Denetik probatu ondoren geratzen den salbuespenezko azken aukera ala maizegi erabiltzen den neurria? Gai ez diren ikasleen salbazio ala egungo eskola ereduaren gabezien isla? Ikasturtea errepikatzeari buruz galdetzeko mahaiaren bueltan elkartu ditugu Myriam Iralde Seaskako formatzailea, Pedro J. Macho Hezkuntza ikuskaria eta Agurtzane Martinez Mondragon Unibertsitateko irakaslea. Errendimendu akademikoari gehiegi begiratzen dion hezkuntza sistemaz mintzatu zaizkigu, ebaluazio paradigma aldatzeko premiaz, errepikatzeak duen estigmaz eta espektatibek duten pisuaz, ikasle bakoitzaren egoera eta erritmoak errespetatuko dituen ibilbide akademiko malguen beharraz, legediaren kontraesanez… Eta konturatu gara, icebergaren tontorra dela errepikatzea, “errepikatu ala ez” planteamenduaren atzean konplexuagoa eta sakonagoa dela eskolak duen gogoeta eta erronka.
Derrigorrezko hezkuntzan, zer dio legeak errepikatzeari buruz? Zein maila eta kasutan ahalbidetzen du errepikatzea edo behartzen du horretara?
Pedro J. Macho: Espainiako Estatuan, Lehen Hezkuntzan (LH) behin errepikatu daiteke eta Bigarren Hezkuntzan (DBH) birritan gehienez, baina salbuespen ugari egoten dira, batez ere hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei lotuta. Kasu batzuetan adibidez, Haur Hezkuntzatik Lehen Hezkuntzara urtebete geroago igaro daiteke haurra, edo DBHko 4. maila bi aldiz errepikatu dezake ikasleak, irakasle-taldeak ikusten badu hala eginez aukera daukala titulua ateratzeko. Legeak behartzen du errepikatuaraztera ikasleak lau ikasgai gainditu ez baditu; gainditu gabekoak hiru badira, irakasle-taldearen esku dago erabakia, baina berriki LOMCEk eta Heziberrik ezarri dute hiru horietako bi Hizkuntza eta Matematikak baldin badira zuzenean errepikatu egin behar duela ikasleak. Lehen gurasoen oniritzia ezinbestekoa zen, baina egun soil-soilik irakasleei dagokie erabakia.
Myriam Iralde: 2015 aitzin, Frantziako Estatuan errepikatzen ahal zen behin Lehen Hezkuntzan eta behin Bigarrenean, gurasoen baimena ez zen beharrezkoa eta ikasgelako kontseiluaren erabakia zen. 2015eko dekretuaz geroztik, ordea, errepikapena ezohiko neurria izan behar da, ikaspenen haustura gainditzeko balia daiteke (hots, ikasle bat luzaz ez bada eskolara etorri, eri zelako edo beste edozein arrazoirengatik) eta gurasoen baimena beharrezkoa da, gelako kontseiluari abisua baizik ez zaio galdetzen. Adibidez, ikasleak nahi duen orientazioa [orokorra, teknologikoa eta profesionala daude] lortu ez badu, gurasoak errepikatzea eska dezake.
Eta errealitatea zein da: salbuespena ala neurri orokortua da errepikatuaraztea?
M. Iralde: Seaskan oso gutxi errepikatzen da: iaz 943 ikasletik 2. mailan hiru ikaslek dute errepikatu eta bik huts egin dute Baxoa azterketa, beraz bost ikasle izan dira orotarat.
PJ. Macho: Datuei begiratuta, askoz arruntagoa da DBHn errepikatzea, LHn baino. Lehen Hezkuntzan gerta daiteke, hezkuntza premia berezia duelako, berandu iritsi den etorkina delako edo beste zernahirengatik, lehenengo bi urteetan irakurketa eta idazketan gutxienekoak lortzen ez baditu errepikapena aholkatzea. Baina kasu gutxi izan ohi dira, DBHrekin alderatuz. 2. DBH da mailarik problematikoena eta errepikapen gehien ematen dena. Metodologiaren aldaketa LHtik DBHra, exijentzia maila altuagoa, ikasgaien antolamendu berria… Batzuek DBHko lehenengo maila nola edo hala igarotzen dute, eta bigarrenean porrot egiten dute. Kontuak kontu, Espainiako Estatuko erkidegoekin alderatuta, errepikapen tasa baxuagoa da Hego Euskal Herrian. EAEn esaterako, LHn %2-5 dira errepikatzaileak eta 2. DBHn %14. Kopuru txikia. Baina orotara, 4. DBHra iristen diren ikasleetatik %30ak gutxienez behin errepikatu du bere hezkuntza ibilbidean [azken datuen arabera, DBHko errepikatzaileak %24 dira EAEn eta %23 Nafarroan].
Eta %30ak errepikatzea salbuespenezko neurria da?
PJ. Macho: Ez, ez nuke esango salbuespena denik. Ez da ezohiko neurria, nahiz eta, nioen moduan, beste leku batzuekin konparatuz errepikatzaile kopurua txikiagoa den.
Zein profileko ikasleei eragiten die?
M. Iralde: Frantzian ikerketek diote mutiko gehiago daudela neskak baino, lorpen tasetan bezala kolegio eta lizeo mailan ere, eta ama ikastolan gutxi egon diren ikasleek errepikatzeko mentura gehiago dutela, besteak beste. Seaskan profil berezirik ez dugu ateratzen ahal.
PJ. Macho: Bai, mutil errepikatzaile gehiago dago neskak baino. Eta aztertzekoa beharko lukeen aldagaia: errepikatzen dutenen portzentaje handi bat indize sozio-ekonomiko eta kultural baxuko familiakoak dira.
A. Martinez: Horri gehitu diezazkiokegu motibazio falta duten ikasleak, ahalegina egitea kostatzen zaienak, arazo pertsonal edota familiarrak dituztenak…
Ikasketaburu gehienentzat errepikatzea onuragarria da, ISEI-IVEIk 2009an argitaratutako ikerketaren arabera. Zuen inguruan, zein da irakasleen artean dagoen iritzi orokortua?
A. Martinez: Ezberdina da eskoletan eta unibertsitatean egiten dugun irakurketa. Nire inguruan galdetzen badidazu, ez gaude ados errepikatzearekin eta pentsatzen dugu hausnarketa sakona egin behar dugula hezkuntzaren inguruan. Gainera, ikerketek eurek diote errepikatzeak ez diola ikasleari onurarik ekartzen emaitzetan, bere ondorengo hezkuntza ibilbidean. Baina egia da gure gizartean kultura aldatzeko prozesu nahiko luzea behar izaten dugula eta errepikatzea dela maiz erabili dugun neurria. Legeak berak dio, neurri hori hartu aurretik gainerako neurriak agortu behar direla eta horrek esan nahi du ikasleari beste laguntza mota batzuk eman behar zaizkiola, beharbada taldean bi irakasle jarriz, baliabide gehiago eskainiz, curriculuma eta metodologia egokituz… Sistema oso zentratuta dago errendimendu akademikoan eta hori da ikasturtea igarotzea edo ez erabakitzeko aldagaia. Batzuetan ez dira erabaki eta eztabaida samurrak, baina orokorrean esango nuke irakasleentzat ez dela erabaki zaila, ohiko neurria bilakatu delako ikusten badute ikaslearen errendimendu maila ez dela eskatutakora iristen, ez dituela menperatu eskatutako edukiak.
PJ. Macho: Nik esango nuke Lehenengo Hezkuntzako irakasle gehienek ez diotela zentzu handiegirik topatzen errepikatzeari eta muturreko neurritzat hartzen dutela. LHn ohikoena da ikaslea bere globaltasunean ebaluatzea, eta ikasgai gehienak ematen dituena tutore bakarra izateak ere badu zerikusia, elementu eta aldagai gehiago dituelako baloraziorako. Ikasturte bukaeran galdera izaten da, notak nota, gabeziak eta hutsuneak tarteko, ikasle hau, bere osotasuna aintzat hartuz, gai ikusten dugu aurrera egiteko? DBHn hori galtzen da eta irakasle bakoitzak bere ikasgaia ebaluatzen du, modu isolatuan. Askoz urriagoak dira ebaluazio globalak eta gainera legea estuagoa da, esaterako agintzen baitu lau gutxiegirekin errepikatu egin behar dela automatikoki. DBHko irakasleek, nire ustez, egokiago ikusten dute errepikapena neurri gisa, errendimendu akademikoa nahikoa ez denean.
M. Iralde: Seaskan, 2015eko dekretuarekin ez da deus aldatu, oso gutxitan proposatzen genuelako eta dugulako errepikapena. Gelako kontseiluan hartzen da erabakia, baina lehenik irakasle bakoitzak ondoko galderari erantzun behar dio: datorren urtean programa segitzeko gai izanen da ikaslea? Oso galdera zaila da, bi ikaslek nota bera eta erantzun ezberdina izan dezaketelako. Halakoetan nota kentzea lagungarria da, ikaslearen profila zehatzagoa izanen baita erabakia hartzeko. Irakasle gehienen iritzia baldin bada errepikatzea ondo etorriko zaiola, eztabaidatzen dugu ikusteko benetan emankorra izanen den ikaslearentzat, bere egoera osoa kontuan hartuz. Eta azkenik gurasoen baimena behar da. Gure irizpideak dira ikaslearen maila akademikoa, gelan eta etxeko lanetan duen engaiamendua, eta bere egoera orokorra (emozionala, familiarra…). Kolegioko azken urtean adibidez emankorra izan daiteke errepikatzea, batez ere ikaslea bere orientazio bidean engaiatu denean. Dudarik gabe, familiarekin landu behar da ikasle bakoitzaren egoera, eta ahal bezainbat ikaslearen nahiak errespetatu behar dira; orientazioa (orokorra, teknologikoa edo profesionala) hautatua izan behar da eta ez jasana.
Dirudienez, errendimendu akademikoa da errepikatuarazteko irizpide nagusia.
A. Martinez: Normalean, balorazioa beti zentratzen da ikaslearen ahulguneetan, eta gainera kontuan hartu gabe ikaslearen testuingurua edo zer ari den bizitzen etxean, lagunekin… Eskatzen diogu ikasleari gutxieneko batzuk gainditzeko, baina ez diogu gure buruari galdetzen ea aurrerapen horiek egin ditzan zein ezaugarri dituen guk eskaintzen diogun testuinguruak eta ea berari egokitzen zaion testuingurua den. Karga guztia umearengan jartzea ez da batere justua.
PJ. Macho: Ebaluazioa oso gai konplexua da eta legeak sinplifikatu egiten du: eduki eta lorpen mailen gutxieneko batzuk finkatu eta gutxieneko horiek adinaren arabera sailkatu. Irizpide nagusia eta etapa batzuetan bakarra errendimendu akademikoa baldin bada, horrek oso sinplea egiten du errepikatzearen erabakia: ailegatzen da ala ez? Ebaluazioa emaitza ustez objektiboen arabera egiten delako, curriculum ofizialean ezarritako gutxienekoen arabera. Dena den, curriculumeko eduki eta lorpen adierazleak berdinak dira ikasle guztientzako, baina eduki eta lorpen adierazleak benetan berberak dira ikastetxe guztietan? Berdin aplikatzen dira irizpideak? Zalantzak ditut, badaudelako exijentzia maila altuagoa duten ikastetxeak, eta eskolak non juxtu kontrakoa gertatzen den, ikasle eta familien tipologiagatik espektatibak ezberdinak direlako. Eta espektatibek eragina dute ikasleengan, gurasoengan eta irakasleengan, batzuetan kontzienteki eta bestetan modu inkontzientean. Azken finean, irakasleak, ebaluatzeko orduan, kontuan hartzen du aurrean daukan taldearen batez besteko maila eta hori da bere erreferentzia ikasle bakoitza ebaluatzeko.
M. Iralde: Espektatibei lotuta, inkesta baten arabera diplomarik gabe diren gurasoek anitz anbizio gutxiago dute euren haurrentzat diplomatuak diren gurasoek baino, nota bera izanez. Hala, erdibideko batez bestekoa duen ikaslearentzat, kualifikaziorik gabeko guraso enplegatuen %59k orientazio profesionala eskatzen dute, eta enpresari, arduradun, irakasle baten haurra bada, orientazio orokorra eskatzen dute %91ko proportzioan.
Errendimendu akademikoaren arabera errepikatuarazten da, baina zeintzuk izan beharko lukete ebaluazioaren irizpideak?
A. Martinez: Aurreko mendeko hezkuntza sistemak eskatzen zuen ebaluazio mota daukagu, instrukzioan oinarritua, industrializazioan eta gizartean genituen beharren araberakoa. Une honetan ez gaude hor, beste batzuk dira erronkak eta bestelako hezkuntza paradigma behar dugu: pauso hori emango bagenu, errepikatzea ez litzateke beharrezkoa izango, ikasleak ez liratekeelako egon beharko adinaren arabera maila berean, aldi berean, eta testuinguru ezberdinak sortu beharko genituzke ikaslearentzat.
PJ. Macho: Zeinek dio DBHko titulua 16 urterekin lortu behar dutela? Zergatik ez eman aukera heldutasun handiagoa duen eta azkarrago doanari 14 urterekin ateratzekoa eta denbora gehiago behar duenari 18 urterekin ateratzekoa? Zergatik ez planteatu ibilbide akademiko malgua eta errepikatuarazi ordez abiadura eta ikas-prozesua egokitu ikasle bakoitzaren egoerara eta beharrizanetara?
Egun hezkuntza antolatuta dagoen moduan, posible da errepikapenak ezabatzea?
A. Martinez: Hain zuzen, errepikapenaz hitz egiten dugu daukagulako hezkuntza sistema bat eta ez beste bat, eta eskola eta curriculuma dauzkagulako antolatuta modu batean eta ez bestean: adin bereko umez osatutako gelaka eta mailaka. Nork dio adin bereko ume guztiek une eta abiadura berean ikasten dutela? Hori ez da horrela, helduon artean ere ez. Fikzioa da.
Onetik baino gehiago du txarretik errepikatzeak, entzuten ari naizenagatik.
PJ. Macho: Ikerketek diote errepikatzeak ez duela akademikoki ondorio onik ekartzen. Berriz ere, espektatibak dira gakoa: errepikatzaile bat baldin badaukat gelan, hasierako egunetik ikasleak berak izango dituen espektatibak, irakaslearenak eta gurasoenak askoz baxuagoak izango dira, errepikatze hutsagatik. ISEI-IVEIren ikerketan esaten da errepikatzen duten ikasleen %30-40ren kasuan eraginkorra dela akademikoki; alegia, %60-70arentzat ez du ezertarako balio, txarrerako baino ez, kontuan izan behar dugulako ondorio akademikoez gain ondorio sozial, emozional eta psikologikoak ere badituela errepikatzeak ikaslearentzat. Normala da akademikoki ez hobetzea, errepikatu eta soluzioa baldin bada berriz ere gauza berbera egitea, modu berberean ikasiz: ezer ez bada aldatzen eta ezintasunak berdinak baldin badira, berbera izango da emaitza.
Hori esanik, beharbada errepikatzea baliagarria izan daiteke salbuespen bakan batzuetan: irakurtzeko eta idazteko gaitasuna hartu arte denbora gehiago behar badu adibidez, edo heldutasun falta nabari bazaio eta besteen heldutasun maila lortzeko urtebete gehiago behar badu, baina ezagutza maila eta errendimendu akademikoa ezin dira izan errepikatzeko irizpide.
A. Martinez: Niretzat, errepikatzeak izan ditzakeen ondorio pertsonalak dira larrienak, eskola ez dagoelako bakarrik burua informazioz betetzeko, eskolak ikasle guztien garapen osasuntsu eta integrala bermatu behar du. Eta horretarako kontuan hartu behar duzu zein den aurrean daukazuna eta nolakoa den bera, bere egoera familiarra, kulturala… Abiapuntua da baldintza egokiak jartzea, ikasleak ikas dezan eta garatu dadin, eta ez bada egiten, normala da ikasleak prozesu egokia ez egitea, beste kezka eta ezintasun batzuk baldin baditu, maila pertsonalean, inguruan… Errepikatzea, gaur egun, zerbaitek funtzionatzen ez duen sintoma da eta joan beharko genuke ikustera zer den funtzionatzen ez duena, non dagoen aurrera egin ezin duen ikasle hori.
PJ. Macho: Neurri bakoitzaren atzean dauden ondorio guztiak hartu beharko genituzke kontuan eta ondorio horietako batzuk txarrak baldin badira, arriskuak sor ditzaketela ikusten bada, orduan ez hartu neurria.
M. Iralde: Frantzian, ikerketa batzuek diote Lehen Hezkuntzan eta kolegioaren hasieran errepikatzea ez dela emankorra, kolegioko azken urtea eta ondoren izan daitekeela emankorragoa. Seaskan errepikatzea proposatu dugunean, oinarrizko konpetentziak ez dituzten ikasleez ari gara: ahozko adierazpena, irakurketa eta idazketa… Kasu korapilatsua izan genuen: ikasleak orientazio orokorra egin nahi zuen eta guk kontseiluan ez genuen onartu, errepikatzea proposatu genion. Azkenean familiak gure proposamena ezeztatu eta ikaslea beste ikastetxe batera joan zen, arlo profesionaleko bidea segitzeko. Berak nahi zuen orientaziorako maila nahikoa ez zuen arren, pentsatzen dut hutsegitea izan zela gure aldetik. Geroztik ikaslearen nahia gehiago hartzen dugu kontuan.
Pedro, aipatu duzu errepikatu eta berriz ere gauza bera egiten badu ikasleak/irakasleak, berdina izango dela emaitza. Orduan, errepikatzekotan, nola egin?
PJ. Macho: Hain juxtu, legeak berak dio errepikatzen duen ikasleari banakako eta berariazko indartze plana egitea beharrezkoa dela, beste metodologia bat aplikatuz, iaz huts egin zuena saihesteko asmoz. Kontraesana ere bada hori: berariazko plana egiten bazaio ikasleari, zertarako errepikatu? Egiozu plan hori eta aurrera egin dezala, unean uneko beharrizanen arabera plana egokituz. Kontua da, egin egiten da hori? Paperaren gainean bai, baina gela barruko egunerokoan, gai da irakaslea abiapuntu anitz eta ugariko 25-29 ikasleko gelan bakoitzari benetan behar duena eskaintzeko? Horri gehitu curriculum gain-dimentsionatuak eman behar dituztela eta gainera ikasle bakoitzak modu eta estrategia ezberdinak dituela ikasteko. Eta irakasleek beti ez dituztela beharko lituzketen baliabideak.
A. Martinez: Hori hala izanik, uste dut gela barruan aldaketak egin daitezkeela, egun dugun egituran. Abiapuntua da pentsatzea zertarako den eskola, eta konpetentzietan oinarritu nahi badugu gure curriculuma, beste testuinguru batzuk sortu behar ditugu, ikasle aniztasuna tarteko. Egia da aniztasun hori kudeatu behar dela eta profesionalok formazioa behar dugula horretarako, baina egin daitekeela uste dut, hori dela gure erronka, eta horrek saihestuko lukeela errepikatu behar izatea. Berez, errepikatzea ez da larria, beste era batera planteatuko bagenu: gure bizitzan esperientzia ezberdinak behar ditugu gauza batzuk ikasteko eta gu geu pertsona moduan garatzeko, eta lehenengoan ez dugu asmatuko, bigarrenean ere ez eta hirugarrenean lortuko dugu, horrela goaz zailtasunak gainditzen eta ikaspenak garatzen, hori ere bada errepikatzea, ikaspenak lortzeko esperientzia gehiago izatea, baina kontua da gure hezkuntza sisteman eta gizartean estigmatizatutako neurria dela ikasle batek errepikatzea.
PJ. Macho: Bai, kutsu negatiborik gabe, denbora gehiago behar duen ikasleari egokitzeko beste neurri bat gehiago izango zatekeen, baina Agurtzanek dioen moduan, oso estigmatizatuta dago eta oso fama txarra dauka; ikaslea markatuta dago hasieratik, lehen aipatzen nituen espektatibetan eraginez. Adibiderako, zer nolakoak ikusi behar izan ditudan delegazioko mahai aurrean, gurasoei esaten zaienean seme-alabak errepikatu behar duela, ikaragarria! Oso-oso gaizki bizi dute, inork ez duelako nahi bere seme-alabarentzat gizartean hain gaizki ikusia dagoen zerbait. Beste irakurketa bat ere egiten dut nik: irakasle taldearen erabakia auzitan jartzen duten guraso horiek gogortasun berarekin jarriko al lukete kolokan mediku batek euren seme-alabaren inguruan hartutako erabakia? Izan ere, azken finean biak dira erabaki guztiz profesionalak.
A. Martinez: Gurasoen erreakzioa ulergarria da, gizarte oso lehiakorra dugulako, berehala etiketak jartzen dizkiegu denei eta nahi dutena da euren seme-alabak gehiegi ez nabarmentzea eta haien irudia jokoan ez jartzea besteen aurrean. Halakoak ez gertatzeko zer egin daitekeen? Beste leku batzuetan, honelako erabakiak elkarrekin hartzen dituzte irakasle eta gurasoek, hasiera-hasieratik lan bat dagoelako familiekin. Finlandian, plan pertsonalizatuak egiten dira ikasturte hasieran eta ikaslea, irakaslea eta familia elkartzen dira horretarako.
Ikasi nahi ez duen ikaslearekin nola jokatu?
M. Iralde: Ikasi nahi ez duen ikasleak arrazoi anitz izan ditzake, arrazoia lanarekiko bada “bakarrik”, ikasle gutxik dute plazerez ikasten, ikasteak indarra eskatzen baitu. Ikasle batzuek barneko hertsapenak dituzte eta beste batzuek kanpokoak (irakaslea, gurasoak, lagunak…). Araberako orientazioa proposatu behar zaio eta lagundu behar zaio ardurak hartzen: bere portaerak eragina izango du bere orientazio bidean eta horren kontziente izan behar du. Eta arrazoia egoera emozionalarekin lotua bada, familiarekin landu behar da, irakasleekin, beharrez psikologo baten laguntzarekin… Ez dut ezagutzen porrotean izatea maite duen ikaslerik eta beraz, arrazoien bila joan behar dugu eta batez ere aterabideen xerka.
A. Martinez: Eskolan ikastea batzuetan oso aspergarria da, gure ezagutza eraikitzeko behar duguna sarri ez da eskolak eskaintzen duena, ez da erakargarria. Lortzen dugu ikasleek ikastea ikasturtea gainditu behar dutelako, ez interesa dutelako.
PJ. Macho: Ados, baina kontuz, erakargarritasuna, motibazioa eta gisakoak kontzeptu subjektiboak dira. Gure garaian, ikasgelan bideo bat ikustea munduko gauzarik erakargarriena zen…
A. Martinez: Erakargarri diodanean ez dut esan nahi egon behar dugunik uneoro gauza dibertigarri eta bereziak egiten, baizik eta edozein pertsonak ezagutzan aurrera egiteko erronkak behar ditugula, zerbait gehiago ikasteko behar hori piztu behar da gugan, eta geletan behar hori sortzeaz ari naiz. Ikasle bakoitzaren interesak ezberdinak dira, ez da erraza denen interesei erantzutea, baina gauza eta erronka ezberdinak antolatu beharko genituzke, ikasleek eurek modu autonomoan jakin nahi izateko. Jakin-mina funtsezkoa da.
PJ. Macho: Bai, baina ikasle gutxi batzuek ikasi beharko dute ikasi gura ez duten zerbait. Ezin dugu utzi ikasle bat idazten edo irakurtzen jakin gabe, edo biderketak egin gabe, nahiz eta gura ez izan. Eta beti egongo da baten bat nahi ez duena.
A. Martinez: Gure lana ere bada jakitea zergatik ez duen gogorik, eta gakoa egon daiteke familian, lagun artean… eta hor ez badugu esku-hartzerik, ahaztu gela. Zelan ikasi nahiko du gurasoak banandu berri zaizkion umeak? Beste kezka batzuk ditu buruan eta asumitu behar dugu ume horrek denboraldi batez eremu jakin batean ez duela aurrera egingo, ez dela horretarako unerik egokiena. Eta hori bideratu beharko dugu, kasuaren arabera. Horregatik diot ebaluazioaren paradigma aldatu behar dugula, errendimenduan zentratu ordez testuingurua aintzat hartuz, ebaluazioa delako profesionalok daukagun tresna ikaslearen garapenean laguntzeko.
Eta idazten, irakurtzen, biderketak egiten ikasiko dute, horien beharra sentituko dutelako bizitzan. Agian biderketak, eskolak “saltzen” dizkion moduan, ez ditu ikasi nahi, baina beste era batera eta erronka moduan planteatuta bai.
Bakoitzaren egoera sozio-ekonomiko eta kulturalak eragina duela adierazi duzue, baita ikasleak familian, lagunartean izan ditzakeen arazoek ere, psikologoa aipatu da... Beste profesional batzuekin elkarlanean egin beharrekoa eskatzen zaio irakasleari?
A. Martinez: Hala da, ezin da izan bakarrik irakaslearen ardura, irakasle batek ezin du ikasle talde guztiarekin. Badaude laguntza zerbitzuak, komunitatean badaude bestelako zerbitzuak, eta lan koordinatua egin ezean, kasu batzuetan ezinezkoa da ikasleak aurrera egitea. Sistemak antolatu behar ditu dauzkan tresnak, erantzun egokiak bideratzeko.
PJ. Macho: Ume bat izateko emakume bat baino ez da behar, ume bat hazteko leinu osoa.
DBHn eta kolegioko azken urteetan errepikatzen da batik bat. Aldiz, batzuek diote adinean zenbat eta lehenago errepikatu hobe dela, oinarria finkatu gabe daukan haurrak gabezia horiek ez ditzan hurrengo urteetan herrestan eraman.
PJ. Macho: Aurretik esandakoa berretsiz, nire ustez errepikapena ez litzateke existitu behar, izatekotan muturreko kasuetan aplikatzeko salbuespena izan behar luke, eta muturreko kasuak baldin badira, banan-banan aztertu beharko lirateke eta banan-banan erabaki beharko lirateke, kasuaren ezaugarri eta aldagai guztien arabera. Adibidez, ume batek istripu batengatik edo gaixotasun batengatik ikasturte erdia baino gehiago ospitalean eman badu, ikasle horrek ez du aukerarik izan adinagatik dagokion ikasturtea egiteko. Bada, errepikatu dezala, eta ez da ezer pasatzen, ez irakasleek, ez gurasoek, ez inork ez luke estigma edo drama moduan ikusi beharko. Eta era berean, idazten eta irakurtzen ikasi ez duen 6-7 urteko umeari agian ondo etorriko zaio beste urtebetez hori lantzen jarraitzea, ezinbesteko tresna izango duelako hurrengo mailetarako eta baita bizitzarako ere.
Galdera beste era batera planteatuta: DBHn errepikatzea izan daiteke aurretik neurri egokiak hartu ez izanaren ondorio?
PJ. Macho: Ekuazio zuzen hori egitea arriskutsua iruditzen zait.
A. Martinez: Esan dugu Lehen Hezkuntzan curriculuma globalagoa dela eta horrek erraztu egiten du ikaslea ondo egotea, onartuta sentitzea, talde baten partaide, seguruago… DBHn ordea edukietan oinarritutako curriculum zatitua daukagu, ikasgai isolatu pila bat…
PJ. Macho: EAEn badaukagu DBHko azken bi mailetan lege emankor bat, Estatuan bakarra: dibertsifikazio curricularra [akademikoki zailtasunak dituzten ikasleei zuzendutako programa]. Ikasle batzuei ezinezkoa egiten zaie elkarren arteko loturarik ez duten ikasgaiak modu horretan barneratzea, eta dibertsifikazio curricularrak egiten duena da nolabait Lehen Hezkuntzako globaltasunera bueltatu; DBHko edukiak ematen dira, baina ez modu soltean, bi multzotan uztartuta eta modu integratuan baizik, eta emaitzak oso onak dira.
A. Martinez: Dibertsifikazio curricularraren beste ezaugarri bat da metodologia oso praktikoa darabilela. Horretaz ari nintzen, hezkuntza erakargarriaz ari nintzenean; ikasle denekin antzeko zerbait egin beharko genuke.
Errepikatuarazi aurretik, zer egin daiteke?
PJ. Macho: Legediaren kontraesanaz aritu naiz lehen, jasotzen dituen bi neurri direla-eta: errepikatzea eta banakako indartze plan berezitua. Bigarren horrekin nahikoa izan beharko litzateke: plan hori ongi diseinatuta baldin badago, ikasle jakin horri behar bezala egokitua, nahikoa izan beharko luke ikasleari aurrera egiten laguntzeko, errepikatu barik.
A. Martinez: Nik paradigma aldatuko nuke. Ez dut uste planak ikaslearengan soilik zentratu behar ditugunik, horrela ez baitugu ezer aldatuko.
PJ. Macho: Lotuta dago dena, batak bestea dakar. Metodologia aldatu nahi badugu, ebaluazio sistema, irizpideak eta adierazleak aldatu behar ditugu, eta horretarako, oinarrizko curriculuma aldatu behar dugu, ezinbestean. Egungo curriculuma husten hasiko nintzateke ni, gauzak gehitu barik (azken urteetan gehitu eta gehitu ari direlako), aukeratu dezagun ondo zeintzuk diren benetan egungo eta, are gehiago, biharko gizartean edozein pertsonak menperatu eta ezagutu behar dituen funtsezko gauzak.
A. Martinez: Edukietan ez, ongi definituriko konpetentzietan oinarritu behar baitugu gure hezkuntza. Eta hori lagungarria izango litzateke errepikapena ez existitzeko, baina automatikoki hurrengo mailara igarotzea ere ez litzateke existitutko: ikasleak adibidez proiektuka arituko lirateke, ikasleak bere prozesua egingo luke eta gu laguntzaileak izango ginateke prozesu horretan. Eskolaren zurruntasuna apurtu egin behar da, ikasgela itxien ordez beste modu batera antolatutako gela irekiak behar ditugu, adin eta ikasle ezberdinak nahasten dituzten taldeak, irakasle bat baino gehiago elkarlanean… Ikastetxeen antolaketa guztiz aldatu beharra dago, ikasleek erantzutea nahi badugu.
M. Iralde: Sostenguak eta lan pertsonalizatuak proposatu behar zaizkio ikasleari, protokolo orokortu batean talde-lanak antolatuz, gaien arteko loturak eginez (ordu berean lan desberdinak proposatu daitezke). Hiruko bat garela ulertu behar dugu: familia, ikaslea eta irakasle taldea; konfiantzazko harremana lortu behar da. Eta gaztea entzun behar dugu, komunikazioan lortu behar da ikaslearen engaiamendua. Lan egiten dueno aitzinatuko da, segur da; begi onez tratatu behar da bere lorpen guztiak balioetsiz eta dituen trebetasunak aitzinera eramanez.
Gure esperientziatik, zailena da gela berean ikasleen hedadura gero eta handiagoa dela eta horren kudeatzea. Horri nola egin aurre? Ikastetxe erraldoiak ekidinez; 250 ikasleko ikastetxeak eta gelan 25 ikasle baino gehiago ez. Gelan ahul dabiltzan ikasleei aitzinatzeko aukera eman behar zaie: lortze maila ezberdinak ezarriz, noizbehinka lan ezberdinak proposatuz, elkarren arteko laguntza bideratuz, talde-lana sustatuz ikasleen heterogeneotasuna baliatzeko… Irakasleak berak pentsatutako antolaketa gauzatzeko, gelan ikasleek entzun egin behar dute eta entzuna izateko, irakasleak berak bere ikasleak entzuten jakin behar du. Eta espektatibak aipatu ditugu: irakasleok beti sinetsi behar dugu gure ikasleengan; maiz ez dute beren buruan sinesten eta batzuetan gurasoek ere ez, beraz guk sinetsi behar dugu beren baitan, urte batetik bestera ikasle batzuek heldutasun intelektual eta emozionala lortzen dutelako eta hutsegite egoeratik ateratzea lortzen dutelako.
Hainbatetan, zailtasunetan diren ikasleen artean batzuk mugituak dira edo probokazioan aritzen dira, eta gaitza da hori kudeatzea. Afera tratatzeko lehen baldintza ikasle-taldea eskutan izatea da, diziplina minimo bat lortzea, ikasleen engaiamendua. Hori lortua delarik, errazagoa da ikasle hauengana hurbiltzea, eskua luzatuz behin eta berriro, eta berriro. Ez da berdintasunez jokatu behar, zuzentasunez baizik: ikasle horiek arreta gehiago behar dute, nahiz eta maiz hasieran gure laguntza ezeztatu, ez dugu etsi behar. Sarri irakasleok kexatzen gara ikasleak ez duelako etxean lanik egiten, baina ez gara konturatzen gelan bertan guhaurrek ez dugula lortzen ikasleak lan egitea eta hori gure ardura da; pazientziarekin eta begi onez lortu behar dugu lan egin dezan, demagogian erori gabe. Horrek energia anitz eskatzen du eta forman izan behar gara, eta parean nerabeak, bere aldetik, egiazko heldu orekatua izan behar du. Azkenean, irakasleok nerabetasunaren ezagutza ona izan behar dugu, eurekin komunikatzeko bitartekoak izateko.
Nola jokatzen dute beste herrialdeetan?
PJ. Macho: Errepikapena da hezkuntza jakobinoaren herentzia: errendimendu akademikoaren arabera sistematikoki errepikatzen da Espainian, Frantzian eta Portugalen. Europan, oso salbuespenezko neurria da Belgikan, Alemanian, Italian, Luxenburgon, Maltan, Herbeheretan, Austrian, Finlandian eta beste hamaika estatutan. Eta automatikoki hurrengo mailara igarotzen dira Danimarka, Grezia, Irlanda, Zipre, Suedia, Erresuma Batua, Islandia, Liechtenstein eta Norvegian. Laguntza osagarria jasotzen dute zailtasunak dituztenek.
A. Martinez: Hezkuntzan herrialde bat eredu gisa hartzeko ez nuke begiratuko errepikatzen duen ala ez, begiratu behar dugu zergatik den herrialde baten hezkuntza sistema kalitatezkoa, zer eskatu behar diogun hezkuntza sistema bati, eta horren arabera bilatu behar ditugu erreferenteak. Argi izan behar dugu zein nahi dugun izatea gure hezkuntza proiektua, gizarte eredu bati zuzentzeko eta ez beste bati. Ezin dugu esan konpetentzietan oinarritu nahi dugula gure hezkuntza, eta gero kanpo-ebaluazioen arabera jardun.
PJ. Macho: Arazoa da hezkuntza kalitatea definitzeko ikuspegi ezberdinak daudela eta Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearentzat (ELGA) adibidez, hezkuntzaren errentagarritasunari lotuta dago kalitatea.
M. Iralde: Italian udako eskolak antolatzen dituzte, uda bukaerako azterketan ikasleek urtea gainditu ahal izan dezaten. Finlandian segipen pertsonalizatua egiten zaio ikasleari eta oso gutxik errepikatzen dute; irakasle bakoitza formatua izan da zailtasunetan diren ikasleak laguntzeko eta irakasle berezituen lankidetza dute. Eskuzko jarduerak buru-lanak bezainbeste kontsideratuak dira eta ikasleen lorpenen arabera bide ezberdinak proposatzen zaizkie; gainera, hemen Selektibitatea eta Baxoa direna lortzeko, bi eta lau urte artean ematen ahal dituzte, moduluen bidez pasatzen baita.
MAHAIKIDEAK
Myriam Iralde Junca, Seaskako formatzailea
Baionan sortua, 1970ean. Matematikan lizentziatua, Seaskaren lizeoan irakasten hasi zen 1993. urtean. Bigarren Hezkuntzako irakasle izateko konkurtsoa lortu zuen Matematikan. 2009. urtetik, denbora erdiz, Bigarren Hezkuntzako irakasle berrien formakuntza orokorra ematen du Seaskaren Federakuntzan eta Lehen Hezkuntzako irakasle berrien Matematikako formakuntzan parte hartzen du. Matematikako irakaslea ere bada Piarres Larzabal kolegioan.
Pedro José Macho Aguillo, Hezkuntza ikuskaria
Bilbon jaioa, 1962an. Irakasletzan diplomatua eta Filologian lizentziatua, irakasle aritu da LHn, DBHn eta Lanbide Heziketan. Haur Hezkuntzaren D ereduko Goi Mailako Heziketa Zikloaren sortzaileetariko bat da eta Steilas sindikatuaren Hezkuntza Batzordeko kidea. Hainbat gizarte mugimendutan hartu du parte, LGTBIQ askapen mugimenduan, nazioartekotasunean, genero berdintasunean eta antimilitarismoan bereziki. Hamar urte daramatza Hezkuntza ikuskari.
Agurtzane Martinez Gorrotxategi, Mondragon Unibertsitateko irakaslea
Erandion jaioa (Bizkaia), 1966an. Filosofia eta Hezkuntza Zientzietan lizentziatua eta Filosofia eta Hezkuntza Zientzietan doktorea. Irakasle aritu da derrigorrezko hezkuntzan eta gaur egun Mondragon Unibertsitateko Humanitateak eta Hezkuntza Zientzietako fakultateko irakaslea da Irakasletza graduan eta Berrikuntza Masterrean. Azkeneko horren koordinatzailea da. ZEHAR ikertaldearen koordinatzailea ere bada eta irakaste eta ikaste prozesuak ditu aztergai.
Ikusiker ikus-entzunezkoen behategiak plazaratu dituen datuetatik abiatuta, gazteek gailu eta plataforma digitalengandik jasotzen dituzten balore eta mundu-ikuskerari buruz hitz egin digute, besteak beste, hainbat adituk.
Batxilergoan tutore izan nuenetik ia 10 urte pasa direla elkartu naiz Uxue Juarezekin Ur Mara museoko Toureau etxolan (Alkiza), pagoez eta Koldobika Jauregiren eskulturez inguraturik. Autoritate segitzen du izaten niretzat Uxuek, baina beste zentzu batean orain. Aurpegian... [+]
Irakasleei oinarrizko yoga formazioa eman, gero gelan ikasleekin aplikatu dezaten, horretan dihardu Maite Eizmendik. Ikasle-irakasleak "lo" iritsi direla eskolara? Jolas-orduaren ostean ezin kontzentratuta daudela? Presio akademikoak itota dituela? Aktibatzeko,... [+]
"Alternatiba sozialista indartzera bidean" GKSk eta IAk eztabaidarako, hausnarketarako eta aldarrikapenerako espazioak antolatzeko beharra azpimarratu dute, eta horren baitan antolatu dute Gazte Topagune Sozialista. Ostegunetik hasita igandera arte izango da Altsasun.
Iragan astean kontatu genizuen etorkizuneko hilerriaz gogoeta prozesua egin dutela Antzuolan, eta protagonista nagusietakoak umeak izan direla, Herri Eskolan heriotzaren bueltan 1980ko hamarkadaz geroztik egiten ari diren lanketaren ildotik. Hain justu, “hainbat urtetan... [+]
Hendaiako ikastetxean komun klasikoak kendu eta komun idorrak eraiki zituzten martxoan. Ikuspegi ekologikoari tiraka, egitasmo orokorrago baten barne dute aldaketa: hondarrak jangelako konpostari gehitu eta guzia baliatzen dute ikastetxean duten baratze pedagogikoan, Hendaiako... [+]
Ikasturteko bigarren greba eguna izan zuten asteartean hezkuntza publikoko irakasleek. Urriaren 29an Nafarroako hezkuntza sektoreko sindikatu nagusiek, hala nola Steilas, ANPE, AFAPNA, LAB, CCOO, ELA eta UGT-k greba eguna egin zuten.
Astearteko manifestazioa bukatuta aldarrikapenak Parlamentu aurrera eraman dituzte. Zenbait bide moztu dituzte eta tentsio uneak izan dira Espainiako Poliziarekin.
Astelehen gauean su hartu du Donamartiriko (Nafarroa Beherea) ikastolako eraikin batek. Ez da zauriturik izan, baina kalte material handia eragin du suteak.
EHUn Medikuntza euskaraz ikasteko plaza gehiago behar al diren galdetuta, hori EHUk erabaki behar duela erantzun zuen berriki Jaurlaritzak. Orain, ordea, datorren ikasturterako Medikuntzan 40 plaza gehiago eskaintzeko akordioa egin du Jaurlaritzak unibertsitate publikoarekin,... [+]
EH Bildu talde parlamentarioak legez besteko proposamena aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean, EAEko ikastetxeetako ordenagailuetan software libreko sistema eragileen (GNU/Linux) ezarpena ere bermatzea eskatuz. Aurrera atera den EAJ-ren eta PSE-EE-ren osoko zuzenketan ez da jasotzen... [+]
Bertsolarien kasua da agerikoena: euskaraz eta erdaraz egiten duten hedabideetan, euskarazko bertsioan soilik dira ezagutarazten. Horrez gain, bistaratu da beste titular interesgarri hau ere: Euskal Herriko 11 hedabideren 2023ko lana aztertuta, Euskal Herrikoa ez den kanpoko... [+]
Lagun batek azaldu dit zein garrantzitsua den jolasa ikaskuntzan. Jolastuz gauza asko ikas daitezkeela jakin badakit, ugaztunen dokumentalak ikusi besterik ez dago. Badaude jolas hezitzaileak eta jostailu didaktikoak (gerra-jostailuak eta jostailu sexistak barne, nahiz eta sarri... [+]
Hezkuntza Departamentuarekin bilera izan ostean, sindikatuek urriaren amaierako grebari eustea erabaki dute, ez baitaude ados egindako proposamenarekin. Grebalarien ustez eskainitako neurriak ez dira nahikoak, eta ez diete modu eraginkorrean heltzen euren eskakizunei.