Ikara Pazifikoan: eraso atomikoa iragarri dute Hawaiin... ez kasualitatez

  • Urtarrilaren 13an, larunbata, beren bizitzako estutasunik larriena jasan zuten Hawaii uharteetako herritar askok, Ozeano Barean. Ipar Koreak bere mehatxua gauzaturik misil atomikoa bidalita, Hawaiira bidean zela abisatu zieten agintariek. 30 minutuz iraun zuen alarmak, harik eta agintariek argitu zuten arte simulazio batean gertatutako hutsegitea izan zela. Litekeena da, hala ere, hutsegitea baino zerbait gehiago izatea, munduak bizi duen arma atomikoen norgehiagokaren erdian.

CNN katearen argazkian, Hawaiiko herritarrek telefono mugikorretan urtarrilaren 13an goizeko 08:07an jaso zuten mezua: “Larrialdi alerta, misil balistiko bat Hawaiira bidean, ez da simulakroa“. Benetan Ipar Koreak bonba atomikoa daraman misil bat bidaltze
CNN katearen argazkian, Hawaiiko herritarrek telefono mugikorretan urtarrilaren 13an goizeko 08:07an jaso zuten mezua: “Larrialdi alerta, misil balistiko bat Hawaiira bidean, ez da simulakroa“. Benetan Ipar Koreak bonba atomikoa daraman misil bat bidaltzen badu uharteotara, jendeak 12-15 minutu leuzkake eztanda baino lehen non edo han aterpetzeko. Aterpetuta ere zer lortuko luketen jakitea ez da oso atsegina.

Hawaiiko herritarrek larunbat eder hartako goizeko 08:07etan jaso zuten mezua telefonoetan: “Emergency Alert BALLISTIC MISSILE THREAT INBOUND TO HAWAII. SEEK IMMEDIATE SHELTER. THIS IS NOT A DRILL”. Euskaraz: Larrialdi alerta, misil balistiko bat Hawaiira bidean, ez da simulakro bat. 38 minutu luze pasa ziren agintariek bigarren mezua, oraingoan lasaigarria, zabaldu zuten arte:  “Hawaii estatuarentzako inolako mehatxu edo arriskurik ez dago. Berriro diogu. Alarma faltsua”.

AEBetako armadaren baseetako militarrak azkar jabetu ziren arren erasorik ez zela, herritarrei luze jo zieten 38 minutu horiek. Batzuek lasaiago hartu zuten arren alarma sirenak piztu ez zirela jabetuta, beste asko saiatu ziren beren buruak babesten ahal bezala, autoetan zihoazenek tuneletan edo lurpeko parkingetan babestuz, aterpe nuklearren bat zutenek hartan sartuz... Hawaiiko unibertsitatearen Manoako fakultatean ikasleak ahalegindu ziren aterpe nuklearretan sartzen, baina itxita aurkitu zituzten, funtzionarioek giltzarik aurkitu ezinda.

Boston Globe egunkarian Allison Wallisek kontatu du Hawaiiko Ohau uhartean berak bizi izan zuena: “Hawaiin ama izatea 38 minutuko beldur nuklearraren erdian”. Hondamendiak ez zaizkie arrotz hawaiiarrei, urakanak ez badira uholdeak, eta askok dauzkate etxeetan larrialdietarako kitak, “baina 36 urte dauzkat eta gerra nuklearren mehatxurik gabeko mundu batean hazi nintzen”, dio Wallisek.

Senarra lanean zuen. Alaba txikiaren bila joan zen lorategira: “Zoaz gora, maitea, azkar, oraintxe. Hartu zure burkoa, sartu bainugelan, ireki iturria eta bainu ontzia betetakoan itxi berriro. Eseri bazter batean eta niri itxaron. Adoretsua izan behar duzu. Berehala noa”.

Haurrak ez zuen negarrik egin, baina zuri-zuri zegoen, ikaratuta bere pijama barruan. “Ama, baina zer gertatzen da?”. Amak zakurra lotu zuen bainugelara eramateko, alabaren txintxilla maskota bere gordelekuan sartu, eta bidean txokolate barra batzuk batu zituen, etxean inprobisatutako babes lekuan kaloria azkarren beharra izango zutelakoan.

Bainugelan amak alabari, lasaitu nahian, galdetu zion ea eskolan aipatu zieten Dug and Cover (makurtu eta babestu) ipuina: Gerra Hotzaren urteetan eskoletan eraso nuklearren aurrean nola jokatu irakasteko marrazki bizidunez gobernuak hornitutako Dug and Cover azaltzen zitzaien umeei. Betiko galdutako kontuak ziruditen.

“Baina ama, zertan ari gara? Mesedez, zer ari da gertatzen?”, galdetzen zuen neskatoak. Gurasoek ez zioten politikaz hitz egiten, lehendakariaz ere ez, hartaz gauza on gutxi daukate kontatzeko eta ez dizkiote beren beldurrak pasatu nahi.

“Maitea, badakizu batzuetan herrialde batzuk borrokan hasten direla beste batzuen kontra, horixe da gerra. Gure lehendakaria liskarretan aritu da beste batekin eta honek misilak dauzka. Badakizu zer den misil bat? Orain esan digute beste herrialde horrek misil bat bidali duela Hawaiira. Gure militarrek hura lehertu artean nonbait  babestu beharra daukagu, badaezpada”. Haurrak baietz eta ea aita non den. Etxera bidean dela.

