Isolatu? Lehenik gorputza, gero etxea

  • Isolatu hobeto etxea, diote, hobetu berokuntzaren efizientzia, aurreztu energia… baina inork gutxik du aipatzen gizakiak hotzari aurre egiteko daukan sistemarik zaharrena, bere gorputza isolatzea. Zergatik ez hasi hobeto janztetik sasoi hotzean iraunkortasunez bizitzeko?

Gizon honek neguan kanpin egiteko darabiltzan barruko janzkietako asko etxean egoteko ere erabil ditzake.
Gizon honek neguan kanpin egiteko darabiltzan barruko janzkietako asko etxean egoteko ere erabil ditzake.

Familia bat etxeko salan arropa lodiz beztitua? Gurasoak telebistari begira belaunak mantaz estalirik? “Zu familia behartsu batez ari zara, adiskide, energiatarako sosik iristen ez zaion jende prekarizatuaz”. Alabaina, edonork jakin beharko luke negu gorrian etxean mahuka hutsetan egotea oso fenomeno berria dela. Etxeak askoz hotzago zeuden orain dela oso urte gutxi. 22ºC-ko tenperaturen gainean egiten dira kalkuluak gaur, nahiz eta duela oso urte  gutxi arte neguan 15en azpitik egon etxe gehienak, kendurik sutondoa zegoen sukaldea.

Energia aurreztu behar dela, gure sakelari merkeago eta Lurrari eramangarriago gerta dakien? Beti aipatzen diren arren eraginkorrena dela erregaiak (egurra, ikatza, gasa, elektrizitatea…) ondo hautatu eta erabiltzea eta txarki isolaturik eraiki den etxebizitza zaharberritzea, horiek baino are eraginkorragoa da etxe barruko termostatoa jaistea, gure soinak ondo jantzita. Zehaztasunak Kris De Decker holandarrak bildu ditu jadanik klasiko bihurtu duen bere Low-Tech Magazine webgunean.

Termostatoa 22ºC-tatik 18ºC-tara apaltze hutsak energiaren %35 aurreztea ekarriko digu. Baina horretarako gure gorputzak hobeto isolatu behar. Gizakiok, 37ºC-tan bizi diren berogailuak bagina bezala, larruazaletik galtzen dugu beroa. Janzkiek ez digute berorik ematen, geuk sortutako beroari eusten laguntzen baizik.

Oso ezaguna ez den arren, bada janzkien isolatzeko ahalmenaren neurri estandar bat, AEBetako teknikariek estandar bihurtua: “clo” (ingelesez janzkiak “clothes” dira). Clo batek baimentzen dio gizakiari geldirik hoztu gabe luzaz irautea 21ºC-tan. Europako gerrara etorri behar zuten soldaduen ekipamendua kalkulatzeko militarrek asmatua, clo tipiko bat osatzen dute azpiko arropa arinek, alkandorak, galtzek eta jakak, duela hamarkada batzuk “lanerako trajea” esango zenak. Edozein jeneralek clotan azaldurik erraz uler lezake gerrara bere gudariak, segun eta zein eguralditan aritu behar duten, nola beztiturik bidali.

21ºC-tan luzaz eroso irauteko aski bada clo bat balio duten arropak janztea, 10ºC-tan 2,7 clo behar dira, eta 0ºC-tan 4 clo. Gradu bakoitzak berekin dakar 0,18 cloren beharra. Beti ere etxe barruko tenperaturaz ari gara, kanpoan egon daitezkeen haizeetatik salbu. Era berean, edozein arroparen isolatzeko ahalmena ere eman daiteke clotan: mahuka motzeko niki batek 0,15-0,25, mahuka luzekoak 0,22-0,30, galtzerdiek 0,05, jertseak 0,20-0,40, galtzek 0,25-0,35… 

Slip, galtzerdi arin, kamiseta, niki, jertse eta praka luzez “clo” bat osatzen baduzu, 21ºC-tan lasai egon zaitezke telebistari begira, baina horiei jertsea kendu badiezu (0,30 clo) orduan gela 24ºC-tan eduki beharra daukazu hotzik ez sentitzeko

Kalkuluak erraz aterako ditu edonork. Slip, galtzerdi arin, kamiseta, niki, jertse eta praka luzez clo bat osatzen baduzu, 21ºC-tan lasai egon zaitezke telebistari begira, baina horiei jertsea kendu badiezu (0,30 clo) orduan gela 24ºC-tan eduki beharra daukazu hotzik ez sentitzeko. Aldiz, hasierako multzoari gehitzen badizkiozu azpiko kamiseta eta galtzontzilo edo leotardo luzeak, 1,7 clo osatuta atsegin egongo zara 17ºC-tan, energiatan %30-40 aurreztuz (are gehiago mahuka hutsetan egotearekin alderatuta).

Baina inork ez du bizi nahi tipula baten gisan dozena erdi geruzaz korazatuta. Izan ere, gure janzkeraren isolatze ahalmena hobetzen dugu soinean pisu handiagoa hartuz, arropa geruza lodituta, eta horrek ere mugak ditu. Gure zorionerako, militarrek, kirolariek eta espazioko espedizioek material berriak sortu dituzte muturreko eguraldi baldintzetan jardun ahal izateko. Horientzat sortutako arropa asko etxe barruko eguneroko bizimoduan ere erabilgarriak dira, oso eraginkorrak eta baita estetikoki lasaigarriak ere eskale edo diruzale zeken baten piura edukitzeko beldur egon daitekeenarentzat.

Kris De Deckerren aburuz janzkiak alderatzen jarrita, azpiko arropek –galtzontzilo edo panty eta kamiseta luzeek– abantaila handiak dituzte. Gorputzari itsatsirik doazenez, beroari hobeki eusten diote antzeko clo maila daukaten janzki zabalagoek baino. Geruzatan ere erosoago metatzen dira, eraginak optimizatuz: azpiko arropen geruza batek 0,5 clo ematen badu, bi geruzak 1,5 clo pilatzen dute. 

Saltzaileek, tamalez, ez dituzte arropen clo balioak aipatzen etiketetan, ezta teknologia handiz ekoiztutako material berrizkoenetan ere. Hala ere herritarra proba eginez edo lagunen informazioz erraz ohartzen da batzuen eta besteen arteko aldeez. De Deckerrek aztertu dituen eskuliburu tekniko eta azterketen arabera, poliesterrez eta akrilikoz egindakoak 2,5-8 aldiz beroago dira kotoiz edo artilez ehundutakoak baino. Thinsulate bezalako materialak are isolatzaile hobeak dira.

Teknologia apaleko soluzioen sustatzaile zorrotz batek gai sintetikoen propaganda egiteak kontraesankorra dirudien arren, petrolioz eginik datozelako, justifikazio erraza dauka: etxeetako termostatoa jaisteak askoz erregai gehiago aurrezten du janzki sintetikoak ekoizteko erabilitakoak baino. Are gehiago, janzkiok erakusten dute erregaiak xahutu gabe etorkizuneko gizakiei laga beharra. Sintetikoak erabili nahi ez dituenak, edo garapen ereduarekiko objekzioz, edo larruazalean kalte eragiten diotelako, kotoia eta artilea bezalako barruko arropetan ere irtenbide egokia aurkituko du.

Eta zer gertatzen da esku eta oin izoztuekin? Geldirik lanean edo etxean luzaz egotera behartuak sarritan horiez baitira  kexu. Eskuak eta oinak dira pertsona hoztearen lehen biktimak, baina alderantziz ere bai, gorputza aski berorik atxikitzen baldin bada esku eta oinek ez dute sufrituko. Zuhaitzen adar muturrak neguko izotzean nola, hala sakrifikatzen dira gure oin eta eskuak soina hozten sentitzen dutenean. Beraz, esku-larruak janztea baino, gorputz osoa –burua barne, batzuetan– beztitzea da gakoa.

De Klerkek ez du aipatu gabe utzi nahi etxea hotzago edukitzeko aukeraren desabantaila bat: lagunak badatozkizue bisitan, desatsegin aurkitu daitezke zuenean. Kanpotarrentzako janzki estrak eduki beti prest. Euskal Herrira etorrita, karrikako etxebizitzetan kalefakzio goritan ohitutako jende ugari ohartu da horretaz etxe bakarretan bizi direnengana joatean. Bestalde, karrikan ere lezio hau dagoeneko ikasten ari dira bortxaz herritar asko, gas berokuntzak dakartzan gastuei aurre egin ezinik. XXI. mendeko krisitzarraren erdian, hotzari ere ahalik eta trauma arinenekin aurre egitea ez zaigu gaizki etorriko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Energiaren sektorea
2024-03-24 | Nicolas Goñi
CO2a atmosferatik kentzeko ingeniaritza: lurra ustiatzen segitzeko aitzakia?

Klimaren arazoa ingeniaritza kontu bat soilik ote da? Atmosferaren berotegi efektua indartu du munduaren industrializazioak, karbono dioxido kopuru erraldoiak isuri baititugu airera, gure biziraupena kolokan ezarri arte. Zergatik ez, beraz, karbono dioxido hori berriz harrapatu,... [+]


Israelgo Armada hornitzen duten petrolio konpainiak, gerra krimenen konplize?

Israelek 2023ko urrian Gazako sarraskia hasi zuenetik, petrolioa jasotzen aritu da itsasoz munduko txoko askotatik, petrolio enpresa handienek hornituta. Petrolio horren zati bat armada hornitzeko erabiltzen da palestinarren kontrako erasoekin segi dezan.


2024-02-29 | Gedar
Argindarrari ezarritako BEZa %21era igoko dute berriz Espainiako Estatuan

2021ean sartu zuen indarrean beherapena Espainiako Gobernuak, baina pasa den urtarrilean ekin zion hura goratzeari. BEZa igota, batez beste, %15 garestituko da urteko kostua. 2023an, inoizko emaitzarik onenak lortu ditu Iberdrolak.


Repsol, demonioak hemen eta han

Davoseko talaimendi distiratsu eta zuritik hitz egin digu Repsoleko sheriffaren ahotsak, denok entenditzeko moduan: “We have to broaden our mind”. Alegia, mentalitatea zabaldu behar dugula, ezin dugula pentsatu erregai fosilik gabe bizi gaitezkeenik. Ze uste zenuten... [+]


Lemoako Bistibieta zabortegian egon liteke 'Prestige' hondamendian euskal kostaldean bildutako galipotaren %37

Elkarrekin-Podemos taldeak informazioa eskatu du Eusko Legebiltzarrean, Lemoako Bistibietako zabortegian egon daitekeen hondakinen inguruan. Ekologistek sarritan salatu dute bertan gorde zituztela 2002an hondoratutako Prestige petroliontziak askatu eta euskal arrantzaleek itsaso... [+]


Eguneraketa berriak daude