Zer egin ISISeko milaka kide ohiekin?

  • Duela ia bi urte amaitu zen Daesheko Kalifatoa, baina erakunde horretan ibilitako milaka lagunek Siriako ekialde eta iparraldean jarraitzen dute. Kurduek gidatutako proiektu politikoak arazo larria du beste inork jaso nahi ez dituen pertsona hauek kudeatzen.

Baghouzeko batailaren ondorioak.  Argazkia: Strige blog
Baghouzeko batailaren ondorioak. Argazkia: Strige blog

2019ko martxoan Siriako Indar Demokratikoek (jatorri kurduko YPG eta YPJ taldeek sortutako erakundea) bukatutzat jo zuten Estatu Islamikoaren Kalifatoa bere azken gotorlekuan, Baghouz hirian. Diktadura horren desegiteak, ordea, sekulako giza hondamendia utzi du kurduek eraikitako institutuzio autonomoetan, Siriako iparralde eta ekialdeko Autoadministrazioan.

Milaka borrokalari jihadista pilatu dira Siriako iparraldeko bost espetxetan. Hain zuzen, preso kopuru aldetik munduko batezbesteko xumeenak izatetik –San Marinokoen antzera–, kartzelak goraino beteta izatera pasa da Rojava eskualdea. Baina larriagoa da Daeshen oinarri sozialaren eta eragindako errefuxiatuen patua. Rojava Information Center kazetari taldearen arabera, Al Hol kanpalekuan –Hasakako probintzian– 65.000 lagun baino geratu dira harrapatuta. Horietako 30.000 irakiarrak dira eta 10.000 lagun han ziren Kalifatoaren gainbehera gertatu baino lehen. Beste 25.000 siriar jatorrikoak dira eta gainerako 10.000 Europa, Asia, Afrika edota Ameriketako zenbait herrialdetatik heldu ziren.

Zehazki, eremuko biztanleen erdia 12 urtetik beherakoa da eta bost urte baino gutxiago du laurdenak. Siriarrak eta irakiarrak ez direnen artean, %65ak ez ditu 12 urte bete. Azpimarratzeko modukoa datua ere bada kanpalekuan ez daudela errefuxiatuak bakarrik, Estatu Islamikoarekin lotutako 20.000 lagun inguru daude, emakumezkoak eta umeak, gehienbat.

Rojava Information Centerrek ohartarazi duen moduan, askok uste du Al Hol bilakatu dela Estatu Islamikoaren akademia, non emakumezkoek ideologia jihadista umeen artean zabaltzeko baliatu duten, terroristen belaunaldi berria bermatzeko. Horietako batzuek aurretik zituzten ardura berak hartu dituzte, eta horrez gain, Hisba indarrean dago, hau da, “morala zaintzeko” ardura duen Kalifatoaren Polizia. Euren jarduera nabaria da eta hilketak eta erasoak egin dituzte zenbait biztanleren aurka. Horri gehitu behar zaio Daeshen talde batzuk aktibo daudela Al Hol kanpaleku barruan eta 2021ean jada sei pertsona erail dituztela, gutxienez. Esaterako, urte hasieran segurtasun indarrek islamista susmagarri bat inguratu zutenean, bere burua zartatu eta Asayish autodefentsa taldeko kide bat hil zuen.

Al Hol kanpalekua. Argazkia: Contrainformacion.es

Egoera ez da ezohikoa, ISIS-ek atentatuak ugaritu ditu ia Siria osoan. 2020ko abenduaren amaieran Siriako erregimenaren 30 paramilitar hil zituen basamortuan egindako segada batean eta SDFren kontrolpeko lurraldean zazpi lagun hilez hasi du urtea. Hala ere, bere egitura zibilaren egoera da biziki larria dena kurduek eraikitako ipar eta ekialdeko Sirian.

AEBek, hainbat herrialderekin batera, 2014an sortutako Nazioarteko Koalizioak hegazkin eta arma ugari baliatu zituen Estatu Islamikoaren milizianoak bonbardatzeko Sirian eta Iraken, baina bitarteko nahikorik ez du jarri muturreko islamismoaren zutabe ez armatua desegiteko; azpiegiturak ez dira nahikoak eta erradikalizazioaren aurkako programak oso mugatuak dira, ez baitago dirurik horretarako. Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundearen arabera, siriarren %80a txirotasunean bizi da eta ogia eskuratzeko ilarak eta zailtasunak handitu dira ia leku guztietan. Gainera, hainbat hiri eta herri txikituta daude oraindik.

Nazioarteko gaietan aritzen den Sara Ainhoa de Ceano-Vivas kazetari madrildarrak denboraldi luzea eman du Sirian. Bere hitzetan, kurduen kontrolpeko lurraldean herritarrek etsipenez ikusten dute egoera: “Jendeak barneratu du ez dagoela beste irtenbiderik. Daesheko hainbat kide askatu dute tribu arabiarren bermeekin eta akordioen bidez, baina, milaka atxilotuta daude. Etsipena eragiten du bitarteko gutxi egoteak eta dauden apurrak eurei bideratu behar izateak. Amorrua ere badago, bereziki, nazioarteko komunitatearekiko, inork ez baitu bere gain hartu nahi kanpoko herritarren ardura. Siriatik kanpokoak dira, oro har, erradikalenak. Ideologizaturik heldu ziren Kurdistanera eta Siriara, euren jatorrizko gizarteetan sufritzen zuten arrazakeriaren ondorioz. Orain siriarren arazoa dira, laguntza ekonomikorik ere ez baitago”. Daesheko hainbat kide askatu dituzte Raqqa edo Deir Ez-Zor zonaldeetan tribu arabiarren bidez. Klan arabiarretako buruek euren gain hartu dute preso ugariren ardura. Krimen odoltsuak egin ez dituzten tribukide horiek bizitza zibilera itzuli dira eta klanetako sheik edo buruek bermatu behar dute Estatu Islamikora ez direla itzuliko. Hala ere, EI-n parte hartu duten milaka atxilotuta daude oraindik.

Al Hol kanpalekua. Argazkia: Wikipedia

Kazetariak azpimarratu du jende hori guztia “linboan” dagoela: “Nazioarteko komunitateari eskatu zaio epaitegia osatzeko Sirian gertatutako krimenak argitzeko, baina ez da urrats errealik egin. Gainera, irakiar askok ez du euren herrialdera itzuli nahi, Irakeko Gobernuak heriotza zigorra ezarriko lioketelako eta Siriako ipar eta ekialdeko Autoadministrazioa horren kontra dago”.

Espetxeak gainezka
Daesheko militanteak kudeatzeko dauzkaten tresnen urritasuna azpiegituren gainpopulazioan islatzen dira. Hasakan Estatu Islamikoko 100 kide dauzkate builduta geletan eta dagoeneko hainbat matxinada gertatu dira. Kobane hiri kurduan ere talde horretako 20 preso dauzkate elkartuta ziega bakoitzean. Gainera, preso erradikalak eta Kalifatoari uko egiteko prest daudenak batera daude eta ezinezkoa da beren artean ezberdintzea.

Al Hol kanpamentuan egoera ez da hobea. Horrek guztiak hiru ondorio ditu: zerbitzu kaskarrak, arreta mediku traketsa eta bizi baldintza txarrak. Datuak adierazgarriak dira: 2019an 500 lagun zendu ziren kanpalekuan gabezia materialak direla medio eta, larriena, horietatik 371 umeak ziren.

Gizartera itzultzea, aukera zaila
Berez, jihadean parte hartu duten pertsonak gizarteratzea da irtenbideetako bat, baina, momentuz, ez da bideragarria baliabide faltagatik. Adibidez, 2017an Huri zentroa ireki zuen Autoadministrazioak Qamishlon, baina mota horretako ekimen bakarra da. Egoitza horren helburua da Estatu Islamikoak borrokatzeko edo eraso suizidak gauzatzeko trebatu zituen gazteak artatzea. Hango langileek onartzen dute betebehar zaila dela eta askok Rojava Information Centerri aitortu zion, hasieran, emakumezkoak diren begiraleei nerabeek ez dietela aurpegira begiratu ere egiten: “Daeshen ideologia oso misoginoa da, baina denboraren poderioz emaitza positiboak lortzen dira”.

Edonola ere, Huriko langileek aipatzen dute esku-hartzea errazagoa dela siriarrekin, asko dirua lortzeko helburuz batu zirelako jihadera.

Siriako Emakumeen Kontseiluaren mintegi bat Al Holen, Daesheko emakumeekin eztabaidatzeko. Argazkia: Siriako Emakumeen Kontseilua

Daesheko kide atzerritarrak, korapiloa
Irakiarrak edo siriarrak noizbait euren komunitateetara itzultzeko itxaropena badago ere, beste herrialde batzuetatik Siriara joandako jihadistak –asko emakumeak– dira argitu gabeko zama kurduen Autoadministrazioarentzat. Frantziako Estatuak, Austriak, Errusiak edo Asia erdialdeko hainbat estatuk umeak herriratu badituzte ere, ez dute ezer jakin nahi milizianoei –2.000 espetxeetan– edo emakume helduei buruz.

Borrokalari izandakoen kasuan, hainbat estatutan eztabaida itxita dagoela dirudi, baina emakumeena ez. Arian komandantea –YPJ talde kurduko ofizial baten bizitza kontatzen duen pelikula, ARGIAren multimedia kanalean ikusgai dena euskarazko azpidatziekin– estreinatu ostean, Alba Sotorra zinemagileak The return filma egin du. Lan horretan Estatu Islamikoan aritutako hainbat emakumeren historia azaldu du. Sotorrak eurekin bizitzeko parada izan zuen Roj Camp-en eta erradikalizazioari aurre egiteko prozesuan sartuta dagoen emakumezko talde bat grabatu zuen han.

Shamima Begun britainarra oso ezagun egin zen EI-ren aldeko militante izateagatik. Badaude hain ezagunak ez direnak ere, baina guztiek aztertu dute beren ibilbidea kamera aurrean. Kasu batzuetan biktima sentitzen dira eta beste batzuetan engainatu egin zituztela diote. Badira bidaia horretan lagunak, senarra edo seme-alabak galdu dituztenak edo zapalkuntza matxista argi eta garbi sumatu dutenak. Esperientziak esperientzia, desio batek batzen ditu: etxera itzultzea.

Tamalez, Roj Campekoek ez bezala, Al Hol kanpalekuan geratu den askok ez du modu kritikoan berrikusi bere parte-hartzea Kalifatoan. Esaterako, Popular Front komunikazio independenteko ekimena zuzentzen duen Jake Hanrahan kazetariak, Karibeko bi emakumezko elkarrizketatu zituen bere podcastean. Besteak beste, “te festa” baten moduan gogoratzen zuten jihadistek Estatu Islamikoaren egunerokoa. Sentimendu kontraesankorrekin amaitu zuen solasaldi gogor hori kazetari britainarrak: “Bukatzean amorrua eta pena sentitu nituen, baina euren ekintzek sufrimendu handia sortu zuten eta ezer egin izan ez balute bezala jokatzen zuten”.

Emakume yezidiei buruz –kurduen komunitate etniko-erlijiosoa– egindako galderari Daesheko kide ohien erantzunak bereziki asaldatu zuen kazetaria: “Aipatu zuten yezidiek gogoko zutela esklabo izatea. Emakume yezidiak bahitu, bortxatu eta saldu egin zituzten . Puntu horretan nazka sentitu nuen. Ez ziren egindakoagatik damu, inondik inora. Beldurgarria da norbaitek hori gustuko zutela esatea”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Estatu Islamikoa
Ertzaintzaren txosten sekretu baten arabera Aznarrek Espainiako Inteligentzia Zerbitzuari eskatu zion ETA M11ko atentatuei lotzeko

El Diario egunkari digitalak argitaratu du Ertzaintzaren txostena. Honela dio: “Espainiako Inteligentzia Zerbitzuak beraien Gasteizko langileak mobilizatu zituen ETA Al Qaedarekin lotu ahalko zuen informazio bila”. Dokumentuaren arabera, Italiako web orri bat... [+]


2024-02-04 | Aitor Aspuru Saez
Lara Vilanova
"Estatu Islamikoko emakumeekin zubiak eraiki genituen elkarrizketarako, baina zintzoak izan behar ginen eta gezurretan ez erori"

Lara Vilanova (1983, Bartzelona) argazkigintza zuzendaria da eta The Return: Life after ISIS, Sinjar, Cuerdas edota Hondarrak filmetan hartu du parte. Abenduan Euskal Herria bisitatu zuen The Purple Meridians topaketetan parte hartzeko Durangon.


2022-02-27 | Itxaro Borda
Salah

Irakurleak badaki 2015eko Parisko atentatu izugarrien auzia hurbiletik segitzen dudala, eskura dauzkadan prentsa baliabideei esker. 130 herritarren herioa eragin zuten komandoetatik bizirik ateratako kide bakarra Salah Abdeslam izan zen eta bere bizkar datza justizia egin... [+]


2022-01-28 | Aitor Aspuru Saez
Ehunka hildako utzi ditu jihadistak askatu asmoz Estatu Islamikoak espetxe bati eginiko erasoak

Urtarrilaren 20an Siriako Ipar eta Ekialdeko Autoadministrazioaren menpe dagoen Hasake hiriko espetxeari eraso diote auto suizidekin, milaka islamista askatzeko. YPGk kontrola berreskuratu arren, tiroketek jarraitzen dute, Daex-eko zenbait kide ezkutatu baita.


Generalitatetik 2017ko atentatuen inguruan gertatutakoa argitzeko exijituko zaio Espainiako Gobernuari

Jose Manuel Villarejo espainiar polizia ohiak adierazi ostean Espainiako inteligentzia zerbitzuek 2017ko atentatuak gerta zitezen utzi zutela, Kataluniako Gobernuak zer gertatu zen ikertzeko exijituko dio Espainiako Gobernuari. Halakorik egin ezean, auzia nazioarteko... [+]


Eguneraketa berriak daude