Halako batean iritsi da senarra etxera, uhartearen beste muturretik autoa ero moduan gidatuta. Tragoa galanta, eta beldurra. Eta telefonora heldu zaie mezu berria, alarma faltsua izan dela. 38 minutu luze ziren pasatuak. Ordu batzuk geroago idatzi zuen Allisonek Boston Globerako artikulua: “Senarrak eta biok erabaki dugu larrialdiko kita prestatzea. Iodoa nola erosi ere enteratu behar dut. Alabarekin hitz egingo dugu eta familia osoa simulakroak egiten hasi”.

Nor da gaur gerra atomikoaren beldur?

Ipar Korearen eta AEBen arteko tentsioa Donald Trump lehendakari denez geroztik berotu ahala, eraso atomiko baten beldurra ere areagotu da AEBen 50. estatua den eta base militar oso indartsuak dauzkan Hawaii artxipelagoan. Hainbat misil jaurti ditu azken aldian Ipar Koreak, azkena joan den azaroan, eta adituek uste dute Piongiangetik 7.400 kilometrotara dagoen Hawaii kolpatzeko gai dela. Ipar Koreak misil atomiko bat jaurtitzekotan, hawaiiarrek 12-15 minutu edukiko lituzkete beren buruak babesteko eztanda baino lehen.

Zer gertatu zen benetan urtarrilaren 13an, hawaiiarrak alarma faltsuz ikaratzeko? Agintariek azaldu dutenez, militarrak simulakro batean ari ziren eta ofizial batek hanka-sartze batean bere hatzaz okerreko botoiari sakatu zion. Zenbait adituk ez du erabat sinesten bertsio hori: batetik Trumpen gobernua nazioartean gerra giroa berotzen eta bestetik ipar korearren misil jaurtiketen aurrean Hawaiin behin eta berriro simulakroak egiten; urtarrilaren 13koa sasi-simulakro sofistikatuxeagoa izatea ere ez da pentsa ezinezkoa, alegia, populazioa garai berrietara egokitzeko operazio bat gehiago.

Bitxia da hedabide nagusiek zein oihartzun txikia egin dioten gertakizunari. “Kazetariak eta era zabalagoan hedabideak arma nuklearren gaiak lantzeari dagokionez huts egiten ari zaizkio jendearen interesari”, idatzi du Marie McInerney australiarrak Croakey hedabidean. McInerney ICAN Arma Atomikoak Debekatzeko Nazioarteko Kanpainako kidea da eta nabarmendu du erakunde horrek, Nobel saria irabazi berria duen arren, salatzen duen arriskua herritarrei iristeko hesi gogorra aurkitzen duela aurrean.

“Zera egon liteke –dio McInerneyk– hedabideek gaiok baztertzeko daukaten joeraren oinarrian: disuasio nuklearraren teoria onartzen eta are sustatzen ere dutela. Teoria hori [nuclear deterrance ingelesez] funtsean demostratu gabeko sineste bat da, alegia, arma nuklearrak hain ikaragarriak direnez, horrek berak behartzen dituela armok dauzkaten potentziak elkarri ez erasotzera, biak suntsituta geratuko liratekeen beldurrez”.

Badirudi iritzi publikoaren baitan lasaigarri suertatu dela disuasio nuklearraren ideia. ICAN Nobel sari eta guzti arma nuklearrak debekatzeko egiten ari den kanpainak ez du beste munduko zalapartarik pizten eta potentzia nuklearretako herritarrak –Bidasoaz bi aldeetako euskaldunok barne– ez dira kalera atera beren estatuek uko egin diotenean debekuari. “Ba al dago, ordea, gerra atomiko baten arriskurik?” harrituko zaizu herritarrik informatuena ere .

Frantzisko Aita Santua da alarma deia zabaldu duen salbuespenetakoa. Hego Amerikara egin duen bidaian azaldu die bere kezka kazetariei: “Benetan beldurrez nago. Muga-mugan gaude. Aski da  gorabehera bat gertatzea gerra lehertzeko. Ezin dugu jokatu egoera larriagotzeko arriskuarekin. Horregatik, arma atomikoak suntsitzea derrigorrezkoa da”. Kristauek ere entzun ote diote?


ASTEKARIA
2018ko otsailaren 04a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Arma nuklearrak
2024-03-25 | Jakoba Errekondo
Ginkgoaren irrimurrika eta barre ttikia

Burua dardaratu eta ikaratu zigun ginkgoak (Ginkgo biloba). Lizar-makila denboran ginkgoa aspaldi galdutako zuhaitz espezietzat jotzen zen. Bere hostoen fosilak ezagutzen ziren, beste arrastorik ez.


2023-06-13 | Ilargi Manzanares
Arma nuklearretan estatuek egindako gastua, hirugarren urtez jarraian, gora

Arma nuklearrak dituzten bederatzi herrialdeek 82.900 milioi dolar gastatu zituzten iaz arma horietan, 2021ean baino %3 gehiago. Arma Nuklearren Indargabetzerako Nazioarteko Kanpainak (ICAN) argitaratutako txosteneko datuak dira. Minutuko 157.000 dolar baino gehiago.


Bielorrusian arma nuklearrak zabaltzeko asmoak tentsioa areagotu du

Vladimir Putinek iragarri du prest daudela jada hamar hegazkin armak Bielorrusian zabaltzeko. Europak mehatxu egin dio Bielorrusiari, eta planarekin aurrera jarraitu ezkero "zigor gehiagorekin" erantzungo diola adierazi du.


Eguneraketa berriak daude