Berri faltsuen legea

Teknologia berriek mundua itxuraldatu dute. Orain dela kasik hogei urte liluraturik geunden eskura genituen informazio iturriak ikusiz, zenbat ikasten ahal genuen bat-batean, zein indar gutxirekin ikasgaien eskuratzeko eta zenbat informazio iturri independente eta anitzetarako heldulekua genuen. Orain jada bahea jartzen ez dakienari, on eta txarraren bereizten ez dakienari, itolarri sentsazioak gaina har diezaioke.

Kezkatuko gara agian belaunaldi gazteen etorkizunaz, zeinen ezaugarrietarik bat baita sineskorra izatea; bizkitartean egiteko molde egokien ikasteko eta barneratzeko ere gai dira. Hori frogatu zuen duela zenbait aste irakasle batek. Sarean partekatu zuen ikastaldean burutu programaren berri, aipatuz xeheki erabili teknika, materiala, hauek denen eskura jarriz eta azpimarratuz belaunaldi gazteek, laster batean, ikuspegi eta jokamolde kritikoa gara dezaketela datu uholdeari buru egiteko. Tarte luzea eskaini zion fakenews (berri faltsuak) delakoak atzemateari, oinarrizko printzipioen bitartez: argazkien, datuen edo artikuluen publikatze data zaintzea, iturria identifikatzea, beste iturri batzuekin kontrastatzea eta batez ere pazientzia ukaitea gertakarien konfirmazioa goaitatzeko. Hots, irakatsi die erranak oro ez sinesten.

Heziketaren hautua egiten dute batzuek eta besteek beste hautu mota batzuk.

Ondoko asteetan Emmanuel Macronek bultzaturik eztabaidara doa legebiltzarrera Berri faltsuen legea deitua. Memoria ona dugunez, ontsa oroitzen gara presidentzialetarako kanpainaren baitan Macronek berak –eta beste anitzek– “arazoak” ukan zituela #macronleaks gisa ezaguna denarekin besteak beste: hala nola offshore zuela dirua, amerikar agentea zela bankuen lobbyen zerbitzuko eta nik dakit eta zer gehiago. Bistan dena, konspirazioa salatu zuen, errusiarren esku sartzea eta gutarik batzuen erruduntasuna plazerekin zabaldu genuelako zurrumurrua sarean gaindi eta ostiraletako aperitifetan. Ke anitz baina surik ez? Geroztik Eliseo jauregira doazen kazetariak zorrozki hautatuak dira, menekoak ez direnak baztertuak.

Tira, laster konponduko da. Frantziako Legebiltzarrean aipatuko den legeak, Alemanian berriki plantan ezarri “edukien gidatzea” baino anitzez urrunago joanez, ahalbidetuko baitu zabalduko diren informazioen kontrol zorrotza egitea –momentukoz bakarrik hauteskunde garaian, ez dezaten argitaratu eskandaluek eragin emaitzetan–. Onartuko balitz, legeak aurreikusiak ditu internet hornitzaileen eta sare sozialen derrigorrezko kooperazioak, salaketa dispositibo lasterra, atzerriko komunikabideen blokeatzea Estatua “mehatxaturik” balitz, webgune eta kontuak zerratzea. Horretarako epaile bat luke espresuki. Gure libertateen segurtatzeko, omen. Estatuari eskubideen zaintzea galdegiten zaio, orain arte hain gutxi egiten duena. Askatasunak ez du Estatuaren begiradarik behar. Askatasunak behar du heziketa.  

Lehendakari ezin hunkituaren figura, kontzientzien eta libertateen kontrola, salaketa, kolaborazio behartua, ez bageneki Macronen erregimenean garela, pentsa genezake Petain-ekin gaudela oraino.

Baliteke lege hau gehiengo isil baina handiarekin bozka dadin eta hortik goiti, adituen iritziz 1881eko prentsaren independentziaren legearen kontra doanak, salbuespenetik iraunkortasunera gutxi falta luke, urgentzia egoeraren antzera.

Uste baino fiteago honaino hel dakiguke Vichyki ontsa bizitzea.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
"Mario Lopez" eta "Gernika"

Krimen matxistak, mediatizatzen direnean, emakumeontzat lezio bilakatu ohi dira, eta bizirik badago, biktimarentzat. Nerea Barjola ikertzaileak Alcasserko kasuaren bidez azaldu zigun hori. Eta Nagore Laffageren hilketak ere lezio astun bilakatzeko arriskua izan zuen, lezioa... [+]


2024-03-31 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Bestaldera begira

Eta arkitektoen burbuilean, krisi klimatikoaren gaineko kezka igartzen al da? Galdetu dit agroekologoak.

Eraikuntzaren sektorea CO2 emisioen portzentaje altuaren eragilea izanik, galderak zentzua badu. Naomi Klein-ek Honek dena aldatzen du liburuan kontatzen du nola hegazkin... [+]


2024-03-31 | Diana Franco
Teknologia
Gorputzaren memoria

Mekanografia ikasi baduzu, gitarra jotzen, josten edo eskuz idazten, ulertzen duzu zure gorputzak zelan memorizatzen dituen zenbait jarduera. Gorputza eta adimena modu miresgarrian daude harremanduta, bat dira. Gizakiok sortu dugun teknologia eta honek gure gorputzarekin duen... [+]


Energia berriztagarrien zabalpen masiboaren iruzurra

EH Biziriketik sarritan salatu izan dugu energia berriztagarrien zabalpen masibo honen atzean   ezkutatzen   den   eredu   ekonomikoa.   Hazkunde   ekonomikoa   ezinbesteko baldintza duen eredu ekonomikoan... [+]


Eguneraketa berriak daude