“Kapitalismoaren aurrean aktiboki eusten duen gotorleku bakanetakoa da grafitigintza”

  • Autodidakta, kritikoa eta batere konformista. Materiala erosteko dirurik eduki ez arren hori ez da inoiz arazo izan. Hiri grisen pareta zuriak dohainik dira eta erakusleiho paregabea mezuak zabaltzeko. Espraia eskuan, espazio publikoaz jabetzen da eta ezarritako estereotipoei aurre egiten die, arauz kanpoko emakumeak eta isildutako errealitateak marraztuz. Murales Lian gisa ezaguna, Lian Monserratek (AEB, 1981) bera gehiago ezagutzeko aukera eman digu.

“Emakume ez-konbentzionalak irudikatu nahi ditut, beraien burua identifikatzeko espazioak aurki ditzaten”.(Argazkia: Hodei Torres)

Nola hasi zinen kale artearen munduan? Oroitzen duzu zure lehen lana?
Nire lehen murala Bostongo zaborrontzi batetik ateratako kontratxapatuzko bi zura puskatan egin nuen, nerabe nintzela. Txikia nintzenean dirua urria zen eta gurasoekin nuen harremana konplikatua. Matxinada ekintza gisa margotzen nuen. Handik gutxira Bartzelonara joan nintzen bizitzera. Beti diru gutxirekin. Mihiseak eta arte ederretarako materialak ez ziren inoiz niretzat eskuragarri egon, baina bai hormak. 90eko hamarkadaren amaieran, jabetza pribatuarekiko mespretxua hazten ari zen Bartzelona hartan, pareta zurien hornidura amaigabea aurkitu nuen parez pare.

Kaleetako pareta zuri guztiak zure eskura, espazio publikoa birjabetzeko aldarria da muralismoa?
Grafitiak eragin ditzakeen balizko kalteetan jarri ohi du gizarteak arreta. Nire galdera da: zergatik ez dugu hitz egiten espazio publikoko iragarkien bitartez bonbardatzen gaituzten gorputz ustez perfektuen irudi errepikakorrek eragiten duten kalteaz? Niretzat hori askoz garrantzitsuagoa da eztabaidarako. Kale artistak ez dira espazio publikoa baliatzen duten bakarrak; publizistek, enpresek, politikariek eta herritarrek ere erabiltzen dute. Beraz, kaleak norenak dira? Neutroak dira?

Ba al da desberdintasunik grafitigintzaren eta muralismoaren artean?
Hormak margotzea Neolitoa bezain zaharra da, eta marka propioa duen street artist ospetsu bat bezain garaikidea. Gaur egun dena kapitalizatzen da. Baina grafitigintza, muralismoa ez bezala, kapitalismoaren aurrean aktiboki eusten duen gotorleku bakanetakoa dela esango nuke. Zentzu horretan gizarteak ez ditu berdin onartzen, batak espazio publikoa hartzen duelako eta bestean espazio publikoa kapitalizatzen delako. Nire kasuan, politikoki espazio publikoa hartzen dut, baina enkargu bidez ere egiten dut lan batzuetan –betiere ideiarekin eta balioekin ados baldin banago-.

Argazkia: Hodei Torres

Muralak mezuak komunikatzeko tresna izan daitezke. Zein da zure helburua?
Street artist gisa eta emakume gisa, emakume ez-konbentzionalak irudikatu nahi ditut, beraien burua identifikatzeko espazioak aurki ditzaten. Horren adibide da Bilbiko Plazan margotu nuen Espainiako Gerra Zibileko murala; auzokideen eskari bat izan zen eraikina eraberritu zenean, aurreko murala ezabatzen zelako. Aurretik zegoen Gerra Zibileko argazki berbera hartu eta modernizatu egin nuen, gizon zuriak ez ziren subjektuak gehituz. Era berean, bestelako errealitateak islatu nahi ditut, migratzaileena edo presoena, esaterako. Mugimendu sozialekin lotura estua dut; badakit muralen bitartez ez dudala errealitatea aldatuko, baina nire aletxoa jartzen dut horrela.

Zein esango zenuke dela muralismoak duen boterea?
Adierazpen artistiko hau alternatiba bihurtu da hirietako espazio grisak berreskuratzeko eta biztanleen arteko lotura sortzeko, gizarte nortasuna sendotzen du. Hormek herriarekin komunikatzeko gaitasun handia dute.

Herriarekin komunikatzeko gaitasun horrekin, gure bizitzaren erritmo azkarrarekin apurtzera gonbidatzen gaituzte muralek?
Kaleko artearen alde politena da ez duzula ordaindu behar -oraingoz- ikusteko, eta ustekabean harrapa zaitzakeela, zure errutinarekin apurtuz. Zorte pixka batekin, harekin topo egiten duen pertsonak une batez mugikorra begiratzeari utziko dio, bere bizitzeko erritmo bizkorra hautsiz, gogoetarako tartea irekiz.

Hainbat txokotan eta eraikinetan utzi duzu zure arrastoa. Zein lan nabarmenduko zenuke?
Oso harro nago Leitzako gaztetxean egin nuen muralaz, nire gustukoena da, zalantzarik gabe. Zenbait hitz gako proposatu zizkidaten; auzolana, autogestioa, elkartasuna... Emaitza emakume zahar bat izan zen, koloredun ilea txirikordatzen ari dena.

Zer da mural hartan islatu nahi izan zenuena?
Zaharraren eta berriaren, tradizionalaren eta abangoardiaren arteko nahasketa gisa uler daiteke. Baina harago joan eta andrea herria dela interpreta daiteke, eta hainbat ideia -koloreak- elkartzen direla gauza eder eta indartsu bat egiteko -txirikorda-. Muraleko andreak eraztun bat darama Alde Hemendik ikurrarekin, eraikina gaztetxea izan aurretik kuartela izan zela eta euskaldunen lurren okupazioaren aurkako borroka agerian uzteko keinu gisa.

Eta mural horrek istorio pertsonal bat ere badu gordeta…
Irudian ageri den emakumea oso garrantzitsua da niretzat. Nire ama biologikoa hilda dago, eta Kataluniara heldu nintzenetik nire amatzat daukat bera. Pertsona borrokalaria da eta asko irakatsi dit bizitzari buruz. Aurreko urtean murala ikustera eraman nuen. Ikaragarria izan zen jasotako tratua. Herri osoak alfonbra gorria aterako balio bezala izan zen. Etxean bezala sentiarazi zuten… Oso une polita izan zen guretzat.

Paretek hitz egiten dutenean
“Ameriketako Estatu Batuetan jaio nintzen, baina ez nuen batere atsegin bertako kultura, ezta genero banaketa binarioa ere. Dolar batzuk bildu eta Bartzelonara heldu nintzen. Ia bi hamarkadaz bizi izan naiz han, horregatik esan ohi dut katalana naizela. Kalean margotzea adrenalina hutsa da, gainditu beharreko erronka. Erantzukizun handia da, baina, eta ez dakit zergatik, hori da munduan gehien gustatzen zaidana. Pertsona lotsatia naiz, kontraesanez betea, baina pareta aurrez aurkitzean pertsona seguru eta ahaldundua bihurtzen naiz”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kaleko artea
Artista kolektiboen jaialdia Leioako kaleetan, maiatzaren 18tik 21era

Leioako XXIII. Umore Azoka ospatuko da datorren asteburuan. Arte eszenikoetako 43 konpainia eta 90 emanaldi izango dira ikusgai; tartean izango dira Euskal Herriko hamazazpi konpainia.


Mutrikuk kale museo bilakatzeko bidea hartu du

Lau horma irudi egingo dira aurten. Urtero hainbat artista gonbidatzea da udalaren asmoa. Artista bakoitzak hamar urteko bermea ematen du bere horma irudia bere horretan mantenduko dela ziurtatzeko.


2023-02-19 | Axier Lopez
Horma biziak zentsura eta ahanzturaren gainetik

“Hedabideek isilarazten dutenaz mintzo dira hormak”, zioen erdaraz Barakaldoko mural batek 1990eko hamarkadan, horma-irudien eta pintaketen zeregin nagusia azpimarratu nahian. Ahots anonimoak dira, horman idatzitako hitzetik mintzo direnak, espontaneoak gehienak, gai... [+]


Lian muralgilea
"Kamiñazpiko lana guztiona da, hortaz, baita saria ere"

Street Art Cities plataformak egiten duen sailkapenean, munduko hirugarren onena hautatu dute Ondarroako Kamiñazpin dagoen Lian muralgilearen lana.


2023-01-20 | ARGIA
Sare sozialak arakatu eta Gasteizko grafitigileak zigortu nahi ditu Urtaranen gobernuak

Zerbitzu sekretuen alorrean erabili ohi diren OSINT teknikak erabiliko dituen enpresa bat kontratatzeko proiektua lizitaziora atera du Gasteizko Udalak, Arabako Alea-k jakitera eman duenez.


Eguneraketa berriak daude