ARGIA.eus

2020ko uztailaren 03a

Ez hain eskura

Aingeru Epaltza @AEpaltza
2017ko azaroaren 26a

Kataluniako lehendakari Carles Puigdemontek errana Bruselako erbestetik: “Independentziaz landa, posible da bertzelako harreman mota bat Espainiarekin”. Generalitateko Hezkuntza kontseilari Clara Ponsatí ere handik da mintzo: “Kataluniako Gobernua ez zegoen behar bezain prestaturik urriaren 1eko emaitzei jarraipen politikoa emateko”. Min ematen du PPko, PSOEko eta Ciudadanosko bozeramaileei darien pozak.

Erreferendumaren egunean Bartzelonan ibilitako euskaldunak miretsirik itzuli ziren hauteslekuen inguruko giroaz. Hango kemena. Hango indarra. Hango ilusioa. Xalotasuna ere aipatu zuen baten batek, xalotasun txundigarria. Jendeak eskura, oso eskura, ikusten zuen bere ametsa.

ERCko bozeramaile Sergi Sabriàk iruzkina egin dio bere alderdikide Ponsatíri: “Estatu autoritario baten bortizkeria mugagabeari aurre egiteko, horrexetarako ez zegoen prestaturik Kataluniako Gobernua”. Herritarrak zilegi duen xalotasuna barkaezina da buruzagi politikoarengan.

Rajoy galtzaile ageri zen urriaren 1eko iluntzean. Independentziaren makina ziztu bizian zihoan, traba guztiak gainditzeko gauza. Independentistak puntuz puntu betetzen ari ziren beren ingeniariek ondutako plana. Ezinaren erakusgarri zen Estatuaren erantzun zakarra. Prozesua indartzera zetorren boto-emaile baketsuen artean polizia espainiarrak partitutako egurra.

Noiz izorratu zen procésa? Seguru aski, urriaren 2an berean. Geroztik, egoeraren irakurketa oker baten ondoriozkoak dirudite independentisten erabaki gehienek. Aurkariek ez dute huts bera egin.

Nago polizien borrak bezain eraginkor gertatu dela enpresen ihesa. Goizetik arrats, errealitatearekin muturrez mutur topatu da Kataluniako herritar arrunta. Independentzia ez da doakoa. Badu bere kostua. Bizkarrean. Patrikan. Askatasunerako bidea ez dago lorez apaindua, dolorez baizik. Harriz. Sasiz. Azken sastakada, 155. artikuluaren aplikazioa: irabazi berririk gabe gelditu ez ezik orain artekoak galtzeko arriskuan kausitu dira katalanak.

Bazuten erresistentzia baketsuaren sokatik tiraka segitzea. Aldarrikatutako estatu berria karrikan defendatzea. Ez dute bide hori urratu nahi izan. Koldarkeria? Norberaren indarrak neurtu ondoren hartutako erabakia, aukeran. Ez zen hainbertze jende prest odola, izerdia eta malkoak isurtzeko edo isurarazteko.

“Normalizazioaren  itzulera”. Horra Mariano Rajoyren leloa Generalitatearen eskumenak bahitu dituenetik. Nonbait, Kataluniako herritarren puska handi batek horixe du amets: eromenezko urte hauen akabaila. Zer gailenduko da, haserrea edo nekea? Abenduaren 21ean jakinen dugu nor okertu den. Grazia putarik ez luke izanen procésaren emaitza izateak Inés Arrimadas ikustea Kataluniako lehendakari.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Iritzia  |  Katalunia independentziarantz

Iritzia kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2017ko azaroaren 26a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude