Meral Zin Çiçek, Emakume Kurduen Harremanetarako Bulegoko zuzendaria

"Emakumeon borroka gerrillariaren irudira murrizten duenak ez du ikusten iraultzaren osotasuna"

  • Daeshen ofentsibak eta Kobaneko setioak kurduak nazioarteko lerro buruan jarri zituzten. Une kritiko hartan Meral Zin Çiçekek (Kolonia, Alemania, 1983) abiatu zuen REPAK erakundea Kurdistanen sortutako aukera eta beharrizanei erantzuteko. KCK-ko – Kurdistango Konfederazio Demokratikoa– kide gisa, emakume kurduek batasun nazionala sustatzeko tresna bilakatu da, baita internazionalista, akademiko eta kazetarien lana koordinatzeko ere.

Asier Arrate Iruskieta @AsierArrate
2017ko ekainaren 25a
Argazkia: Miral Zin Çiçekek utzia
Argazkia: Miral Zin Çiçekek utzia

Irakeko eta Siriako gerrak kurduen borrokan bidegurutze izango dira. Zein da REPAKen eginkizuna une historiko honetan?
Nahiz eta askok uste duten gerra hau erregimenen eta indar atzerakoien aurkakoa den, benetako gatazka autodeterminazioaren eta neokolonialismoaren artekoa da. Irak eta Siria muga etniko eta erlijiosoetan berrantolatu nahi dituzte, baina horrek ez du arazoa konponduko, biolentzia gehiago ekarriko du. Irtenbidea autonomia demokratikoa eta autogobernua dira. Rojavan garatzen ari den konfederalismo demokratikoaren ideia. Emakumeak eta kurduak dira gehien zapaldutakoak. REPAK emakume kurduen erakunde izanik, proiektu hau Ekialde Hurbilerako irtenbide gisa zabaltzea du helburu.

Zergatik uste duzu dela Rojavako gobernu eredua gerra honen irtenbide?
Lehen Mundu Gerra ostean potentzia kolonialek marraztutako mugek ez dituzte islatzen Ekialde Hurbileko errealitate politikoak, sozialak, erlijiosoak eta etnikoak. Etengabe biolentzia eta gatazka eragiten dituzten mekanismoak dira. Sistema horren bitartez errazagoa da potentzientzat Ekialde Hurbila kontrolatzea. “Elkartasunik gabe, indarrik ez” teoriaren adibide argiena da. Horren aurrean demokratizaziorako lehen alternatiba erreala eskaini du Rojavak. Ez nuke esango batzuek modu okerrean Arabiar Udaberria deitu dioten mugimendua instrumentalizatua egon denik, baina arazoa da indar demokratikoak ez zeudela antolatuta eta porrot egin zutela. Horregatik, prozesu honek azkenean erregimen zaharraren berrezarpena ekarri du. Zapalduta daudenak prozesuan subjektu aktiboak badira soilik eraikitzen dira alternatibak.

Rojavako ereduak ilusio eta interes handia piztu du, baina zeintzuk dira bere erronka nagusiak gerra osteko Ekialde Hurbilean?
Erronkak asko dira. Alde batetik sistema alternatibo bat ezartzea. Bestetik, aurrean ditugun indar atzerakoiei aurre egitea. Estatu Islamikoaz (EI) gain, Turkia dago, Siriako gobernua, Kurdistango Eskualde Autonomoa… Hala ere, horri aurre egitea erraza da, arazo handiena norbere buruko sistema iraultzea da. Demokraziaz hitz egin dezakegu, baina agian gure izaera ez da demokratikoa. Rojavan bertan, oraindik badira arabiarren aurkako aurreiritziak. Jokabide hauek gainditu nahi ditugu, baina zenbait pentsamolde oso barneratuta dugu. Baditugu horri aurre egiteko mekanismoak: kritika eta autokritikarako batzarrak, txostenak, asanbladak… Denbora beharko da gauzak aldatzeko, baina lortuko dugu.

Argazkia: Miral Zin Çiçekek utzia

Beldur zarete behin EIren aurkako gerra bukatuta abandonatu egingo zaituztetela edo proxy gisa erabili?
Argi dugu autonomia demokratikoa ez dela potentzien intereseko. Aktore inperialista, kapitalista eta patriarkalak dira eta Rojavako alternatiba estatu estruktura horiek gainditzeko sortu den proiektu komunala da. Kontua da Rojavako jendeak bere proiektuan sinisten duela eta ahalik eta independenteen izaten saiatzen dela. Burujabetza horri esker, Kurdistango askapen mugimendua gai izan da erasoei eta nazioarteko konplotei aurre egiteko. Zure independentziari eusten badiozu ez duzu beldur izan behar beste norbaiten proxy bihurtzeko. Batzuetan beste indar batzuekin elkarlan taktikoa ezinbestekoa da, baina horrek ez du esan nahi zure estrategia nagusia abandonatu behar denik.

Elkarlan taktiko horiek Rojava eta orokorrean kurduenganako mesfidantza sortu dute arabiar munduan.
Nazionalismoa eta dogmatismoa dira Ekialde Hurbileko mugimendu demokratikoen arazo handiena. Horren adibide dira 70eko hamarkadako indar iraultzaileak. Libanon ezkerreko erakunde iraultzaile baten sortzaile batekin izan nintzen, eta kurdua nintzela jakin zuenean Assadekin kolaboratzen ari garela, Mossadentzat lanean, Sirian garbiketa etnikoa burutzen ari garela eta antzeko kontuak leporatu zizkidan. Ideia hauek oso zabalduta daude mundu arabiarrean. Izan ere, kurduak mugimendu iraultzaile horien ispilu bihurtu gara eta ezin dute onartu eurek porrot egin zutela eta gure proiektua arrakastatsua dela. Hala ere, belaunaldi berriak irekiagoak dira eta beraz potentziala dago mugimendu arabiar aurrerakoiekin lan egiteko.

Mendebaldean Rojavako ereduaren irudi ezagunena frontean dauden emakumearena da. Nola eragingo du etorkizunean emakumeen parte hartzeak?
Eragin izugarria izango du. Hasteko, gizarteko rol tradizionalak apurtzen lagunduko duelako. Beti uste izan da emakumeak ezin direla borrokatu, hori gizonen lana dela. 90eko hamarkadan Ipar Kurdistanen oso garrantzitsua izan zen PKKren baitan tabu hori apurtzea. Emakumeak armak hartzeak iraultzaren izaera aldatu zuen, eta gizartean eragin. Egungo sistema kopresidentzialista eta emakumeen egitura paraleloak Kurdistango askapen mugimenduaren barruan hasitako berdintasunaren aldeko borroka luze horren ondorio dira. Baina ez dut nahi Mendebaldeko zenbait hedabidetan saltzen den irudia defendatu, non emakume bat arma batekin ikustea cool den. Hau arazo bihurtu zen Kobaneren ostean. Ulertu behar da zein den armen balioa.

Emakume milizianoen kasuan orientalismo kutsua dagoela uste duzu?
Emakumeon borroka AK batekin dagoen gerrillariaren irudira murrizten dutenek ez dute ikusten edo ez dute nahi ikusi iraultzaren osotasuna. Kurdistango askapen mugimenduak ez ditu goraipatzen armak. Derrigortuta gaude armak erabiltzera babesteko eta askatasuna lortzeko. Armak ez dira helburua, tresna baizik. Gainera, autodefentsarako armak baino gehiago dira. Sistema patriarkalaren aurkako gerra honetan autodefentsa ez da soilik erasoei aurre egitea, baita gure amets eta ideiak defendatzea ere. Horregatik defentsarako tresna onena, balio eta ideal guzti horiek egikaritu daitezkeen testuingurua sortzea da.

Kurduen borrokak historia luzea du, baina Kobaneko setioaren ostean egin zen ezagun munduan. Bapateko ospe eta babesa nola ikusten dituzu?
Beti izan dugu babes internazionalista Kurdistango askapen mugimenduan. Egia da hasi egin dela azken urteotan, mugimenduaren paradigma nazioartekoago bilakatu denean. Hasieran mugimenduaren helburu bakarra arazo kurduaren irtenbidea zen. Gerora lortu du ikuspegi globalagoa. Internazionalismoaren ikuspegia ere aldatu da. 90eko hamarkadan Mendebaldeko internazionalistak laguntzeko ideiarekin etortzen ziren. Egun, ikastera eta iraultzan parte hartzera datoz. Parte sentitzen dira. Hala ere, oraindik badago zatiketa hau. Rojavan gehienak dira iraultzaren parte izatera datozen internazionalistak, baina badira, batez ere Kobaneko setioaren ostean, soilik EIren aurka borrokatu nahi dutenak. Arriskutsua da hori, haietako askoren ideologiak Rojavako ereduarekin talka egiten baitu.

Kurdistango Eskualde Autonomoko gobernuak erreferenduma deitu nahi du irailaren 25ean. Nola ikusten duzu prozesu hau?
Estatu independente bat lortzea da helburua, eta ados nago independentziarako beharrizan eta nahi handia dagoela Kurdistanen, baina garrantzitsua da nola ulertzen den independentzia. Izan ere, agian egungo sisteman Rojava Kurdistango Eskualde Autonomoa baino burujabeagoa da. Beharra dugu sistema politiko ekonomiko eta sozial burujabeak eraikitzeko, baina indar erregionalen eta nazioarteko potentzien mende gaude egun. Erreferendum batek ez du hori aldatuko. Ni ez nago Kurdistan independente baten aurka, ideologikoki estatuaren aurka nago. Sistema bezala jokabide antidemokratikoak eta indarrean oinarritutakoak errepikatzen dituelako.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Estatu Islamikoa kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude