Ehunka hildako utzi ditu jihadistak askatu asmoz Estatu Islamikoak espetxe bati eginiko erasoak

  • Urtarrilaren 20an Siriako Ipar eta Ekialdeko Autoadministrazioaren menpe dagoen Hasake hiriko espetxeari eraso diote auto suizidekin, milaka islamista askatzeko. YPGk kontrola berreskuratu arren, tiroketek jarraitzen dute, Daex-eko zenbait kide ezkutatu baita.

Espetxean matxinatutako Daex-eko zenbait kide amore eman ostean

2022ko urtarrilaren 28an - 07:54
Azken eguneraketa: 09:12

Siriako Ipar eta Ekialdeko Autoadministrazioak hamaika aldiz iragarritakoa gertatu da urtarrilaren 20an. Estatu Islamikoak eskala handiko erasoa abiatu zuen Hasakeko hirian, hango presondegian dauden 4.100 jihadista inguru askatzeko. Antza, Daex-eko 300 kidek parte hartu dute ekintzan –Siriatik kanpo etorritakoak bazeuden, txinatar bat, adibidez, identifikatu zuten berehala–. SDFk azaldu duenez, beren kideak askatzeko asmoz, askok Turkiak kontrolatzen duen lurralde siriarretik egin zuten bidea eta beste hainbestek Iraketik.

Dirudienez, ihesaldi saiakera koordinatu dute gatibu dauden militante islamisten eta kanpoko zelulen artean. Hortaz, auto suizida batek kartzelako sarreran eztanda egin zuenean, Kalifatoko kide presoek mutina hasi zuten, zenbait kartzelazain hil eta medikuak eta sukaldariak bahituta.

Edonola ere, SDFko (Siriako Indar Demokratikoak) indarrek berehala bertaratu ziren eta gaur arte luzatu den batailari ekin zioten. Hasteko, espetxetik ateratako 100 preso inguru harrapatu zituzten eta zenbait erasotzaile. Mobilizazioa orokorra izan zen; Asayish –polizia militarra–, YPG, YPJ, MFS talde asiriarra edota Northern Democratic Brigade arabiarra batu ziren Hasakan matxinada jihadista bukatzeko. Horrez gain, helikoptero estatubatuarrek eta indar ingelesek ere inplikazioa izan dute borroketan. Herritarrek eurek armak hartu behar izan zituzten HPC unitateetan (komunitateen defentsarako taldeetan) auzuneak defendatzeko.

 

Behin indar horiek guztiak Hasaken elkartuta, Estatu Islamikoko zelulak presondegiaren inguruko auzoetan sakabanatu ziren eta tiroketak etxez etxe izan ziren. Daex-eko militanteek bost zibil hil zituzten gau horretan, bati burua moztuta. Kaosa eragiteko, jihadistek auto bonba bat zartatu zuten gasolindegi baten alboan.

Lehen gaua igaro ostean, anabasa argitzen joan zen, egoeraren argazkia utzi arte: inguruko auzoetan zelula erasotzaileak zeuden; kartzela barruan, nahiz eta guztia kontrolpean ez izan, Estatu Islamikoko kideak erresistitzen ari ziren; eta, azkenik, alboko gari silo erraldoietan preso batzuk ere SDFren kontra borrokan ziren. Horri gehitu behar zaio Turkiak aukera baliatu zuela Ain Issan aurrera egin –arrakasta barik– eta Hasakera joaten ari ziren unitate asiriarrak bonbardatzeko droneekin.

Urtarrilaren 21etik 26ra bitartean, SDFko borrokalariek aurrera egin zuten, etxez etxe eta metroz metro, gunea "garbitzen". Batailak milaka herritar bilakatu ditu barne errefuxiatu; 6.000 Nazio Batuen arabera. ISISek 300 familia bahitu eta erabili zituen babesteko kartzelako kanpoko aldean. Horrez gain, presoek espetxeko zenbait zaintzaile, mediku eta sukaldari bahitu zituzten. Gainera, Hasakeko presondegian 700 adingabe zeuden, Estatu Islamikoarekin lotura dutenak eta entrenamendu militarra jaso zutenak.

 

Estatu Islamikoko matxinatuak presondegi barruan.

Indarra ez ezik, negoziazioak ere baliatu ditu SDFk, bere kideen osasuna bermatzeko eta "Kalifatoaren kumeak" –horrela deitzen diete adingabeei– salbatzeko. Hain zuzen, borroken lehen egunetan SDFk salatu zuen gazteak ezkutu moduan erabiltzen ari zirela presondegian erasoak ekiditeko.

Urtarrilaren 21ean Daex-ek bere zazpi kide hil zituen, amore ematen saiatu zirelako. Egunek aurrera egin ahala, milaka jihadistek armak utzi eta amore eman dute. Alegia, negoziazioek balio izan dute tratamendu medikuaren truke gatibu guztiak (23) askatzeko. Horiei gehitu behar zaie YPGko beste unitate bat, barruan harrapatuta geratu zena eta bere kideekin bat egin arte erresistitu zuena.

 

Presondegi barruan Daex-eko matxinatuen aurka borrokan aritu zirenak, behin askatuta.

Urtarrilaren 26an, Kobaneko askapenaren zazpigarren urteurrenarekin bat, SDFk bukatutzat jo zuen Hasakeko bataila, baina oraindik liskar isolatuak badira –ostegunean Daexeko zelula batek kazetari talde bat tirokatu zuen–.

Astebetean ehunka hildako izan dira. Rojava Information Centerrek adierazi du SDFko 27 lagun hil direla, baina Syrian Obsertary for Human Rightsek kopuru hori ia bikoiztu du. Estatu Islamikoko kideen artean, 250 hildako baino gehiago izan direla zabaldu da. Ihes egin duten presoen inguruan, oraindik ez da kopururik argitaratu.

Ezustea, baina ez horrenbeste

Argi eta garbi, erasoa ezuste ezatsegina izan da, baina aurrekariak ez ziren oso baikorrak. SDFko unitate antiterroristek azaroan ekidin zuten antzeko operazio bat: lehergailuz betetzeko prest zegoen auto bat aurkitu zuten. ANF agentziak argitaratu dutenez, inteligentzia zerbitzuen akatsa aztertzeke dago, baina SDFk aipatu du hori Nazioarteko Koalizioaren esku dagoela, zehazki, frantziarren ardura da eta komunikazio gabeziak aipatu dituzte.

Halaber, SDFk Turkiari leporatu dio Estatu Islamikoarekin elkarlanean aritzea, bere milizia islamistek eta droneek ez baitute aukera galdu hainbat frontetan eraso egiteko Hasakako borrokak iraun bitartean; Kobanin, Ain Issan, Mambijen, Tal Tamerren...

Kalifatoaren luzapena eta nazioarteko komunitatearen konplizitatea

SDFk Baghouzen Kalifatoa desegin zuenean, uste baino jarraitzaile gehiago hartu behar izan zituen bere gain. 10.000 borrokalari baino gehiago eta 60.000 zibil inguru. Horiek guztiak edo ia guztiak Siriako Ipar eta Ekialdeko Autoadministrazioaren zama bilakatu dira eta nahiz eta munduko 50 herrialdetako pertsonak egon, estatu gehienek uko egin diote herriratzeari. Tokiko erakundeek ez dute bitarteko nahikorik erradikalizazioaren kontrako programak gauzatzeko, azpiegiturak –kanpalekuak zibilentzat eta espetxeak militanteentzat– gainezka daude eta prekarioak dira. Giro horretan, Kalifatoko fedekide sutsuenak euren legea ezartzen dute, aldekoak ez direnak izutzen edo erailtzen. Al Hol kanpalekuan hilketak ohikoak dira, ez bakarrik Daex-etik aldentzen direnen aurka, baita langile humanitarioen kontra ere.

Testuinguru horretan, nazioarteko komunitateak ezezkoa eman dio akusatu guztiak epaitzeko auzitegia osatzeari. Etorkizun argirik gabe, matxinadekin eta bortizkeriarekin jarraitzea da Daex-en hautua, Siriako Ipar eta Ekialdeko Autoadministrazioak ez baititu tresnak arazoa kudeatzeko –gogoratu beharra dago blokeo egoeran bizi dela lurralde hori–.

 


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
#2
Zigor Olabarria Oleaga
#3
Estitxu Eizagirre
#4
Gorka Bereziartua
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Estatu Islamikoa
Ertzaintzaren txosten sekretu baten arabera Aznarrek Espainiako Inteligentzia Zerbitzuari eskatu zion ETA M11ko atentatuei lotzeko

El Diario egunkari digitalak argitaratu du Ertzaintzaren txostena. Honela dio: “Espainiako Inteligentzia Zerbitzuak beraien Gasteizko langileak mobilizatu zituen ETA Al Qaedarekin lotu ahalko zuen informazio bila”. Dokumentuaren arabera, Italiako web orri bat... [+]


2024-02-04 | Aitor Aspuru Saez
Lara Vilanova
"Estatu Islamikoko emakumeekin zubiak eraiki genituen elkarrizketarako, baina zintzoak izan behar ginen eta gezurretan ez erori"

Lara Vilanova (1983, Bartzelona) argazkigintza zuzendaria da eta The Return: Life after ISIS, Sinjar, Cuerdas edota Hondarrak filmetan hartu du parte. Abenduan Euskal Herria bisitatu zuen The Purple Meridians topaketetan parte hartzeko Durangon.


2022-02-27 | Itxaro Borda
Salah

Irakurleak badaki 2015eko Parisko atentatu izugarrien auzia hurbiletik segitzen dudala, eskura dauzkadan prentsa baliabideei esker. 130 herritarren herioa eragin zuten komandoetatik bizirik ateratako kide bakarra Salah Abdeslam izan zen eta bere bizkar datza justizia egin... [+]


Generalitatetik 2017ko atentatuen inguruan gertatutakoa argitzeko exijituko zaio Espainiako Gobernuari

Jose Manuel Villarejo espainiar polizia ohiak adierazi ostean Espainiako inteligentzia zerbitzuek 2017ko atentatuak gerta zitezen utzi zutela, Kataluniako Gobernuak zer gertatu zen ikertzeko exijituko dio Espainiako Gobernuari. Halakorik egin ezean, auzia nazioarteko... [+]


2015ean Frantzian egondako atentatu yihadisten inguruko epaiketa hasiko da asteazkenean

Parisen eta Saint-Denisen egindako atentatuetan 130 lagun hil eta 400 zauritu zituen Estatu Islamikoak (EI). Irailaren 8an hasiko da hogei akusaturen aurkako epaiketa, eta zortzi hilabete iraungo du. Hamaika akusaturi biziarteko zigorra ezarri nahi diete.


Eguneraketa berriak daude