ARGIA.eus

2020ko ekainaren 06a
The Handmaid's Tale

Aske izan nahi dut, ez ausart

  • The Handmaid’s Tale telesailak, Margaret Atwood idazlearen eleberrian oinarrituta, etorkizun distopiko batean kokatzen gaitu. Diktadura fundamentalista moduko bat ezarri da eta emakume gazteak ohelagun gisa bizitzera behartuak izan dira, beraien jaunari seme-alabak “emateko”. AEBetako presidentea eta kongresukide gehienak hil ostean, erregimen teokratiko bat ezarri da, hau da, buruzagi politikoak eta erlijiosoak bat datozen eta bertako erlijioak gobernuaren politikan eragin handia duen sistema politikoa.

Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre
2017ko uztailaren 09a

Hortik aurrera, AEBak “Gilead Errepublika” izenez ezagutuko dira. Gizarte berri horretan balore moderno gehienak desagertu dira. Gilead-en hedatu den ugalkortasun arazo larri bat dela eta, emakumeak bigarren planora baztertuko dituzte, objektu huts bilakatuko dira eta haien obarioak bakarrik hartuko dituzte baliagarritzat.

Black Mirror eta batez ere Children of men bezalako kontakizun bikainetatik zuzenean edaten duen istorio ilun eta gogor honen protagonista June da, Elissabet Moss aktore bikainak era zoragarrian gorpuzturikoa –urteko izendapen guztietan egotea espero dut–. Altxamendu puritano horren aurretik argitaletxe batean ari zen lanean eta diktaduraren hasierako fasean familia osoa galdu zuen. Aurreko bizitzako oroitzapenei eutsiz bizi da, nahiz eta badakien senideak berriro topatzeko aukera oso urria dela. Baina June –Offred izendatua– tinko mantentzen duen euskarri bakarra hori da. Hori eta, noizbehinka, barrenetik ateratzen saiatzen den ausardia –nahiz eta “aske izan nahi dut, ez ausart” leloa den telesaileko emakume guztien garunean itsatsirik dagoena, beren “nagusien” kapritxoen menpe bizitza miserable eta gogor baten lokatz nazkagarrian harrapaturik bizi baitira–.

Argumentu harrigarria daukan arren, hori ez da telesailaren alde sendoena: "nola" kontatuta dagoen are latzagoa da

Gezurra dirudien arren, argumentu harrigarri hori ez da telesail honen alde sendoena –ez bakarra behintzat–, “nola” kontatua dagoen are latzagoa baita. Teknikoki bikaina da, ia perfektua, esango nuke. Planoen antolaketa eta egitura koherentzia osoz egina dago. Sinbolismoz eta esanahi ezkutuz kargaturik dauden eta margolari batek eginak diruditen konposaketa itzelak aurki daitezke, leihoetatik etengabe sartzen diren eguzki izpiek transmititzen dutena, adibidez.

Horrez gain, hasieratik erakusten duen zerbait da erritmoaren kontrol milimetriko eta oso zehatza. Era zoragarrian tartekaturiko flashback batzuen bitartez, Juneren mundua lehenago nolakoa zen erakusten du. Protagonistaren off-ahotsa eta sentimenduz beteriko irudi bortitzen bitartez, ikuslea nokeatuta uzten du. Kontrapuntu gisa, abestien aukeraketa eta muntaia oso eraginkor bati esker, orainaldia eta iraganaren arteko kontrastea era ikaragarrian igortzea lortzen du. Elementu guzti horien batuketarekin, atal guztietan errusiar mendien sentimendu moduko batean igoarazten gaitu The Handmaid’s Tale-k. Eta hori gutxi balitz, maisutasunez idatzitako gidoi zoragarria ere gehitu behar diogu. Hari askeak topatzea ezinezkoa den horietakoa. 

Badakizue beraz, aurten telesail berri baten bila bazabiltzate, hau izan liteke aukeraketa bikainena –eta baita gogorrenena ere, kontuz!–. Gainera, aitzakiarik ez duzue, hamar atalak Euskal Herrian HBOren bitartez ikus ditzakezue.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Telesailak  |  AEB

Telesailak kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2017ko uztailaren 09a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude