2023ko abenduan notizietara salto egin zuen Gernika-Lumok: bertako saskibaloi entrenatzailearen kontrako salaketa bat zegoen sexu eraso jarraituak egitearren. Sare Feministaren izenean, zurrunbilo mediatikoan murgildu zen Apraiz.
2023ko abenduaren 16an eskandalu mediatiko baten erdian esnatu ziren gernikarrak.
Egun horretan egin zen publiko Mario López saskibaloi entrenatzailearen kontra salaketa bat zegoela. Salaketa 20 urte lehenago gertatutako sexu erasoengatik zen, eta orduan, biktimak 13 urte zituen. Lehenagotik ari ginen gaia lantzen, baina publiko egiteak dimentsioz aldatu zuen dena: ordura arte isilean generaman prozesua guztiek jakin zuten. Ordura arteko lana frustragarria izaten ari zen: gauzak gertatzen ari ziren, erasotzailearen inguruko posizionamendua argitzen ari zen, utzikeria ikusten genuen… ordea, ezin genuen ezer esan. Zentzu horretan arnasa hartu genuen. Hitz egin genezakeen gaiaz eta herriko agenteak interpelatu genitzakeen, babesa aktibatu… lasaiago lan egiteko aukera eman zigun berria publikatzeak. Hori bai, oihartzun mediatikoak handi gelditu zitzaigun zurrunbilo batean sartu gintuen.
Zer dela eta eman zenituzten hasierako pausoak isilean?
Guk salaketaren berri jaso genuenean, datu gutxi genituen: duela 20 urte gertatutako sexu eraso jarraitu baten salaketa zegoela eta erasotzailea Mario López zela. Biktima bere prozesuan zegoen eta oraindik ez zen momentua publiko egiteko. Hori errespetatu egin genuen. Erasoen xehetasunak prentsa bidez jakin genituen guk ere. Gainera, Mario López Lointek saskibaloi taldetik kanporatu zezaten bideratu genituen gure pausoak, eta prozesu hori ahalik eta ondoen egiteko diskrezioa eskatu zitzaigun.
Informazio gutxi izan arren, erasotzailearen izena bazenekiten. Zenbateraino izan zen gogorra bere postuan jarraitzen zuela ikustea?
2023ko uztailaren 3an egin genuen lehen bilera Lointekeko zuzendaritzarekin, eta momentu horretan, Mario López bere izena zeraman umeen campus bateko arduraduna zen. Atera kontuak! Urgentziaz eskatu genuen bilera pertsona hori umeen artetik ken zezaten, baina artean, jendeak ez zekien ezer. Isiltasun horretan, Lointekeko zuzendaritzak engainatu egin gintuen. Sinestarazi ziguten klubeko zuzendaritza benetan zegoela lotuta, eta tipoa ordezkaezina zela! Erabiltzen zuten hizkuntza hori zen: palmaresa, ez dakit zenbateko maileguak eskatu dituztela taldea mantendu ahal izateko… inozentziaz hasi ginen klubarekin hizketan, denborak esan digu inozenteegi. Behin uda pasata, benetako aurpegia ikusten hasi ginen.
Gaia publiko egin zenean, klubak lehen komunikatuan gezurra esan zuela frogatu zenuten. Errelatoa eraikitzeko ezinbestekoak izan zarete.
Kasu honek badauka ezaugarri berezi bat: behin publiko egin zenean inork ez zuen adierazpenik egiten. Nortzuk dira edo gara entsalada honetako osagaiak? Erasotzailea da bat, baina normala denez, ez zuen adierazpenik egin. Kluba da beste bat, baina honetan guztian zuen ardura jakinda, isilik gelditu zen. Udala ere ezkutatu egin zen. Zelaia guztia libre gelditu zen, eta guk ikusi genuen aukera ezin hobea zela ikuspegi feministatik hitz egiteko eta emandako pausuak azaltzeko.
Herriaren gehiengoa biktimaren alde lerratu zen hasieratik, baina erasotzaileak ere izan du bere babesa. Nola bizi izan zenituzten zuek hurrengo hilabeteak?
Erasotzaileek beti izaten dute haien babes eremua. Kasu honetan gutxi izan dira, eta haien artean gotortu egin dira. Dena den, frustragarria da zuk hain argi ikusten duzun hori ikusi nahi ez duen jendea parean izatea.
2023ko abenduaren 17an manifestatzera deitu zenuten Gernika-Lumon eta abenduaren 23an agerraldia. Ekimen biak izan ziren bereziki jendetsuak. Erantzun hori zerk eragin zuela uste duzue?
El País-eko artikuluak barrenak mugitu zizkion hura irakurri zuen guztiari. Jendeak zerbait egiteko beharra sentitu zuen, eta guk horretarako espazioa eman genuen. Emakume bat bortxatzen dutenean beste elementu batzuk sartzen dira jokoan, baina ume batek ez dauka errurik epai sozialaren aurrean, eta horrek ere jendea mugitzen du. Berriak medioetan izan zuen oihartzunak jendea etxetik atera zuen. Guk ezinegona erakusteko aukera eman genuen, eta jendeak biktimari babesa erakusteko bidea ikusi zuen.
Publiko egin zen momentutik epaiketara 13 hilabete joan ziren. Nola pasatu zen urte hori herrian?
Hasierako mobilizazioak izan ziren handienak, baina urte horretan gauza asko gertatu ziren: 2024ko urtarrilaren amaieran umeenganako indarkeriari buruzko hitzaldia antolatu genuen, eta gaia kokatzen lagundu zigun. Hainbat tabernarik jo zuten guregana kezkatuta, López haien tabernara joaten zenean ez zirelako eroso sentitzen. Epaiketara begira, erasotzailearen babes eremua izan zitekeen hori interpelatzeko ahaleginean ibili ginen. Parte hartzen dugun beste eremu batzuetara eraman izan dugu gaia, bloga sortu genuen gertatutako guztia batzeko, mozioak aurkeztu udalbatzan… eta erasotzaileak herritar batzuk salatu zituen bera akosatu omen zutelako!
Gai honekin joan zarete parte hartzen duzuen beste eremuetara ere. Feminista izorranteak izan zarete?
Urte batzuk badaramatzagu jaietarako eraso sexisten kontrako protokoloak antolatzen, eta iazko kasuan elementu berri bat gehitu zitzaigun. Gure ustez, jaietan izan zitezkeen erasoen inguruan bakarrik ez, identifikatutako erasotzaile bat guk kudeatutako espazioetara etorriz gero egin behar genukeenaren inguruan ere hitz egin beharra zegoen. Ez da erraza izan, baina paper hori nahiko asumituta genuen. Hala ere: feminista izorranteak norentzat? Jaietan beti jai egiteko aukera izan dutenentzat?
Urte askotan militatu duzu zuk sare feministan, baina gai honek inoiz ez bezala jarri zaituzte erdigunean. Balio izan du sozialki herria aldatzeko?
Beste Gernika bat da hau, e! Eztabaida batzuk gainditu egin ditugu: biktimaren errelatoaren sinesgarritasunarena, adibidez. Hasieratik esan genuen sinisten genuela, herriak sinistu egin dio biktimari eta guretzat hori garrantzitsua izan da. Gero, epaiketara begira, atxikimendu eta babes kanpaina egin ditugu. Deigarria da adineko zenbat emakume etorri zaizkigun eskerrak ematera.
"Justizia beti doa gizartearen atzetik: kalean egiten dugun presioak aldatzen ditu gauzak”
Jende askok esan zuen, hala ere, ez dela harritu. Inor ez bada harritu, zergatik ez du inork ezer esan biktimak hitz egin duen arte?
Emakumeen kirolean entrenatzaile ia guztiak gizonak dira edo izan dira orain arte. Eskema bera da susmagarria. Meloi handia dago hor irekitzeko! Esateko modua da “sumatzen nuen”. Izan ere, gauza bat da zuk erasotzaileari momentu oldarkorrak ikusi dizkiozulako pentsatzea norbaitekin hori baino gehiago pasatuko zela, baina hortik jakin dugunera salto handia dago.
Gernikan saskibaloiak jende asko mugitu izan du eta litekeena da jendeak bere buruari errua botatzea ez delako ezertaz jabetu.
Garai hartako jokalarien, baina batez ere haien gurasoen partetik jaso dugu sentimendu hori. Esan digutenez, ikusten zuten nolako tratua ematen zieten haien alabei, eta oraingo prismatik begiratuta, ez dute ulertzen nola onartu zuten. Kulpa sentimendu hori badago. Orain dela 20 urte indarkeria mota hau askoz ere normalizatuago zegoen.
Indarkeria normalizatuta izateak eraman ote ditzake biktimak hainbeste isiltzera?
Salaketa ipini duenak, duela 20 urte jarri izan balu, berdin alde egin beharko zukeen Gernikatik, baina erreparazio posible gabe.
Erreparazioa prozesu pertsonala da, baina aldeko sententziak lagundu dezake?
Guk ulertzen duguna da, salaketa judiziala jartzea erabakitzen duenak ondorio judizialak espero dituela. Beraz, kasu honetan, aldeko sententziak lagun dezake erreparazioan.
Justizia sistema patriarkala dela salatu dugu mila aldiz, baina kasu honetan erasotzailearen kontra hitz egin du. Sare Feministaren balorazioa aldatu egin du horrek?
Erasotzaile bat kaleetatik aldentzea bermea da beste emakume guztiontzat, jakina; baina justizia feminista mahai gainean jarri behar dugu berehala. Sententzian Gernikako sare feminista aipatzen da: epaileak dioenez, gu ez gara inor esateko justizia sistemak ez dituela emakumeak babesten. Zer nahi dute esatea? Egunero entzuten ditugu epaileek emakume bortxatuei egiten dizkieten galderak, erasotzaileen aldeko sententziak…
Zuek uste duzue gizartearen zati batek behar izan duela sententzia hau biktimari erabat sinesteko?
Bai. Eskaera fiskala publiko egin zen eguna ere garrantzitsua izan zen zuen lanaren sinesgarritasunari dagokionez. Jendeak esan zuen, “hemen zerbait potoloa gertatu da. Fiskalak hamahiru urte eskatu ditu”. Fiskalaren eskaerak ekarri zuen jendeak ikustea gertatu dena larria izan dela, eta sententziak larritasun hori berretsi egin du. Bitartean, ez pentsa, zurrumurru mingarriak ibili dira herrian: biktimarentzat maitasun platonikoa izan zela López, kontsentimendua egon zela…
Halakoak gertatzen direnean erasotzaileak beti lortzen du babesa parte den erakunde horretatik, eta kasu honetan ere, askotan salatu duzue Lointekek babestu egin zuela López.
Guk talde osoaz hitz egiten genuen Lointek izena erabilita, baina bazkideek esan ziguten kluba zuzendaritza baino gehiago dela. Hor traizioa zuzendaritza talde konkretu batek egin zuen. Kluba hamabi juntakide horiek baino askoz ere gehiago da, baina kluba ez apurtzearen izenean, isilik daude asko. 2024ko urtarrilaren 14ko bazkideen batzarra klabea izan zen. Zuzendaritza taldea eskema itxi batekin joan zen batzarrera, eta hurrengo egunean, titularrek esan zuten bazkide guztien babesa zeukala zuzendaritza horrek, baina ez zen egia. Hasieran guri leporatu ziguten kluba apurtuko genuela, eta gero bazkideei. Eta bazkide askok isiltzea erabaki zuten.
Erasoa jasandako guztiek ez dute gertatu zaiena publiko egitea erabakitzen, eta zilegi da. Ze puntutaraino da garrantzitsua erasoak publikoki salatzea?
Publiko egitea ahots-gora esatea da, eta hori beti egin behar da norbere beharren arabera, bakoitzaren erreparazioaren parte da. Askotan, erasoa jasandakoak ez daki gertatu zaiona definitzen ere. Kontu hartze ariketa bat egin behar da, eta ez da erraza. Umeez ari garela, ezin dugu ahaztu umeak ume direla, eta zein den haien kontzientzia maila. Helduok ardura daukagu gai honekiko. Nik orain dela urte bitik hona ardura sentitzen dut. Ez nago parkean jendea espiatzen, baina erantzukizuna daukadala sentitzen dut. Eraso sexuala bera, definizio oso itxi batetik ireki egin da, eta orain, hainbat testigantzari esker, ez dugu bakarrik sarketa hartzen bortxaketatzat. Beraz, publiko egiteak bai, badauka garrantzia.
Gernikako Udalaren iritzi ofiziala faltan hartu duzue?
Gernika-Lumoko Udala egoera politiko kuriosoan dago, baina gaur egungo udalbatzarreko kide bi Lointekeko zuzendaritza kide izan ziren 2022ra arte. Ez dakigu horrek eragin duen isiltasuna, baina guk aurkeztutako azken mozioaren eztabaidan EAJren eta Gorroñoren udal taldeek esan zuten jendea asko sufritzen ari zela gai honekin. Inplizituki nahikoa dela esaten ari zitzaizkigun. Nortzuk dira EAJren eta Gorroñoren [José María] alderdiaren ustez hainbeste sufritu dutenak? Agian sufrimendu hori arintzeko zerbait egin dezakegu guztiok, baina kezka sortzen dit arindu nahi duten sufrimendua zein den pentsatzeak.
Zuek lanean hasi zinetenean ez zenekiten biktima nor den ere. Urte bi hauetan prozesu itzela bizi izan duzue. Orain perspektibaz begiratuta, badago desberdin egingo zenuketen ezer?
Hasieran inozenteegiak izan ginen.
Zuek zintzotasunez joan zineten klubarengana, baina haiek “anaia” babestu zuten. Hori ez da anaidiaren ohiko funtzionamendua?
Gure kezkarik handiena zen, halako salaketa bat egonda, gizon horrek hor jarraitzea, eta umeak dauden udako campus batera lasai joatea. Klubak esan zigun lasai egoteko, campusa hurrengo egunean amaituko zela. Ez genuen lortzen iritsi nahi genuen lekuetara iristea, harik eta jokalari bat gurekin harremanetan jarri zen arte. Orduan jakin genuen zuzendaritza jokalari batzuekin batu zela eta salaketa faltsu bat dagoela esan ziela, eta López ez zutela bidali haien erabakiz, jokalari bat errebelatu zitzaielako baino. Gero, gainera, prentsan irakurri genuen kirol zuzendari izendatu zutela. Orduan jakin genuenez, aurretik ere protesta egin zuen jokalariak esan zien bulegoetan ere ez duela gizon hori nahi, eta badoala klubetik. Zuzendaritzak mehatxu egin zion kontratua ez betetzeagatik salatzea nahi ez bazuen, irteerako komunikatua adostu behar zuela. Begira kluba zertan ari zen, eta gu hain xalo.
"Erasotzaile bat kaleetatik aldentzea bermea da beste emakume guztiontzat”
Gernikako jaietako erasoen protokoloa diseinatu zenuten eta urteak daramatzazue jaietan erasoak artatzen, baina hau beste zerbait izan da, ezta?
Momentuan gertatzen den erasoaren kudeaketak ez du zerikusirik urteetara salatzen denarekin. Momentuan agian inpaktu emozionala daukazu, kontentzio lanak egin behar dira, berba egokiak asmatzea garrantzitsua da… eta artatze hori amaitu egingo da jaiekin batera. Lópezen kontrako kasu honetan, ostera, urte bi egin ditugu erasoa jasan duenarekin. 20 urtean gordetako trauma bat da eta inplikazio emozionala eskatu digu.
Ikasketa prozesu bat izan da?
Bai, eta bide batez, balioan jartzekoak dira aurkitutako aliatuak: kazetariak, adibidez.
Kazetariei buruz ari zarela. Zainduta sentitu zarete zuek eta biktima zaindu dutela sentitu duzue?
Medio batzuen partetik oso. Guk etxekotzat ez genituen medioak ere aliatu izan ditugu. Berria-ko kasua aipatu nahi nuke, ze kazetari bat baino gehiagorekin ibili gara, eta tratua zoragarria izan da: bai eman diguten lekuagatik eta bai erabili duten hizkuntzagatik.
Agian, kazetariengandik lortutako tratuak zerikusia dauka feminismoak azken urteetan egin duen bidearekin?
Bai. Emakume batzuek gauzak aldatzeko determinazioa hartu dugu, eta kasu konkretu honetan, guk, gertatzen dena gertatzen dela, azkenera arte jarraitzeko determinazioa hartu genuen.
Beldurrik izan duzue sententzia erasotzailearen alde ateraz gero, eraikitako babesa eror zedin?
Geure buruari mila bider errepikatu diogu sententzia ez dela inportantea eta, azkenean, sinetsi egin dugu. Eztabaida politikoa judizializatzen ari gara, eta bagenekien kasu honetan ere epaitegietako prozesuak baldintzatu egin zezakeela guztia: fiskalaren eskaera handia bada zerbaitegatik izango delako, sententzia gogorrik ez badago hainbesterako ez zelako… horri ez begiratzen saiatu gara. Justizia beti doa gizartearen atzetik: kalean egiten dugun presioak aldatzen ditu gauzak.
Hemendik aurrera zer?
Oraindik ez dugu gure burua kokatu. Hau ez da amaitu, eta ez errekurtsoa sartu dutelako. Hau ez da amaitu erreparazioa egiteko dagoelako. Eta gero, guk erabaki egin behar dugu nondik jarraitu lanean. Bide batez, uste dut klubeko zuzendaritzak zerbait daukala herriari esateko, eta isilik jarraitzen du.
Salatu dute 69 urteko gizonak hogei urtean egin zituela erasoak. Donostian bi gizon atxilotu dituzte, adingabe bat bortxatzea leporatuta; beste bi gizon ere ikertzen ari dira, talde bortxaketako parte izan daitezkeelakoan. Salaketa jarri duen adingabea Gipuzkoako gizarte... [+]
Gipuzkoako auzitegi baten arabera 2016 eta 2018 urteen artean bost aldiz bortxatu eta beste hainbat sexu eraso zein tratu txar egin zizkion, neskak 12-14 urte zituenean. Gizonari hamasei urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra eta kalte ordainetan 50.107 euro ordaindu beharra... [+]
Hemezortzi hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio epaitegiak, baina ez du zigorra bete beharko. Azken hamarkadan, dozenatik gora emakumek salatu dute aktore frantziarraren sexu erasoen biktima izan direla. 2021ean Les volets verts filmaren grabaketan eraso ziela salatu zuten bi... [+]
Epaiak dio 2001ean Sorzabalek egindako autoinkulpazioa "tratu txarren ondorioa" izan zela, eta beraz, "baliogabea" dela. 1995ean Irunen lehergailu bat jarri izanagatik atxilotu zuten 2001ean, eta bost egunez inkomunikatuta atxiki zuten, gogorki torturatuz.
Alain Esquerrek idatziriko Le silence de Bétharram (Betharramgo isiltasuna) liburuan eman du lekukotza Helene Perlantek, François Bayrouren alabak. 1980ko hamarkadan egon zen ikastetxe katolikoan ikasle eta berrogei urte luzeetan isilik atxiki ditu bertan jasandako... [+]
Ostegun gauean emakume bat bortxatzea egotzita atxilotu zuten gizon bat larunbatean. Gizona kasua argitu arte zaintzapean dago. Mobilizazioa egin du Itaiak astelehenean 18:30ean, Baionako Herriko Etxean, eta horren erantzukizuna azpimarratu du.
Hamaika eraso Uztaritzeko (Lapurdi) San Frantses Xabierko ikastetxe katolikoan gertatu ziren, beste biak Domintxaineko (Zuberoa) ikastetxe katolikoan eta Angeluko (Lapurdi) San Josepe ikastetxe publikoan. Uztaritzeko ikastetxean ikasitako bost gizonek beren testigantzak eman... [+]
Prentsaurrekoa eskaini dute ostegun honetan Marc Aillet Baionako apezpikuak, elizbarrutiko hezkuntza katolikoko zuzendari Vincent Destaisek eta Betharramgo biktimen entzuteko egiturako partaideetarikoa den Laurent Bacho apaizak. Hitza hartzera zihoazela, momentua moztu die... [+]
11 adin txikikori sexu erasoak egiteagatik 85 urteko kartzela zigorra galdegin du Gipuzkoako fiskaltzak. Astelehenean hasi da epaiketa eta gutxienez martxoaren 21era arte luzatuko da.
Elizak 23 kasu ditu onarturik Nafarroa Garaian. Haiek "ekonomikoki, psikologikoki eta espiritualki laguntzeko" konpromisoa adierazi du Iruñeko artzapezpikuak.
15 urteko emakume bati egin dio eraso Izarra klubean jarduten zuen pilota entrenatzaile batek.
Lestelle-Betharramgo (Biarno) ikastetxe katolikoko indarkeria eta bortxaketa kasuen salaketek beste ikastetxe katoliko batzuen gainean jarri du fokua. Ipar Euskal Herriari dagokionez, Uztaritzeko San Frantses Xabier kolegioan pairaturiko indarkeria kasuak azaleratu dira... [+]
Neska adingabeari sexu abusuak era jarraituan egin zizkiola frogatutzat jo du Bizkaiko Lurralde Auzitegiak.
1989tik 2014ra, Frantzia mendebaldeko hainbat ospitaletan egindako erasoengatik epaituko dute. 74 urte ditu Joel Le Scouarnec zirujau ohiak, eta espetxean dago beste lau sexu eraso kasurengatik.
Lau mila karaktere ditut kontatu behar dudana kontatzeko. Esan behar ditut gauzak argi, zehatz, soil, eta ahalko banu polit, elegante, egoki. Baga, biga, higa. Milimetrikoki neurtu beharra dut, erregelaz markatu agitazioa non amaitzen den eta propaganda non hasi. Literarioki,... [+]