"Altsasuko gazteen auzian tabernako borroka bat politizatzen saiatu dira"

  • Iruñea, 1987. Espainiako Kongresuko diputatua da. Madrilera joan zen psikologia egitera eta harrez gero joan-etorrian dabil. Kongresuko Podemoseko bozeramaile Irene Monteroren albokoa da eta alderdiko zuzendaritzakoa; areago, “itzaleko gobernua” –balizko gobernua– deitzen duten 24 kideetako bat da, migrazio politikez arduratzen dena.

Alderdian boterera iristeko moduaz eztabaida izan dugu, baina uste dut esajeratu egin dela Podemosen PSOEra begira dagoen jendearen planteamenduaz.Iñigo Uriz

Egur handia jaso duzue Madrilen Altsasuko gazteen auzia Nafarroan epaitzea eskatzeagatik, baina Nafarroako Auzitegiak ere horixe  eskatu du.
Kasu horrek behin ere ez zuen atera behar Iruñeko Auzitegiko 3. aretotik.  Zentzuzkoa hori da, tabernako borroka bat politizatzen saiatu dira eta. Azkenean, PPk egin dituen mozal legeek –kasu honetan Zigor Kodeak– oso lauso uzten du terrorismo delitua eta horren arabera edozeini lepora dakioke terrorismoa.

Zein inpresio duzu PSOEk eta EAJk Mozal Legea erreformatzeko aurkeztu dituzten proposamenez?
Hau bertan behera utzi Corcuera Legera itzultzeko? Hori ez da guk nahi duguna. No Somos Delito eta gisako elkarteekin lanean hasiko gara behar diren zuzenketak egin eta ez gaitezen lehengo legeetara itzuli, herritarren eskubideak babestuko dituen legedi batera baizik.

Madrileko Vistalegren egin berri duzuen kongresuan zatiketa arriskua egiazkoa izan zen askoren ustez. Nola ikusi zenuen egoera?
Ez dut uste apurketa arriskurik izan denik. Izena ematen dugunok erabakitzen dugu Podemosen eta hori sekulako tresna da. Hainbeste jendek bozkatzen duenean zaila da hanka sartzea.

Bada, tentsioak oso gora egin zuen eta bazen apurketaren arriskuaz hitz egiten zuen jendea, kanpoan eta barruan.
Bai egia da, Vistalegre aurreko uneak tentsio oso handikoak izan ziren eta hainbatetan erabili ziren kideekiko inoiz erabili beharko ez liratekeen hitzak. Alde horretatik, Miguel Urbanek asmatu zuen egokien mezuarekin: “Etsaia kanpoan dago, ez barruan”. Eztabaida genezake eta iritzi desberdinak izan, baina guztia giro egokian eraman behar dugu beti. Kultura politiko piska bat falta zaigu oraindik.

Podemoseko lurrikararen epizentroa, gainera, Madrilen zegoen. Borroka horiek ez dira baretzen berehalakoan.
Pablo Iglesiasek irabazi izanak zauriak sendatzen lagundu du, zuzendaritza berriak Iñigo Errejonen taldeko jendea hartzen du eta: Errejon bera, Pablo Bustinduy, Auxiliadora Honorato… Antikapitalistetako Miguel Urban ere hor da.
Ordezkaritza sistemak antikapitalistak zigortu ditu: botoen %13 lortu zuten, baina zuzendaritzarako hautatu beharreko 62 pertsonetatik bi bakarrik egokitu zaizkie.

Ez dut uste primarien testuinguru batean zigor kontuez jardun litekeenik, areago desberdintasunak oso kontuan hartu direnean eta aurrera begira bakarrik begiratu nahi denean. Beste espazio batzuk ere badituzte, Madrilen, Andaluzian… uste dut badutela beren posizioa defenditzeko modurik.

Hiru urte ez da ezer alderdi baten bizitzan. Kalean sortu zineten baina soilik bide instituzionalean erortzeko arriskua duzue, Vistalegren ere jorratu da gaia. Nola saihestu hori?

Batetik, Vistalegren oso ondorio garrantzitsu bat atera dugu: udal mailak duen garrantzia. Udal hauteskundeetara jo genuenean hainbatek garrantzi txikiagoa eman zion esparru hori, baina hor ari gara frogatzen biharko egunean gobernura eraman dezakeguna.Bestetik, aurrean dugun boterea indartsua da. Trama hau guztia desegiteko estrategiak oso ondo zorroztu beharko ditugu: bide instituzionala, mobilizazio handiak kalean eta profesional oso onak.  

Kalea itzaltzen ari da?

Uste dut jendea berriz hasi dela mobilizatzen, ikusten baitu lan instituzionala ez dela nahikoa. Guk argi dugu, instituzio alorra indartsua izanda ere, horrek kalean kontrabotere indartsua ez badu, ezingo ditugu gure herrialdeko botere harremanak aldatu.

Pedro Sanchezek irabazten baditu PSOEko primariak, berriz izango duzue harekin ituna egiteko prest izango den jendea.

Alderdian boterera iristeko moduaz eztabaida izan dugu, baina uste dut esajeratu egin dela Podemosen PSOEra begira dagoen jendearen planteamenduaz. Hori gehiago izan da hainbat hedabideren jokoa. Edozein modutan, Pedro Sanchezek nahi izan balu gurekin ituna egin austeritate politikei aurre egiteko, lehenago ere egingo zukeen.

Nafarroako Gobernua sostengatzen duzuen alderdiek Madrilen ere ematen al diozue sostengua Foru Gobernuari?

EH Bildukoekin egiten ditugu gauzak elkarrekin, esaterako Altsasuko gaia. Luzatzen diogu eskua elkarri,  baina haien ordezkariak Bizkaia eta Gipuzkoakoak dira, ez dago aldaketaren gobernuko beste ordezkaririk Madrilen eta horrek zaildu egiten ditu Foru Gobernuari begirako lanak.

Katalunian aldebakarreko erreferenduma egiten bada, Madrilen sumatzen da autonomia desegiteko moduko girorik?

Katalunian iritsi gara une batera non ez PPren Gobernuak ez Junts Pel Sík ez dakiten hurrengo urratsa zein izango den. Biek uste zuten une honetara iritsita beste aldean izango zela negoziatzeko prest zegokeenik. Gu gobernuan bageunde aspaldi jarriko ginatekeen negoziatzera.

Nafarroan ez gaude ezta antzerako egoera batean ere…

Oraindik ez…

… baina bagina, ongi ikusiko al zenuke hemen ere erreferendum bat egitea?

Gure proiektua plurinazionala da eta Konstituzioan lurraldeen erabaki eskubidea onartuko genuke, izan Nafarroarako, Euskadirako edo dena delakorako. Hori da beti defendituko duguna.

EAEko zure kideek Nafarroarekiko harreman iraunkorrerako instituzioa bultzatu beharko litzatekeela zioten hango azken hauteskunde kanpainan. Zuk zer uste duzu?

Gure inguruko elkargoekiko harremanetan sakondu behar dela uste dut, areago gure antzeko egoerak bizi badituzte. Ez dakit zehatz mehatz zer proposatu zuten, baina harremanetan sakontzea ekar dezakeen edozer ona da.

Migrazio prozesuak gero eta handiagoak izango dira Europarantz. Nola egin aurre fenomeno honi, toki askotan gertatzen ari den xenofobian erori gabe?

Argi erakutsi behar da krisi ekonomikoaren errudunak nortzuk diren, eta Podemosek hori egin du. Horrez gain, datozenei legezko bideak eta seguruak ireki behar zaizkie, hori da jokabidea. Jendea itsasoan hiltzen behartzen ari dira oraingo etorrera moldeekin.

Zein balorazio egiten duzu Nafarroako aldaketaren Gobernuaz?

Balorazio positiboa da. Laukotea egoki ari da lanean, Gobernua egonkorra da eta lan egin behar dugu hurrengo legealdian ere errepikatu ahal izateko. Hori bai, hurrengo legealdian gure lidergopean gustatuko litzaidake jarraitzea aldaketarekin.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Altsasuko gazteak
Altsasu antzezlana ikusi dute Madrilen, Vox-en boikotaren gainetik

Ostegun honetan estreinatu da Madrilen 2016ko Altsasuko gazteen atxiloketa eta auzipetzea ardatz dituen antzezlana La Abadia antzokian, Voxek zentsura kanpaina handia egin ondoren.


2022-01-19 | ARGIA
Altsasuko gazteen eskakizuna atzera bota du Estrasburgoko Auzitegiak

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ez du aintzat hartu Altsasuko gazteek epaiketa bidezkoa izan zuten aztertzeko eskakizuna. Auzipetutako gazteetako batek, Iñaki Abadek, eman du jakitera berria.


2021-11-10 | ARGIA
Auzitegi Nazionalak dio Altsasu auziko Guardia Zibilaren tenientea ez dela terrorismoaren biktima

Espainiako Auzitegi Nazionalaren ebazpenean dago oinarritua erabakia eta dioenez, Altsasuko gazteak zigortu zituen ebazpenean ez zen terrorismorik aipatzen, beraz, ez administrazioak ez Auzitegi Nazionalak ezin dute terrorismoaren biktimen kalte ordainik onartu.


Eguneraketa berriak daude