Irria eta negarra eragin dizkidaten zenbait hitz irakurri ditut Araban gehien saltzen den egunkarian, kirol apustuen gaineko bi orrialdeko erreportaje batean. Utzidazue, bada, bertara dezadan lehen perla horietako bat, euskaratu bidenabar: “Kirola intentsitate handiagoz bizi nahi duen jokalari sozial baten bila gabiltza”. Kirolbet enpresaren marketin eta komunikazio arduraduna den Beñardo Elorzen hitzak dira arestikoak.
Irriaren gazia eta negarraren gozoa uztartzen jakin duten honako hitz hauek Eneritz Alonsorenak dira, Reta enpresaren marketin eta komunikazio arduradunarenak: “Retako langileek prestakuntza espezifikoa jasotzen dute edozein joko-arazo antzemateko: zoritxarrez gure jardunari berez dagokion errealitatea da, baina geu gara lehenbiziko interesatuak ludopatia kasurik egon ez dadin”.
Erreportajearen izenburura eraman ditu, hain zuzen, azken hitzak kazetariak: “Geu gara lehenbiziko interesatuak ludopatia kasurik egon ez dadin”. Ironiarik gabe (nekez sumatuko duzue ironiarik Araban gehien saltzen den egunkariko erreportajeetan; are nekezago, lerro-buruetan).
Eta horra ironiarik handiena: ironiarik gabe aritzea.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.