ARGIA.eus

2020ko uztailaren 06a

Fitoalimurgia

Jakoba Errekondo @bizibaratzea
2016ko apirilaren 17a

Apirilaren lehen egun honetan, lagun italiar batek igorri berri dit bazkaritarako mahaia edertzeko jarri duen lore sortaren argazkia. Hau inbidia nirea! Kamelia negutar gorria (Camellia sp.) eta urre horizko Forsithia viridisima, peonia arrosa galanta (Paeonia arborea) eta baratxuri zuri basati bat. Nire ustez zuri hori hartz-baratxuria dela esan diot, Allium ursinum. Berak ezetz, “aglio pelosetto” ote den, Allium subhirsutum. Berak du lorea sudurraren aurrean, eta nik amore eman behar. Italiarrari “amore”. Euskarazko izenik ez diot inon topatu, eta, beraienari itzuli bat emanez, “baratxuri bilotsua” proposatzen dut; hostoen ertz iletsua gogora ekarriz, bide batez.

Neguko lore bakarraren gainean, uda berria zapartatu den seinale diren hiru. Hori da Italiaren bihotza; geurearen aldean, aurreratua; klimatologikoki, behintzat, zalantzarik gabe.

Baratxuri basati bat edo bestea ote zen eztabaidan, bere etxe ondoko belazearen argazkiak bidali dizkit. Orduan bai, inbidiak urtu nau. Loreen emana dela eta, belarrik ez dute mozten: “Il prato è meraviglioso, pieno de fiori!”. Eta berak, inbidiaren zaurian hazka eta hazka... Nola sukaldean erabiltzen duten, hostoa bezala, lurpeko burutxoa. Bere amaginarrebaren jaioterrian, Sardinian, bereziki maite omen dute, nola gordinik entsaladak gozatzeko, nola ongailu edo bizigarri. Eta hitz berri bat erakutsi dit: baratxuri bilotsua fitoalimurgikoa da. Ulertu dudanaren arabera, fitoalimurgiak adierazten du landare basatiak elikadurarako erabiltzearen artea. Gurean etnobotanika esaten zaio, baina, nire iritziz, adiera zabalegian. Etnobotanikak landareen erabilera guztiak biltzen dituela iruditzen zait. Aurrerantzean, badakit: etnobotanikan elikadurari lotutako alorrari “fitoalimurgia” deituko diot. Grazie, Francesca!

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Loreak

Loreak kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2016ko apirilaren 17a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude