Agirreren lehengusu, nazien espioi

  • Ribadeo (Lugo), 1902ko maiatzaren 12a. Juan Gomez de Lecube jaio zen. Beste iturri batzuek diote 1906an jaio zela Sestaon. Baina, jaioterria jaioterri, Euskal Herrian eman zuen haurtzaroa; Jose Antonio Agirre Lekube zuen lehengusu, gero lehendakari izango zena, eta, amarenaldetik umezurtza izanik, haren ondoan hazi zen. Anaia nagusia Luis Valentin ere ezaguna izango zen Hego Amerikan kontrabandista gisa; Herrena esaten zioten.

     

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena
2018ko otsailaren 04a
Juan Gomez de Lecube 1942an atxilotu zuteneko argazkiak. 1920ko hamarkadan futbol jokalari izana, eta Bigarren Mundu Gerran alemaniarren agentea, Jose Antonio Agirre lehendakariaren lehengusua zen. (Arg: Erresuma Batuko Artxibo Nazionala)
Juan Gomez de Lecube 1942an atxilotu zuteneko argazkiak. 1920ko hamarkadan futbol jokalari izana, eta Bigarren Mundu Gerran alemaniarren agentea, Jose Antonio Agirre lehendakariaren lehengusua zen. (Arg: Erresuma Batuko Artxibo Nazionala)

Juan ez zen herrena; futbolari profesionala izan zen, ezker hegalean jokatzen zuen eta bere garaiko jokalaririk azkarrenetakoa izan zen kokapen horretan. Celta eta Atlético de Madrid taldeetan jokatu zuen, besteak beste, 1920ko hamarkadan. Futbola utzita, Kataluniara joan zen familiarekin eta Ogasunean hasi zen lanean; diru-sarrerak osatzeko, merkatu beltzean eta bitartekari gisa ere aritu zen.

Baina nazioarteko erakundeen interesa 1940ko hamarkadaren hasieran piztu zuen, alemaniarrentzat espioi lanak egiteagatik. Londresko artxibo nazionaleko hari buruzko espedientea ikertu du Sapiens aldizkariak azken alean, Lecuberen nondik norakoak jasotzeko.

MI6aren txostenen arabera, naziek 1941eko urrian errekrutatu eta 1942ko maiatza bitartean trebatu zuten. Ekainaren lehenean ontziratu zen Bartzelonan, Panamara bidean, baina hilaren 17an Trinidaden britainiarrek atxilotu zuten. Alemaniaren zenbait mezu atzeman zituzten bidean eta hilabeteak zeramatzaten Lecuberen atzetik. Alemaniarren zerbitzura Atlantikoa zeharkatu zuen agenterik garrantzitsuenetakoa eta arriskutsuenetakoa zen haientzat. Tinta ikusezina egiteko materiala eta Alemaniako inteligentzia zerbitzuko beste agente batzuen izenak eta helbideak zeramatzan atxilotu zutenean.

Churchillen kabineteko Barne ministro Herbert Morrisonen aginduz, Erresuma Batura eraman eta 020 esparruan sartu zuten 1942ko urriaren 4an. Britainiarren galdeketa gogorrak alferrikakoak izan ziren. Squealer (salatari) izeneko plan berezi bat ere jarri zuten martxan, beste agente bat amu gisa erabiliz.

Lecubek behin eta berriro askatzeko eskatu zien Espainiako enbaxadoreari eta Ingalaterrako Barne ministroari, eta jasotako tratu kaskarra salatu zuen. Baina harengandik ez zuten batere informaziorik lortu. “Lecube gerra guztian izan dugun presorik zailena eta problematikoena izan da. Aitorpena lortzeko ahalegin guztietan porrot egin dugu”, zioen 1945eko abuztuaren 10eko txosten batek. Gerra amaituta zegoen eta Espainiara deportatu zuten.

Entrenatzaile titulua aterata, Lleida nahiz Condal taldeak entrenatu zituen bere azken urteetan. 1966ko maiatzaren 2an hil zen Bartzelonan.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Nazismoa  |  EAJ

Nazismoa kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude