Populismoa eta gu

Azkenaldian, botere ekonomiko liberalak eragindako produkzio era zaharkituaren birrintze eta berreraikitze garai honetan, sistemaren politikari eta komunikabideen diskurtsoetan gailentzen ari den hitza da populismoa.

Populismoa ez da izatez, hitz berria, historialariek “jokabide populista” deitu izan dutena, aspaldidanik dago jasoa liburu zaharrenetan. Esaterako, Julio Zesar erromatarra aipatzen da askotan populismoaren eredu. Zergatik? Bada, herriaren aldeko lege eta laguntzak bermatu zituelako, baina ez benetan herria piperrik inporta zitzaiolako; herria bere alde jarriz, eta armada jada aldekoa zuenez, Erroma errepublikanoan eragin, eta betiko diktadore izateaz gain, errege izatea nahi izan zuelako, hau da, munduaren jabe.  

Hori onartzen badugu, populismo hitzak zentzu txarra hartzen du, demagogoek erabiltzen duten diskurtso faltsua den neurrian. Populismoa herritar arruntek entzun nahi dutena aldarrikatzea adierazten duen kontzeptua da, baina ezkutuan dauden helburu maltzurren menpeko, eta lider autoritarioek, tiranoek, euren onurarako egiten duten herritarren manipulazio hutsa.

Populismoa fenomeno politiko nahasia da, ideologikoki hutsala, arduragabea, argudioa erabili ordez, emozioak pizten ditu
zentzu txarrenean

Populismoa, gaur egun, fenomeno politiko nahasia, ideologikoki hutsaltzat hartzen da, arduragabekeria adierazten duena; argudioa erabili beharrean, emozioak, zentzu txarrenean, pizten dituena, betiere, elite batek bere diktadura ekonomikoa, bere hegemonia,  mantentzeko, herria azpian hartuaz.

Nik argi daukat populismoa eskuinekoa bakarrik izan daitekeela. Baina azkenaldian, elite liberalaren morroiek, hitz magiko bihurtu dute, batez ere, ondoren, ezkerreko ideia eta gobernuak erasotzeko. Eskuineko eta ezkerreko populismoa dagoela diote, herriaren aldeko jarrerak parekatuz, eta txarrena, herrikoitasuna, ezkerrekoa, eta herrikoikeria, eskuinekoa, bat eginaz.

Herriaren alde egitea, jokabide ideologiko zintzoa denean, ezkerraren ikurra da: errekurtsoak nazionalizatzea, politika fiskal eta sozial aurrerakoiak aplikatzea, behartsuentzat nahiz langile arruntentzat babesa eskatzea, oinarrizko soldata, globalizazioaren aurrean burujabetza, produkzioarena edo energia eremukoa aldarrikatzea.

Baina, hau da hau, neoliberalek lortu duten txiri-buelta diskurtsiboa: merkatu ekonomia bateratu eta bakarra oztopatzen duen guztia, eta estaldura “demokratiko” homologatuak zalantzan jartzen dituen guztia, omen da populista.

Eta larriena, ezkerrekoak kikildurik, ez dugulako entzun nahi eskuineko populistekin ezertan bat egiten dugula; isilik gaituzte, ahul benetan, gure ikuspuntuak adierazteko ezintasunez, eta kateatuta, berriro ere, euren diskurtsoan. Jokoz kanpo. Are gehiago, populisten aurka, berriro liberalek boterean jartzen laguntzeko hausnarrean, gaitz erdi izango delakoan!         

Harrapazan/k!

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude