Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Langabezian geratu nintzen 24 urterekin, eta ezagun batek lan xelebrea eskaini zidan: ezkondu aurreko despedidak antolatzea. Logroñoko bere enpresa hedatu nahi zuen beste hiriburuetara, tartean Bilbora. Ezkongaien lagunen deiak jasotzen nituen, eta askotariko jarduerak eskaintzen eta kudeatzen nizkien: spa, paintball edo tirolina, eta ondoren afaria show batekin, izan drag queenak edo stripperrak.

Dilema etiko bat izan nuen lan horretan: stripper nanoen zerbitzua eskaini ala ez. Aukera eskandalagarria iruditzen zitzaidan, baina nor nintzen ni Bilboko stripper nanoen lan aukerak murrizteko, nire moralaren izenean? Mila buelta eman nizkion auziari, eta azkenean erraietatik erabaki nuen: ez nengoen bufoi dinamika kapazitista hori errazteko prest. Dena den, pare bat hilabete baino ez nituen iraun lan horretan.

Pasadizoa gogoratu dut Lamine Yamal futbolariaren 18. urtebetetze festaren harira. Zalaparta handia sortu du bere lagunek “irudi-neskak” eta nanismoa duten pertsonak kontratatu  zituztelako jai pribatua girotzeko. Espainiako komunikatzaile feminista abolizionista zuriek salatu dute “irudi-neskena” (irakurri, adibidez, Ana Bernal-Triviñoren artikulua Público egunkarian). Akondroplasia eta bestelako displasia eskeletikoak dituzten pertsonen elkarteak iragarri du epaitegietara joko duela, “desgaitasuna duten pertsonen duintasuna babesteko”. Adierazi dute nanoak entretenimendurako kontratatzea “funtsezko balore etikoak” urratzen dituela.

Aldiz, festan parte hartu zuen batek adierazi du oso gustura egon zela, ez zutela modu iraingarri batean tratatu eta duintasuna dela “ahots propioa, irizpide propioa eta gure bizitza pertsonalari eta profesionalari buruz erabakitzeko gaitasuna” izatea. 
Askatasuna edo diskriminazio estrukturala? Eztabaidarako baliogarriak dira Amelia Barquínen azalpenak Arrigorriagako jai batzordeak Vulkano orkestra festa-egitarautik kentzearen erabakiari buruzko ARGIAko erreportajean. Nik, nire estiloan, erdibideko iritzia daukat: ezin ditugu botere dinamikak irauli subjektuen agentzia ukatuz.

Edonola ere, onartu behar dizuet duintasunari lotutako kezka premiazkoagoak ditudala: sindikalismoa egiteagatik kartzelaratuak dauden Asturiasko langileak (La Suizako seiak), pertsona arrazializatuen kontrako ehizak, eta Gazako herritarren gosetea. Halakoak lehenesten ez dituen feminismoa ez da nire feminismoa. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude