Lehiak sormena elikatzen duenean

  • Kultura eta kirola hain aparte ez daudela erakustera dator elkarrizketa sorta hau. Edo, bederen, hain aparte ez dutela zertan egon aldarrikatzera, badutela elkar zer eskaini, sarri mesfidantzaz eta batzuetan mespretxuz begiratzen dioten arren elkarri. “Futbola da herriaren opioa”. Zenbat bider entzungo ote genuen esaldi hori, masak lokartzeko jukutria besterik ez balitz bezala, alde batera utzita gizarte justuagoa sortzeko erreminta izan daitekeela.

    Futbolaz aritu zaizkigu hain justu solasean Anartz Zuazua antzerki zuzendaria eta Rayco Sanchez rap musikaria, Jokoz kanpo obraren eta Opio errebeldea liburuaren harira. Erreportajearen lehen zatian, halere, txirrindularitza izan dugu hizpide: Julen Gabiria idazlearekin luze aritu gara Han goitik itsasoa ikusten da eleberria aitzakia gisa hartuta, eta Jone Uria bertsolariak kirol horrek zergatik liluratzen duen azaldu digu. Emakume gehiagori lekua egin ez izanaren arantzatxoa geratu zait.

Ilustrazioa: Joseba Larratxe
Ilustrazioa: Joseba Larratxe

------------------- ELKARRIZKETA -------------------

Julen Gabiria, idazlea

"Askotan epika nahi dugu eta epika sortzen dugu"

Julen Gabiria (Galdakao, 1973) idazle, itzultzaile eta ziklismo zale eroa (barkatuko ote dit horrela definitzea). Bi eleberri ditu plazaratuak, Elkar argitaletxearen eskutik biak, Connemara gure bihotzetan 2000. urtean eta Han goitik itsasoa ikusten da 2004an. Bigarren nobelaren kontakizuna hasten da Euskal Herrian, gerra aurreko urteetan, eta garatzen da II. Mundu Gerra bitarteko Italian, Toskanako Ponte a Ema herrian, Gino Bartali ziklistaren sorlekuan. Hura da liburuko protagonistetako bat.

“Duela 25 urte hasi zen guztia”, azaldu digu Gabiriak, 1991ko Ciclismo a Fondo aldizkariaren ale bat erakusten digun bitartean. Franco Chioccioli ziklista italiarra ageri da azalean eta, barruan, Bartaliri egindako elkarrizketa. Ponte a Emakoak bitan irabazi zuen Frantziako Tourra (1938n eta 1948an), eta hiru bider Italiako Giroa (1936an, 1937an eta 1947an). Tarte oso handia dago garaipen batzuen eta besteen artean. Erdian, gerra. “Bartalik ez zuen gustuko gerraren izugarrikeriez hitz egitea, baina elkarrizketan badira urte horiek hizpide dituzten pasarteak”, diosku Gabiriak. Eta bospasei lerro irakurri ditu ozen, non José Antonio Díaz kazetariak azaltzen duen nola Bartalik bere prestigioa baliatu zuen San Frantzisko Asiskoaren basilikan ezkutatu ziren judutarrei laguntzeko. Poliziak ez zirenez ausartzen ‘txapeldun handiari’ alto ematen, dokumentuak garraiatzen zituen gurpiletan gordeta. Bila ezazue orain Bartaliri buruzko informazioa interneten, Wikipedian esaterako. Irakurriko duzue bera hil (2000. urtean zendu zen) eta bizpahiru urte pasa arte ez zela jakin Bigarren Mundu Gerran judutarrak lagundu zituela. “Nola liteke? Nik 1991n irakurri nuen-eta!”, dio Gabiriak. “Askotan epika nahi dugu eta epika sortzen dugu”.

Bediako etxean hartu gaitu Julen Gabiriak. Ziklismoa ardatz duen liburu mordoa du pilaturik. “Izaeraz ziklismoa narratiboagoa da beste kirol batzuk baino”, diosku. “Tourrak, esaterako, nobela baterako material ugari eskaintzen du: korapiloak daude, traizioak… Historia infinitua da. Oso ondo islatzen du gizartea bera, giza jokaera osoa: Eskuzabaltasuna, laguntza, engainua, poza, gorrotoa…” / JON TORNER ZABALA

Bartalik bizikleta baliatu zuen “iraultza” egiteko. Gaur egun posible ikusten al duzu ziklismoak nolabaiteko eraldaketa bultzatzea?

Ez dakit. Ruandan, adibidez, gerrak gogor kolpatutako herrialdean, txirrindulari taldea osatu zuten hango gazteei aukera bat eskaini aldera. Bartaliren garaian bai, posible zen iraultza egitea. 1948an gertatu zen: Italia astintzen ari ziren liskarrengatik guda zibila lehertu ez bazen, Bartalik herria baretzea lortu zuelako izan zela diote kronikek. Ministroen Kontseiluko presidenteak, Alcide de Gasperik, Frantziako Tourra lehiatzen ari zen ziklistari hots egin eta esan zion: “Gino, Italian gauza izugarriak gertatzen ari dira. Fabore bat eskatu behar dizut: irabazi ezazu Tourra”. Eskatu eta egin. Etapa irabazi zuen, baita lasterketa ere. Herriak “opio” hori jaso eta Italiako egoerak lasaitzera egin zuen.

Gaur egun, ordea, ez dut ikusten zertan konprometitu ahal diren, zein den, esaterako, zalegoa mobiliza dezakeen kezka sozial bat. Bere txikitasunean hor dago Sky edota Trek taldeek egindakoa, euskal txirrindularien izenen alboan ikurrinak jartzearena. Identitate propioa onartu diete.

Identitatea aipatuta, Euskaltel taldea desagertzeak zein eragin izan du zure ustez?

Hasteko, esango nuke txirrindularitza zaleak irabazi egin duela, zalearen kalitateari on egin diola. Laranjaz jantzitako bat ikusi eta builaka hastea, eta beste talde batzuetako euskal ziklistak apenas ezagutzea… Orain, oro har, karrerak ikustera doanak badaki Astana taldean badela euskaldun bat, beste bi Treken… Zaleei batu zitzaien mitxelin hura desagertu egin da; Pirinioetara joatea Athletic edo Realaren banderekin… ez da lekua. Baina, bestetik, egia da egiten zuen harrobi lanari begiratuta jipoia handi samarra izan dela.

Bizikletaren erabiltzaile gisa, mugikortasun politiketan eragin daitekeela uste al duzu?  

Konplikatua da, kotxearen nagusitasuna hain baitago erroturik…  Administrazioak halako eta besteko neurriak har ditzake, baina errepideen diseinuari so egin eta… Gidatzeko modua ere halakoxea da, nahiz eta Euskal Herrian beste leku batzuetan baino kontzientziatuago gauden. Nik derrigortuko nuke jende guztia, urtean ez dakit zenbat egunez, harat-honat bizikletaz mugitzea. Denok egon beharko genuke katearen alde guztietan, denok garelako oinezko, asko auto-gidari eta batzuk zikloturista. Guztiok izan behar dugu kontziente, baita ziklistak ere. Batzuek, erdi-profesionalak diren askok tartean, sutan jartzen naute semaforoetan-eta geratzen ez direnean.

Kirola eta kultura. Bi munduek mesfidati begiratzen diote zenbaitetan elkarri…

Joan izan naizenean triatloi edota txirrindularitza probak ikustera gogotik animatzen ditut parte hartzaileak, baina egia da inguruan ditudan kultura zale eta ez hain kirol zale batzuek zalantza agertzen dutela kirolariak animatzerako orduan. “Zergatik behar ditut txalotu, euren gogoa betetzen ari badira?“ diote, aditzera emanez “kapritxoz” ari direla horretan. Quebrantahuesos martxa zikloturistaren kasuan, esaterako, 75 euro ordaindu eta gogoa eman dizun hori egiteagatik txaloak jasotzea, profesionala ez zarenean gainera… Kirol eszeptikoek ez dute ulertzen.

Onartu behar da kirolak baduela aitorpen sozial bat kulturak inondik ere ez duena eta txaloarekin adierazten dena. Bertsolaritzak edota zuzeneko musika emanaldiek badute, baina idazleak ez du txalorik jasoko ez bada irakurle talde batean-edo. Zalantza hori sor daiteke: lan intelektuala egin eta ez duzu txalorik jasotzen, eta lan fisikoa egiten duenak aldiz bai. Bizi gara gizarte batean non ariketa fisiko mugako horri balio handia ematen zaion. Nik, halere, txalo egiten diet, momentu horretan sortzen delako harreman bat, futbolean adibidez zailagoa dena, jokalariak urrunago daudelako. Karreristak begiratu egiten zaitu, animoak eskertu, keinutxo bat egin eta zenbaitetan baita hitz batzuk zuzendu ere. Berezia da. Eta txalotzen ditut erakusten didatelako giza gaitasun fisiko eta mentalak zein muturretaraino eraman daitezkeen. Ezin dut edozein mutur onartu, duintasunak muga bat duelako kirolean ere bai, baina esfortzu fisiko eta mentala miresgarria iruditzen zait sarri.

Fausto Coppi eta Gino Bartali ageri dira 1952ko Tourreko argazkian. Orduz geroztik zer aldatu den galdetu diogu Gabiriari. “Zer? Dena: Txirrindularien prestakuntza-maila, bizikletak, erropa, teknologia, taldeen aurrekontua... Halaber, lasterketak beharturik daude UCI egutegian sartzera; gainerakoan... Antolatzaileak geroz eta profesionalagoak dira, enpresa ikuspegia dute, eta horrek dakar lasterketa handiak are handiagoak izatea eta txikiak desagertzea. Ikusle gisa, bestalde, dopin susmoengatik-eta, lilura apur bat galdu dut. Izan daiteke adinean aurrera goazelako...”. / OMEGA FOTOCRONACHE, CARLO MARTINI

Alde ilunik ere badu ziklismoak, dopina adibidez.

Zikloturista arrunta naiz ni, baina duela bi urte tropel-kideak atzean uzten nituen konturatu ere egin gabe. Urte horretan mordoa ibili nintzen eta… Horrek galdera honetara garamatza: Zer da dopina? Non dago muga? Garai batean, Olinpiar Jokoetan parte hartu behar zuten atletek debekaturik zuten gehiegi entrenatzea, demagun urtean 40 egunez asko jota, hortik gorakoa tranpa zen, gorputza ez zelako ari egoera naturalean lehiatzen. Zer da baina naturaren legeen arabera lehiatzea? Pertsona batek ezin dezake halterofilia egin baldin eta portuan ari bada lanean pisu handiko kargak batetik bestera garraiatzen eta, denborarekin, gorputza izugarri zaildu badu? Naturaz fitsik ere ez dugu balio gehienok. Hain da gai korapilatsua… Medikuntza beti doa pauso bat aurrerago, zaila da horri mugak jartzea.

Nekatua nago jada, etsipen puntuarekin. Ziklismo zaleak ez direnek beti susmoarekin begiratuko diote kirol honi, kontrol gehien egiten diren kirola bada ere. Bereziki 90eko hamarkadatik hona, zaleak erabaki bat hartu behar izan du sinesgarritasunaren inguruan, eta nik ere hautua egin dut: Dena sinisten dut, liburu eta  film onak sinisten ditudan modu berean; guztiz murgiltzen naiz horietan, eta berdin txirrindularitzarekin. Ikusten ari naizena sinisten dut sinesgarria baldin bada, kontrakoa frogatzen ez den bitartean. Eta sinisten dut, hain zuzen ere, lehen esandakoagatik, oraindik inork ez duelako argi definitu  zer den dopina, non dauden mugak, esate baterako apur bat dopatzearen edo asko dopatzearen artean. Nik platanoak jaten ditut nekatuta nagoenean; duela ehun urte Euskal Herrian platanoak zer ziren ere ez zekiten, beraz abantaila daukat orduko ziklista batekin konparatuta. Hori dopatzea al da? Platano batek dauzka nire gorputzak modu naturalean sortzen ez dituen karbono-hidratoak, potasioa eta bitamina mordoa... Baina ordubetean 40 platano jaten baditut, erne.  Bestetik, ziklismoa beti izan da kirol pobrea, eta batasun gutxikoa: nola da posible ez agertzea hainbeste dopin kasu futbolean, tenisean...? Ez daude ala kirol horiek ordezkatzen dituzten erakundeek barra libreagoa eskaintzen dute?

Liburu eta dokumental ugari inspiratu du azken urteotan dopinak, ziklismoak oro har.

Hala da, sekulako obra piloa ari da argitaratzen. Jende batek hartu du bizikleta tendentzia gisa, joera moderno eta on bezala, eta liburuaren merkatua hauspotu du horrek. Sortu dira “Libros de Ruta”eta beste argitaletxe batzuk, aldizkariak… Uste dut mundu anglosaxoitik datorren fenomenoa dela. Tourrean aspaldi sartu ziren, 1980ko hamarkadan, Greg Lemondekin, eta gero etorri dira Armstrong, Hamilton, Wiggins, Cavendish,  Froome... Hamaika historia elikatu dituzte, dopinarekin lotutakoak asko, eta gaiari buruzko ezagutza handirik ez zuen kultura bat hasi da ziklismoa kontsumitzen. Gurpil baten modukoa da: ziklismoak elikatzen du estetika, estetikak kultura, kulturak ziklismoa, eta tartean sartzen da liburuen produkzio geroz eta handiagoa.

Elkarrizketaren hondarrean futbolak duen gerra zentzuaz aritu gara solasean, eta gerra eta literaturaren arteko talkaz...: “Literatura fijatzen da xehetasunetan, eta gerrak berez ez du xehetasunetarako tarterik, irabazten du batak ala besteak, ez du globaltasun horretan humanitate edo gertakariei izen abizena jartzeko gaitasunik. Gerrak berak bere baitan biltzen du ekintza bera eta esango nuke hori dela literaturaren aurkakoa, zeren literatura fijatzen da ñabarduretan, gertakari txikiagoetan, azken batean pertsonengan, eta gerrak anulatu egiten du pertsona. Beraz, literaturatik hurbilago ikusten dut ziklismoa, futbola baino”.

 

-------------------------- IRITZIA ---------------------------

Badu zerbait txirrindularitzak

Jone Uria Albizuri, bertsolaria

Txirrindularitzarekin gaztarekin bezala gertatzen dela esango nuke: edo zale amorratua zara, edo ezin duzu usaindu ere egin. Nire buruari gazta zergatik gustatzen zaidan galdetu ez diodan era berean, ez dut inoiz planteatu zer ote duen txirrindularitzak ni harrapatzera heltzeko. Boteprontoan erantzun beharko banu botako nituzke ikusgarritasuna, emozioa, eskatzen duen sakrifizioari miresmena, abileziarekiko inbidia... baina horiengatik baino ez balitz kirol gehienekiko izango nuke halako zaletasuna, eta ez, ez naiz edozein kirol irensteko gai den horietakoa.

Badu beraz txirrindularitzak zerbait. Ziur aski sorpresarako joera izango da zale mota jakin bat harrapatzeko arrazoietako bat, tartean ni. Oso zaila da asmatzen zeinek daukan eguna, zein doan eroso, zeinek joko duen erasoa, noiz joko duen, eutsiko ote dion… Ikusi besterik ez dago esatariak ere nola ibiltzen diren batzuetan. Eta susmoa dut txirrindulariek eurek ere ez dutela jakiten gorputzak nola erantzungo dien askotan. Dudarik ez, bakoitzak berea ezin hobeto ezagutuko duela, baina lepoa egingo nuke gutxien uste dutenetan harritzen dituela beraien buruak, bai onerako eta baita txarrerako ere. Aldi berean ederra eta amorragarria izan behar da hori, ze egun daukazun asmatu ezina behin hasi arte. Txarra duzula uste eta ona duzula deskubritzea, onena eman nahi eta zapuztuta amaitzea.

Badu beste ezaugarri bat niri atentzioa betidanik deitu izan didana. Ez zait behintzat bururatzen beste kirolik aldi berean hain taldekako eta hain indibidualista denik. Horrek ezinbestean dakar norbere lekua aurkitzen saiatzea, egoak kontrolatzen asmatzea… Oso ariketa zailak eta interesgarriak dira, eta txirrindulariek nahi gabe ere egin beharrekoak. Lasterketa batera haizea kendu, lehertu arte erritmoa jarri eta ur botilak garraiatzera doanak badaki zertara doan. Badaki bera ez balego sailkapen nagusia jokatzera doanak ez lukeela bilatzen duen emaitzarik lortuko. Badaki ez duela aukerarik izango jakiteko bera noraino iritsiko litzatekeen lasterketa beste era batera korritu ahalko balu. Eta alderantziz, talde buruak badaki zortzi lagun dauzkala berarentzako lanean, eta horrek ze erantzukizun dakarren. Norbere buruari huts egitea gauza bat baita, eta laguntzen aritu zaizkizunei ere huts egitea bestea. Taldekideren bat norbera baino indartsuago egongo ote den beldurra, maila emango ez duzunarena. Presio horri ondo erantzuteko ere gaitasun handia behar da.

Sortzen duen zaletasunak ere badu magia berezi bat. Nola joaten den jendetza portu bateko puntara edo erdibidera txirrindulariak behin pasatzen ikusteko. Nola txalotzen duten gogoz, nola animatzen duten edozein, berdin ze herrialdetako, ze koloreko maillot, ze izen eta ze palmares. Toki guztietan bezala, bada lekuz kanpo egoten den zale hori ere, baina gutxiengoa dela esango nuke. Izango dira ere zale gutxiko lasterketak, eta tokatuko zaie errepide hutsetan lehiatzea. Horretarako ere, balio behar. Baina oro har zale entregatua eta esker onekoa da txirrindularitzarena, eta horrek ere adierazten du zerbait.

Baina ziur aski lilurarazteko arrazoi potoloenetako bat, txirrindulari bakoitzaren izaera gurpil gainean nola dabilen ikusita irakurtzeko aukera ematen duela da. Erasokorra maiteko dute batzuek, buru hotz jokatzen duena besteek. Aldapa behera ero bezala joaten dena, edo prudentziaz jokatzen duena. Estratega ona, non eraso asmatu ohi duena. Inon eraso ez eta azken unean azeri jokatzen duena. Erreleboak ematen dituena, ematen ez dituena. Ematen ez dituenarekin haserretzen dena, onartzen duena. Keinu asko ikusten dizkiegu, eta sinesten dugu era batera edo bestera ezagutzen ditugula, badakigula nola jokatuko luketen egoera baten aurrean eta nola ez. Nahiz eta gero benetan ez ditugun ezagutzen, eta ustez zintzoa zenak positibo ematen duen, edo kotxe bati heltzen dion aurrera egiteko, edo dena delakoa. Baina bakoitzaren ustezko izaera ezagutzeko aukera horrek ematen dio puntu bat.

Testua amaitzera nindoala, hasieratik irakurtzen hasi eta konturatu naiz zergatik naizen txirrindularitza zale. Egin proba eta irakurri testua “txirrindularitza”ren lekuan “bertsolaritza” jarriz, etaparen lekuan “plaza” eta “kirol”en lekuan “jardun”.  Denak ez du berdin balio, baina baietz antzekotasun batekin baino gehiagorekin topo egin.

 

---------------------------- BIBLIOTEKA ----------------------------

 

Frantziako Turra epopeia gisa

Roland Barthes (Le Tour de France comme épopée, 1955)
Euskaratzailea: Koldo Izagirre

 

Badaukagu Frantziako Turraren onomastika, berez eta besterik gabe dioskuna Turra epopeia handi bat dela. Iduri luke txirrindularien izen gehienak arrunt antzinako garai etniko batetik datozela, arrazak hotsa fonema bakan batzuen bitartez egiten zuen  garaitik (Brankart frankoa, Bobet frantziena, Robik zelta, Ruiz iberiarra, Darrigade kaskoina).

(…)

Ugariak dira besarkadak Turrean. Marcel Bidotek, Frantziako taldearen zuzendari teknikoak, Gem besarkatzen du garaipen batengatik, eta Antonin Rollandek pot sutsu bat pausatzen du Geminianiren beraren masail krokailduan. (…) Kasu ordea estekatu zoriontasun anaikor honi talde berdineko kideen artean irakiten dauden gregariotasun sentimenduak; sentimenduok anitzez uherragoak ditugu. Finean, harreman publikoen perfekzioa ez da posible handien artean baizik: “morroiak” tranpalean ageri diren ber, epopeia nobelaren mailara da jaisten.

(…)

Turraren geografia ere probaren premia epikoaren azpikoa da osoki. (…) Maldak, “ehuneko” errebes edo hilgarrietara mugatuak, zitalak dira, eta Turrean etapak oro nobelako kapitulu banaren unitateak izanik (iraupen epikoa da kontua, baitezpadako krisien batuketa, eta ez gatazka bakar baten garapen dialektikoa, iraupen tragikoan bezala), etapak, alegia, gauza guztien gainetik, pertsonai fisikoak ditugu, elkarren ondozkako etsaiak, epikaren Natura definitzen duen moralaren eta morfologiaren nahaste horrek batbederatuak.

(…)

Txirrindularia dopatzea Jainkoa imitatu nahi izatea bezain kriminala, bezain sakrilegoa da; Jainkoari pindarraren  pribilegioa ebatsi nahi izatea da. Jainkoak, gainera, badaki mendeku hartzen horrelakoetan: Mallejac dohakabeak badaki, dopin probokatzaile batek eromenaren atarira eraman du. Bobetek, aitzitik, hotz, arrazional, ez du batere ezagutzen jumpa. Bobet heroi gizatiarra da guztiz, ez dio deusik zor naturaz goitikoari, eta lurtar hutsak diren dohainetarik lortzen ditu garaipenak, ereduzko punimendu humanistari esker bikainduak: nahikundeari zor.

(…)

Turrak moral anbiguoa dauka (…) Txirrindulari baten sakrifizioa bere taldearen garaipenean, berak berberak egina edo zuzendari teknikoak inposatua, beti da goraipatua, baina hala berean eztabaidatua ere. Sakrifizioa handia dugu, noblea dugu, talde kirol jardunaren betetasun moralaren lekukoa zaigu, haren justifikazio nagusia da; baina Turraren legenda osoak ezinbestekoa duen beste balio bat dauka kontrakarrean: errealismoa. Sentimenduak ez dauka lekurik Turrean, horixe da espektakuluaren interesa pizten duen legea. (…) Baina Turra kirola ere badugu, kolektibitatearen morala du eskatzen. Kontrakar hau dugu, egia esan inoiz konpondu gabea, legenda behartzen duena beti sakrifizioa eztabaidatzera eta esplikatzera, bere euskarria den moral eskuzabala gogora ekartzera. Balio sentimentala bezala hartzen dugulako behar izaten du sakrifizioak behin eta berriz justifika dezagun.

 

Testu osoa: Armiarma.eus

 

------------------- ELKARRIZKETA -------------------

Anartz Zuazua, antzerkigilea

“Futbolaren mundu eroa parodiatu nahi genuen; antzerkiak behar ditu kontzientziak astindu”


Anartz Zuazua (Donostia, 1973) antzerki zuzendari eta aktorea Borobil Teatroa konpainiako kide da. Lau obra dituzte taularatuak: Ali Baba eta 40 lapurrak, On egin!, GU ez gaude bakarrik eta Jokoz kanpo, futbolaren demasiez ari den komedia. Manuk eta Martinek, lagun zaharrak, mutil kozkorrek osatutako futbol talde bana entrenatzen dute, eta txapelketako finalean elkarren aurka arituko dira. Garaipena da nor direla frogatu eta bizitzan jokoz kanpo ez daudela erakusteko modu bakarra.

“Futbolaria izan nahi nuen nik, umeen %95 bezala, baina oso txarra nintzen, aulkian nengoen beti”, kontatu digu Zuazuak. “Partida baten atarian, ordea, entrenatzaileak esan zidan taldeko kapitaina izango nintzela. Ezin nuen sinetsi ere egin! Joan nintzen zelai erdira, arbitroa zegoen lekura, eta gure taldea zein aldetan jokatzen hasiko zen hautatu nuen. Talde bakoitza bere alderantz joan eta… entrenatzaileak esertzeko agindu zidan! Pentsa zer izan zen hura niretzat, kapitain izendatu, aldea hautatu eta ordezkoen aulkira zuzenean, partida osoa hantxe kieto emateko. Nire esperientziatik abiatuta, futbolaren mundu ero hura parodiatu nahi nuen, salaketa gisa ere bai, gauzak eskutatik ihes egiten ari zaizkigula erakusteko. Antzezlaneko pasarte asko benetan gertatutakoak dira.

Argazkia: JON TORNER ZABALA

Antzezlana ikusi duten guraso batzuek motz geratu zaretela diote, elkarrizketa batean zenionez.

