Telesailak idatzi egiten dira

  • Berez da bulegokoa eta itzalpekoa gidoilariaren lana. Zuzendariak emango ditu elkarrizketak; aktoreek beteko dituzte pantaila eta –halakorik balego– alfonbra gorriak; eta gidoilaria –beste asko bezala– bigarren planoan geratuko da, kredituetako izen-abizen erdi ezezagun, beste ideia bat garatzen, argia ikusiko duen jakin gabe. Dena ez da ilun, hala ere: zirrara berezia sortzen du telebista piztu eta norberak idatzi edo irudikatutakoa pantailan ikusteak. Halakorik lortzea, ordea, zaila da, eta zer esanik ez ikus-entzunezko fikziorik ia ez duen Euskal Herri honetan. Sarri ezkutukoa den lan hori hobe ezagutu nahian jo dugu Yurre Ugarte eta Iñigo Lezertuarengana.

ETBn fikzioa lehenengoz egiten zeneko garaiak ondo ezagutzen ditu Yurre Ugarte idazle eta gidoilari tolosarrak. Betidanik izan du gustuko idaztea, eta kazetaritza ikasketak hasi bazituen ere, Leioan espezialitaterik ez zegoela-eta Londresera joan zen ikus-entzunezkoak ikastera. Han hasi zen bere lehenengo lanak idatzi eta zuzentzen. Itzuli zenerako, film luze baten gidoia zekarren besapean. Orio Produkzioak-eko Martin Ibarbiarengana jo zuen proiektu horrekin, eta hark, kontra-proposamena bota zion, sitcom baterako ideia garatu eta idazteko eskatuz. Huraxe izan zen bere lehenengo gidoilari lan profesionala: Penelope-Enea (1992), ETB1en.

Ikasteko aukera paregabea izan zen arren, baldintzak ez ziren onenak izan: “Hasiberri ausart batek bakarrik onartzeko modukoak izan ziren lan-baldintzak, hilabete bakarrean 10 gidoi idatzi behar izan bainituen. Modu horretan, telesaila B mailakoa aterako zaizu, ezinbestean”. Geroztik beste proiektu askotarako egin du lan, Goenkalerentzat, marrazki bizidunetako film luzeetarako, eta baita Tele5, Telemadrid edo TV3 telebistentzat ere. Orotariko bizipenak izan baditu ere, uste du askotan gidoilariaren lanari ez zaiola behar besteko garrantzia aitortzen, nahiz eta oso zaila den emaitza on bat lortzea idazketa eta ideiaren garapenari denbora eman gabe. “Ez baduzu ulertzen gidoi bat idazteak denbora eskatzen duela, ez duzu ulertzen ikus-entzunezko lan bat zer den. Aurreprodukziorako denbora behar da, idazteko denbora behar da. Industria bat eraiki nahi baduzu, hori ere prozesu industrialaren barruan integratu behar duzu, eta noski, ordaindu. Hain bistakoa dirudien hau ez da beti aintzat hartzen”.

Zenbat balio du ideia batek?

Euskaraz eskaintzen diren ETBko telesailetan ere, gidoiaren zati bat behintzat, gaztelaniaz idazten da maiz

Ugartek baino hamarkada bat geroago ezagutu zituen telebistaren barrunbeak Iñigo Lezertua gidoilari mutrikuarrak. 22 urterekin hasi zen lanean, Pausokan proba egin eta berehala hartu zutenean. Euskolegas eta Vaya Semanita saioetatik igaro ondoren, Madriletik aritu da hiru urtez Espainiako Estatuko zein nazioarteko hainbat telebistarentzat ideiak eta gidoiak garatzen. Gidoilariaren lana idaztea baino askoz gehiago dela dio: “Ikertu egin behar duzu, beste herrialdeetan zer egiten den begiratu, egokitu zure ideiak telebista bakoitzak nahi duenera, eta gainera, zure ideia saltzen jakin”. Horrek guztiak lan eta denbora asko eskatzen du, baina dioenez, oro har euskal ekoiztetxeek ez dute ideien garapenean inbertsiorik egin nahi, eta beraz, etxetik eta bermerik gabe egin beharreko lana izaten da askotan. Gero kasurik onenean, ideia ona bada, erosi egingo diote. “Baina, atzean dagoen lan guztia kontuan hartuta, zenbat balio du ideia batek?”, galdetu du Lezertuak.

Eskamak kentzen telesailaren sortzailea eta gidoilari nagusia ere bada: “Oso aberasgarria izan da, baina zaila ere bai: denborarik ez duzu inoiz telebistan: beti da erlojuaren kontrako lana, aldaketa asko egin behar dira… Telebista, edo asko gustatzen zaizu, edo ez duzu aguantatzen. Nire kasuan bokaziozkoa da; asko ikasi eta gozatzen dut proiektu bakoitzarekin”.

'Goenkale’ izan zen urte askoan gidoilariak trebatzeko eskola.

Martxan egotearen garrantzia

Batak zein besteak argi du talentua badagoela euskarazko fikzioan maila oneko gauzak egiteko. Baina horretarako, aukerak eman behar dira, baita hanka sartzeko aukera ere. Lezertuak uste du gutxi direla telebistako erritmoan lanean ari diren euskal gidoilariak, eta horrela oso zaila dela profesionalek ikastea, trebatzea… “Zu txirrindularia bazara, eta luzaroan ez baduzu lehiatzen, ez duzu behar besteko erritmorik izango. Telebistarekin gauza bera gertatzen da, ez bada fikziorik sortzen, zailagoa izango da gerora ere kalitatezko lanak egitea”.

Yurre Ugarte:
“Sortzaile emankorrak nahi badituzu, baratzea landatu, erein, ureztatu, edo hitz batean, zaindu behar duzu. Lan egiteko aukerak eman behar dituzu”

Dioenez, hutsune horrek gidoilari asko beste ibilbide profesional batzuk hartzera eraman ditu: irakaskuntzan, ikus-entzunezko sektorearen beste alor batzuetan, ostalaritzan… Edo beste herrialde batzuetan lan egitera. Horrek zailtzen du pertsona horiek gero, premia dagoenean, telebistara itzuli ahal izatea.

Yurre Ugartek aldiz, baratzearen metaforarekin azaltzen ditu ondoen fikzio gabeziaren ondorioak: “Gidoilari, sortzaile emankorrak nahi badituzu, baratzea landatu, erein, ureztatu, edo hitz batean, zaindu behar duzu. Lan egiteko aukerak eman behar dituzu eta baldintza egokiak jarri. Eta fruitu sendoak lortuko dituzu. Bestela, nekez. Gainera, monokultiboak edo soilik emaitza ekonomikoengatik baratzea ustiatzeak, irudimenezko fruituen agortzea dakar”.

Euskara, bigarren mailan

ETBeko fikzioaren idazketaz arituz gero, heldu beharreko beste hari bat da hizkuntzarena. Euskaraz eskaintzen diren telesailetan ere, gidoiaren zati bat behintzat, gaztelaniaz idazten da maiz. Yurre Ugartek argi du zer gertatzen den: “Euskara bigarren mailan geratzen da hain justu gizarte honetan, gehienetan, bigarren mailan geratzen den arrazoi berberagatik: lan katean euskaraz ez dakiten profesionalak daudelako, eta ikus-entzunezkoetan, askotan, piramidearen goiko aldean gainera”. Gidoilari bakarra izan denean, euskaraz idatzi du gidoia Ugartek, baina Goenkalen eman zituen urteetan, adibidez, ez zen horrela izan: “Goenkalen, ni aritu nintzen aurreneko urteetan, bukaerako gidoia euskaraz zen. Elkarrizketak, azken finean. Gidoiaren beste atal guztiak ez: argumentua, eskaletak, tratamentuak…”. Gaur egun aldiz, lantalde profesional euskaldunak osatzea posible dela dio, badagoela talentua eta esperientzia.

Uste berekoa da Lezertua, nahiz eta (ekoizlea madrildarra zela-eta) berak ere Eskamak kentzen gaztelaniaz idatzi zuen. “Bertsio definitiboa gaztelaniaz ateratzen zen, eta itzuli egiten zuten gero. Baina sentitzen nuen prozesu horretan zerbait galtzen zela, nahiz eta itzultzaileek oso lan ona egin; emaitza ez zela, zehazki, nik nahi nuena”. Badu, behingoz, hasi eta buka euskaraz aritzeko gogoa.

Eskamak kentzen’ izan da ETBk egin duen azken telesailetako bat.

Nazioarteak salbatuko gaitu?

Iñigo Lezertua:
“Baditugu kokapen interesgarriak, gertaerak, zer kontatua… Ez dago aitzakiarik. Jendea martxan jarri behar da, dinamikak sortu, eta marka propio bat garatu”

ETBko goi-karguen azalean ere jarri ditugu gidoilariak, euskal telesailak piztuko lituzkeen formularen bila. Ugartek uste du baliabideen ikuspegitik gero eta errazagoa dela lan txukunak egitea, eta horrek, teorian, telesail eta film gehiago egitea ekarri beharlo lukeela. Horregatik haserrarazten du ETBn horren fikzio gutxi aurkitzeak: “Azken finean, edo guk kontatzen ditugu guk sortutako istorioak, edo beste batzuek kontatuko dizkigute, bai geureak eta bai haienak”. Uste du, kontrakoa esaten den arren, egon badaudela fikzioa egiteko baliabideak, eta gaur egun ETBk duen audientzia maila ikusita, dena dagoela irabazteko.

Lezertuari aldiz, iruditzen zaio Danimarkaren adibidea jarraitu behar litzatekeela: bost miloi biztanleko herrialdea izanagatik, nazioartean arrakastaz emititzen diren hainbat thriller egin dira bertan nordic noire estilokoak, The Bridge kasu. “Guk hemen, oso toki ikusgarri eta bereziak ditugu, hiriburuetatik gertu gainera, eta leku paregabea da grabaketak egiteko. Baditugu kokapen interesgarriak, gertaerak, zer kontatua… Ez dago aitzakiarik. Jendea martxan jarri behar da, dinamikak sortu, eta marka propio bat garatu, nazioartean ere interesgarria izango dena”.


ASTEKARIA
2017ko irailaren 17a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Telesailak
Lodiek ez dute lekurik film eta telesailetan

Nahiz eta herritarren erdia baino gehiago "normopisua" delakotik gora egon, film eta telesailetako pertsonaien %3,3ak baino ez ditu gorputz horiek ordezkatzen. Apenas dagoen pertsonaia gizenik, eta dagoenean, sarri bere gizentasuna du trama nagusi, bereziki emakumea... [+]


2022-09-05 | Sustatu
Boterearen Eraztunak telesaila euskarazko azpidatziekin estreinatu da

Gertaera nahiko azpimarragarria da, Boterearen Eraztunak telesaila euskaraz ere estreinatu duela munduan Amazon Prime Video plataformak. Streaming plataformen munduan, 2022 honetako fenomenotzat aurkeztu dituzte The Lord of the Rings / Eraztunen Jaunaren prekuela, eta... [+]


Euskarara bikoiztuko dute "The Lord of the Rings" telesaila

Amazon Primek kaleratuko duen telesaila inoiz eginiko garestiena da eta irailaren 2an izango da estreinaldia. J. R. R. Tolkien-en mundua berpiztuko du telesailak.


Eguneraketa berriak daude