"Bakoitza libre da gurekin nahi duena sentitzeko"

  • Gero eta gutxiago dira Rukularen zuzeneko indartsuaren parte izan ez direnak. Asteburuko kontzertu agendan beren izena ikusiko duzu ziur asko. Laster argitaratuko dute bigarren diskoa ere. Kaosetik ordenara eta ordenatik kaosera bizi dira, eta tentsio horretatik sortzen dituzte kantak ere. Taldeak bizi duen une indartsua aitzakia hartuta mintzatu gara laukoteko hirurekin.


2018ko apirilaren 01an
Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.

Andoaingo Itsas Mendi Karabanen ondoko errotondan zitatu gara, aurtengo neguko egunik hotzenean, eguzki betetan ere apenas bi gradu direla. Goiza Garate estudioetan pasa nahi genuen, elkarrizketa egiteaz gain, Rukularen entsegua bertatik bertara bizitzeko. Jon Agiriano taldeko gitarrak ezin izan du azaldu, ordea, “Irudia eta soinua” ziklo amaierako lanean buru belarri baitabil, Andoainen bertan. B plana inprobisatu dugu, hortaz: herri sarreran aparkatu, eta parean suertatu den Edur tabernan babestu gara ordu eta erdi inguruz. Hurrena entseatzeko gelditzen direnean, bertaratuko da argazkilaria unea jasotzera. Grabagailuan taldekideen ahotsak bezainbeste aditzen dira bertatik bertara daukagun telebistako Ana Rosaren magazineko builak eta Pott zakurraren arnas hotsak. “Pirritx, Porrotx eta Marimototsen bideoklip bat grabatzen izan berri da”, azaldu du Oihan Agirretxe bateriak. Harez gain, mahai bueltan dira Martxel Arkarazo baxularia eta Aitor Pagola gitarrista.

Martxel Arkarazo:
“Apustu oso erritmikoa da gurea. Gainera, letrarik ez edukita, askozaz ere libreago uzten duzu dena”

Rukularen hastapenez galdetuta, ez dira ados jarri. “Lehen entsegutik izango dira pare bat urte honezkero”, dio batek. “Pare bat? Lau gertuago izango ditiagu”, beste batek. Hazia noiz sortu zen bai, hori ongi oroitzen dute Arkarazok eta Agirretxek. Usurbilgo Sagardo Egun batez, Agirretxe bere orduko berbena taldearekin bateria jotzen ari zela, Arkarazo inguruan suertatu zen. Agirretxeri erreparatu, eta intuizio batek hartu zuen. “Oso zuzen ari zela iruditu zitzaidan, tu-pa-tu-pa, une hartan pentsatu nuen primeran egingo zuela bat nirekin, asko eman zezakeela”. Beroaldiak jota, akziora pasatzea erabaki zuen. Bateriaren goiko talaiatik, entzule bat beragana zetorrela ikusi zuen Agirretxek, eskuan paper bat hartuta. Ohartzerako, paper zatia baterian itsasi eta martxa egin zuen. Kanta amaitzean irakurri ahal izan zuen oharra: “Berbenaz aspertzean, deituidazu”.

“Ez dakizu zenbat kostatzen zaion mozkor bati parrandan papera, boligrafoa eta zeloa topatzea”, esan izan dio gerora txantxetan Arkarazok Agirretxeri. Kontua da Sagardo Eguneko buruko minak arindu bezain pronto deitu ziola, hasi zirela elkartzen, eta hura izan zela egun Rukula bihurtu denaren hazia.

“Ez nion deitu berbenaz aspertuta nengoelako”, argitu du Agirretxek, “neure kanta propioak sortzeko gogoa ere baneukalako baizik”. Handik puska batera batu ziren Aitor Pagola eta Beñat Irazusta, ordura arte Desegin taldean ibiliak. Azkenik, Irazustak denboraldi batez bidaiatzea erabaki zuenez, Blaka taldeko Jon Agirianok ordezkatu zuen. Garate estudioetan grabatu zuten lehen disko homonimoa, eta egin zuten bira bat Madrilen, Segovian, Logroñon, Mostolesen, Durangon eta Tosun zehar. Gehienetan, Arkarazok eramaten zuen kanten lehen ideia. Garbi zeukan Rukularekin zer bilatzen zuen: “Rock kontzertu pila batean ikusten nuen jendea burua gora eta behera mugitzen, bere tokitik mugitu gabe. Bateriaren eta baxuaren indarra erabili nahi nuen jendea gurekin batera mugi zedin, gorputzari beste poz bat eman nahi nion”.

Argazkiak: Dani Blanco.

Musika estiloak txikitu, baina era berean dena oso erritmikoa izan zedila. Instrumentu bakoitzarekin espero dena egin beharrean, dena nahastea, baxuak ez zezala eman baxua, gitarrak ez zezala eman gitarra, baizik eta synth moduko zerbait. Eta beti kutsu dantzagarri bat bilatzea, baina estilo batera mugatu gabe”. Agirretxek baieztatu du teoria: “Martxelek esaten zidan: bateria jotzean dantzatzen ari al haiz? Eta erantzuna ezezkoa bazen: orduan ez dik balio”. Hiruei iruditzen zaie taldekide guztiak oso desberdinak direla beren artean, eta hain justu tentsio horrek orekatzen duela taldea. Arkarazok azaldu du: “Aitor da ordena, oso garbi ditu gauzak, eta horrek asko ematen dio taldeari. Ni, ordea, kaosa naiz. Hasieran asko eztabaidatzen genuen. Hori ezin da egin, esaten zidan Aitorrek sarri, eta nik, nola ezingo da ba egin?”, erantzuten nion. Beñatek ematen zion punk kutsu agresibo hori, eta orain, Jonek ekarri ditu rock akordeak, pedal soinuak eta abar”.

Gidoi itxien aurka

Kontzertuetan gertatzen dena aurreikusgarri samarra delako sentsazioa izaten du batek sarri. Aretoan sartu, tragoren bat eskatu, musikariei begiratu pantaila bati nola, lepoarekin gora eta behera egin, txalo jo, oihuren bat bota, beste bat eskatu, eta etxera. Rukulak ordea, asmatu du artistaren eta publikoaren arteko hormigoi armatuzko horma pitzatzen, ez direlako gidoi itxiarekin joaten zuzenekoetara. “Zati batzuetan inprobisatu egiten dugu”, dio Arkarazok. “Batzuetan nik agintzen dut, beste batzuetan Oihanek erabaki dezake une bat minutu batez luzatzea, gustura dagoelako. Era horretara, zuzeneko bakoitza bihurtzen da desberdina, inoiz ez dugulako berdin jotzen”.

Ez hori bakarrik. Rukulakoek baldintza bat eskatzen dute ahal duten guztietan: lurrean jotzea, publikoarekin parez pare. Hartara, jendea sartzen zaie beraien artean, musikariaren eta entzulearen rolak apurtzen dira. Nahaspila horretan, kontzertua festa bilakatzen da, eta festako kide bakoitzak erabakitzen du agente aktibo ala pasibo izan nahi duen. Pagolak oroitu ditu une bitxi samarrak: “Behin, kontzertu batean, publikoak amaitu zuen bateriaren eta gure (gitarren eta baxuaren) artean, eta guk, berriz, atze-atzean, publikoa bagina bezala”.

Edonon jotzeko prestatuta daukate ekipoa. Nonbait entxufe bat egotea aski da Rukulakoek bertan jo ahal izateko. “Iritsi, bozgorailuak entxufatu, eta badakigu ondo entzungo dela, guztia baitago bateriaren soinuarekin ondo erregulatuta”, azaldu du Agirretxek. Oroitu du horrekin lotutako pasadizo bat: “Iazko Lasarte-Oriako festetan, Efecto Pasillok jotzen zuen txosna handian, eta guk haien ondoren, plazako arkupe batean. Baina haien kontzertua luzatu egin zen, eta segidan berbena talde batek hasi behar zuen. Berbenakoak hasi egin ziren, eta gu gelditu ginen non jo ez genekiela. Emanaldia bertan behera uztear ginen, inguruan beste arkupe bat ikusi genuenean. Oholtzatik kable bat atera, eta hantxe bertan jo genuen”.

Aitor Pagola:
“Gertatu izan zaigu kanta bat jotzen bi hilabete pasa eta halako batean ohartzea ez duela balio”

Talde instrumentala da Rukula, eta ahotsik ez izateak ere laguntzen die noranahiko formatu horretara egokitzen. “Ahotsa arazo bat da edonon jo nahi baduzu, ze derrigortzen zaitu monitore bat edukitzera”, azaldu du Arkarazok. “Era horretara nekez jo dezakezu lurrean”. Dena dela, hastapenetan izan zuten ahots bat sartzeko asmoa. “Nire bozka ahots baten aldekoa zen”, dio Pagolak. “Ez genekien, ordea, zer ahots mota nahi genuen. Ez genion edonori proposatu nahi”. Arkarazok abantaila asko ikusten dizkio ahotsik ez izateari. “Ahotsaren zatia beste errekurtso batzuen bidez estali dugu: batzuetan gitarrak egiten du melodia, besteetan baxuak, zati erritmiko hutsak ere sartzen ditugu, garrasi batzuk tarteka ere bai... Apustu oso erritmikoa da gurea. Gainera, letrarik ez edukita, askozaz ere libreago uzten duzu dena. Bakoitza libre da gurekin nahi duena sentitzeko”. Agirretxeren arabera, ahotsik ez edukitzea aukera eta zama da aldi berean. Kantari nahi beste irakurketa egiteko aukera ematen du batetik, baina, bestetik, musikaria behartzen du zati instrumentaletan sakontzera, instrumentuen bidez bidali nahi den mezua are gehiago zehaztera.

Azken urteetan sortu dira talde instrumentalak. Sofa, Buffalo edota Giranice otu zaizkie boteprontoan. Arkarazoren ustez, letrek garrantzia daukate, “sekulakoa”. Aipatu duenez, Rukulak letrarik ez edukitzeak ez du esan nahi ezer transmititu nahi ez duenik. “Nik oso garbi daukat zer helarazi nahi dudan momentu bakoitzean. Askotan hitz egiten dugu sentimenduez konposatzen dugunean. Zati batean tentsioa egon daiteke, bestean amorrua... ideia horiek letrarik gabe transmititzen saiatzen gara”. Eta hortik tiraka jartzen dituzte kanten izenburuak ere. Asko anekdotikoak dira, Agirretxek azaldu duenez. “Adibidez, Oilo bus tee [ahapetik kantatu du]. Martxelen etxean entseatzen genuen lehen, Usurbilgo baserri batean. Oiloak zeuzkaten han, eta kanta horrek bete-betean gogorarazten zigun oiloen ibilera”.

Talde nomada

Zuzenekoekin hasteko ez zuten presa berezirik izan. Kanten atzean, ikusten ez den lan handia dago, Arkarazoren arabera. “Ematen du oso modu instintiboan jotzen dugula, baina mila buelta eman dizkiegu kantei”. Pagola ere horretan dago: “Gertatu izan zaigu, adibidez, kanta bat jotzen bi hilabete pasa eta halako batean ohartzea ez duela balio, ez duela asmatzen esan nahi dugun hori esaten”. “Halako uneak gogorrak izaten dira”, gehitu du Arkarazok, “baina behin nahi duzuna lortzen duzunean, poza bikoitza izaten da”. Rukulak ordu asko eskaintzen dizkio kantak osatu eta entseatzeari. “Langileak gara”, dio Arkarazok, “grabaketak egin eta elkarri bidaltzen dizkiogu, eta ahal badugu asko elkartzen gara”.

Oihan Agirretxe:
“Psikologoarenera joan ordez, gu entseatzera
eta kontzertuetara
joaten gara”

Ez dute errutina zehatzik, ordea, sekula ez baitute entsegu lokal finkorik eduki. Arkarazoren etxetik Usurbilgo Gaztetxera joan ziren. Baina zonalde hartan etxeak eraiki behar zituztela eta, Gaztetxea itxi zuten. Garate estudioetara jo zuten segidan, baina grabaketa lanak direnetan han ezin izaten dute aritu. Oraindik toki baten bila jarraitzen dute. “Lokal pribatuak ezin ditugu ordaindu, ez dugu hilero 300 euro ordaintzeko adina”, dio Agirretxek. “Agian probatuko dugu kontzertu asko ditugun hilabeteren batean lokal bat hartzea, baina bestela...”. Entsegu bakoitzean ibili behar izaten dute kotxea gitarraz, baxuz eta pedalez gainezka dutela, alde batetik bestera. “Talde nomada gara”, dio Agirretxek, eta ez da soilik entseguez ari. “Rukularen bizitza halakoa da. Sortzeko unean, zuzenekoetan... behin Baigorrira joan behar genuen, Nafarroaren Egunean kontzertu bat ematera. Aitor bere kasa joan zen, eta beste hiruok elkarrekin abiatu ginen, oso garaiz. Iruñetik joan ginen, lehenago iritsiko ginelakoan. Pasatu genuen Iruñea, jarraitu genuen aurrera... eta, azkenean, muturren parean ikusi genuen gure helmuga: Bodegas Baigorri. Aitorri deitu genionean, ezin zuen sinetsi. Arabako Errioxan geunden. Azkenean, buelta hartu eta lortu genuen kontzertua baino hamar minutu lehenago iristea. Jonek gurekin jotzen zuen lehen aldia zen. Flipatu egin zuen”.

Saiakera onaren bila

Entseguetan eta zuzenekoetan gozatzen dute gehien. Diskoa grabatzen ere bai, grabaketa unea zuzeneko bat bezala ulertzen dutenez gero. “Bigarren lan honetan, denok gela berean sartu eta saiakera onaren bila aritu ginen”, dio Arkarazok. “Egiten genituen akatsak, baina guretzat benetako galdera beste bat zen: kantak transmititzen al du guk nahi duguna? Baiezko kasuan, listo, ez genuen ezer ukitzen. Akatsak ere kantaren parte dira”. Noski, horrela funtzionatzeak izan ohi ditu gorabeherak. Pagolak oroitu ditu grabaketa egunetako une gazi samarrak: “Lehen eguna oso ondo joan zitzaigun, baina bigarrengoan kanta batekin ez aurrera ez atzera gelditu ginen. Bazkaltzera jaitsi, berriz gora igo, sokak aldatu... baina alferrik: ez zitzaigun ateratzen. Zortzi ordu behar izan genituen kanta grabatzeko”. Hirugarren egunean, ordea, txipa aldatu, jarrera positiboarekin itzuli, eta beste hiru kanta grabatu zituzten errenkadan.

Diskoaren promozio kontuetan galdu egiten direla diote, ez zaiela batere interesatzen. Inguruko lagunei eskerrak moldatzen direla aitortu dute. Ariadne Aranburuk egin die azala, baita bi bideoklip ere. Edo, estudioan, diskoa grabatzen ari zirela, norbait behar izaten zuten Rec botoiari sakatzeko. “Sei bat lagun desberdin igaroko ziren botoia sakatzera”, diote barrez. Estudiotik igaro ostean, zuzenekoak emateko eta kanta berriak egiteko gogoz dabiltza. Hala dio Agirretxek: “Gu ez gara psikologoarenera joaten, gu entseatzera eta kontzertuetara joaten gara. Lana eskatzen du, baina betetzen gaitu. Ipurterreak gara, ezin dugu geldirik egon, eta Rukulak laguntzen digu ezinegon hori zerbait probetxuzkora bideratzen”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Rock
Arizkun Rock. Albaro Soule eta Eider Bidegain.
"Dena eginda jaso nahi dugu eta galtzen ari da militantzia"

Nekea eta errelebo falta. Horixe argudiatuta jakinarazi zuen agurra Arizkun Rock jaialdiak martxoaren hasieran. Aurtengo edizioa izango da azkena; ekainaren 23an ospatuko da. Ganoraz despeditzeko gogoz daude. Zerbait berezia antolatzeak satisfazioa ematen du, baina nekatu ere... [+]


Agur esango du Arizkun Rock jaialdiak: aurtengoa izango da azkena

"Lan-karga arras handia da hain antolakuntza txikiarendako", jakinarazi du ohar bidez Arizkun Rock jaialdiko antolakuntzak. "Ongi hausnartuta" hartu duten erabakia da: hamar urtez halako mailako ekimena antolatzeak eragiten duen nekea dago batetik;... [+]


2022-09-23 | ARGIA
Hertzainak taldea agertokietara igoko da berriz, agur esateko

‘Azkena gure alde’ izeneko azken bira egingo dute taldeko Gari, Josu Zabala eta Txanpik. Irailaren 29an emango dute xehetasun gehiago.


Vulk gara

Orain hiru urte eskaini zuen azkenengoz Vulk taldeak kontzertu bat Bilbon –azaroko emanaldi berezia kenduta–. Hiru urte non mundua eta berau habitatzen dugunok izugarri aldatu garen. Denbora honetan bilbotar laukoteak disko berria kaleratu du, Vulk ez da (Montgri,... [+]


2022-05-01 | Iker Barandiaran
Metala bere pisu eta adiera adierazgarrienean

Mutrikuko laukoteak aurre egin dio pandemiaren garai ilunari eta lana sendo eginez bueltan da, taldekide aldaketekin eta crowdfunding bidez (aupa zuek!) landutako bigarren disko luze eta biribil honekin.

2017an sortu zuten Saia Goait beste hainbat taldetan (Keike, Kraussk,... [+]


Eguneraketa berriak daude