Obra hau ikustera antzerki zaleak datoz, futbol munduko jendea baino gehiago, baina Reala Fundazioarekin elkarlanean dozena erdi emanaldi eskaini ditugu Gipuzkoako hainbat futbol talderen urteurren ekintzen barruan, jokabide okerren inguruan hausnartzea xede, eta antzezlana ikusi duten guraso eta entrenatzaileek esan digute errealitatea are burugabeagoa dela. Esperientzia interesgarria izan da, antzerkira joateko ohiturarik ez duen jendea etorri delako. Eta ikusi du antzerkia zera, ez dela hain… alegia, barre majo egin dutela.

Eskola kirola duzue jo-puntuan.

Nire ustez kirola gaizki enfokatua dago. Joko garbiaz hitz egiten da, parte hartzeaz… baina azken finean irabazi egin behar duzu, lehia da inportanteena, oro har bizitzako gainerako esparruetan bezala. Garrantzitsuena emaitza ez den beste formula bat bilatu beharko litzateke.

Eta gurasoak… Askok uste dute euren semeak Messi edo Ronaldoren mailara helduko direla, horregatik daude tamainako kalapitak. Ikusten duzu 10 urteko mutikoen partidetan jendea bere onetik aterata eta… Uste dut gure bizimoduak baduela zerikusirik horrekin. Frustrazio handia sortzen duen sistemaren parte gara eta horrek eragina du gure jarreran; zelaira zoazenean nahi duzuna egin eta edonor iraindu dezakezu… Donostian bi ama elkar joka hasi ziren batak bestearen semeari epelak esan zizkiolako; eta ume batek, egunkarira gutuna bidali zuen, mesedez eskatuz bere aitari ez joateko gehiago bera futbolean ikustera, lotsa pasatzen zuelako. Guraso horiek zelaitik kanporatu beharko lirateke.

Antzerkiaren bidez ba al dago balore positiboak transmititzea?

Noski, horretarako ari gara honetan. Antzerkiaren egitekoa da kontzientziak apur bat astintzea. Gertatzen dena da antzerkiari exijitu behar zaiola gutxieneko kalitate eta zorroztasuna, ez du edozer gauzak balio. Monologoen garaia bizi dugu, sakontasun handirik gabeko komediena. Barregarriak izan daitezke, baina hor geratzen dira.

Futbolak duen oihartzunari dagokionez, zergatik du horrenbesteko garrantzia? Komunikabideek nahi dutelako. Politikariek ere bai, baina hedabideak dira futbola honetara eraman dutenak. Telebistan egunero dago partidaren bat; aurrekoan umeen txapelketa bat ematen ari ziren telebistan, zoraturik gaude. Futbola  gustuko dut, baina lepo egin dut jada.

Kulturak tarte txikiagoa du hedabideetan…

Begira pilotari. Bi enpresa sortu ziren, ETB buru-belarri sartu zen, astebururo ematen ditu partidak… horrek zaletasuna sortzen du. Kulturarekin gauza bera egin beharko litzateke, hura baita herri bati nortasuna ematen diona, hark desberdintzen gaitu besteengandik. Telebista kateek kulturari buruzko programak sortu beharko lituzkete, eta ordutegi normaletan eman. Horrek jendea kulturizatuko luke eta, ondorioz, ez litzateke edozer gauzarekin konformatuko, Sortzaileok beharturik egongo ginateke maila handiagoa ematera, eta sortuko litzateke nolabaiteko aberastasuna…

… gaur egun ez dagoena.

Gurean ez dago kultura-programaziorik, bizkarrezur definiturik, denboraldi bakoitzeko egitaraua markatuko duen gairik… Zinemaldian edota Musika Hamabostaldian bai, beti dago zikloren bat-edo, baina gainerakoan… Bestalde, ikuskizun bat 12.000 euroko laguntzarekin egin behar duzu, diru horrekin aktoreen soldata ordaindu eta abar, eta gainera kristoren maila emateko eskatzen dizute. Ezin dugu Europako taldeekin lehiatu, Madrilgo batekin adibidez, eta halere lehiatzen dugu, liga berdinean ari gara. Hori bai, euren muntaiek agian zortzi aktore dituzte, eta gu kondenaturik gaude gehienez hiru edo laurekin lan egitera.

‘Jokoz kanpo’ obrako hiru aktoreak:  Joseba Apaolaza, Asier Sota eta Asier Hormaza. Apaolazak 3. mailan jokatu zuen, eta Hormaza futbol zale amorratua da. Haien bizipenak ere jaso dituzte antzezlanean. Hilaren 24an Hondarribian eskainiko dute, eta urriaren 18an Urnietan, Reala Fundazioaren eskutik.

Antzerkitik bizi ahal izatearen kontu hori beraz…

Geroz eta kalitate hobea daukagu, baina sektorea oso instituzionalizatua dago. Alegia, gure lana aukeratuko duen –ala ez– programatzailearen menpe gaude; talde asko gara, kalitate desberdinekoak, baina programatzerakoan ardatz zehatzik ez dagoenez zaku berean sartzen gaituzte denok, eta dirurik ezean, bi ikuskizun programatu badaitezke bakarraren prezioan, kalitatearena bigarren planora pasako da. Programatzailearen lana da jendea motibatu eta antzokira erakartzea, ezin duzu helburutzat izan soilik kupoa betetzea. “Antzezlan bat ikustera joatea garestia da ordea!”. Barkatu? Kontua da ez dagoela ohiturarik.

Antzerkiarentzat ez dago dirurik, penagarria da. Ezin gara aktoreengana joan eta esan urte osoa pasako dugula entrenatzen, baina ez daukagula eurei ordaintzerik. Aktore batek, soilik antzerkia eginez, dena ondo joanez gero 1.000 euroko soldata irabaziko du; behin familia osatuta, nekez egin daiteke aurrera diru horrekin.

Maila berean dauden Estatuko konpainiek diru-laguntza askoz ere handiagoak jasotzen dituzte. Hala nekez lortuko dugu azpiegitura sendoa sortzea. Eskaria ere zenbatekoa da? Eskoletatik hasi beharko ginateke lanean, kirolaren kasuan bezala. Gure garaian Atotxara joateko sarrerak banatzen zituen Realak ikastetxeetan. Zaletasuna sortzen du horrek.

Zaletasuna, kirol-jarduerarekiko, inon bada, inguruotan dago.

Ni ez naiz kirola egitearen aurkakoa, ezta gutxiago ere, baina Euskal Herrian bizi duguna… Zergatik joaten gara hainbeste mendira, triatloiak egin, bizikletan ibili? Nire ustez, ez dugulako hitz egiten. Dauzkagun kargak esfortzua eginez erretzen ditugu. Edo estadiora joanez; hainbesteko estresarekin bizi gara, barrualdean dugun korapiloa askatzeko garrasika hasten garela. Futbola bilakatu da talde-terapia.

Antzerkia ere izan al daiteke terapeutikoa?

Bai, bada. Azken finean futbol partida bat ez da igandean hasi eta bukatzen, astelehenean hasi eta igandean amaitzen da. Berdin antzezlan edota film bat; ikusi aurretik edo ondoren hari buruz hitz egin dezakezu, planteatzen dituen kontuez eztabaidatu… futbolak eta antzerkiak antzekotasun handiak dauzkate.

Antzerkia sustatu aldera, zein urrats eman daiteke ikastetxeetan?

Adibide bat jartzearren: Soinketa ematen du gorputz hezkuntza ikasi duen norbaitek, eta antzerkia aldiz irakasleak. Hemen bagaude profesionalak lan hori egin dezakegunak. Jakintza ikastolan ematen ditut antzerki klaseak nik, eta nabari da aldea. Ikuskizun duinak prestatzen ditugu eta zaletasuna sortzen du horrek; gainerako ikasleek ikusten dute gauza txukunak sortzen ditugula eta hurrengo urtean jende gehiago animatzen da. Positiboa litzateke horri jarraipena ematea, tartean behin ikasleak antzerkira eramanda esaterako. Badira eurei zuzendutako zikloak, baina murritzak dira oso.

Bestalde, ETBk ez du ekoizten. Hanka-sartze handia iruditzen zait. Ez dugu erreferenterik, ez badira espainiarrak. Goazen! telesaila kritikatu daiteke ala ez, baina arrakasta izan du. Egizue bada hori, besteak imitatu beharrean! Star-System bat sortu beharko litzateke. Hemen aktore batek bi film egiten baditu jendea kexaka hasten da: “Beti bera agertzen da-eta!”. Bada, bai, baina gainerako lekuetan ere hori gertatzen da; inportantea da, erreferenteak sortzen direlako.

 

------------------------- BIBLIOTEKA -------------------------

 

Futbola, herriaren opioa?

Eduardo Galeano (El fútbol a sol y sombra)

 

"Zertan dute antza futbolak eta Jainkoak? Sinestun askok dieten debozioan eta intelektual askok dieten mesfidantzan.

1902an, Londonen, Rudyard Kiplingek iseka egin zien futbolari eta “hartara jokatzen duten memelo lokaztuek asebete ditzaketen arima nanoei. Mende bat geroago, Buenos Airesen, Jorge Luis Borges sotilagoa izan zen: Hilezkortasunaz mintzaldia eman zuen Argentinako selekzioa 1978ko Munduko Txapelketako lehen partida jokatzen ari zen egun eta ordu berean.

Intelektual kontserbadore askok mespretxuz begiratzen diote, ziur direlako pilotaren idolatria dela herriak merezi duen superstizioa. Futbolak harrapatua, plebeak hankekin pentsatzen du, berezkoa duenez, eta menpeko gozamen horretan errealizatzen da. Animalia instintua gailendu egiten zaio giza arrazoiari, ignorantziak Kultura zanpatzen du, eta jendailak nahi duena dauka horrela.

Aldiz, ezkerreko intelektual askok futbola deskalifikatzen dute masak zikiratu eta haien energia iraultzailea desbideratzen duelako. Ogia eta zirkua, ogirik gabeko zirkua: pilotak hipnotizaturik, zeinak lilura perbertsoa eragiten duen, langileek euren kontzientzia atrofiatzen dute, eta apenas imintziorik ere egin gabe artaldea bailiran gidatzen dituzte haien klase-etsaiek.

Futbolak utzi zionean ingelesen eta aberatsen kontua izateari, Rio de la Platan lehenbiziko klub herrikoiak sortu ziren, trenbide-tailerretan eta portuetako ontzioletan antolatuak. Garai hartan, buruzagi anarkista eta sozialista batzuek burgesiaren azpikeria hura salatu zuten, grebak saihestu eta kontraesan sozialak ezkutatzea zituelakoan helburu. Futbolaren zabalpena zen maniobra inperialista bat, zapaldutako herriak inozentzian mantentzea zuena xede.

Hala ere, Argentinos Juniors taldeak bere sorreran Mártires de Chicago izena zuen, maiatzaren lehenengo batean urkatu zituzten langile anarkisten omenez, eta maiatzaren lehenengo batean jaio zen Chacarita kluba, Buenos Aireseko liburutegi anarkista batean bataiatua. Mende berriko lehenbiziko urte horietan, ez zen falta izan futbola goratu zuen ezkerreko intelektualik, kontzientziaren anestesia bezala arbuiatu ordez. Haien artean, Antonio Gramsci marxista italiarra, zeinak goretsi egin zuen “aire zabalean egikaritzen den giza leialtasunaren erreinu hau”.

 

------------------- ELKARRIZKETA -------------------

Rayco Sanchez, rap musikaria

“Futbola ezkertiarra da zoriontasuna transmititzen duenean”

Rayco Sanchez, Bilbotarra (Txurdinaga, 32 urte), Norte Apache Rap taldeko kide, gizarte hezitzaile eta futbol-zale sutsua. Bloga du ARGIAn, “Opio Errebeldea”, eta izen bereko liburua plazaratu berri du Taupaka elkartearekin. 40 historia labur jaso ditu, mintzo direnak futbolaz, iraultzaz eta gizarte aldaketaz.

Liburuaren aurkezpenean, Bilboko Kirruli tabernan, hiru zaletasun dituzula zenioen: Gizarte aldaketa, rapa eta futbola. Azken hau aipatzean keinu berezia egin zenuen, barkamena eskatuz bezala…

Sekulako zaletasuna dut, baina gaur egungo futbola ez dut gogoko. Ez dakit mespretxua den, lotsa… Lehen futbola denona zen, baina orain merkatuaren legeei erantzuten die eta prentsa arrosaren tankera geroz eta handiagoa du. Cristiano Ronaldori 15 milioi euroko iruzurra egin izana leporatzen zaio eta, hala ere, hedabideek lehen planora eraman duten galdera da ea Real Madriletik ospa egingo duen ala ez, iruzurrarena bigarren mailan utzita.

Change.org webgunean sinadura-bilketa abiatu du Real Madrileko jarraitzaile batek, Ronaldori zorra barkatu diezaiotela eta taldean gera dadila eskatzeko. 2.500 sinadura biltzeko bidean da…

Sinadura eman duten lagun horiek guztiak ezin dira kartzelaratu? Edo, hobe, ezin zaie liburutegiko karneta egin eta bertan denbora bat ematera derrigortu? Kontua da mass-mediek elikatutako zerbait dela. Hedabideek ke-gortina antolatu eta iruzurrarena bigarren planora daramate. Eta osorik irensten dugu.

Nik ere baditut nire kontraesanak. Ingalaterrako Liga jarraitzen dut, gogoko dut Liverpool edota Arsenalen partidak ikustea, nahiz eta badakidan futbolaren merkantilizazioaren eredu direla eta bazkideek dirutza ordaindu behar dutela haien taldea zuzenean ikusteko. Ez nago horren alde, baina… Zaleak aipatuta, San Mamesera noanean azken tragoa inguruko taberna batean hartzen dut nik, eta apur bat gorago esertzen diren bazkideek, gehiago ordaintzen dutenez, alkohola lasai asko kontsumitu dezakete...

Interes askok egiten dute bat palko batean.

Badakigu negozioa dela, taldeetako presidenteek interes politiko eta ekonomikoak dituztela. Guk “Kutxabank” daramagu kamisetan. Enpresa horrek ordezkatzen al gaitu? Komisioak, hipotekak, etxegabetzeak… Zergatik Kutxabank? Edo Petronor? Behin jarrita, zergatik ez dugu Fly Emirates konpainiaren logoa paratzen? Kontua da Athletic-eko presidentearen alderdiko enpresak direla, eta feedback positiboa sortzen dela zale eta enpresen artean.

Athleticek jasotzen dituen diru-laguntzek apenas sortu dute polemika…

Diru-laguntzak ez dira zentzuzkoak. San Mames Barria izugarri arin eraiki zuten, langileen eskubideak urratu ziren… Ezerk ezin du hori justifikatu. Zergatik ez dugu diru publikoa baliatzen lana sortzeko? Zergatik ez duzu etxeko jendea kontratatzen? Ez dago herri hobeagorik beharrak bere kabuz asetzen dituena baino. Hori da ongizate estatua. Eta ez Portugaleko enpresa bat kontratatu eta langileak baldintza kaskarretan aritzea. Gainera, partida bat ikusteko 40 eurotik gora ordaindu behar dira.

Gabarra eraberritu eta Bilboko Itsas Museoan leku egokia atontzeko  80.000 euro baliatu zituen 2013an Portu Agintaritzak. “Gabarrak badu erromantizismo ukitu hori, antzinako futbola gogora dakarkiguna”, dio Sanchezek. “Baina, berriro ateratzekotan, emakumeek aterako dute, baldin eta klubak bere jarrera aldatzen badu. Zergatik ez gara ausartu gabarra ateratzen neskek Liga irabaztean?”. / LA INFORMACIÓN

Ongizate estatu batean kulturak ere merezi duen babesa izan behar du.

Bai, batzuetan amorragarria da ikustea batetik kirolak eta bestetik kulturak zer laguntza jasotzen duten. Bermatu behar da herritar orok izatea aukera gauza biez gozatzeko. Horrekin lotuta, futbol estadioan orotariko jendea biltzen zen lehen, fabriketako ugazabak, langileak… eta orain, ostras, nik dirua aurreztu behar izan dut bazkide txartela ateratzeko. Ekonomikoki maila apalenean daudenek ez dute aukerarik futbol partida bat ikustera joateko, Athleticek ez du sustatzen gurasoak euren seme-alabekin estadiora joatea, eta halere gure herrian Athletic-zaleak dira hamarretik zortzi, ez dut ulertzen. Gainerako biak Madril, Barça edota Milanekoak dira, horiek direlako mass-mediek eskura jartzen dizkigutenak. Gauza bera gertatzen da musikarekin: Maluma, Alejandro Sanz, Amaral… Beste ereduren bat ezagutzeko aukerarik ez badago, jazza esaterako, ez du jarraitzaile asko erakarriko.

Heziketa oinarrizkoa dela uste duzu?

Bai. Hamabost urterekin eskolatik antzerkira joatea kaka zahar bat ikusteko, drogen aurkako antzezlan bat adibidez, ba… nik porroak erretzen jarraituko dut, eta obra hori ikusi ostean gehiago agian. Futbol sarrerak 40-50 euro balio du. Zenbat kultura kontsumitu daiteke diru horrekin?

Zuzenekoen kontua ere behar da aipatu. Berri Txarrak, Su Ta Gar edota Fermin Muguruzagatik dirutza ordaintzen da. Sekulako artistak dira, baina… Zu zoazenean, antolatzaileek: “400 euro gehitxo dira, 100 emango dizkizuegu eta afaltzeko solomo bokatak; eta bafle hau eta hura kenduko dizkizuegu”. Horrela ez da kultura sortzen.

Raparen munduan Los Chicos del Maíz taldea daukagu. Jendeak dio: “Gauzak diren bezala esaten dituzte”. Noski. Guk ordea ezin ditugu horrela esan, kartzelara joango ginatekeelako. “Haiek, Valentziarrak izanik, kontzientzia dute”. Txo, gu Txurdinaga, Sestao eta Barakaldotik gatoz, zer diozu kontzientziaz? Ez daukagu beste aukerarik gauzak metafora bidez eaatea baino, poesia baliatuz. Horri ez zaio nahikoa balio eman eta, aldiz, Los Chicos del Maíz bilakatu da euskal gazteriaren ordezkaria. Ezin gara kontzertuetarako baldintzekin etengabe tratuan aritu. Quilombo diskoarekin (2011) jauzia eman genuen kalitate aldetik eta, halere, bi urteko bira bukatuta, Juanito Laguna (2015) grabatzen hasterako 50 euro genituen. Ez da jasangarria.

Liburuaren hitzaurrean futbol zelaira hurbiltzearen liturgiaz mintzo da Beñat Zarrabeitia.

Athletic-zale amorratuak gara. Inoiz deitu izan digute kontzertua emateko eta guk ezetz, ordu horretan partida dagoelako San Mamesen. Bazkidea naiz eta liturgia hori, lagunekin bildu eta poteoan ibiltzea, ez didate kenduko. Ibon taldekidea Sestao Riverreko bazkidea da eta Las Lllanas zelaian ere izan gara. Sestaok ez du zerikusirik futbol modernoarekin, ez bada punk mugimenduarekin, immigrazioarekin… Futbol taldeek herria ordezkatzen zuten lehen, haien izaerak bat zetozen; gaur egun, ordea, klub guztiek emaitzari begiratzen diote eta patroi bera daukate.

Badira ordea salbuespenak.

Hala da. Eskertzekoa da Ingalaterrako edota Alemaniako talde batzuen joko dibertigarri eta alaia. Ezkerraren helburua da zoriontasuna denona izatea, eta zenbaitetan, futbola, jokoa, ezkertiarra izan daiteke.

 “Gizartea hasi da futbolariak tratatzen rock izarrak bailiran; halere, balore eta jokabide batzuk bete behar dituzte”, diozu liburuan...

Esan nahi dut rock izarren kasuan gauza batzuk zilegi direla, barkatzen dizkiegula, eta futbolarien kasuan ez. Horrekin loturik, futbolariak uneoro dabiltza arrisku edo inprobisazio egoeran. Munduko Txapelketako partida bateko azken minutuan falta bat jaurti eta gola sartzea... latza da. Futbola da inprobisazioaren tenplua, kontzertuz kontzertu zoaz gauzak asmatzen.

Gaur egun futbol zelaietan bada lekurik inprobisaziorako?

Geroz eta gutxiago. Aurrekoan 21 urtez azpiko Espainiako selekzioaren partida ikusi nuen. Saulek hiru gol sartu zituen, baina jendeak Ceballosen jokoa txalotu zuen bereziki, sekulakoak egin zituelako. Ohiko gidoitik irten eta gauzak ongi ateratzean txalotu egiten ditugu kirolariak, baina hanka sartuz gero… Gogoan al duzu Munduko Kopan Zidanek “panenka” estiloan sartutako penaltia? Bere marka historiarako laga zuen. Baina, eta huts egin balu?

Argentinan bizitakoak jaso dituzu liburuan. Futbola desberdin sentitzen al dute han?

Futbola erromantikoagoa da. Hego Amerikako historiak benetan gogorrak dira. Batzuek ez daukate familia duintasunez elikatzeko modurik ere. Sinestezina da egoera horretatik goi mailako futbolaria ateratzea, penaltia sartuko duena 80.000 lagunen aurrean artega jarri gabe. “Maradona galbidean jausi zen”, diote batzuek. Ezagutzen al duzu bere benetako historia? Nola ez da ba galduko? Aitak egun osoa lanean pasatzen zuen eta halere jatekoa urri haien etxean. Bat-batean etxe bat, bi, jainkoen pareko trataera, lesioak, maldan beherako bidea, gorantz gero, beherantz berriz ere… Eta nork lagundu dio? Nor ez litzateke egoera horretan galduko? Ni behintzat bai.

Futbola irtenbide bilakatzen da askorentzat, ez derrigor profesionaletara heltzen direnentzat. Esan nahi dut gizarte hobeagoa lortzeko tresna baliagarria izan daitekeela.

Hezitzaile moduan, adin txikiko umeak dituzten familiekin egiten dut lan nik, eta egia da futbolaren bitartez hainbat gauza landu daitezkeela: talde-lana, garaipen eta porroten kudeaketa, esfortzua, osasuna, elikadura… Eta berdin musikarekin. Rap tailerretan landu izan ditut eskola-jazarpena, feminismoa, errespetua… Rapa herriarena da, horregatik jaio zen Bronxen, edonork edozein momentutan erabili zezakeelako. Baloreak transmititzeko tresna eraginkorra da.

 

Letrak eta futbola

Julen Gabiriak literatura eta futbola uztartzea xede duen “Letrak eta Futbola” egitasmoan parte hartu du aurten. Athletic Fundazioak zazpigarrenez antolatu du ekimen hori, eta bosgarrenez “Thinking Football” zinema jaialdia.

“Letrak eta futbola” ekimenaren baitan bi komiki plazaratu ziren 2015ean, gaztelaniaz bata –Santiago García eta Pablo Ríosen El Portero– eta euskaraz bestea –Diamanteak, urrea eta ikatza–, Unai Iturriagaren gidoia eta Alfonso Zapicoren ilustrazioak dituen fikziozko historia, non bat egiten duten frankismoak, homosexualitateak eta futbolak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kirola
2024-03-14 | Sustatu
Kirol eta jolas: umeei kirol jolasak erakusteko material praktikoak, euskaraz

Athlon Kooperatiba Elkarteak Kirol eta Jolas egitasmoa abiatu du, Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioarekin elkarlanean. Ekimenak Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza jaso du.


Lesio larriak, talde kriminala izatea eta gorrotozko delituengatik ikertzen dituzte Indar Gorriko kideak

Asteazkenean atxilotutako Indar Gorriko 61 kideak libre utzi ditu Iruñeko Instrukzioko 4. epaitegiak, behin-behineko askatasunean eta kautelazko inongo neurririk gabe.


Indar Gorriko 61 kide atxilotu dituzte Iruñean

Espainiako Polizia Iruñean, Sevilla eta Madrilen egiten ari den operazio baten barnean atxilotu dituzte. Iazko urrian Betis-Osasuna partidaren aurretik egondako istiluak ikertzen ari dira.


Emakume bat larri dago ZIUn, Ertzaintzak Donostian foam jaurtigai batekin jo ostean

Emakumea Donostia ospitalean ingresaturik dago, foam jaurtigaiak buruan jo eta odol isuria eragin ostean. Realaren eta Paris Saint Germainen arteko futbol partiduaren aurretik polizia agenteek egindako kargetan zauritu dute. Ertzaintzak barne ikerketa zabaldu duela jakinarazi... [+]


2024-02-25 | Estitxu Eizagirre
Irabazi eta galdu

Txikitatik bizi dugu lehia gizarte honetan: umetan haurren arteko jolasetan, heldutakoan bizitzako eremu guztietan –batzuetan kontzienteki onartzen dugu jokatzea eta bestetan nahi gabe erortzen gara lehia dinamiketan–. Agian horregatik dira kirolariak gizarte... [+]


Eguneraketa berriak daude