Bosgarren zutabea

Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Erribera, historian, sekula euskalduna izan ote den; horra hor Nafarroan, duela berrogei urtetik hona, hainbestean behin errepikatzen den eztabaida bizantziarra (eztabaida bizantziarra: eztabaida alferrekoa, zeinean alde bakoitzak ezin baitizkio frogatu bere baieztapenak beste aldeari). Jimeno Juriok, ortodoxoa baina zentzudunak, hala adierazi zuen euskarari buruzko bere obra handian: “Ez dakigu, eta ez dugu frogarik bai esateko, ezta ez esateko ere”. Zeharkako argudioak eta frogak eman zituen, hori bai, bertakoa izan edo ez, XVI. mendean Erriberan euskararen presentzia handia izango zela baieztatzeko.

Horrez gero, auzia argituko digun aurkikuntzarik ezean, Jimenok esan zuenetik haratago joan nahi izatea alferrik hitz egiteko gogoa baino ez da. Zientzia linguistikoaren ikuspuntutik, mintzatzea mintzatzeagatik. Harritzekoa ere ez da; bere burua nabarmentzeko, jendea edozer eztabaidatzeko gauza da. Esaterako, ez al dabil hortik zehar kuadrilla bat, Lurra laua dela demostratzen saiatzen dena?

Erriberak ez baditu partekatzen Erresumaren erro euskaldunak bertako gainerako lurralde guztiekin, eta izaeraz euskalduna ez bada, orduan, zer da?

Hala ere, gaia astintzen denean, zientziaren, heterodoxiaren, arrazionalismoaren edo ospe oneko beste hitzen baten abaroan astindurik ere, ez da ezer demostratu edo frogatu nahi; besterik da hemen jokatzen dena. Eztabaidak erraiak mugitzen ditu –Puta Pamplona, Tudela capital–, egunkarietako orriak ziurtatzen, une bateko loria ematen, protagonismo nahiak asetzen, eta curriculumak loditzen, zeina ezinbestekoa baita karrera profesionala kintakolumnismo politiko-linguistikoan oinarritu duen inorentzat. Izan ere, Erriberan euskara historikoki mintzatu ote den argitu ezinean, benetan inporta dena da Nafarroako zonifikazio linguistikoari eusten dion postura politiko hegemonikoari (ez heterodoxoari, preseski) lur bat ematea, argudio-bide bat eskaintzea.

Adi, ordea, ze iritsiko da eguna arrazoibideari buelta eman eta argudioa sudurpean eztanda egiten ahal zaiena. Erribera, Nafarroako mapan eremu txikia betetzen duen txoko maitatu hori, euskalduna ez bada, horrek ez die euskalduntasun zipitzik ere kentzen Erresumako gainerako lurraldeei. Eta aldiz, beren arrazoiak ifrentzuan dakarren galdera inplizituak zalantza handi bat pizten du: Erriberak ez baditu partekatzen Erresumaren erro euskaldunak bertako gainerako lurralde guztiekin, eta izaeraz –Erresumako gainerako lurraldeak ez bezala– euskalduna ez bada, orduan, zer da?

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude