Hauteskundeak "arrazoizko epean" ospatzea aurreikusten dute Maliko altxamendu militarraren buruek

  • Ibrahim Bubacar Keita Maliko presidentea dimititzera derrigortu dute. Herrialdean aspaldian protesta gogorrak ari ziren ematen krisi ekonomiko larria dela eta.


2020ko abuztuaren 20an - 12:30
HSBNren prentsaurrekoa. Argazkia: OTRM

Militarren kontseilu bat Maliko Gobernuaren aurka altxatu zen joan den asteartean, eta Ibrahim Bubacar Keita presidentea eta Bubu Cise lehen ministroa atxilotu zituen, “krisiaren erantzule” izatea leporatuta. Estatu kolpeak nazioartean gaitzespena eragin badu ere, Maliko Bamako hiriburuko hainbat lagunek ospatu egin zuten militarren esku-hartzea, elDiario.es hedabideak aditzera eman duenez.

Presidentea dimisioa ematera behartu dute, bai eta gobernua zein parlamentua desegin ere. Keitak Maliko OTRM telebista katean adierazi zuenez: “Boterean jarraitzeko ez dut odolik isurtzerik nahi. Ondorioz, herritarrei jakinarazten diet une honetatik aurrera funtzio guztiak bertan behera uztea erabaki dudala”.

Hasiera batean Maliko Indar Armatuak kolpearen inguruan banatuta zeudela uste zen arren, orduek aurrera egin ahala ustezko barne oposizioa ikusezin bihurtu da, eta uniformedun gehienak kolpisten alde jarri direla pentsa daiteke. Matxinatutako militarrak Herriaren Salbaziorako Batzorde Nazional gisa aurkeztu dira. Behin behineko batzordeak hartu dituen lehen erabakien artean mugen itxiera eta etxeratze agindua daude, besteak beste. "Trantsizio zibila" nahi dutela diote, eta hauteskundeak "arrazoizko epean" antolatzea. Halaber, jihadismoaren aurkako borrokan "atzerriko tropekin lankidetzan" jarraituko dutela gaineratu dute. Komunikatua irakurri duen bozeramailea Ismael Wague koronel nagusia da, Aire Armadako Estatu Nagusiko buruzagia.

Asteazken goizean telebista kate nazionalean egindako adierazpen labur batean, agintea hartu duten militarrek esan dute ez zaiela boterea interesatzen, "nazioaren osasuna baizik", eta esku hartu dutela "kaosa, segurtasun falta eta anarkia" nagusi zirelako. "Maliri gure eguneroko bizitza hobeto kudeatzeko eta gobernatuen eta gobernarien arteko konfiantza berreskuratzeko erakunde indartsuak" emango dizkiotela agindu du Wague koronelak.

Kanpo-presioak

Afrika Mendebaldeko Estatuen Erkidegoak mugak itxi ditu Malirekin eta herrialdeak erakundean zuen partaidetza bertan behera utzi du. Erkidegoko kideek militarki esku hartzearekin mehatxatu dute Mali. NBEko segurtasun kontseiluak bilera egin du asteazkenean, herrialdearen egoera aztertzeko. Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak Keita presidentea "berehala eta baldintzarik gabe askatzeko" eta maliarren arteko desadostasunak "modu baketsuan konpontzeko" eskatu du.

Barne-egoera

Estatuburua eta lehen ministroa ez ezik, kolpistek Maliko gobernuaren gehiengoa ere atxilotu dutela uste da, iragan uztailaren 27an salbuespenezko kabinete gisa osatu zena. Baina kondena horiek guztiak eta kanpoko babesik eza gorabehera, badirudi matxinatuek herritarren babesa dutela. Asteartean Bamako hiriburuko etorbide asko hartu zituen jendetzak pozez, militarrekin musika eta kantuen artean bat eginez. Telefono mugikorren bidez partekatutako eszenek gertakarien bat-bateko ospakizunen irudi ugari utzi dute, eta horien arabera ematen du matxinatutako militarrek herritarren zati handi baten babesa dutela.

Presidente kritikatua

Ibrahim Boubacar Keïta 2013an iritsi zen boterera, 2012ko Estatu Kolpe baten ondoren izandako hilabete zurrunbilotsuen ostean. 75 urteko politikariak bi hauteskunde irabazi ditu testuinguru lasai batean, azkena 2018an. Joan den apirileko hauteskunde legegileen emaitzak piztu zuen herritarren haserrea, ordea, iruzur susmoengatik. Maiatzean eta ekainean jendetza batek Bamakoko kaleak inbaditu zituen presidentearen eta bere familiaren ustelkeriagatik protesta egiteko, baina baita herrialdean bizi den segurtasun faltagatik, eta izaera etnizistako miliziek de facto menderatutako lurralde nazionaleko eremu zabaletan estatua ez delako heltzen. Hori gutxi balitz, jihadismoak ere lekua irabazi du herrialdean Keitaren garaian.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Estatu kolpeak
Carlos Fonseca kazetaria
“O-23ko estatu kolpean, erregeak jeneral bati baimena eman zion kontzentrazio gobernua osatzeko”

Espainiako armadak antolatu zuen 1981eko otsailaren 23ko estatu kolpea, baina helburua omen zen Alfonso Armada jeneralak gidatuko zuen zibilez osatutako kontzentrazio gobernu bat eratzea, eta Juan Carlos I.ak baimendu egin zuen gobernu hori. Hori dio Carlos Fonseca kazetariak... [+]


Egungo gatazken sustrai kolonialak

Hain zabala baina europar zurientzako hain ezezaguna den Afrikak lerroburuak hartu ditu azken bolada honetan. Liskarrak, hildakoak, Polizia, agintariak, herritarrak, gazteak... egun gutxi batzuetan fokua hara bideratzen da, baina notiziak iritsi bezala badoaz, eta ahazten dira... [+]


Estatu kolpeen zerrenda handitzen ari da

Sahelen inguruan azken urte gutxian egon diren estatu kolpeen kopurua deigarria da, eta hori ulertzeko LARRUN honetan aipatu ditugun sakoneko arrazoiei erreparatu diete hainbat adituk. Herrialde bakoitzaren egoera desberdina izan arren, eta azaldutako auziez gain beste hamaika... [+]


2023-08-31 | Ilargi Manzanares
Militar talde batek estatu kolpea eman du Gabonen, hauteskundeen ostean

Omar Bongo presidente ohia 2009an hil ondoren bere seme Ali Bongo bilakatu zen presidente. Bongo familia 1967 urtetik dago boterean. Azken hauteskundeak larunbatean egin ziren eta Bongok berriro irabazi zuen iruzur salaketen artean.


Eguneraketa berriak daude