Jessica Martin Da Silva, diseinatzailea

"Jendeak ikusten gaitu gurpildun aulkian ia mugitu gabe eta pentsatzen du inutilak garela"

  • Jessica Martin irundarrak 24 urte ditu eta garun-paralisia du jaiotzetik. %95eko elbarritasuna dauka, gurpildun aulkian mugitzen dute eta apenas hitz egin dezake. Baina ez zaitzatela aurreiritziek engaina: bere egunerokoa ohean irudikatu baduzu, oker zabiltza. Buruan janzten dioten likornioari esker, idatziz komunikatu ahal izateaz gain, arroparako diseinuak egiten ditu, bigarren liburua ari da idazten eta ilustratzen, erakusketa egin berri dute bere margolan eta diseinuekin, hainbat enpresa eta proiekturentzako logoak egin ditu… "Bestela aspertu egiten naiz", dio.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi
2018ko otsailaren 18a
Argazkilaria: Dani Blanco.

Jendeak bera ikusi eta "ai, gaixoa" esatea gorroto du. Hala dio bere bizipenei buruz idatzi zuen liburuan (Desde otro punto de vista). Orain haurrentzako liburu bat ari da idazten eta ilustratzen, baina bere pasioari muzin egin gabe: zapatila, jaka, abaniko edota kamisetetarako diseinuak egitea. Pertsonaia propioa ere sortua du (Poño izeneko marrazkiak) eta diseinuak ikusgai eta salgai ditu berak egindako webgunean (ropadejessi.com). Hainbat enkargu jaso ditu dagoeneko.

Elkarrizketa idatziz egin dugun arren, elkar ezagutzeko hitzordua Irungo Martindozenea gaztelekuan jarri dugu, bertan erakusketa antolatu baitute Jessica Martinen lanekin. Diseinuari buruzko tailer bat ere eman die gazteei. Pertsonalitate handiko emakumea da, perfekzionista eta alaia. Arte grafikoei buruzko ikasketak ari da burutzen, eta aurretik animazioa eta 3D ikasketak eginak ditu, baita gradu bat ere, Arte Grafikoetan. Bi urteko gradua hirutan ateratzera behartu zuen administrazioak, erritmoa jarraitzeko gai izango ez zela ondorioztatuta, baina lezioa eman zien Jessica Martinek: klaseko nota onenak atera zituen.

Administrazioak pentsatu zuen ezingo zenuela gradua bi urtetan atera. Elbarriei buruzko ezjakintasun handia dago?

Nire ustez bai. Jendeak ez du gu ezagutzeko tarterik hartzen, eta gero halakoak gertatzen dira.

"Elbarri" etiketa jarri diotelako, bere gaitasunak gutxietsi eta aukerak eman ez dizkiotelako… jendea bere ametsak gauzatu gabe geratzen dela uste duzu?

Bai, argi eta garbi. Jendeak ikusten gaitu gurpildun aulkian ia mugitu gabe eta pentsatzen du inutilak garela, edo ez garela gai hainbat gauza egiteko. Kaletik baldin banoa eta norbait hurbiltzen bada nire gurasoekin edo laguntzen ari zaidan pertsonarekin hitz egitera, 5 urteko ume bati bezala zuzentzen zaizkit, eta atzetik dator betiko galdera gorrotagarri hori: "Hitz egiten al du neskatoak?", "ulertzen al du?". Ongi ahoskatu ahalko banu, bati baino gehiagori argi utziko nioke ez naizela haiek uste duten modukoa.

“Nire bizitzaren kontrola hartzea eta abusoiei aurre egitea izan zen gakoa: ulertaraztea ezingo nindutela menpean hartu. Gurpildun aulkiarekin oinen bat edo beste zapaltzea ere lagungarria da; gero nahigabe izan dela esan eta kito”

Zure liburuan kontatzen duzu kritika eta irainei kasurik ez egiten eta bullyingari aurre egiten ikasi zenuela. Ez zen prozesu erraza izango.

Ez, ez da gauza erraza, eta niretzat ere ez zen batere erraza izan. Zorionez, une gogor horietan lagun on batzuk ere banituen, eta nire familia, jakina, baina familiak ez zuen inongo momentutan jakin zeinen gaizki ari nintzen pasatzen. Pixkanaka, nire burua onartzen hasi nintzen, naizen bezalakoa onartzen, eta norbaitek adarbakar deitzen bazidan (likornioa ia denerako erabili behar nuelako), edo lau-hanka (gurpildun aulkian joateagatik) edo "The Ring-eko neska" (nire barre eskandalosoagatik)… azkenerako nire erantzuna izan zen: "Bai! Eta zer? Arazoren bat duzu horrekin?". Nire bizitzaren kontrola hartzea eta abusoiei eta jazartzen nindutenei aurre egitea izan zen gakoa: jakinaraztea eta ulertaraztea ezin nindutela eta ezingo nindutela inoiz gehiago menpean hartu (eta gurpildun aulkiarekin oinen bat edo beste zapaltzea ere lagungarria da; gero nahigabe izan dela esan eta kito). Nire kasuan, halakoen aurrean irakasleek ez zuten ezer egin, eta behin eta berriz esan arren jaramonik egiten ez dizutenean, azkenean zure kabuz ekiten diozu edo hondora zaitzaten uzten duzu. Nik erabaki nuen nire kabuz ekitea.

Zein esanahi du zuretzat margotzeak, diseinatzeak? Nola lagundu dizu zure bizitzan?

Ez dit lagundu, besterik gabe nire pasioa da. Niretzat marrazten jartzea da beste mundu batean egotea, kolorez eta sormenez beteriko mundu batean. Erlaxatzeko edo isolatzeko beharra dudanean, margotzen hasten naiz. Arropa eta osagarrien gainean marraztea, eta ordenagailuan diseinuak eta ilustrazioak egitea ez dira gauza bera; margotzeko menpekoagoa naiz, gurasoen edo beste pertsonaren baten laguntza behar dudalako pintzela aldatzeko edo potean pintura gehiago botatzeko. Hori bai, likornioa jantzi eta tableteko arkatza ipintzen badidate, orduak eta orduak bakarrik eman ditzaket tabletean eta ordenagailuan diseinatzen edo ilustratzen.

“Burua zuri utzi eta irudimenari hegan egiten uzten diot. Batzuetan harritu egiten naiz marrazten dudanarekin!”

Poño izena darama zure zigilu pertsonalak (begitzat bi biribil beltz dituzten pertsonaiak, bata bestea baino handiagoa). Zer dago pertsonaia hauen atzean?

Historia kuriosoa da, Poño sortu nuen egunean katarroarekin nengoelako, inspiraziorik gabe. Pentsatu gabe margotzeari ekin nion, hiru borobil eta marratxo bat (ahoa), eta emaitza gustatu zitzaidanez, bukatu arte jarraitu nuen. Gero, nire aitak ikusi zuen eta esan zidan, “hori poño bat da!”, eta izen horixe geratu zitzaion. Ez du esanahirik, eta batez ere kamiseta eta jantzietan marrazten ditut.

Zein da zure inspirazio iturria, zure prozesu sortzailea?

Tim Burtonen pertsonaia eta pelikula guztiak ditut inspirazio iturri. Baita beldurrezko pelikulak ere, edo erromatarren garaikoak, eta batez ere fantasiazko pelikulak. Nik neuk dudan sormenak asko laguntzen du; batzuetan harritu egiten naiz marrazten dudanarekin! Prozesua oso sinplea da: burua zuri utzi eta irudimenari hegan egiten uzten diot. Ñabarduretan arreta handia jartzen dut, baina egun txarrak ere baditut, diseinu oinarrizkoagoa egin eta kito, eta hara, jende batek horiek gustukoago ditu.

Erakusketa egin dute Jessica Martinen lanekin, Irungo Martindozenea gaztelekuan.

Zeintzuk dira zure ametsak? Diseinuaren arloan lan egiten ikusten duzu zure burua?

Diseinatzaile profesionala izan nahi dut, bai diseinatzaile grafiko, bai modako diseinatzaile. Arazo bakarra da ezin ditudala eskuak erabili arropa egiteko, baina pozarren hartuko nuke norbaitek esatea: "Aizu, nire bilduma berrirako hainbat eredu ordenagailuz diseinatzea behar dut, negoziatuko dugu?". Gauza zaila dago eta halakorik suertatuko ez balitz, buruan dudan beste aukera da ipuinentzako ilustrazioak sortzea, edo marka korporatiboak, logotipoak… Zure galderari erantzunez, bai, ikusten dut nire burua diseinuaren arloan, eta esperantza dut hor lan egiteko.

“Ez dut uste ezeren beldur naizenik. Egokiagoa litzateke esatea hainbat kezka ditudala, esaterako pentsatzea ‘zer ekarriko dit etorkizunak?’”

Eta zeintzuk dira zure beldur nagusiak?

Zer da benetan beldurra? Beldurra iluntasunari, bakardadeari, porrot egiteari… Nire buruari galdetzen diot beldur errealik ba ote dugun. Nik adibidez pailazoei, likantropoei, urakan-haizeei diet beldurra, baina ez dut uste beldur errealak direnik, nik neuk sortutako beldurrak baizik, mota jakin bateko hainbeste film ikusteagatik. Beldurra bakarrik geratzeari, beharbada? Egia esan, gurasoak beti alboan izan ditut, behar izan dudan guztietan… Ez dut uste ezeren beldur naizenik, egokiagoa litzateke esatea hainbat kezka ditudala buruan, esaterako pentsatzea "zer ekarriko dit etorkizunak?".

Ezkerrean, bere liburuaren azala. Erdian, goian, egiten ari den liburuaren ilustrazioetako bat. Eskuinean, Poño estiloko irudiak.

 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Aniztasun funtzionala kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude