Generoak dantzan

Liburu bat ekarri dit lagunak, interesgarri izango zitzaidalakoan. Baia bai! Eta hasteko artikulu batek begia jo dit.

Mutil-dantzak badira Baztanen, publikoak, edozein herritar sar baitaiteke borobilean. Edozein? Izenak dioenez, mutilentzako alegrantziak ziren, nahiz gure garaian adin guztietako gizonezkoek zuten dantzatzen: bakarrik emazteak ziren haietatik baztertuak. Eta azken urte hauetan haiek ere haizu badira dantzatzera, hara heltzea  ez da dantzaldi airos bat izan, borroka aski latza baizik, protagonistek dioskutenez.

Protagonistek egiten baitute prozesuaren kronika, plazara ateratzeko lanean aritu diren ber-berek. Batzuek, beti gustuko izan duten dantzara sartu ondoan, kontzientzia feminista hartu zuten, eta denak helburu amankomunean bildu ziren. Alde autobiografikoak indarra ematen dio idazkiari, eta irakurleari plazera. Irakaspenez betea da, bestalde, argiki azaltzen du bazterketa eraikitzeko eta mantentzeko mekanismoak nola ari ziren. Besteak beste:

Nola mutil ez diren gizon ezkonduak eta mutikoak dantzatzera onartua izan ziren eta, aldiz, jasanezinezko aldaketa zen emazteek dantzatzea. Sexu/generoa zen beraz, bazterketako funtsa. Gizonentzat aldatzen ahal zen tradizioa, baina tradizio beraren errespetua argudiatu zuten emazteen aurka: gezurra frogatua da.

Batzuek, beti gustuko izan duten dantzara sartu ondoan, kontzientzia feminista hartu zuten, eta denak helburu amankomunean bildu ziren

Nola hamarkadetan emakumeek dantzatzen zuten herri batean dantzak kendu zituzten, bi gizonek, desadostasuna adierazi zutenean. Sexu-berdintasunerako aurrerapenak atzera botatzeko, gizon bik herritar gehienek baino indar handiago izan dezakete.

Nola anomalia horietan hautematen den Elizondoko eragina: hiriburuan kokatu da baztertzaileen bunkerra eta, ekitaldi ofizialeko dantzak parekideak direnean, elizaren eremu pribatuan egiten dute oraino beren ekitaldi soilki maskulinoa.

Nola dantza parekideak galarazteko ahaleginetan dihardutenekin bat egin duten botere atzerakoiek –linguistiko (erdara), erligioso, politiko, sozial, ekonomikoek–.

Plazara Dantzara herri-ekimenak lortu duen aitzinamendua iraunkorra izango dela itxaroteko arrazoiak ez dira falta. Erne egotekoak ere ez. Garbiñe Elizegi Baztango auzapeza ausartu zenean dantza-borobilean sartzera, zer zuen jasan irakur daiteke astekari honetan berean [Garbiñe Elizegiri elkarrizketa 2549. zenbakian].

Erreseina honetan baino gauza gehiago eta hobeto kontatuak dira Baztango bost emaztek atondu artikuluan: “Baztango mutil-dantzen analisia eta prozesu kolektibo feminista”, hogei bat lanek osatu liburu gogoangarri batean, Miren Guilló Arakistainek koordinatua, Festak, genero-harremanak eta feminismoa, UEU, 2016.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Keinuak

Asmatuz gero, ziur asko, eraginkorragoa da keinu bat, hitz bat baino. Zenbat bider esan eta ezeztatu dugu mila hitzek irudi batek baino gehiago balio dutela. Barkatu, alderantziz da. Ez da bakoitzak zenbat balio duen, da zertarako. Zerbait ulertzen burua bihurritu nahi... [+]


2024-05-05 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Intimitatea

Etxe batean badira zenbait gune, gutxitan erakusten zaizkionak etxetarra ez den norbaiti. Esan trastelekua, ganbara, galdara gela, armairu bat. Askotan lurrazpiko etxeko oinean edo irisgarritasun gutxiko etxearen goialdean kokaturik dira. Etxearen txoko hauek lotsa,... [+]


Eguneraketa berriak daude