Negu hotza Elokadin

  • Erratzuko Zubi Gorri tabernan nintzen batez, zoko batetik Erramun Martikorenaren ahotsa altxatu zen ilunean: 1980ko hamarkadako Otsobi diskoko Elokadiko mendian edo Abenduaren lauean kantak ikara hazi zidan bizkar hezurrean gora, begiak hezetzeraino. Baigorriko abeslariaren boza zoharrak mendeak eta karroin aldiak atzera eraman ninduen, gau beltza, izar lokak eta ardi marrakak ikur.

Irudia: Ainara Azpiazu, Axpi.

Euskarazko kantutegian kausitzen dira ofizioak edo lanbideak aipatzen dituzten antologiazko puskak. Umorez, malenkoniaz ala seriostasunez harilkatzen direnak. Halatan, laborantza, arrantza, oihalgintza, ikazkintza, artzaintza beraien artearen betetasunean agertzen zaizkigu, gizaldiak ahitu arren.

Aski da gelditzea bertso mutur baten leize hegian eta irudimena akuilatzea, bertan gaude gu ere, demagun Elokadiko Mendian, larrazken hondarreko haize zakarra arteka guztietatik pasatzen uzten duen borda bateko su durduzatuaren ondoan, artzainekin solasean, honetaz eta hartaz. Eta rai larai larai larai.

    Abenduaren lauean
    Elokadiko mendian
    ene ardien erdian
    Rai larai larai larai
    ene ardien erdian
    hotzak hartu nitian...

Nekazaritza doi bat ezagutzen duena menturaz harrituko da abenduaren lauan ardiak bortuan direla entzuteaz. Normalean artaldeak urria erditsutan jaisten dira alhagietatik, elurrak etorri aurretik. Baina Elokadi ez da halako bortu gorakoia: zazpi ehun eta hirurogei metrotan zutuntzen da, Nafarroaren bihotzean, Aldude herria eta Beartzun arroilak osatzen duen auzoaren erdian. Daldaraz gabiltza Belaun portuko tenperaturen apaltasun garratza azpimarratzen duelarik koblakariak.

'Cancionero vasco' bilduman bertsio zuhurragoa irakurtzen dugu. Martikorenak hegalda arazten duenaren kokin eta lizun zama ukatu ezina da. Azkue apezak aldiz, garbitasuna bide zuen lehiatzen, aldaera hau paperean etzan zuenean

Alabaina, askoren antzera, Elokadi gailurra Erramun Martikorenaren begietatik ikusi dugu, egiazki begimendu aurretik Beartzungo kuartel zaharraren maldatik. Hor, lehen bistan uste da bide bazterrean bermatzen den masa begetala huntz hostoaren erreinua dela, pixka bat inguratu eta etxe gotor baten arkitektura sumatzen hasten gareneraino: harrizko ateak, leiho karratuak, burdinazko balkoia... Aldudeko haranaren eta Baztanen artean gaueko lana, kontrabandoa hots, indartsu zegoen garaiko aztarna misteriotsua da kuartela.

Soa hedatu eta han dago Elokadi.

Urrunetik irudi luke Elokadik haritzez eta pagoz osatu oihan koroa dakarrela kasko inguruan. Alhagiak ageri dira, patar bezain nasai. Basagaretik goaz, oinez, seinale zuri-berdeei jarraituz, itzultzerakoan Beartzuneko zubira jaisteko, sei koplak buru zokoan arraiki dantzan. Urratsaren neurkatzeko egokia da abestia, zainetan erritmo zaintsua isurtzen digula. Eskualde oparoa da, artzainen eta tratulanten elkar trukatzeak ugariak zirela sentitzen da: hor dira prehistoriako mugimenduen aztarnak, harrespilak, zutarriak eta trikuharriak.  

Artzainez, kontrabandistez eta muga zainez gain Elokadiko maldetatik iragan ziren Napoleonen armadako ehiztariak, Baigorriko Harizpe mariskalak kudeatzen zituenak. Marrapietarako galtzada geratzen da denbora haietako oroigarri gisa: Frantses enperadoreak 1808an moldatu zuen Baztanen zehar, Espainiara zuzendu zenean, Portugal setiatu asmoz. Banka, Aldude eta Urepele halaz biziki hurbil dira Beartzun eta Elizondotik. Neguan hargatik, elurra denean, pasaia zailagoa da.

Abenduaren lauan imajinatzen ahal ditugu artzainak hotzez trantsituak, berotasun ametsez garra atitxatzen dutela. Manta behar gorria azpimarratzen du koblakariak, Azkuek bildu ez, baina Martikorenak, agian ohituratik jasoaz, eskaintzen digun bigarren atalean:

    Etxolan baditut bi manta
    bat bestea bezain xarmanta:
    Otto zenaren presenta
    Rai larai larai larai
    otto zenaren presenta
    dena zilo eta tarrata...

    Tantatan tarrabian
    manta berria botikan
    nehor ez dila abian
    Rai larai larai larai
    nehor ez dila abian
    Karriren dela bertze urtian.

Ardurenean artzaina bakar-bakarrik irudikatzen dugu mendietako xendretan bere ardien gibeletik, baina gehienetan bi edo hirunaka ibiltzen ziren lanean, gogor. Lankide baten izena ezagutzen dugu. Lauriano, umore aski onekoa dela ematen du. Beharbada, denbora errazago eta gozoago pasatzeko, egilearen bertso partaidea zitekeen.

    Ene lagun Lauriano
    ezta kexatzen oraino
    holakorik egundaino
    Rai larai larai larai
    holakorik egundaino
    ez dut ikusi oraino.

Bortüan Ahüzki ospetsuan, gailur mitikoko hur hunak osoki hartaz beste ontasunik ere aurkitzen zen bezalaxe, Behorlegiko herritik saldoan mutikoekin jostatzera zetozen neskatila ejerrak adibidez, Elokadin halaber neska gazte plazentak etortzen ziren artzainen bisitatzera, beraien alaitasuna, bizitasuna eta maitasuna ekarriz. Maria eta Kattalin ordea ez dira biziki fidatzen:

    Maria eta Kattalin
    etxeko zoko biak berdin
    ez dute nahi gurekin
    Rai larai larai larai
    ez dute nahi gurekin
    gaurik pasatu Elokadin.

Cancionero Vasco bilduman bertsio zuhurragoa irakurtzen dugu. Martikorenak hegalda arazten duenaren kokin eta lizun zama ukatu ezina da. Azkue apezak aldiz, garbitasuna bide zuen lehiatzen, aldaera hau paperean etzan zuenean:

    Maria eta Kattalin
    gure etxen oro berdin
    eztute nahi ardiekin
    Rai larai larai larai
    eztute nahi ardiekin
    gaurik pasatu Elokadin.

Olerkian nabaritzen da etxearen eta etxolaren arteko funtsezko ezberdintasuna. Bat aberatsa da, bestea gabeziak markatua. Agian hor kokatzen da sekula ikertzen ez den klase borroka mutu baten hatza

Artzainak gehienetan lurrik gabeko nekazariak ziren. Etxetiarrak. Etxean ezkontzen zenaren haurride saldoko baten bat. Etxeko jaunen egitura soziala ez zen baitezpada samurra, sistematik kanpo jardutera behartuentzat. Hala ere, artzainak, gazteak ziren kanta honetan nola, airosak, dantzan, solasean, bertsotan, zirtoka, basahaideetan trebe, lana bazuten eta neskek begi suharrez begiratzen zieten. Zer gehiago eskatu zezaketen? A bai, manta bat neguaren atarirako.

Olerkian nabaritzen da etxearen eta etxolaren arteko funtsezko ezberdintasuna. Bat aberatsa da, bestea gabeziak markatua. Agian hor kokatzen da sekula ikertzen ez den klase borroka mutu baten hatza. Etxean oparotasuna da nagusi:

    Etxean eder da behia
    lanka mail, adar handia
    beterikan establia
    Rai larai larai larai
    beterikan establia
    zein den eder ikustia...

Eta etxola zer? Mehetegi, erabat. Borda soila da, laster eta doi eraikia, artekaz eta itaxurrez josia. Zakurra ere egoera larrian erakusten digute:
    Etxol’ aitzinean xakurra
    tripa azpian muturra
    baina ez zaude gustura
    Rai larai larai larai
    baina ez zaude gustura
    itaixura burura...

Sukaldeko berotasuna eta garbitasuna biak deitoratzen ditu bertsolariak. Txabolan emazteen barnerako tirak sortu gozotasun izpirik ez dagoela azpimarratzen du Azkuek gatibatu bertsioak:

    Hemen ez da holakorik
    hotza alde orotarik
    hunat arras bekan baizik
    Rai larai larai larai
    hunat arras bekan baizik
    ez da jiten emazterik.

Astean bizpahiru ostiral bazituzten orduko artzainek. Gaurkoek bezala funtsean. Lanbideak, mendeak mendetegi, hazi duen erromantismo aieruetatik mila legoatan gaude Elokadiko Mendian eta abenduaren lauan.

Euskal Herriko kantutegietan leku hautuan dagoen pieza eder hau, bihotzetik ezpainetara lerratzen den irri batez abesten dugu, arraiki, lanera goazenean demagun. Resurrección María Azkue jakintsuak bere lanik ospetsuenean sartu zuen, musika partizioarekin, Aldudeko Uhart erretoreari entzunik. Ororen buru Martikorenak oparitzen digunaren eta Azkuek bildu bertsioak kasik antzekoak dira. Salbu... Maria eta Kattalin bizitoreen aipuaren orduan: apezarena nabaritzen da hitzetik, bekatu zantzuetatik hain urrun alabaina...

    Ez dute nahi ardiekin
    gaurik pasatu Elokadin...

Poema zoharra noizkoa den ezin da zehaztu. Ziur gaude gaurkotasunik bederen ez duela galdu. Artzainak hor dabiltza beti, mugak ukatuz, ardiak nora, beraiek hara, kezkatuak eta batera alaitsuak. Aldude, Urepele eta Baztango alhagietan ageri dira eta hurbiltzen gatzaizkienean beti prest direla ele zuhurrak trukatzeko. Bideaz nondik doan galdatzen diegunean erantzuna argia da:

– Ardiak pasatzen diren xendretatik pasatuko da bai jendea!

Rai larai larai larai...


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kantagintza
2024-02-04 | Castillo Suárez
Kaseteak

Iaz Braham bat ezagutu nuen Delhin. Harritu ninduen garagardoa maite zuela eta gaztelaniaz bazekiela. Nire adintsuko zela esango nuke, baina makil baten laguntzaz ibiltzen zen, poliki. Ea zergatik zekien gaztelaniaz, galdetu nion, eta berak umetan Julio Iglesiasen kaseteak... [+]


Maite Idirin kantari hilberriari azken agurra egingo diote asteazkenean Angelun

Maite Idirin abeslaria urtarrilaren 20an hil da. Angelun bizi zen, eta asteazkenean 10:30ean izango da ehorzketa meza. Euskal kantagintzaren ahots ezagunenetakoa izan da. Emakumeen eskubideen alde borroka egin zuen bere bizialdian.


Fernando Unsain musikari, kantari eta ikusentzunezkoen produktorea hil da

78 urterekin iktus baten ondorioz hil da Donostian Fernando San Jose Arze, kultur munduan Fernando Unsain izenez ezagutua. Pertsona garrantzitsua izan da euskal kantagintzan, diskoen grabaketa eta produkzioan eta ikusentzunezkoetan. ARGIAk Fernando Unsainengan kolaboratzaile... [+]


2023-05-04 | Estitxu Eizagirre
Kantak herri baten historia josten duten hari balira?

Ziburuko Liburu eta Disko azokaren aperitif gisa, Hitzen Ahairea emanaldia eskaini zuten maiatzaren 3an Baltsan elkartean Gotzon Barandiaran idazle musikazaleak eta Rafa Rueda musikari literaturzaleak. Euskal kantagintzan barnako bidaiarekin gozatu zuten bertaratu ziren 40... [+]


Eguneraketa berriak daude