Artea horman gora

  • SC Gallery arte-galeriak, Bilboko Udalaren laguntzarekin, Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetako horma-artea ezagutzeko bisitaldi gidatuak egiten ari da, urtarrilaren 28 arte.


2017ko urtarrilaren 22an

Bakarra da SC Gallery Bilboko artearen panoraman. “Graffitiaren, street art-aren eta ilustrazioaren eszenako artista garaikideekin lan egiten duen ekimen independentea da gurea”, kontatu digu galeriako arduradun Sergiok. Alegia, kaleko arteaz arduratzen den galeria bakarra dira. Bilbo Zaharrean, San Frantziskon eta Zabalan dauden horma-irudien katalogoa argitaratu berri dute eta salgai dute Gorte kaleko egoitzan.
    Larunbat goiz eguzkitsu baina hotz batean, Gorte kalean agertu gara, bisitaldian parte hartzeko prest. Zazpi Kaleak itsasadarraren bestaldean ditugula, betidanik hiriaren hauspo izan den eremuan gaude: antzinako meategien gainean eraikitako kaleetan ibiliko gara, burdina itsasontzietara garraiatzeko zabaldutako bideetan.
    Behinolako oparotasuna bukatuta, ordea, bazterkeriaren eta aurreiritzien jomuga bilakatu zen San Frantzisko ingurua. Horregatik, horma-artea bada auzoaren kohesioa eta bizikidetza zabaltzeko bitarteko bat. Maider gidariak azaldu digunez, Udalarekin eta auzokideekin elkarlanean garatutako proiektu bati esker daude hainbeste horma-irudi Bilbo Zaharrean, San Frantziskon eta Zabalan. Ez dira grafiti inprobisatuak, artista ezagunek egindako lanak baizik.
    Gorte kaletik gora, Miribillako parkearen ondoan aurkitu dugu lehenengo artelana, SUSO33k egina. Eraikin bateko horma guztia hartzen du, bost solairu. Hainbat pertsonaren itzalak dira, artistak auzoko jendearen arteko lotura irudikatu nahi duelako. Ondoren, Gorte kalera bueltan, BK Kolektiboaren lan bat ikusi dugu. 2008an margotu zenez, eta harrezkero aire zabalean egon denez, hezetasunak eragindako kalteak nabariak dira. Kaleko artea da hau, aldakorra, iraungitze data duena. Gidariak dioenez, artistek argazkien bidez jaso nahi izaten dute beren obra nola aldatzen den denborarekin.
    Hurrengo geldialdia, Zoer eta Velvet frantsesek elkarlanean egindako irudi ikusgarria da, Saralegi plazaren bazter batean. Hain horma altuan artistek lortu duten zehaztasunak harritu gaitu. Diziplina honen alderdirik korapilotsuena da, hain zuzen, artistaren buruan, edo paper batean, eginda dagoen diseinua horma handi batera eramatea, ia erreferentziarik gabe.
    Kale, plaza eta pasabideetan gora eta behera, antzinako meatzeen aztarnen artean, altxor ezezagunak aurkitu ditugu. Batean, hezetasunaren orbanak aprobetxatuta egindako figurak. Bestean, horma-irudi koloretsua. Hurrengoan, forma geometriko zehatzak pareten zurruntasuna apaintzen. Konturatu orduko iritsi gara amaierara. Bilbao Arte zentroaren atzeko aldean Michael Grudziecki poloniarrak marraztutako eskailera surrealistek biribiltzen dute bisitaldia. Itsasoko ziurgabetasunetik zeruko argitasunera altxatzen dira eskailera horiek, auzoaren bilakaeraren metafora balira bezala.
    Urtarrilaren 28an bukatuko da bisitaldi gidatuen zikloa. SC Galleryren proposamenak arrakasta itzela izan du eta leku guztiak beteta daude dagoeneko, bai gaztelaniaz eta baita euskaraz ere. Galeriakoek bisitaldi gehiago antolatzeko asmoa dute, Bilboko Udalaren oniritziaren zain daude. Izan ere, hogei artelan inguru katalogatu dituzte, baina erdiak inguru ikusi ditugu guk. Beraz, Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalako paretetan altxor gehiago daude, nork deskubrituko zain.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kaleko artea
Artista kolektiboen jaialdia Leioako kaleetan, maiatzaren 18tik 21era

Leioako XXIII. Umore Azoka ospatuko da datorren asteburuan. Arte eszenikoetako 43 konpainia eta 90 emanaldi izango dira ikusgai; tartean izango dira Euskal Herriko hamazazpi konpainia.


Mutrikuk kale museo bilakatzeko bidea hartu du

Lau horma irudi egingo dira aurten. Urtero hainbat artista gonbidatzea da udalaren asmoa. Artista bakoitzak hamar urteko bermea ematen du bere horma irudia bere horretan mantenduko dela ziurtatzeko.


2023-02-19 | Axier Lopez
Horma biziak zentsura eta ahanzturaren gainetik

“Hedabideek isilarazten dutenaz mintzo dira hormak”, zioen erdaraz Barakaldoko mural batek 1990eko hamarkadan, horma-irudien eta pintaketen zeregin nagusia azpimarratu nahian. Ahots anonimoak dira, horman idatzitako hitzetik mintzo direnak, espontaneoak gehienak, gai... [+]


Lian muralgilea
"Kamiñazpiko lana guztiona da, hortaz, baita saria ere"

Street Art Cities plataformak egiten duen sailkapenean, munduko hirugarren onena hautatu dute Ondarroako Kamiñazpin dagoen Lian muralgilearen lana.


2023-01-20 | ARGIA
Sare sozialak arakatu eta Gasteizko grafitigileak zigortu nahi ditu Urtaranen gobernuak

Zerbitzu sekretuen alorrean erabili ohi diren OSINT teknikak erabiliko dituen enpresa bat kontratatzeko proiektua lizitaziora atera du Gasteizko Udalak, Arabako Alea-k jakitera eman duenez.


Eguneraketa berriak daude