2.300 euroko isuna jarri dio Zornotzako Udalak Martz grafitigileari

  • Herrian grafitiak egiteagatik ezarri diote zigorra. Martzek adierazpen askatasunaren eraso gisa ikusten du gertatutakoa eta esan du ez duela isuna ordainduko. Hainbat artistaren babesa jaso du.


2021eko ekainaren 29an - 12:01
Azken eguneraketa: 14:04
Pandemia garaian ezabatu zuten Martzen grafitia. Argazkia: Zornotzako EH Bildu

Zornotzako Udalak 2.300 euroko isuna jarri dio Marcel Do Nascimiento Martz grafitigileari herriko hormetan marrazteagatik. Apiril honetan, Bizkaiko Foru Aldundiaren enbargo mehatxua jaso du, eta EAJren Udalak ezabatu egin ditu herrian egin dituen obra guztiak. Artistak adierazpen askatasunaren eta arte espresioaren aurkako erasotzat jo du gertatua, eta esan du ez duela isuna ordainduko.

Martzek astelehen honetan egin du Udalaren jarrera salatzeko adierazpen publikoa. Zornotzarrak salaketa sozialak egiteko erabiltzen ditu bere obrak, eta esan du “beldurra sartzeko” modua bilatu nahi izan duela Udalak bere lanak ezabatuz. Grafitiek ez dute inor iraintzen, eta Martzek hormen jabeen baimena izaten du hauek margotzeko, beraz, ez du ulertzen zergatik jo duten haren aurka. 

Adierazpenean hainbat artistaren babesa jaso du. Patxi González Sema aktorea, Miren Larrea ipuin kontalari eta antzezlea eta Fran Lasuen musikaria izan dira bertan. Martzek hauen elkartasuna eta beste hainbat eragileren laguntza baliatuko du egoerari aurre egiteko: 2.300 euroko isuna ez duela ordainduko esan du, baina eskaerak aurrera jarraitzen badu, crowfunding kanpaina abiatu beharko duela.

Artistak salatu du beste margolan batzuk ez dituztela ezabatu, Udalak gogoko dituenak uzten dituela, baina adierazpen kutsua duten beste asko kentzen dituela. Alde horretatik, berekiko izan duten jarrera kritikatu du: hainbat proiektutan babesa eskaini diote —2020ko otsailean Zelaietan egin zuen erakusketa Udalaren laguntzarekin egin zuen—, baina, beste hainbatetan, kontrako jarrera erakutsi dute —pandemiaren hasieran egin zuen murala ezabatu zioten—.

2020ko uda

2020ko udan jaso zuen artistak lehen abisua. Udalak zigor espediente bat ireki zion, eta Martzek errekurtso bat aurkeztu zuen arren, prozedurak aurrera egin zuen. Apirilean Foru Aldundiaren enbargo mehatxu bat jaso zuen, eta horren harira ezabatu dituzte bere muralak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Adierazpen askatasuna
Fermin Muguruzaren bisita batengatik “terrorismoa goratzea” leporatu diote Valentziako institutu bati

Talde kontserbadore batek salatu du institutua, Muguruza hitzaldi bat ematera gonbidatzeagatik. Bellreguardeko Udaleko zinegotzi ohi batek esan du ez zela hitzaldirik egon. Institutuko zuzendaritza taldeak hilaren 26an deklaratu beharko du guardiako... [+]


Pablo Gonzalez
Inongo frogarik erakutsi barik, bi urte espetxean Polonian

Otsailaren 28an bi urte bete dira Pablo Gonzalez kazetaria Polonian atxilotu zutela. Errusiako espioia izatea leporatu zioten hango zerbitzu sekretuek, baina oraindik ez dute horren froga edo zantzu ñimiñoena erakutsi.


2024-02-01 | Gedar
Black Marfil abeslariaren kontrako zigorra berretsi dute: bi urte eta hilabete bat

Iruñeko abeslaria bere abestietako letrengatik kartzelaratuko dute, besteak beste, udaltzainen kontrako "gorrotoa eta indarkeria" sustatzea leporatuta.


2023-10-30 | ARGIA
Valtònyc rap kantaria Mallorcara itzuli da bost urtez erbestean egon ondoren

Josep Miquel Arenas Beltrán ‘Valtònyc’ rap kantari mallorcarrari hiru urte eta sei hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Gorenak bere kantuetan “terrorismoa goratzea” eta Espainiako koroari “irain egitea”... [+]


2023-07-17 | Ilargi Manzanares
Sutan dagoen Ertzaintzaren furgonetaren argazkia "iraingarria" dela dio Jaurlaritzak

Donostiako Groseko jaietan larunbatean antolatu zen grafiti erakusketan sutan zegoen Ertzaintzaren furgonetaren irudia erakutsi zuten, eta Ertzaintza azaldu zen kentzera. Segurtasun sailburu Josu Erkorekak “gorroto eta indarkeria bultzatzen duen irudia” dela adierazi... [+]


Eguneraketa berriak daude