Urtean 7.666 euro gutxiago

  • Ohituta gaude titularrera: Emakumeek gizonen soldaten azpitik kobratzen dute. Auzia ez da lan berdinean ordu berdinak egiteagatik gutxiago ordaintzen zaiela emakumeei. Eta orduan? Sexuaren araberako lan bereizketak eta enplegutik at geratzen diren lanez nagusiki emakumeak arduratzeak nabarmen baldintzatzen dute haien jardun profesionala. Honela, Espainiako eta Frantziako Estatuen estatistika erakundeen arabera, iaz Euskal Herriko emakumeek, batez beste, gizonek baino 7.666 euro gutxiago irabazi zuten urte amaieran, eta aurten ere, zifra ez da asko aldatuko.

Argazkian, Bizkaiko zahar etxeetako langileak manifestazioan Bilbon, 2016ko ekainean. Emakumeen 10etik 9k zerbitzu sektorean egiten du lan, enplegu prekarioenetan. Argazkia: Marisol Ramirez / Argazki Press
Argazkian, Bizkaiko zahar etxeetako langileak manifestazioan Bilbon, 2016ko ekainean. Emakumeen 10etik 9k zerbitzu sektorean egiten du lan, enplegu prekarioenetan. Argazkia: Marisol Ramirez / Argazki Press

Zergatik balio du gehiago bonbilla bat aldatzeak agure bat artatzeak baino? Nolatan irabazten du gehiago makina gainean doan kaleko gizon garbitzaileak, bulegoetan zoru garbigailua pasatzen duen emakume garbitzaileak baino?

Soldata arrailaz hitz egitea lan merkatuko genero ezberdintasunez jardutea da, emakumeei eragiten dietenak modu nabarmenean. Lantoki gehienetan kargu bera duten emakume eta gizonek berdin irabazten dute, bestelakorik ilegala bailitzateke. Honenbestez, egiturazko desberdintasunak dira soldata arrailaren oinarrian daudenak: sexuaren araberako lan banaketa eta etxeko zein zaintza lanak ia osorik emakumeengan erortzea. Azkenean, gaur oraindik, haiek baitira ia beti lan-bizitza sakrifikatzen dutenak, besteak beste, seme-alaben eta zaharren zaintzarako.

Zenbait estereotipo eta uste hedatu ditu horrek, emakumeek egindako lanari zentraltasuna eta balioa kendu diotenak. Hein horretan, emakumeek urte amaieran diru gutxiago irabazten dute lan baldintza prekarioenak eta ezegonkortasun handiena pairatzen dituztelako.

Lanpostua ez, langilea da eragilea

Sexuaren araberako lan bereizketaren ondorioz, andrazkoei lan jakin batzuk egotzi zaizkie, femeninotzat jo eta gutxietsi direnak, nola ekonomian hala gizartean. Bestela esanda, gizonezkotzat hartu diren lanak hobeto ordaintzen dira rol maskulinoarekin bat datozelako, eta emakumeek bete dituzten funtzioak askoz okerrago logika beragatik. Esaterako, supermerkatu batean mantentze lanak egiten dituen gizonak lantoki berean kutxazain lanak egiten dituen emakumeak baino gehiago kobratzea, indar fisiko gehiago behar duelakoan bere egitekoak.

Zaloa Ibeas (LAB):
“Erabakigarria ez da zein lan mota egiten den, nork egiten duen baizik. Ez da garbiketa lanak ez duela soldata duina merezi, arazoa da emakumeok egin behar badugu, gutxiago merezi dugula”

Lanpostuak eskatzen duen trebetasuna berdina denean ere, ordainsarien arteko arrakala ikaragarria dela dio Zaloa Ibeas LABeko emakume idazkaritzako arduradunak: “Erabakigarria ez da zein lan mota egiten den, nork egiten duen baizik. Ez da garbiketa lanak ez duela soldata duina merezi, arazoa da emakumeek egin behar badugu, gutxiago merezi dugula”.

Askotan aurkakoa entzun arren, administrazio publikoan ere diskriminazioa jazotzen dela azpimarratu du Ibeasek: “Ospitaletan sukaldean dauden gehiengoa emakumeak dira, aldiz, garbiketa makinekin ari direnak gizonezkoak eta soldata diferentzia handia da”.

Zerbitzuetan erreginak, eta pobreak

Enpleguaren feminizazioak zera esan nahi du: emakumeen bizitza eta lana zehaztu duten ezaugarriak –ezegonkortasuna edo lan anitzei aurre egin beharra, kasu– gero eta enplegu gehiagotara ari direla zabaltzen, gizon eta emakumezkoek okupatzen dituztenak. Lan munduak feminizazio prozesu orokorra bizi duela esateak ez dakar, ordea, sexuaren araberako lan banaketa murriztea.

Hain zuzen, emakumeek dituzte lan merkatuko kontraturik prekarioenak, zerbitzuen sektorean gehiengoa direlako. Emakunderen arabera, EAEn hamar emakumetik bederatzik egiten du lan zerbitzuetan. Aldiz, prestigioaren eta ordainaren beste muturrean dauden sektoreetan, eraikuntzan eta industrian bereziki, hiru laurdenak baino gehiago gizonezkoak dira.

Emakumeak lan merkatura sartzen joatean, eurek betetzen zituzten lanak oso modu prekarioan merkantilizatu dira, zaintzaren sektorea da adibide garbia. “Emakumeak merkatuaren interesen arabera sartu gara lan mundura,  ingurukoen ardura eta beste lan guztiak utzi gabe. Ez gabiltza gizonen baldintza berdinekin, eta horrek, lanaldi murriztu inposatua dakar”, azaldu du LABeko langileak.

Lanaldi murriztua edo partziala dutenen ia %80 emakumeak dira eta hauetatik nahita hori aukeratzen dutenak oso gutxi. Ibeasek dioenez, “hori da lan merkatuak eskaintzen dien aukera bakarra. 400-500 euroko soldatez ari gara, bizitza proiektu bat ateratzeko ezinezkoa. Azkenean, sistema kapitalista heteropatriarkalaren logika du, emakumea menpeko bihurtzen baitu. Gizonaren soldatak eusten du etxeko ekonomia, eta emakumearenak osatu. Sistemak bere sostengurako behar du diskriminatu”.

Argazkian, 2016ko martxoan Errenterian etxeko langileek egindako elkarretaratzea. Etxeko langile ia denak emakumeak dira eta gehienak atzerritarrak. Argazkia: Andoni Canellada / Argazki Press
Sabaia ezin hautsi

Okerren ordaindutako lanpostuetan gehiengoa izatearekin bat, emakumeak  gutxiengo nabarmena dira lanpostu altuenetan. Ardura kargu hauetara iristea eragozten dien oztopo ikusezinak, kristalezko sabaiak, eragin zuzena du soldata arrailan, zenbat eta altuagoak ordainsariak orduan eta handiagoa baita emakume eta gizonen arteko irabazien diferentzia. Hamar kargu exekutiboetatik hiru baino ez dira emakumezkoenak eta urrun daude oso haien gizonezko lankideen soldatengandik. Gainera, 2008ko krisiak kristala inoiz baino gehiago gogortu duela dirudi.

Aginte dohainak eta lidergo postuak tradizioz gizonekin lotzea jendartean oso barneratuta dagoela dio Ibeasek, eta emakumeak botereari lotuta ikustearekiko erresistentzia agerikoa dela oraindik, izan enpresaburu zein haur eskola bateko zuzendari. Ardura postu batera iristeak ez du hartzen, gainera, zentzu bera batean eta bestean. Goi karguetara ailegatzen diren andrazkoek presio gehiago daukatela dio, postua merezi dutela etengabe erakutsi beharra.

Ardura karguan egoteak enplegua beste guztiaren gainetik jartzea ere badakar sarri, desordutan bileretarako prest egotea esaterako, eta emakume ugarik ezin dute, ez badago inguruan etxeko eta zaintza lanez arduratuko denik. Horregatik, enplegura eta etxeko eta zaintza lanetara iristeko, malgutasun handiagoko postuak onartu behar izaten dituzte.

Ibeasen arabera, bestalde, diskriminazioa ahantzi gabe, emakume asko ez daude prest lan merkatuko exijentzia horiei men egiteko, ez delako bateragarria bizitza erdigunean jartzea lehenesten dutenekin.

Etxearen itzala lanera

Emakume ugarik etxearen eta familiaren itzala gainean eramaten dute lanera. Eremu pribatukotzat ulertzen diren ardurak ia osorik haien gain uzteak ikaragarri zailtzen die bizitza pertsonalaren eta lan bizitzaren arteko oreka, eta adin batera iristean, euren ibilbide profesionala eteten dute askok. Soldata arraila 35 urtetik aurrera etengabe haztearen arrazoietako bat da hain justu haurren eta zaharren kargu egiteko garaia iristen dela etxe askotan.

Balio beza datuak, Emakunderen arabera, 2014an enplegua eta familia bateratzeko neurriak (amatasun eta aitatasun baimenak, lanaldi laburtzeak edo familia zaintzeko eszedentziak) hartu zituztenen %95,5 emakumeak ziren. Gizonak %4,5 baino ez.

Emakunderen Soldata arraila: eragileak eta adierazleak txostenean ageri denez, emakumeek enpleguaren gainetik familia jartzen dutenaren usteak eragina du honetan. Ingurukoen zaintzarako lan bizitza alboratzean, gizonen enpleguak haienak baino balioespen eta garrantzi handiagoa irabazten du. Beraz, bataren zein bestearen familia-babesa ere ez da parekoa, ekonomikoki bezala, motibazio zein itxaropenari dagokionean.

Matxismo ilegala

Legez kontrakoa bada ere, badira oraindik politika zuzenki matxistak dituzten enpresak, gizonek egindako lan beragatik emakumeei gutxiago ordaintzen dietenak. Sindikatuak behin salatutako egoera kontatu du Ibeasek: “Eskoletako janaria prestatzen zuten catering batean, sukaldean zeuden gizonezkoei, alboan lan berean ziharduten emakumeei baino 200 euro gehiago ematen zieten gutun-azal batean. Salatu ostean, emakumeei ere eman beharrean, gizonei kendu zieten eta sekulakoa muntatu zen. Diskriminazio oso zuzena da, sinesgaitza irudi lezake, baina oraindik halakoak badira”. Enpresa askok gisako bazterketa zuzenak soldata osagarrien bidez estaltzen dituztela dio, lantokietan oso praktika komuna den plusen banaketarekin.

Krisiaren ostean gertatutako beste kasu esanguratsu bat ere jarri du matxismo bizi horren adibidetzat Ibeasek: “Nafarroan gazta freskoa egiten zuten enpresa batean emakumeak aritzen ziren kateko lanean. Krisia iristean, kaleratu egin zituzten herrian langabezian zeuden gizonak kontratatzeko, eta zuzenean, soldata igo eta lan baldintzak hobetu zizkieten”. Sektore feminizatuetara gizonak sartzean lan baldintzak nola hobetzen diren baieztatu ahal izan dutela dio, telemarketingean esaterako.

Zenbakien zartada

Soldata diferentziaren faktore eragileak aztertu ditugu argazki osoago baten bila. Datuak, ordea, hor daude eta lan merkatuan emakumeek jasaten duten bazterketaren isla dira: Euskal Herrian iaz batez beste 21.453 euro irabazi zituzten emakumeek, gizonek baino 7.666 euro gutxiago. Hau da, emakumezkoek %26,3 gehiago irabazi behar lukete gizonezko lankideen soldatara iristeko, Gaindegia Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiaren arabera.

Espainiako eta Frantziako Estatuak alderatuta, Imanol Esnaola Gaindegiako koordinatzailearen arabera, Ipar Euskal Herriko egoera sendoagoa da: “Frantziako Estatuak baditu gizarte babeserako zenbait elementu, gutxieneko 1.200 euroko soldata eta familia, langabezia edo pobrezia egoeretarako prestazioetarako beste kultura zein berme juridiko bat, kasu. Horrek Iparraldean Hegoaldean baino kohesio sozial handiagoa izatea eragiten du, bizi baldintza duinagoak eta pertsonen formaziorako sustapen eta babes gehiago izatea”.

Zifretara itzulita, puntuz puntu bada xehetasunik:
Adinaren arabera, lan merkatura sartzen diren gazteenen artean apalagoa da soldata diferentzia. Behin 35 urteko langa igarota, ordea, hazi besterik ez da egiten, soldatak gero eta potoloagoak bihurtzen hasten direnean eta seme-alaba eta aurrerago gurasoen zaintza garaia iristean. Lan merkatuan aktibo dauden emakume eta gizonen soldaten arteko diferentzia handiena 55 urtetik gorakoen artean dago.
Sektoreari behatuta, emakume gutxien dauden sektoreetan da soldata arraila txikiena, eraikuntzan edo industrian kasu. Zerbitzuen sektore feminizatuan arraila zabala da, ordea. Hala ere, Esnaolak dio EAEn, EUSTATek emandako datuen arabera, eskualde industrializatuenetan dagoela soldata arraila zabalen, Goierrin gehien, %51ko diferentziarekin. Salbuespentzat Debagoiena aipatu du, kooperatiben konpromisoagatik.
Lan baldintzak hobera egin ahala, soldata diskriminazioa hazi egiten da. Honela, behin-behineko langileen artean estua da soldata arraila, eta handia kontratu finkoa dutenen artean. Kontratuaren iraupenean, Euskal Herrian enplegu partzialaren %79,5 emakumeek egiten dute eta aldi baterako enpleguan ere haiek dira nagusi, %54,3. Biak Europar Batasuneko batez bestekotik bospasei puntu gorago.

Lan baldintzak hobera egin ahala, soldata diskriminazioa hazi egiten da. Behin-behineko langileen artean estua da soldata arraila eta handia kontratu finkoa dutenen artean

Formazioan ikusten du Esnaolak errenta segregaziorako eltze beroa, sexuaren araberako ibilbide formatiboan. Emakumeak aitortza ekonomiko txikiagoko sektoreetan jarduteko formazio adarretara bideratzen dituzte, eta gizonezkoak, eraginkortasun ekonomiko handieneko lanbideetara. Kultura hori oso bizirik dagoela uste du. Hala, EAEn ingeniaritza eta arkitektura ikasketak lau emakumetatik batek hautatzen ditu, osasun zientziatakoak, aldiz, lautik hiruk.

Segregazioa hausteko gakoak

“Orain kotizazio maila baxutan ari diren emakumeek, erretiro adinera iristen direnerako zer kotizatuko dute? Titulazio handiekin jardun ekonomiko apaletan dabiltzan emakume prestuek, zein norabide hartuko dute?”. Esnaolaren arabera, urte gutxi barruko prebisio sistemak argi gorriak dauzka begien aurrean. Adinekoen pobreziaren aurpegia femeninoa izango dela aurreratu du, eta horri aurre egiteko, eraginkortasun ekonomiko handiena duten sektoreetan emakumeen presentzia indartzea gakoa izango dela.

Bestela, hurrengo urteetan indartze ekonomikorik badago ere, nekez aldatuko da egoera, emakumeak ez baitaude industriara bideratuta. Bestalde, garrantzitsua iruditzen zaio Esnaolari emakume gehien dagoen sektoreetan eraginkortasun ekonomikoa handitzea sustapen ekonomikoren bidez.

Egoera aldatuko bada, giltzarria izango da bai Ibeasen bai Esnaolaren iritziz zaintza begirunez hartuko duen legedia. “Herri hitzarmena” deitu dio Esnaolak: “Herri bezala pentsatuko bagenu, zaintza, amatasuna... gure lan harremanetan ez lirateke ibilbide profesionalerako oztopo izango eta oso babestuta egongo lirateke.” Joera kontrakoa dela dio, baina, Ibeasek, zaintzaren arloan murrizketak gero eta ugariagoak direla eta.

Sexuaren araberako segregazio laborala eta ekonomikoa gainditzeko maila ugaritan eragin beharko da; zuzeneko diskriminazioan, lanpostuak baloratzeko irizpideetan, genero-estereotipoetan eta enpresa kulturan, besteak beste. Gainontzean, kristalezko sabaiaren pean, menpeko lan bizitza bermatuko da hurrengo belaunaldietako emakumeentzat.

 


ASTEKARIA
2017ko urtarrilaren 01a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Indarkeria matxista
2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Psikologo gutxiago indarkeria matxisten biktimak artatzeko

Bizkaiko Foru Aldundiko Emakumeak Babesteko eta Familiei Laguntzeko zerbitzuan, lau psikologotik hiru kendu dituzte. Are gehiago, langileek salatu dute indarkeria matxistaren biktimak artatzeko plan berriak emakume ugari uzten dituela kanpoan.


2024-04-16 | ARGIA
Gizon bat atxilotu dute Ziburun, emakume bat hotel bateko bosgarren solairutik jausi ondoren

Emakumea oso larri dago erietxean, Sud Ouest egunkariak jakinarazi duenez. Haren bikotekidea izan daitekeen gizona fidantzarik gabeko atxiloaldian sartu dute, aurrekariak dituelako.


Nafarroan sexu indarkeria pairatzen duten emakumeen %70ak 30 urte baino gutxiago ditu

Indarkeria matxistaren datu "onartezinak" salatu ditu Txibite presidenteak. Izan ere, Nafarroan erregistratutako salaketen %17 sexu-indarkeriagatik dira. Hartara, bihar zabalduko duten Sexu Indarkerien Arreta Integraleko Zentro "seguru eta konfidentzialaren"... [+]


Eguneraketa berriak daude