Pisua eta hegalak

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Garikoitz Goikoetxeak esana da, Euskara irabazteko bidean liburuaren egileak: “Gazteei buruz hitz egiterakoan, hasi beharko genuke haien gain uzten dugun erruaren zama kentzen”.  Izan ere, nork nahi du errudun sentiarazten duen diskurtso bat? Liseriketa errazagokoa da erakargarritasunaren diskurtsoa, bere aldaera mainstream zein hipsterragoetan.
    Milan Kunderak azaltzen du kontzeptu antagonikoak erraz kokatu daitezkeela polo positibo eta negatibotan: argia-iluna, beroa-hotza, izatea-ez izatea… Salbuespen bakarrarekin: pisua eta arintasuna. Eta oroitu naiz eskola batean ikusitako irudiaz: Obelix, bere obeliskoa bizkarrean, eta obeliskoaren barruan esaldi koloretsu bat: “Euskaraz bizi nahi dut”. Eta eskola bereko atarian euskararen txantxangorria kristalean, arina izanagatik hegaldatzeko hego txikiegiak dituena.
    Ez dakit nolakoa behar duen euskalgintzaren “diskurtso berriak”, baina arinkeriaren eta astuntasunaren artean eremu bizigarri bat sortu beharko du, tokian tokikoa eta unean unekoa. Kontua ez baita euskarak pisua badaukan ala ez daukan. Kontua da ea hegan egiteko balio digun.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude