorioz. Joera hau erabilera kolektiboen kaltetan garatu zen –bazkalekuak, iralekuak, otatzeak eta abar–, nekazal ustiategi berriak sortzeko. Honek gatazkak eragin zituen, esan gabe doa; arestian aipatutako Zizurkilgo adibideaz gain, beste hainbat kasu aipa litezke. Horrela, 1694. urtean, Altzon auzia izan zen, Otsegi eta Intxaurrondo etxe berriak eraiki ondoren hainbat auzo kontra azaldu zirelako: “Altzoko auzo guztiek eskubidea dute iratzeak, oteak, gaztainak eta ongarriak biltzeko; hori guztia auzo-etxeen artean banatuta dago, eta etxe berriak auzoan onartuz gero, beharrezkoa da denei beren parteetatik kentzea etxe berriari emateko, herriko etxe guztien kalte handitan” (Gipuzkoako Agiritegi Orokorra, CO UCI 1066).

Ataka honetan, artoaren sarrerak, lur berriak kolonizatzeaz gain, lurgorria gutxitzeko aukera ematen zuen, gariarekin txandakatuta bi urteko errotazio-sistemak sartuz; gainera, hauek babarruna eta arbia bezalako beste gai batzuekin osa zitezkeen. Horri esker, lur unitateko uztak izugarri hazi ziren, baina aldi berean ongarri-beharra ere areagotu egin zuen. Herri-lurretako bazkalekuak murriztuta zeudenez, abereak ikuiluratzea izan zen konponbidea, haiek elikatzeko beste produktu batzuk –arbia, pagotxa, arto berdea…– landuz. Gainera, XVIII. mendean karearen erabilera ere orokortu zen lurrak emendatzeko, Manuel Larramendik adierazi zuenez: “Esperientziak erakutsi duenez, ongarri eta hobekuntza guztiekin ere, lurrak ahultzen doaz urte gutxi batzuen ondoren. Honi aurre egiteko, bederatzi urtean behin karearekin ongarritzen dira, eta horregatik ia etxe bakoitzak bere karobia dauka, lan askorekin eta egur gastu handiz karea produzitzeko erabiltzen duena” (Korografia, 1756). Horren lekuko dira, egun ere, herri askotako paisaian presente dauden karobi edo gisulabeak.

Azken batean, honek guztiak adierazten du, garai batean herri-lurren bidez asetzen ziren zenbait beharri erantzuteko, etxe-mailan gero eta prozesu produktibo gehiago metatzen joan zirela, lurrak gero eta modu intentsiboagoan landuz. Joera honek desberdintasun sozialak areagotu zituen ezinbestean. Lehenik eta behin, baliabide kolektiboetarako sarbidea mugatu egiten zelako, Erdi Aroko landa-komunitateen oinarri ekonomikoa desegituratuz. Bigarrenik, eredu berriaren arabera, etxe bakoitzaren arrakasta ekonomikoa bere jabetzako lurren kalitatearen menpe gelditzen zelako. Hala, Aro Moderno osoan zehar jabetza-egitura gero eta polarizatuago bat agertzen joan zen, XIX. menderako Euskal Herri atlantikoan nagusi ziren desberdintasun sozial handien iturburu. Garaiko ahozko literaturak –Bilintxen Joana Bizenta Olabe bertso sortak, kasu– modu zorrotzean deskribatu zuen errealitate hura: alde batetik, hainbat baserriren jabe ziren nagusi aberatsak –zenbait ikerlarik “latifundio sakabanatu” gisa definitu dituzte jabetza horiek–, eta bestetik, maizterrek osatutako laborari-klase prekario bat, sarri baserri batetik bestera emigratuz ibili behar izaten zuena.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Baratzetik mundura kanaletik interesatuko zaizu...
2018-09-23 | Garazi Zabaleta
Antton Olariaga
"Marrazkiekin testu eta azalpenei osotasuna ematen saiatu naiz"

ARGIAk atera berri du Landareak Lantzen 2019, hilabete bakoitzean eta astez aste, ilargia kontuan izanik baratzean egin beharreko lanak azaltzen dizkigun agenda-liburua. Bertako ilustrazioak Antton Olariagak eginak dira, beste behin. Altza Porru komikian eta iazko Landareak Lantzen agendan ere parte hartu zuen marrazkilari usurbildarrak. Aspaldian dira konplize bihurtuak Jakoba Errekondo eta biak baratzeko iraultza honetan…

Bizi Baratzeko hainbat proiektutan hartu duzu parte azken... [+]


2018-09-16 | Garazi Zabaleta
Jakoba Errekondo
"Gure baratzetik eta landareetatik ikasteko tresna da Landareak Lantzen agenda"

Extra, extra! Kalean da dagoeneko Landareak Lantzen bigarren zenbakia, 2019 urterako agenda-liburua! Udan ez da oporrik izan Jakoba Errekondo eta Antton Olariagarentzat, eta kurtso berriaren hasierarekin batera hemen da beste behin ARGIArekin elkarlanean egindako uzta: Errekondoren azalpenekin eta Olariagaren marrazkiekin osatutako agenda-liburua. Lana ezin da amaitutzat eman, dena den: erabiltzailearen nota, zita eta argibideekin osatua izateko pentsatua dago Landareak Lantzen.

[+]


2018-09-09 | Garazi Zabaleta
Baratzegintza ekologikoa emakumeen ahalduntzerako tresna Antsoainen

Jasangarritasunarekin eta parekidetasunarekin zeukan konpromisoari erantzunez, 2016an emakumeentzako baratzegintza ekologikoko lehen tailerrak antolatu zituen Antsoaingo Udalak, Berdintasun Zerbitzuarekin elkarlanean. “Baratze ekosoziala jarri genuen martxan, emakumeen ahalduntzea bultzatzeko helburuarekin”, azaldu du Eva Isturiz Garcia Antsoaingo Udaleko Berdintasun teknikariak. Bazituzten aurretik herrian beste hainbat baratze gune martxan, gaztelekuan eta eskolan adibidez... [+]


Arabako patata sortzez bergararra?

Euskal Herrian patata-laboreen lehen aipamenak izan litezkeenen bidez jakin dugu patata lantzeko esperimentuak 1776an Bergaran abiatu zituela Rafael Garitano Aldaeta apaizak. Amerikatik ekarri eta eguneroko jaki bihurtu zen patata da oraindik ere baserri askok lantzen duten soro bakanetakoa.


Landareak Lantzen 2019
Landareen notak idazteko pentagrama

Ilargialdi baten bueltan itzultzeko asmoa nuen, baina zazpi eguneko atzerapenarekin eta amandreak hurrengo buelta hasita duela natorkizu orri honetara. Opor osteko itzulera gogorra izaten omen da –oporrik izan duenarentzat, bederen–, baina jai-egunak gustura hartzen ditudan bezala, ni bueltan gustura moldatzen naiz berriz ere errutinara. Eta zer hoberik martxa hartzeko agenda bat baino?

Hamaika arrazoiri lotutako agendak aurkituko ditugu saltokietan, baina ezagutzen al duzu... [+]


2018-09-02 | Garazi Zabaleta
Gure Sustraiak
Guztion beharretara egokitutako Baserri Eskola

Biologia ikasketen amaierako proiektuan baserri eskola sortzeko ideia landu zuen Gure Sustraiak proiektuko kide batek 2002an. Karrera amaitu eta gutxira, lagun batekin elkartu eta paperetik errealitatera salto egitea erabaki zuten: Gure Sustraiak Baserri Eskola proiektuaren lehen urratsak ziren. Geroztik, lekua eta proiektuaren ezaugarriak aldatuta ere, Ollarango (Nafarroa) baserri eskolak bizi-bizi jarraitu du hasierako helburuetako bat zena oinarri hartuta: ingurumenaren eta... [+]


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude