Txinako Alderdi Komunistaren azken biltzarrak Mao Zedongen pare ipini du Xi Jinping, honen pentsamendua Lemazain Handi harena bezala ikasiko delarik eskoletan. Alderdiko idazkari nagusi, errepublikako lehendakari, armadaren buru... ulertu behar da Xi Jinpingek bere eskuetan bildu dituela Txinako botere guztiak? Munduko herrialderik handieneko aginte jokoak hainbat ikuspegitik analizatu daitezke. Belaunaldien dinamikatik aztertzeak, esaterako, asko balio dezake.
Jean-Louis Rocca (1957) soziologo eta ekonomialaria irakasle da Parisko Sciences Po (zientzia politikoak) fakultatean, Beijingeko Tsinghua unibertsitatean zazpi urtez eskola emana da eta hainbat liburu dauzka idatzita Txinako gizarteaz eta politikaz. Uneotan bere ikerlanen gaia da “Txinako klase ertainak: kontestazio soziala eta demokratizatzeari buruzko eztabaida”.
Txinera ere menderatzen duen Roccak bi artikulu mamitsu plazaratu ditu aurten Le Monde Diplomatiquen, azkena Alderdi Komunista Txinatarraren biltzarraren bezperetan: “Baina zer nahi du Xi Jinpingek?”. Bertan proposatzen digu Txinari buruz zabaldu diren klitxeak aparkatu eta belaunaldien ikuspegitik aztertzea han gertatzen dena, hau da, aginte ekonomikoa eta politikoa gaur bere eskuetan dauzkan belaunaldiaren ezaugarrien arabera. Ondoko lerroek Roccarena laburbildu nahi dute.
Zergatik belaunaldien analisia? “Klase sozial batean sozializatzeak pertsona bat moldatzen duen bezala –oinezko ibilkeran bezala jokabide politikoan– esperientzia berdinak eduki dituen belaunaldi batekoa izateak laguntzen du modu bateko pertsona izaten. Honetan eredugarria da Txinako elitearen kasua. Arlo guztietan, ekonomian, artean, akademian eta, noski, politikan, oso belaunaldi berezi batek dauzka gaur bere eskuetan boterearen giderrak, Xi Jinping lehendakariaren ibilbideak erakusten duenez”.
1953an Alderdi Komunistako goi koadroen familia batean sortutako ume pribilegioduna, 1966-1971 urteetako Iraultza Kulturalean gogor zigortua izan zen bere familiarekin batera. Zerutik infernura une batetik bestera, asko aipatu dira Xi Jinpingen haurtzaroko trauma horiek. Hala ere, ekaitza baretu bezain laster joan ahal izan zen unibertsitatera, ondoren Alderdian karrera politikoa egiten hasteko... gailurra jo arte.
Gaur Txinan 60-70 urteren bueltan dabiltzan eliteko jende gehienek beren soin eta ariman izaeraren osagai bihurtuta daramatzate garai nahasi haiek utzitako orbainak, batez ere iraultzaileen lehen belaunaldikoen ume direnek, gorri jaio direla-eta sehaskatik dagokielakoan Txinaren buruzagietarik izateko eskubidea.
Belaunaldi honek gehien estimatzen duen balioa egonkortasuna da. Hezkuntzan ikasiagatik baina batik bat Iraultza Kulturalean beren larruan nozitu izanagatik, ez da ezer gehiago kezkatzen dituenik liskar politikoak baino. Horregatik, Txinaren modernizazioak behar du elite modernoa, arrazionala eta... autoritarioa.
Bigarren ezaugarria, modernizazioa behar da Txinari bere loria berreskuratzeko. Modernizazioa, helburu nazionalistaz. Honetan, ordenaren obsesioan bezala, elite honek jarraipena ematen dio XX. mende osoan Txinako agintari nagusiek markatutako bideari. Txina munduaren erdian kokatu nahi dute berriro. Nahiz eta etnozentrismo honek berekin dakarren Txinaren gaur eguneko arazo larri bat: atzerrian gertatzen denaren ezezagutza handia.
Beste balio zentral bat: lagunen sareak, taldeak, mundu ezegonkor eta arriskutsu batean bizirauteko hil ala bizikoak. Xi Jinpingen kasuan, bere karreraren hasieran Fujian eta Zhejiang probintzietan antolatutako adiskide eta laguntzaile sarearekin iritsi da lehendakaritzaraino.
Aginte indartsu batek aurpegia behar
90eko hamarkadatik, eliteak gero eta gehiago internazionalizatu dira: haien balioak gero eta gehiago dira nazioarteko eliteenak, atzerrian dauzkate diruak eta ondasunak, haurrak AEBetara edo Europara bidaltzen dituzte ikastera, baita bizitzera ere. Oraingoz hau ez da kontraesanean sartu Alderdi Komunistaren eredu teknokratarekin, baina noiz arte izango dira eliteontzako uztargarri nazioarteko kapitalaren agenda jarraitzea eta Txinarekiko leialtasuna?
Kontraesanon erdian nazioaren sustraia aldarrikatzeko, eliteak hesi barruan atxikitzeko, ustelkeriaren aurkako borroka oinarrizko arma bihurtu da. Alderdiaren ordezkari, estatuaren goi funtzionario eta negozioetako gizona izatea bereizten ez diren eskema batean, denei ezartzen zaie herriarekiko eta alderdiarekiko leialtasuna. Ustelkeriaren kontrako borroka, zalantzarik gabe, tresna egokia gertatzen da arerio politikoa suntsitzeko. Baina bada kontrol tresna ere, ororen gainetik ezartzeko taldearekiko leialtasuna.
Modernizazioak kaltetu dituen jende eta taldeen protestak onartzen ditu Txinako eliteak, baldin eta kexuak mugatzen badira etxe barruko arazo zehatzetara, erregimena auzitan jarri gabe. Txinako bazter askotan, kutsadura nozitzen duten herri eta fabrika inguruetan esaterako, ohikoak bihurtu dira protestak, halako usina itxi dezaten, soldata igoerak eskatzeko... interesak defenditzeko. Agintariek badauzkate moduak horiekin negoziatzeko. Alabaina, interes horien inguruan antolatu nahi baldin badira sindikatu edo elkarteak, orduan errepresioak ez du gupidarik. Zer esanik ez bestelako disidentzia batez ari bagara, Txinako elitea eta sistema osoa auzitan jarri nahi duen disidentzia politikoaz: honek gorputz sozialetik kanporatua izatea dakar.
Koadro orokor honetan, Xi Jinpingek jokatzen duen papera oso urruti ikusten du Jean-Louis Roccak mendebaldeko prentsak berataz egindako iruditik. Aginte zentralaren eta kontrol ideologikoaren indartzea, alderdiaren idazkari nagusiari dagokion lidergoa nabarmentzea, disidenteen zanpaketa gogorragoa, horrek guztiak ez du berresten botere pertsonal bat bazik eta alderantzizkoa, eliteen arteko kontsentsua azaleratzen du. Funtsean, egonkortasun sozial eta politikoak behar dute alderdiarekiko leialtasuna indartzea eta horri aurpegi bat jarri behar zaio. Gaur egun Xi Jinping da aurpegi hori baina gerta liteke beste bat, estilo eta ezaugarri berekoak izanez gero. Zergatik aurpegi bat eta ez kolektibo bat? Dudarik gabe garaiak bere larritasuna daukala uste dutelako eta iraultzaileen umeak iritsi direnez agintea hartzeko adinera, funtsezkoa delako iraultzaren izpirituaren bertuteak berreskuratzea. Aurreko idazkari nagusia zen Hu Jintao bere aginte aldian bigunegi aritu dela uste izanik, Txinak behar duen aginte indartsua nabarmendu nahi izan dute berriro.
“Jaun eta jabe izateko –dio Roccak– Xi Jinpingek beharko luke proiektu edo pentsamendu lerro bat Mao Zedong edo Deng Xiaopingek zituztenen mailakoa. Ez dauka. Bere politikek ez dute iraganekoekin eteten, ez ustelkeriaren aurkako borrokan, ez Txinaren indarra sendotu nahian, ezta ere txirotasunaren eta ezberdintasunen kontrako borrokan”. Alderdi Komunistaren 2022ko biltzarrean ikusiko da ea bitartean indarra hartu duen hirugarren belaunaldiak.
Trumpen muga-zergen dantza da azken hilabeteetako berri nagusietako bat. Gerra komertziala eta ekonomikoa hedabideen eta analisten ahotan daude oraindik ere. Gehienetan, baina, herritarrei gauzak era oso sinplean azaltzen zaizkie, gutxi-asko esanez Etxe Zurian ero bat dagoela... [+]
Zuzenean, askok, edo geroago ehunka milioik ikusi ahal izan duten irailaren 3ko Pekineko desfile militar erraldoiak bazuen, bai horixe, mezua. Halako guztiek bezala, esan genezake. Antolatzaileen borondateaz harago doazen mezuak, batzuetan. Mezu horiek zein eta norentzat ziren... [+]
Alaskan nahiz Etxe Zurian egindako bilkurek sortzen duten harrabotsaren parekorik ez du piztu. Eta protagonistek ere hala nahiago, esango nuke. Baina begien bistako garrantzia du Asiako bi potentzia nagusientzat eta, zeharbidez, kontinente osorako: Txinako Kanpo-arazoetako... [+]
153 orrialdeko txosten bat kaleratu du parlamentuak. AEBak ez ditu apenas zuzenean aipatu, baina horretarako "ikuspegi atlantista" terminoa erabili du: "Europak darabilen ikuspegi horrek gerra-komertziala ekarri du Europaren eta Txinaren artean, ageriko kalte eta... [+]
Guangzhou (Txina) 1925eko ekainaren 23a. 100.000 herritar inguru bildu ziren atzerriko potentzia inperialisten aurkako martxan. Maiatzaren 30ean britainiarrek hainbat manifestari hil zituzten Shangaiko protestaldi batean. Hildakoekiko elkartasunez Guangzhouko langileek greba... [+]
Ekainaren 13an, ezohiko ekitaldi baten lekuko izan zen Pekineko Herriaren Areto Handia: Txinako Alderdi Komunistaren aginte goren osoak (baimenduta leudekeen absentziak salbu; nola jakin horietakoa ote zen He Weidong jeneralarena? Izan ere, ez zen ageri mahai nagusian,... [+]
Ezer geratu bada argi pasa den astean Londresen Txinako eta AEBetako merkataritza-arduradunen artean adostu zuten “esparru-akordioan” (batek daki zer esan nahi duen zehazki esamoldeak; “Genevako akordioari buruzko akordioa” dela diote batzuek), hauxe izan... [+]
Akordioa asteazkenean sartuko da indarrean. Haren ondorioz, AEBek %30eraino jaitsiko die ordaindu beharreko muga zerga produktu txinatarrei, eta Txinak %10eraino estatubatuarrei.
Txinako Shanxi probintzian, Tang dinastiako hilobi batean, hildakoen eguneroko bizitzako eszenak irudikatzen dituzten pinturak topatu dituzte. Eszena horietako batean gizonezko ilehori bat agertzen da. Ilearen koloreari eta aurpegierari erreparatuta, hilobia aztertu duten... [+]
Yanis Varoufakis-ek DiEM25 mugimenduaren Youtubeko kanalean elkarrizketatu du Columbiako Unibertsitateko Jeffrey Sachs irakaslea. Horrek azaldu du nazioarteko politikan Amerikako Estatu Batuek pokerrean jokatzen dutela, Errusiak xakean eta txinatarrek Go jokoan. Azken hori... [+]
Iradokitzailea delakoan edo, muga-zergen gatazkaren harira norbaitek berriro zirkulazioan jarri duen Maoren 1953ko bideoaren garai hartakoa da milioi bat igerilariren txantxa. Alegia, orain harekin bat egiten omen duen Xi Jinping jaio zen urtekoa.
2021etik 2025era isuriak %15ean murriztu behar zituen industriak. Ursula Von Der Leyenek automobilgintzaren sektorearen eskutik ekintza plan bat aurkeztuko du martxoaren 5ean. Oraindik erabakia hartua ez badago ere, Europar Batasunak sektorearen eskaerak onartuko dituela diote... [+]
Silicon Valley-ko oligarkia AEBetako gobernura iritsi berritan lehertu da adimen artifizialaren (AA) burbuila. Txip aurreratuen erraldoia den Nvidia-k urtarrilaren amaieran izandako %16,8ko balio galera, egun bakar batean inoiz izan den burtsa balio galerarik handiena da... [+]
Otsailaren 17an Txinako Alderdi Komunistaren arduradun gorenak bildu ziren bertako enpresa pribatu handienen zuzendari nagusiekin. Ez da ohikoa aldi eta areto berberean Huawei, BYD, New Hope, Tencent, SWSC, Yushu, Xiaomi edo DeepSeek bezalako konpainien nagusi gorenak bilduta... [+]