Zero, zabor

Mikel Basabe Kortabarria
2016ko abenduaren 25a

Hezkuntza eta hizkuntzan EAJk eta PSE-EEk sinatu duzuen gobernu-ituna txarra da.

10. Helburu zehatzik ez daukazue: zein da ikasleek DBH amaitzean euskaran eta gaztelanian izan behar duten irteera-maila? B1? B2? Zein? Eta ingelesean? Horien parekoa, txikiagoa… Zein?

9. Irteera-maila zein den ez badakizue, zer bilatzen duzue ingeles gehiago sartzearekin? Helburu zehatzik ez baduzue, zergatik ordu bi gehiago, eta ez hogei minutu edo hogei ordu gehiago? Zergatik hamar urteko umeekin hasita, eta ez zortzikoekin?

8. Hizkuntza-planak egoera soziolinguistikoaren arabera egin behar ei dira. Ingelesaren hizkuntza-planak ere “gizarte-hizkuntza errealitatea kontuan hartuz [sic]” egingo ditugu, ala hori idaztean euskarari buruz baino ez zineten ari?

7. Zer esan gura du horrek? Ingurune erdaldunetan euskara gehiago irakatsiko dela eta ingurune euskaldunetan, berriz, gaztelania-ordu gehiago egingo direla? Alderantziz?

6. Eta irteera-maila? Ingelesean eta gaztelanian gaitasun bera eskatuko zaie EAEko ikasle guztiei, non bizi diren ere. Euskaraz ere bai? Euskaran ez? Helburu ezberdinak Lanestosan eta Elorrion? A! Egia! Irteera-mailarik ez duzue zehaztu!

5. Ea ondo ulertu dudan: irteera-mailarik zehaztu ez, ezta egoera soziolinguistikoak zer ekarriko duen ere. Nola segurtatuko duzue eredu eleanitz berriak balioko duela euskara nahikotasunez jakiteko? Nork ziurtatuko du? Hezkuntza Sailak atzera bota ahal izango ditu ikastetxeen hizkuntza-planak?

4. Nola, nork… eta noiz? Hamar-hamabost urte barru, kaltea eginda dagoenean, euskararik ez dakien gazte gehiago daukagunean?

3. Orain arte ez bezala, zein neurri zehatz hartuko duzue DBH amaitzean ikasle guztiek jakin ditzaten hizkuntza ofizial biak? (Alegia, legea bete dadin).

2. Gogorarazten dizuet euskaraz B1 maila onartzen diela Jaurlaritzak, DBH euskarazko ereduetan amaitutako ikasleei. Ingelesean beste hainbeste? Gehiago ez, seguru, ingelesez irakasteko nahikoa baita B2. Berdin, beraz, hizkuntza ofizialean eta atzerrikoan? Bientzat B1? Ez, ezta?

1. Orduan? Zein da ingeleseko helburua? A2? Eta horretarako ituneko berba-jario guztia? Ala euskarazkoa igoko duzue, ingelesekoa ere handitu ahal izateko? Eta zelan? Orain arteko bidetik ez behintzat.

0 biribila, zuentzat. Ez baitzarete ezjakinak, iruzurtiak baino: apropos utzi duzue helburua zehaztu barik: ezer agintzen ez diguzuenez, ezin dizuegu ezer eskatu.

– 1. Gobernu-itunaren beste atal batean hauxe irakurri dut: “Ondare Kulturalaren Euskal Legea onestea”. Jaurlaritzaren Irekia webgunean Anteproyecto de Ley de Patrimonio Cultural eta  Euskadiko Ondarearen Lege Aurreproiektua daude irakurgai. Bertsio bietatik, zein onetsiko duzue? Ez baitiote gauza bera. Aukeran, euskarazko bertsioa: herritarrontzat hobea da, nahiz eta bi-biak hobetzeko modukoak diren. Ala ingelesez idatziko diguzue baleko legea?

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Iritzia  |  Hezkuntza

Iritzia kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude