"Estatu Islamikoko emakumeekin zubiak eraiki genituen elkarrizketarako, baina zintzoak izan behar ginen eta gezurretan ez erori"

  • Lara Vilanova (1983, Bartzelona) argazkigintza zuzendaria da eta The Return: Life after ISIS, Sinjar, Cuerdas edota Hondarrak filmetan hartu du parte. Abenduan Euskal Herria bisitatu zuen The Purple Meridians topaketetan parte hartzeko Durangon.

Argazkiak: Aitor Aspuru

Purple Meridians jardunaldietan hartu duzu parte, zein ikuspuntutatik?
Garrantzitsua da horrelako kultura topaketetan parte hartzea, hitz egiteko, salatzeko… Durangoko Azokaren testuinguruan egiteak erakusten du tresna indartsua dela kultura eta nik lotura daukat ekimen honekin hasieratik. Hau hirugarren edizioa da eta lehenengoa Alternativa Jaialdian izan zen. Hitzordu garrantzitsua da egile zinemaren zein zinema esperimentalaren esparruan.

Oloten izan zen bigarren edizioa. Ezin izan nuen parte hartu horretan, baina harremanak egin nituen. Izan ere, meridiano honek –Purple Meridiansek– Katalunia, Italia eta Kurdistan lotzen zituen hasieran. Gero eta lurralde eta emakume gehiago batzen ari dira eta meridianoa zabaltzen ari da.

Berez, topaketak ez dira soilik eztabaidatzeko. Asmoa da elkarlana sustatzea, sinergiak eragitea eta gure ikus-entzunezkoak erakustea munduan. Gure jarrera geopolitikoa aktiboa eta internazionalista da, kultura eta politika eskutik oratuta baitaude.

Horrela, nire partaidetzak badu zerikusirik nire lanekin, Kurdistanen edo Iraken. Alegia, nire lehen proiektua Alba Sotorrarekin izan zen eta badakit ARGIAn elkarrizketatu zenutela. Albari esker sartu nintzen Rojavan eta niretzat han egiten ari diren iraultza da munduko inportanteena, saiatzen baitira demokrazia erreala, ekologista eta feminista eraikitzen.

Nolakoa izan zen The return: Life after ISIS egitea? Roj Camp eremuan egon zineten. Han dituzte kurdu siriarrek atxilotuta, ustez, horren erradikalizatuta ez dauden Estatu Islamikoko hainbat emakume atzerritar.
Gu Rojavara heldu ginen Kalifatoa desagertzear zegoelarik, 2018an. Zorigaitza baino ez zen izan bere existentzia. Sirian inork ez zuen ezer egin Estatu Islamikoa han ez finkatzeko eta guretzat dokumentalak balio behar zuen galdera bati erantzuteko: Nola da posible munduko hainbat txokotako emakumeak –Espainiako Estatukoak, Alemaniakoak…– bidaiatzea Siriara emakumearekin eta gizadiarekin oro har hain krudela den Estatu Islamikoan parte hartzeko? Horrek galdera gehiagora eraman gintuen. Kurduek kontrolatzen dituzten kanpalekuetan daude orain emakume horiek eta kurduek ahalegina egiten dute haiek mantentzeko, nahiz eta jende horrek euren senideak hil dituen. Ez dakigu zein neurrian parte hartu zuten Kalifatoan eta, gainera, gezurra hor dago beti.

Hori guztia aintzat hartuta, erabaki genuen jatorrizko herrialdeen ardura azpimarratzea. Nolatan ez dituzte herriratu? Zergatik ez dute euren ardura hartu eta epaitu? Zergatik kendu diete herritartasuna? Kurduen zama bilakatu dituzte.

Gezurra aipatu duzu, baita zenbait korapilo etiko ere. Nolakoa izan zen zuen harremana Estatu Islamikoko emakume horiekin? Berez, euren burua biktima gisa aurkezten dute Koalizioak bonbardatu dituelako, baina Kalifatoaren izaera erabat ahazten dute.
Gatazka eremu batera joaten zarenean, agian uste duzu prest zaudela, baina ez da horrela eta kontraesanak berehala agertzen dira. Esaterako, nola aurkezten duzu zure burua fisikoki? Nola jantzi, nola hitz egin?

"Nola da posible munduko
hainbat txokotako
emakumeak bidaiatzea
Siriara emakumearekin
eta gizadiarekin oro har
hain krudela den Estatu
Islamikoan parte hartzeko?"

Rojavako zinemaren komunarekin parte hartu genuen oso modu estuan, baita bestelako erakundeekin ere. Sevinaz Evdikek ere lagundu zuen, Rojavakoa da, eta gidoilaria. Berak eta Albak artean genituen zalantza guztiak argitu zizkiguten.

Hilabete bakarra egon behar ginen, baina bi izan ziren azkenean beharrezkoak, guk nahi genituen hariak azaleratzeko. Bestalde, gatazka eremu batean zaudenean dena ez da posible zuk nahi duzunean, zailtasunak sortzen dira, baina Sevinazek ireki zizkigun bere etxeko eta familiako ateak, eta Rojavako zinemaren inguruan mugitzen den jendearen babesa izan genuen.

Ez genuen soilik dokumentalean parte hartu. Gure soinu teknikaria, adibidez, han geratu zen. Berak lagundu zidan egoera ulertzen. Izan ere, han ginelarik Kalifatoaren azken lurraldea ari ziren bonbardatzen. Horrek eztabaidak sortu zituen gure artean. Dokumentala ez zen izan zerbait isolatua, esperientzia osoaren zati bat baizik.

Egia da tokiko zinemagileek euren istorioak kontatzea dela interesgarriena, baina kanpotik joateak laguntzen du egoera zabaltzen eta ezin dugu ahaztu Rojavako egoera, Gazako sarraskia bezala, nazioarteko egoeraren emaitza dela eta guztion ardura dela gelditzea.

Rojavara heltzean, ate guztiak ireki zizkizueten, baina berotasun horrek ez du zerikusirik Estatu Islamikoko emakumeen harrerarekin. Al Hol atxiloketa eta errefuxiatu kanpalekuan, adibidez, EIko emakumeek bortizkeria ugari sortu dute eta hainbat pertsona hil. Nolakoa izan zen aldaketa hori?
Prozesua nekeza da emozionalki. Ez diozu zure buruari galdetzen horrenbeste non jarri kamera, baizik eta zein izango den ikuspuntua. Ezinezkoa da neutrala izatea. Ez litzateke egia izango. Hala ere, zubiak eraiki ditzakezu elkarrizketarako, ez bigarren edo hirugarren aukerak eskaintzeko. Hori ez zen gure ideia. Garrantzitsuena izan zen ikustea euren gezurren artean, ze eurek pentsamendu eta gezur horiek automatizatuta dituzte. Eurek ere barne kontraesanak dituzte, baina guk ezin dugu gezurra onartu, ez litzatekeelako izango zintzoa gure helburuekin.

Dena den, topatu genuen ikuspuntua eurekin hitz egiteko. Hau da, nola liteke jatorrizko herrialdeek ez hartzea euren ardura eta epaitu? Zintzoak ginen hitz egiteko eta lan egiteko, beti kurduek eman ziguten maitasunarekin, euren iraultzak emandako indar komunitarioa hartu genuen tinko aritzeko mezuan eta ez nahasteko gezurretan.

Guztiok daukagu eskubidea gure jatorrizko herrialdean epaituak izateko. Iparra ez galtzeko, diskurtso horretan zentratu ginen.

The return: Life after ISIS ostean, justu antipodetan zegoen beste film batera joan zinen: Sinjar. Lan horrek mahai gainean jartzen du Estatu Islamikoko emakumeen gezurrek ezkutatzen duten errealitateetako bat: iazidien aurkako genozidioa.
Bai. Sinjar fikziozko lana da. Ana Bufaruik bospasei film ditu eta beti baztertu dute bere diskurtso geopolitikoa oso argia delako. Berak idazten ditu bere gidoiak eta zentratzen da emakume ekintzaileen ahotsetan. Ez du zuritzen, berarentzat politika eta kultura oso lotuta daude. Beti harrotzen ditu hautsak eta zuzen egon daiteke ala ez, baina ez dio beldurrik eztabaida sortzeari. Hilabetea eman genuen Iraken grabatzen eta COVIDak bete-betean harrapatu gintuen. Etxe batean itxi ginen, enbaxadak etxe batera bidali gintuen eta handik herriratu gintuzten hegazkin militar batean, tamalez, dena militarizatuta baitzegoen.

Sinjar filmean Rojavako Zinema Komunak ez zuen zerikusirik izan. Hori Mosuletik gertu izan zen, eta batez ere tokikoekin egin genuen lan, zentzu guztietan: artistikoa, narratiboa, gidoia, jakitea nola ikusten zuten eurek istorioa…

Fikziozko filma da errealitatean oinarrituta badago ere. Dena den, protagonistetako bat benetan bahitu zuen Estatu Islamikoak eta bere bizipena azaldu dugu filmean. Hala ere, horrek lagundu zuen ahalik eta modu exijenteenean eta fidelenean jokatzeko, delikatua baitzen. Bere parte hartzeak oso zoriontsu egin gintuen, arteak batzuetan laguntzen baitu minak azaleratzen. Elkar laguntzeko prozesua izan zen eta guztion artean –denok ginen emakumezkoak– komunitatea sortzekoa.

Zaintza aipatu berri duzu, zeharka bada ere, Purple Meridians topaketak bi ardatz ditu, gatazka eremuak eta zaintza. Euskal Herriko proiektu batean parte hartu duzu, zeina oso lotuta dagoen horrekin, Cuerdas.
Bai, Euskal Herrian Esti Urresolaren Cuerdas zein Hondarrak-ekin. Hain zuzen, azken horrek zaintza lanak jorratzen ditu. Sari ugari eskuratu ditu eta egiten duen galdera da nork zainduko duen emakume zaintzaileak desagertzen direnean. Noren esku egongo dira zaintzak?

"Ezin dugu ahaztu Rojavako egoera, Gazako sarraskia bezala, nazioarteko egoeraren emaitza dela eta guztion ardura dela gelditzea"

Cuerdas-i dagokionez, oso polita iruditu zitzaidan ikustea zaintzak agertzen zirela sorkuntza prozesuan bertan. Ez zen soilik horri buruz aritzea. Emakume nagusiak eta indartsuak erakusten dira pelikulan. Ahaldunduak agertzen dira eta uste dut hori inspirazioa dela. Berez, emakume nagusiak filmetan agertzen direnean izan ohi da euren arazoei lotuta; minak, gaixotasunak, ahultasunak, laguntzaren beharra… Baina Cuerdas-en ez da horrela. Estik oso ondo egin zuen, behartu zuen ikuslea horri aurre egitera, eta zaintza grabaketan bertan sortu zen eta mantendu da. Antzezle nagusiaren urtebetetzean talde guztiak deitzen dio zoriontzeko, adibidez. Bada zerbait iraun duena filmaren ondoren eta bizitzan geratu da.

Gatazka eremuetara itzulita, uste dut zure buruan baduzula eztabaida bat piztuta horri buruz, ezta?
Bai, Gazako sarraskia eta Ukrainako gerra bizitzen ari gara ia-ia zuzenean, eta ez dakit irudi horiek guztiak beharrezkoak diren kontzientzia sortzeko. Askok ez dituzte behar kontzientzia izateko, baina, aldi berean, egia da zenbakiek eta kopuruek ez dutela dena islatzen eta horretarako daude irudiak. Hala ere, uste dut batzuetan irudi gordin horiek kontzientzia sortzera baino, sentikortasuna galtzera eramaten dutela jendea. Ez daukat argi, baina beti adierazi behar dugu desadostasuna gure gobernuek hartzen duten jarreragatik genozidioen aurrean. Salatu behar dira Espainiako Gobernuak Israeli emandako sariak eta argi jokatu behar dugu: ezin da iritzi publikoan nahasmena sortu genozidio bat gertatzen ari denean.

Zentzu horretan, adibidez, uste dut Ada Colau eredua dela, egoera salatzen ari baita bere esku dauden bitartekoekin.


ASTEKARIA
2024ko otsailaren 04a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Estatu Islamikoa
Ertzaintzaren txosten sekretu baten arabera Aznarrek Espainiako Inteligentzia Zerbitzuari eskatu zion ETA M11ko atentatuei lotzeko

El Diario egunkari digitalak argitaratu du Ertzaintzaren txostena. Honela dio: “Espainiako Inteligentzia Zerbitzuak beraien Gasteizko langileak mobilizatu zituen ETA Al Qaedarekin lotu ahalko zuen informazio bila”. Dokumentuaren arabera, Italiako web orri bat... [+]


2022-02-27 | Itxaro Borda
Salah

Irakurleak badaki 2015eko Parisko atentatu izugarrien auzia hurbiletik segitzen dudala, eskura dauzkadan prentsa baliabideei esker. 130 herritarren herioa eragin zuten komandoetatik bizirik ateratako kide bakarra Salah Abdeslam izan zen eta bere bizkar datza justizia egin... [+]


2022-01-28 | Aitor Aspuru Saez
Ehunka hildako utzi ditu jihadistak askatu asmoz Estatu Islamikoak espetxe bati eginiko erasoak

Urtarrilaren 20an Siriako Ipar eta Ekialdeko Autoadministrazioaren menpe dagoen Hasake hiriko espetxeari eraso diote auto suizidekin, milaka islamista askatzeko. YPGk kontrola berreskuratu arren, tiroketek jarraitzen dute, Daex-eko zenbait kide ezkutatu baita.


Generalitatetik 2017ko atentatuen inguruan gertatutakoa argitzeko exijituko zaio Espainiako Gobernuari

Jose Manuel Villarejo espainiar polizia ohiak adierazi ostean Espainiako inteligentzia zerbitzuek 2017ko atentatuak gerta zitezen utzi zutela, Kataluniako Gobernuak zer gertatu zen ikertzeko exijituko dio Espainiako Gobernuari. Halakorik egin ezean, auzia nazioarteko... [+]


2015ean Frantzian egondako atentatu yihadisten inguruko epaiketa hasiko da asteazkenean

Parisen eta Saint-Denisen egindako atentatuetan 130 lagun hil eta 400 zauritu zituen Estatu Islamikoak (EI). Irailaren 8an hasiko da hogei akusaturen aurkako epaiketa, eta zortzi hilabete iraungo du. Hamaika akusaturi biziarteko zigorra ezarri nahi diete.


Eguneraketa berriak daude